Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

57. zk., 2025eko martxoaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1319

AGINDUA, 2025eko martxoaren 12koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Adinberri Fundazioa izenekoaren estatutuen aldaketa.

2025eko martxoaren 7an ofizioz ireki zen 2025-20-0114 espedientea, Fundación Adinberri Fundazioa izenekoaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko, interesdunak patronatuaren aldaketen gaineko 2024-20-0401 espedientean aurkeztutako eskritura publikoan eta notario-eginbidean jasotakoaren arabera.

Estatutuak aldatzeko erabakiak fundazioaren patronatuak hartu zituen 2023ko azaroaren 23ko eta abenduaren 28ko bilkuretan; halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak aldaketak onartu zituen 2024ko ekainaren 11n Diputatuen Kontseiluak hartutako erabakiaren bitartez. Erabaki horiek 2024ko ekainaren 25ean Martín Gabarain Astorqui notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan protokolizatu ziren –eskritura 2024ko azaroaren 18an zuzendu zen– (protokolo-zenbakia: 1088).

Erabaki horien bidez, estatutuen 8. eta 16. artikuluak aldatu ziren.

Estatutuen 8. artikulua, patronatuaren osaerari buruzkoa, modu honetan aldatu da: lehenik, gutxieneko kide kopurua hiru izatetik bederatzi izatera igaro da; bestalde, «Gipuzkoako Foru Aldundian proiektu estrategikoen arloan eskumena duen foru-diputatua» aipamenaren ordez, «Adinberri Fundazioa atxikita dagoen saileko foru diputatua» aipamena txertatu da; berebat, artikuluaren bigarren atalean paragrafo bat gaineratu da, zeinaren bidez «patronatuaren kide izango dira (berezko izaera izan gabe): Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatutako sei kide» (aurreko bertsioan hautazkoa zen). Azkenik, aurreko bertsioko bosgarren atala ezabatu da, eta, ondorioz, bosgarren atala eta ondorengoak berriz zerrendatu dira.

16. artikuluari dagokionez, patronatuko idazkaritza denaz bezainbatean, idazkariorde bat izendatzeko aukera aurreikusten duten beste bi atal gaineratzeko aldatu da.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua, eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Fundación Adinberri Fundazioa izenekoaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Martín Gabarain Astorqui notario jaunaren aurrean, 2024ko ekainaren 25ean, egiletsitako eskritura publikoan –2024ko azaroaren 18ko eginbide bidez zuzendua– jasotako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 1088).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 12a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala