Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

57. zk., 2025eko martxoaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1320

AGINDUA, 2025eko martxoaren 12koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Zaragüeta Zulaica Fundazioa izenekoaren estatutuen aldaketa.

2024ko urriaren 23an eskabide bat sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saileko Erregistro Orokorrean, Fundación Zaragüeta Zulaica Fundazioa izenekoaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Eskabide-idazkiarekin batera espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.

Fundazioaren patronatuak 2024ko urriaren 1ean erabaki zuen aho batez estatutu-aldaketa, eta eskritura publikoan gauzatu zuen, 2024ko urriaren 11n, José Carlos Arnedo Ruiz Donostiako notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 2129).

Estatutuen 3. artikulua aldatu da, fundazioaren xedeak direnaz bezainbatean, jatorrizko helburuei xede berri bat txertatzeko. Era berean, jarduera berri bat gaineratu zaie artikulu horretan jada modu argigarrian jasotakoei.

Hau da estatutuetan txertatu den xede berria:

«(vi) Bakea, bizikidetza eta giza eskubideen defentsa sustatzeko proiektuak egitea».

Artikulu berean jada jasotako jarduerei hau gehitu zaie:

«Gaien edo erabilitako metodologiaren arabera, bakearen sustapena, bizikidetzaren sustapena eta giza eskubideen defentsa jorratzen duten proiektuak diseinatzea eta kudeatzea».

Estatutu-aldaketak badu fundatzaileen oniritzia; izan ere, patronatua fundatzaileek osatzen dute eta aho batez hartu zuten estatutuak aldatzeko erabakia.

Erabakitako aldaketaren ondoren, fundazioaren estatutuen 3. artikuluaren idazketa hau da:

«Hauek dira fundazioak lortu nahi dituen interes orokorreko xedeak:

(i) Gizarte-, laguntza-, irakaskuntza- eta/edo kultura-jarduerak sustatzea eta garatzea, bai eta enpresa-ekintzailetza sustatzea ere, batez ere dibertsitate funtzionala duten eta gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonei zuzenduta (arrazoi fisikoak, sozialak, ekonomikoak edo kulturalak direla medio), talde horien garapen pertsonala, prestakuntza, enplegagarritasuna eta gizarteratzea sustatuz.

(ii) Lehen sektorea sustatzea (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza), landa-ingurunea babestuz.

(iii) Ingurumenaren eta ondarearen defentsa.

(iv) Gizarte-berrikuntza sustatzea eta babestea.

(v) Fotografia- eta zinematografia-materiala, dokumentu historikoak eta interes orokorreko beste batzuk kontserbatzea, artxibatzea eta gizarteratzea.

(vi) Bakea, bizikidetza eta giza eskubideen defentsa sustatzeko proiektuak egitea.

Xedeak lortzeko, fundazioak, besteak beste, jarduera hauek egin ahal izango ditu:

– Prestakuntza akademiko eta/edo profesionaleko jardueren garapena sustatzea.

– Prestakuntzarako bekak ematea.

– Gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonei laguntzea eta harrera egitea.

– Autonomia eta ahalduntze pertsonala sustatzen duten enpresa sozialak sortzen laguntzea.

– Arte eta ikus-entzunezko sorkuntzako produkzio-enpresen sorrera bultzatzea, gehienbat dibertsitate funtzionala duten pertsonek kudeatuta.

– Pertsonak ahalduntzea xede duten nazioko eta nazioarteko banakako proiektuak laguntzea.

– Ingurumenaren, arkitekturaren eta hirigintzaren arloko berrikuntza-proiektuetarako mentoriak.

– Ekitaldi artistiko kulturalak antolatzea eta/edo babestea.

– Hitzaldiak, kongresuak eta abar antolatzea eta/edo babestea, irakaskuntzaren, unibertsitatearen, lanaren, profesionalen eta enpresaren esparruetan, gizarte-alorreko proiektuak zabaltzeko; gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonei eta, zehazkiago, emakumeei zuzendutakoak, fundazioak interesgarritzat jotzen dituenak.

– Fotografia- eta zinematografia-materiala, dokumentu historikoak, biblioteka eta ondasun higigarriak kontserbatzea, artxibatzea eta gizarteratzea.

– Fundazioaren proiektuetarako dirua biltzeko eta beroriek ezagutarazteko ekitaldiak antolatzea.

– Gaien edo erabilitako metodologiaren arabera, bakearen sustapena, bizikidetzaren sustapena eta giza eskubideen defentsa jorratzen duten proiektuak diseinatzea eta kudeatzea.

Helburuak betetzeko, fundazioak hauek egin ahal izango ditu:

– Bere jardueren eta/edo proiektuen kudeaketa eta gauzatzea zuzenean bere gain hartzea.

– Erantzukizuna mugatuta duten sozietateetan parte hartzea, eta baliabideak ematea, mailegu, kapital edo dohaintza gisa.

– Fundazioaren helburuekin bat datozen hirugarrenek egindako jarduerak/proiektuak sustatu eta ahalbidetzeko edozein motatako laguntzak ematea eta finantzatzea.

– Beste pertsona eta/edo erakunde batzuekin lankidetza-akordioak gauzatzea, hirugarrenek gidatutako proiektuak finantzatuz edo diruz lagunduz, fundazioaren helburuekin bat etorriz.

Fundazioak, zuzenean edo beste erakunde batzuen bitartez, jarduera ekonomikoak, enpresa- edo merkataritza-jarduerak garatu ahal izango ditu, fundazioaren helburuekin zerikusia izan edo horien osagarri direnak, lehiaren defentsari buruzko arauak aintzat hartuta».

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua, eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

Bestalde, Babesletzak estatutuen aldaketa berariaz onartu du.

Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Fundación Zaragüeta Zulaica Fundazioa izenekoaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, José Carlos Arnedo Ruiz notario jaunaren aurrean, 2024ko urriaren 11n, egiletsitako eskritura publikoan (protokolo-zenbakia: 2129) ezarritako baldintzak betez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 12a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala