Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2025eko martxoaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
1298

AGINDUA, 2025eko martxoaren 12koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, zeinaren bidez jakinarazten baita zenbateko aurrekontu-zuzkidura dagoen Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) letretan aurreikusitako jarduerak diruz laguntzeko.

Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde arteko I. Planak, Gobernu Kontseiluak 2001eko uztailaren 3ko bilkuran onetsitakoak, lana eta familia bateragarri egiteko zenbait neurri abian jarri zituen, aita edo ama izateak enpleguan eragiten dituen oztopoak kendu eta lan-bizitzak familian sorrarazten dituen mugak urritzeko asmoz. Ekimen horren bidez, bi eremuak bateragarri egin nahi dira, azken batean, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna bultzatuz, bai lana eskuratzeari eta lanean irauteari dagokionez, bai seme-alabek gehien behar duten etapetan haiek zaintzen buru-belarri aritzeko dituzten aukerei dagokienez. Aipagarriak dira, besteak beste, bi neurri hauek: hiru urtetik beherako haurrentzako ikastetxe-sarea garatzearen aldeko apustua, eta, Langileen Estatutua betez, seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo lanaldi-murrizketak hartzen dituztenentzako dirulaguntzak.

I. Planaren esparruan, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 16ko 177/2002 Dekretua onartu zen, eta, gero, enplegua sustatzeko laguntzak arautzeko abenduaren 23ko 329/2003 Dekretua, eta, haren VI. Kapituluan, berriro antolatu ziren lana eta familia bateragarri egiteko neurriak.

Esperientzia on horren ondoren, Eusko Jaurlaritzak, familia babesteko sistema garatzeko eta hobetzeko asmo sendoa duenez, kontziliazio-politika indartu nahi izan zuen. Hori dela-eta, Familiei Laguntzeko Erakunde arteko II. Planean, kontziliazioa lerro estrategikotzat jo zuen (Gobernu Kontseiluak 2006ko irailaren 26ko bilkuran onetsi zuen plan hori). Lerro horren helburu dira, hain zuzen, emakumeei lan munduan sartzen eta beren lanbide-karrera garatzen laguntzea, familiaren eremuan emakume eta gizonen arteko erantzunkidetasuna sustatzea, eta familia- eta lan-ardurak bateragarri egiteko erraztasunak ematea. Helburu horiek lortzen lagundu nahirik, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 17ko 118/2007 Dekretua onartu zen, eta, gero, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretua, martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuaren bidez aldatu zena. Berriki, beste dekretu bat argitaratu da: 164/2019 Dekretua, urriaren 22koa, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa, aurrekoa indargabetzen duena eta gaur egun indarrean dagoena.

Bestalde, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen xedea familiei babesa, arreta eta laguntza ematea da; horretarako, osotasun koherente batean antolatzen ditu familiei laguntzeko erkidego mailan indarrean dauden neurri guztiak, eta beste laguntza-neurri batzuk ere arautzen ditu. Eta II. tituluko II. kapituluan, norberaren bizitza, familia eta lana uztartzen laguntzeko neurriak jasotzen ditu.

EAEko Familiei Laguntzeko III. Erakunde arteko Plana Gobernu Kontseiluaren 2011ko abenduaren 27ko bilkuran onartu zen, honako helburu nagusi honekin: zuzenbide subjektiboaren ikuspegitik, familia-politika bultzatzea, familiak beren bizitza-ziklo osoan zehar sustatu, osatu eta laguntzeko. Plan horren beste helburuetako bat da familien garapen-aukeretan aurrera egitea, laguntza-eskaintza baten bitartez. Eskaintza horri esker, eragotziko da bizitza familiarra, pertsonala eta lanekoa erantzunkidetasunez uztartu ezin dituzten familiak ordezkatzea, zeregin horretarako hirugarrenak eskuordetzea edo familia horiek zeregin horretan amore ematea.

Familiei Laguntzeko IV. Erakunde arteko Planak (2018-2022), hau ezarri du helburu gisa 2. ardatzean: bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioa eta seme-alabak zaintzeko ardura partekatua erraztea. Horretarako, beste dekretu bat egin da: 164/2019 Dekretua, urriaren 22koa, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa, zeinetan laguntza-lerro berri bat sartu baita eta lehendik daudenak hobetu baitira:

Laguntza-lerro berria, lan-eszedentzian dauden langileentzat, jaiotzagatik edo urtebetetik beherako haurra zaintzeagatik gurasoek hartutako prestazio kontributiboen aldiak parekatzeko.

Seme-alabak zaintzeko eszedentzietarako eta lanaldi-murrizketetarako laguntzen zenbateko ekonomikoa % 30 areagotuko da honako kasu hauetan:

– Guraso bakarreko familiak.

– Familia ugariak.

– Mendekotasun ertaina edo handia edo % 50eko desgaitasuna edo handiagoa duen pertsonaren bat daukaten familia-unitateak.

– Genero-indarkeriaren biktima izan den kideren bat duten familia-unitateak.

Mendekotasun-egoeran dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzietarako eta lanaldi-murrizketetarako laguntzen zenbatekoa % 30 areagotuko da, eskatzailearen familia-unitatea multzo hauetako batean sartzen bada:

– Guraso bakarreko familia.

– Familia ugaria.

