
56. zk., 2025eko martxoaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (440 KB - 74 orri.)
- EPUB (2749 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
1300
AGINDUA, 2025eko martxoaren 4koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira EAEko landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko gizarte-ekitaldietarako 2025. urteko laguntzak, de minimis araubideari atxikitakoak.
Nekazaritza- eta arrantza-jarduerak alde batera uztea eta landa- eta itsasertz-eremuetan belaunaldi-erreleboa etetea gisako arazoek halako eremuetan bizi diren herritarren premiei eragiten diete, eta, beraz, eragin horren alderdi guztiak aintzat hartu behar dira, arazook aztertzeko orduan. Ildo horretan, oso garrantzitsua da gizarte-ekitaldiak egitea, landa- eta itsasertz-eremuak biziberritzeko.
Izan ere, gizarte-ekitaldiek zeharkakotasuna eskaintzen diote landa- eta itsasertz-eremuari, hau da, energia endogenoak sortzeko eta askatzeko gaitasuna dute, gizarte- eta ekonomia-arloak zeharkatzeko gai direnak. Beharrezkoa da azpimarratzea bai gizarte-kohesioa eta identitatea, bai herri bateko edo landa- edo itsasertz-eremu bateko kide izatearen sentimendua. Alde horretatik, gizarte-ekitaldiak elementu intrintseko eta aglutinatzaileak dira. Hori dela-eta, garrantzitsua da landa- eta itsasertz-eremua dinamizatzeko gizarte-ekitaldiak sustatzea, aldi berean nekazaritza-jarduera alde batera uztearen eta belaunaldi-erreleborik ezaren krisia aukera gisa jorratuz, arazoari aurre egiteko modu berriak ahalbidetzeko estimulu gisa, baita gizarte-arlotik ere, antolakuntza-diseinu malgu batean oinarritutako eredu ekonomiko berrien barnean, ekimena eta lidergo pertsonala (ekintzailetza) eta sare irekiak (Internet, lankidetza-plataformak) konbinatuz.
Laguntza-programa honen bitartez, landa-aldeko eta itsasertzeko udalerriei bizitasuna eman eta horietan jarduerak egin daitezela sustatu nahi da, orain arte ekitaldi gehienak hiriguneetan egin baitira. Horregatik, beharrezkoa da ahalegin bat egitea ekitaldi horiek landa- eta itsasertz-eremuetara eraman daitezen. Era berean, landa-garapenerako laguntzak areagotzeko aukera bat da, diziplina anitzeko ikuspegi berri batetik. Programaren helburu estrategikoa da landa- eta itsasertz-eremuetan bizi-kalitate altua mantentzea, zerbitzuei eta ekipamenduei dagokienez; jarduera ekonomikoa sortzen ere lagunduko luke.
Horrela, bada, agindu honen xedea da 2025. urterako laguntzen deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko gizarte-ekitaldiak sustatzeko. Laguntza-programa hori 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan txertatuko da, zeina onartu baitzen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez –agindu horren bitartez onartu zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa–.
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritako de minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei. Era berean, agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak xedapen hauetan ezarritakoaren mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; eta bi arau hauetan bildutako oinarrizko erregulazioa: Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, azken horren erregelamendua onartzen duena.
Bestalde, aurtengo ekitaldiko laguntza-deialdia egitea ahalbidetzen dute 1/2011 Legegintzako Dekretuak (maiatzaren 24koa, zeinaren bitartez, batetik, onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina, eta, bestetik, arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatuko zaien aurrekontu-erregimena) eta 8/2024 Legeak (abenduaren 20koa, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorrak).
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Onartzea, 2025. urterako, EAEko landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko gizarte-ekitaldiak egiteko de minimis araubideari atxikitako laguntza-deialdiaren oinarriak. Agindu honen I. eranskinean jasota daude oinarriok.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 4a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
RSS