Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

57. zk., 2025eko martxoaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1322

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 12koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita Aguraingo Udaleko Idazkaritza lanpostuaren sailkapena, hirugarren mailakoa izan ordez bigarren mailakoa izan dadin, eta zeinaren bidez sailkatzen baitira Kontu-hartzailetza eta Diruzaintza lanpostuak, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta daudenak.

Herri Administrazioetarako Ministerioko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren 1988ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez, behin betiko onartu zen Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen sailkapena (1988ko martxoaren 22ko BOE, 70. zk.). Ebazpen horren arabera, Aguraingo Udaleko Idazkaritza lanpostua hirugarren mailan sailkatzea ebatzi zen.

Aguraingo Udaleko idazkariak egindako eskaeraren ondorioz, toki-erakunde horretako osoko bilkurak 2024ko urriaren 29an, erabaki zuen Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatzea Udaleko Idazkaritza bigarren mailako gisa sailka zezala.

Horri dagokionez, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (aurrerantzean, TAOL) 92 bis artikuluaren lehenengo apartatuak ezarritakoaren arabera, toki-korporazio guztietan beharrezkoak diren zenbait funtzio publiko daude –idazkaritza, fede publikoa ematekoa eta nahitaezko lege-aholkularitzakoa; ekonomia-, finantza- eta aurrekontu-kudeaketaren barne-fiskalizazioa eta kontrola, eta kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa–, eta horien erantzukizun administratiboa Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago.

Halaber, aipatu 92 bis artikuluaren laugarren apartatuak xedatzen duenez, Gobernuak errege-dekretu baten bidez arautuko ditu Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sortu, sailkatu eta ezabatzeko berezitasunak.

2018ko martxoaren 16an, TAOLen 92 bis artikuluaren laugarren apartatuan bildutakoa oinarri hartuta, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen 128/2018 Errege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean (aurrerantzean, 128/2018 Errege Dekretua).

Horrela, 128/2018 Errege Dekretuaren 8.1 artikuluaren arabera, Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat gordetako Idazkaritza lanpostuen sailkapena egitea autonomia-erkidegoei dagokie. Aipatutako artikuluaren b) letrari jarraituz, 5.001 eta 20.000 biztanle arteko udalerrietako eta 5.001 biztanle baino gutxiagoko baina 3.000.000 euro baino aurrekontu handiagoko udalerrietako Idazkaritza lanpostuak bigarren mailako idazkaritzak dira eta, hala izanda, Idazkaritza azpieskalakoak diren –sarrerako kategoria– funtzionarioentzat gordetzen dira (128/2018 Errege Dekretuaren 17. eta 24.2 artikuluak).

Halaber, 128/2018 Errege Dekretuaren 11. artikuluak ezartzen duenez, Idazkaritza lehenengo edo bigarren mailan sailkatuta duten toki-erakundeetan Kontu-hartzailetza izeneko lanpostu bat egongo da. Lanpostu horrek ekonomia-, finantza- eta aurrekontu-kudeaketaren barne-fiskalizazioa eta kontrola izango ditu esleituta, bai eta kontabilitate-funtzioa ere. Lanpostu hori sailkatzeko eskumena autonomia-erkidegoena izango da (aipatutako Errege Dekretuaren 13.1 artikulua).

Orobat, aipatutako 13. artikuluaren 2. apartatuak adierazten du bigarren mailako idazkaritza duten toki-erakundeetako kontu-hartzailetza lanpostuek bigarren mailako izaera dutela eta Kontu-hartzailetza Diruzaintza azpieskalakoak diren –sarrerako kategoria– funtzionarioentzat gordeak daudela (128/2018 Errege Dekretuaren 17. eta 25.2 artikuluak).

Era berean, 128/2018 Errege Dekretuaren 14. artikulua aintzat hartuz, bigarren mailako gisa sailkatutako toki-korporazioetan, Diruzaintza izeneko lanpostu bat egon beharko da, Kontu-hartzailetza Diruzaintza azpieskalako Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordea.

Ondorioz, kontuan hartuta Aguraingo Udalak gainditzen dituela bai biztanle-kopurua (5.001 biztanle), bai arauzko gutxieneko aurrekontu-kopurua (3.000.000 €), bere idazkaritza bigarren mailako gisa sailkatu ahal izateko, Zuzendaritza honek erabaki du sailkapen horretarako prozedura hastea, 128/2018 Errege Dekretuaren 8. artikuluarekin bat etorriz.

Gauzak horrela, prozedura honen instrukzio-fasean ez zaio entzunaldirik eman Udaleko idazkariari (eskaera egin duenari), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82.4 apartatuan aurreikusitako zirkunstantzia gertatzen baita.

Ondorioz, Aguraingo Udaleko Idazkaritza bigarren mailako gisa sailkatu behar da (Idazkaritza azpieskalako –sarrerako kategoria– Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordea) eta, horrenbestez, Kontu-hartzailetza Diruzaintza lanpostuak ere sailkatu behar dira (Kontu-hartzailetza Diruzaintza azpieskalako funtzionarioentzat gordeak), Udalak bere lanpostu zerrendan gehitu behar dituenak.

Horregatik guztiagatik, Aguraingo Udalak aurkeztutako eskabidea ikusirik; TAOLen 92 bis artikuluarekin eta 128/2018 Errege Dekretuaren 8., 13. eta 14. artikuluekin bat etorriz; eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 11. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aguraingo Udaleko Idazkaritza lanpostua bigarren mailako gisa sailkatzea. Lanpostu hori Idazkaritza azpieskalako –sarrerako kategoria– Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat gordeko da.

Bigarrena.– Aguraingo Udaleko Kontu-hartzailetza lanpostua bigarren mailako gisa sailkatzea. Lanpostu hori Kontu-hartzailetza Diruzaintza azpieskalako –sarrerako kategoria– Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat gordeko da.

Hirugarrena.– Aguraingo Udaleko Diruzaintza lanpostua Kontu-hartzailetza Diruzaintza azpieskalako Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu gisa sailkatzea.

Laugarrena.– Lanpostu horiek betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da.

Bosgarrena.– Aguraingo Udalak lanpostu-zerrendan gehitu beharko ditu lanpostu horiek, bete baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beraz, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; hala xedatzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe zuzenbidean onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Halere, errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz. Lehenago eta epe berean, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza honi eskatu ahal izango diote ebazpena deuseztatu edo erreboka dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 12a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

LORETO OSA OCÓN.


Azterketa dokumentala