– Mendekotasun ertaina edo handia edo % 50eko desgaitasuna edo handiagoa duten bi pertsona dauzkan familia-unitatea.

– Genero-indarkeriaren biktima izan den kideren bat daukan familia-unitatea.

Ezabatu egin da Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 2. artikuluko b) letran aipatzen diren lan-harreman bereziak dituzten langileei buruz egiten zen baztertzea; izan ere, kontsideratzen da etxeko lanetan diharduten langileen kolektiboa kanpo uztea ez dagoela justifikatuta, eta, hori dela eta, aukera izan behar dutela seme-alabak zaintzeko edo mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia eta lanaldi-murrizketarako laguntzak jaso ahal izateko.

Seme-alabak eta mendekotasuna edo osasun-egoera oso larria duten senitartekoak zaintzeko eszedentzietan eta lanaldi-murrizketetan laguntzeko lerroan, beste bi salbuespen gehitzen zaizkio diruz lagundu daitezkeen jardueretan etenak izateko posibilitateari: eskatzaileak baimena soldatarik gabe hartzea; eta eskolara egokitzeko aldiak.

Eskatzailea gizonezkoa bada, luzatu egingo dira seme-alabak, mendekotasuna duten senitartekoak eta osasun-egoera oso larrian daudenak zaintzeko eszedentzia eta lanaldi-murrizketetarako laguntzak baliatzeko gehieneko denborak, eta horrenbestez, eskatzaile horrek bere osotasunean baliatu ahal izango du bikoteak duen diruz laguntzeko moduko aldia.

V. kapitulua, seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzkoa, 2022ko irailaren 30ean indargabetu zen, 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko irailaren 7ko 102/2022 Dekretu berria indarrean sartu zenean. Dekretu berri horrek 14 urtera arte zabaltzen du adingabeen adina, eta hainbat hobekuntza egiten ditu.

Indargabetze horren ondorioz, indarrik gabe geratu da urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren d) apartatua, irailaren 7ko 102/2022 Dekretuaren xedapen iragankorretan xedatutakoaren kasuan izan ezik:

– Dekretua indarrean sartu arte (2022-10-01) urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren V. kapituluaren babespean egon diren dirulaguntzen egoerak, araudi horretan aurreikusitako zenbatekoekin diruz lagunduko direnak.

– Halaber, seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzak, urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren V. kapituluaren babesean emandakoak edo izapidetzen ari direnak, araudi horrek arautuko ditu.

Laguntza-programa hau Ongizate, Gazteria eta Erronka demografikoaren Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago, sailburuaren 2025eko otsailaren 21eko Aginduaren bidez onartua. Programaren helburua bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitea eta seme-alabak zaintzeko erantzunkidetasuna erraztea da, familiako kideak zaintzeak eta familia-proiektuak garatzeak eragindako zuzeneko edo zeharkako kostuak konpentsatuz.

Laguntza-programa hau Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako xedapenen mende dago, 2023ko abenduaren 30ean jarri zen indarrean.

Administrazio Publikoaren dirulaguntzak emateko jarduerak izan behar duen publikotasun-printzipioa babesteko, zeina Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan jasota baitago, urriaren 22ko 164/2019 Dekretuak 62.4 artikuluan aurreikusten du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak, sailburuaren agindu baten bidez, urtero jakinaraziko duela zer aurrekontu-zuzkidura dagokion dekretu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, edo, hala badagokio, zuzkidura horren eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

Bestalde, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 1. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 15. artikuluan zehaztutako egitekoak eta jardun-arloak dagozkio Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari. 18/2024 Dekretua lehendakariaren uztailaren 30eko 36/2024 Dekretuaren artikulu bakarraren zazpigarren apartatuak aldatu zuen.

Ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 15. artikulu horretan, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari dagozkion eginkizunen eta jardun-arloen artean erronka demografikoa, familia babestea eta lan-bizitza eta familia bateragarri egitea sartzen dira.

Horren ondorioz, 164/2019 Dekretuan familia-politikaren eskumena daukan sailari egindako aipamena ulertzeko, gaur egun, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari egindakotzat hartu behar da, eta agindu hau ematea hango sailburuari dagokio.

Horrenbestez, agindu hau EHAAn argitaratzen da, interesdun izan daitezkeenek dirulaguntza horien berri izango dutela bermatzeko.

Beraz, Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta lehen aipatutako urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 62.4 artikuluan jasotako xedapenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) letretan aurreikusitako dirulaguntza lerroak betetzeko, 2025ean 25.100.000,00 euro bideratuko dira, honela banakaturik:

– 390.000,00 euro, lan-eszedentzian dauden langileentzako laguntzetarako, jaiotzagatik edo urtebetetik beherako haurra zaintzeagatik gurasoek hartutako prestazio kontributiboen aldiak parekatzeko.

– 23.500.000,00 euro, hiru urtetik beherako haurrak zaintzeko lan-eszedentzian dauden edo hamabi urtetik beherako haurrak zaintzeko lanaldi-murrizketa duten langileentzako laguntzetarako.

– 1.200.000,00 euro, mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu duten langileentzako laguntzetarako.

– 10.000,00 euro, 3 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzetarako.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hasierako aurrekontu-zuzkiduran eguneraketarik gertatzen bada, horren berri emango da Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren agindu baten bidez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, Interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri ahal izango dute zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipaturiko aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 12a.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala