
56. zk., 2025eko martxoaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (154 KB - 4 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
1299
AGINDUA, 2025eko martxoaren 12koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, 14 urtetik beherako seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko irailaren 7ko 102/2022 Dekretuan aurreikusitako dirulaguntzen aurrekontu-zuzkidurak jakinarazten dituena.
Abenduaren 12ko 13/2008 Legeak, Familiei Laguntzekoak, familiei babesa, arreta eta laguntza ematea du helburu, autonomia-erkidegoan familien alde indarrean dauden neurriak multzo koherente batean antolatuz eta laguntza-neurri berriak arautuz. II. tituluko II. kapituluak bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzeko neurriak arautzen ditu.
EAEko Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko III. Plana Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2011ko abenduaren 27ko bilkuran, helburu nagusitzat hartuta eskubide subjektiboaren ikuspegitik familia-politika bat sustatzea, familiak beren bizitzaren ziklo osoan sustatu, osatu eta laguntzeko. Plan horren helburuetako bat da familien garapen-aukerek aurrera egitea, laguntza-eskaintza baten bidez, familia horiek ordezkatzea, hirugarrenei eskuordetzea edo amore ematea eragotziko duena, ezinezkoa baita erantzunkidetasunetik familia-bizitza, bizitza pertsonala eta lan-bizitza uztartzea.
Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko IV. Planak (2018-2022), 2. ardatzean, honako helburu hau ezarri zuen: norberaren bizitza, familia eta lana uztartzea eta seme-alabak zaintzeko erantzunkidetasuna erraztea. Horretarako, beste dekretu bat egin zen, 164/2019 Dekretua, urriaren 22koa, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa. Dekretu horretan beste laguntza-lerro bat sartu zen, eta lehendik zeudenen gaineko hainbat hobekuntza sartu ziren.
2021ean, COVID-19 osasun-larrialdiko egoerak EAEko familietan eragin zuen inpaktu ekonomiko eta sozialari premiazko erantzun gisa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko otsailaren 9ko Agindua argitaratu zen. Agindu horren bidez, langileak kontratatzeko laguntzen deialdia egin zen, 3 eta 14 urte bitarteko seme-alaba adingabeak zaintzeko 2020-2021 ikasturtean. Agindu horretan aurreikusitako diruz laguntzeko epea 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era artekoa izan zen.
Azaldutako egoera oinarri hartuta, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 0 eta 14 urte bitarteko seme-alaben zaintzaileen kontratazioa etengabe diruz laguntzea erabaki zuen, eta zaintzaileak kontratatzeagatik familiei ematen zaizkien laguntzei buruzko araudi osoa legezko gorputz koherente bakar batean bateratzea.
Horren ondorioz, irailaren 7ko 102/2022 Dekretua onartu zen, 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzkoa. Dekretu hori 2022ko urriaren 1ean sartu zen indarrean, eta 164/2019 Dekretuaren V. kapitulua indargabetu zuen (164/2019 Dekretua, seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzkoa).
Irailaren 7ko 102/2022 Dekretuak 14 urtera arte luzatzen du adingabeen adina, eta zenbait hobekuntza sartzen ditu:
– Laguntzen zenbatekoa: aurreko araudiari dagokionez, dekretuak tarte bat gehiago sartzen du 50.000 eurotik gorako familia-errenta estandarizatua duen eskatzaile bati Gizarte Segurantzari zaintzaile enplegatuaren kotizazio gisa ordaindutako zenbatekoen % 25 emango zaio diruz. Horren arrazoia da beharrezkotzat jo dela laguntza-kopuruetan progresibotasun handiagoa sartzea, diru-sarrerak eta familia-unitatearen osaera kontuan hartuta.
– Ebazpen judizial bidez zaintza eta jagoletza partekatuko kasuetan zaintzailea zaintzeko kontratatzen den seme-alabarekin batera erroldatzeko betekizuna malgutu da.
– Malgutu egin da bi gurasoek beren jarduera gauzatzen duten sektoreko lanaldi osoari dagokion lanaldia izatea eskatzen duen baldintza. Salbuespen izango dira:
• Guraso bakarreko familiak.
• Familia ugariak.
• Familia-unitateak, zeinetan mendekotasun larria, mendekotasun handia edo % 50eko desgaitasuna baino handiagoa duen kideren bat baitago.
• Genero-indarkeriaren biktima izan den kideren bat daukaten familia-unitateak.
Zerrendatutako egoera horietan, onartuko da gurasoetako bat lanaldi murriztuan edo partzialean egotea, bere jarduera egiten duen sektoreko lanaldi osoari dagokion lanaldiarekiko % 50eko lanaldian edo handiagoan, kasu bietan.
– Dekretu honetan araututako laguntzak ez dira bateragarriak urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren II. kapituluan (seme-alabak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa duten langileentzako laguntzak) eta III. kapituluan (mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa duten langileentzako laguntzak) araututakoekin, honako kasu hauetan:
• Guraso bakarreko familiak.
• Familia ugariak.
• Familia-unitateak, zeinetan mendekotasun larria, mendekotasun handia edo % 50eko desgaitasuna baino handiagoa duen kideren bat baitago.
• Genero-indarkeriaren biktima izan den kideren bat daukaten familia-unitateak.
Zerrendatutako kasuetan, familia-unitate batek dekretu honetan araututako laguntza eta Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuan araututako laguntzak jasotzea onartuko da.
Laguntza-programa honek zuzenean laguntzen du 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko etxeko zaintzaileak kontratatu behar izan dituzten familiei familia eta lana bateragarri egiten laguntzeko helburua betetzen, eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago. Plan hori sailburuaren 2025eko otsailaren 21eko Aginduaren bidez onartu zen, eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako xedapenen mende dago. Lege hori 2023ko abenduaren 30ean sartu zen indarrean.
Administrazio Publikoaren dirulaguntzen jarduerak izan behar duen publikotasun-printzipioa gordetze aldera, zeina Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan jasota baitago, irailaren 7ko 102/2022 Dekretuak 4.4 artikuluan aurreikusten du familiaren arloan eskumena duen Sailak, sailburuaren agindu baten bidez, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan argitaratuko duela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian dekretu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak finantzatzeko dagokion aurrekontu-zuzkidura, edo, hala badagokio, zuzkidura hori eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 15. artikuluak dioenez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailari dagozkio, besteak beste, erronka demografikoari, familia babesteari eta lana eta familia uztartzeari buruzko funtzioak eta jardun-arloak.
Bestalde, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuak, 14. artikuluan, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailburuordetzari esleitzen dizkio, besteak beste, bizi-ibilbideko politika publikoak eta biztanleria-sektoreetan oinarritutako zeharkako politikak planifikatzeko, gainbegiratzeko eta ebaluatzeko eginkizunak, haien adinaren arabera definituta, gazteriaren, erronka demografikoaren, familia-politikaren eta haurtzaroko eta nerabezaroko politikaren jardun-arloetan.
Era berean, eta aipatutako 320/2024 Dekretuaren 15. artikuluaren arabera, Haur, Nerabe eta Familien Zuzendaritzari, besteak beste, honako eginkizun hauek dagozkio: politika publikoetan, familiaren eta komunitatearen ikuspegiak sustatzea; Euskal Autonomia Erkidegoko familia, haur eta nerabeen politiken plangintza, koordinazioa eta ebaluazio orokorra egitea; bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko neurriak indartzea; eta enpresetan kontziliazio erantzukideko politikak sustatzea.
Azaldutako guztiagatik, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan eta irailaren 7ko 102/2022 Dekretuaren 4.4 artikuluan xedatutako publikotasun-printzipioaren arabera, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko irailaren 7ko 102/2022 Dekretuan aurreikusitako dirulaguntzen lerroak betetzeko, gehienez 1.500.000,00 euro erabiliko dira 2025eko ekitaldian.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Hasierako aurrekontu-esleipena eguneratzen bada, irailaren 7ko 102/2022 Dekretuaren 4.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren agindu baten bidez emango da horren berri.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 12a.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS