
56. zk., 2025eko martxoaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 3 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
1297
AGINDUA, 2025eko martxoaren 12koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan eta otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuan aurreikusitako seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzen aurrekontu-zuzkidura jakinarazten duena.
Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen helburua da familia-politika integral baten oinarriak eta esparrua ezartzea, familien eta familiakideen bizimoduaren kalitatea eta ongizatea hobetzeko asmoz; izan ere, ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko dirulaguntzei buruzkoa da II. tituluaren I. kapitulua, eta 8. artikuluan eskubide subjektiboaren izaera ematen die, bete beharreko baldintzak betetzen badira.
Gobernu Kontseiluak, 2015eko martxoaren 17ko bilkuran, 30/2015 Dekretua onartu zuen ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko dirulaguntzak arautzeko. Arau horrek segida eman zion Familiei Laguntzeko Erakunde arteko I. Planaren esparruan 2002an hasi zen seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzen programari eta urteko laguntzak ardurapeko seme-alaba bakoitzeko eta laguntza espezifikoak erditze edo adopzio nazional anizkoitzagatik eta nazioarteko adopzioagatik aurreikusten zituen.
2018ko ekainaren 19ko bilkuran, Gobernu Kontseiluak 2018-2022 aldirako Familiei Laguntzeko Erankude arteko IV. Plana onartu zuen. Horren esparruan, martxoaren 17ko 30/2015 Dekretua aldatu zuen uztailaren 30eko 121/2018 Dekretuak, ardurapeko seme edo alabagatiko prestazio ekonomikoak hobetzen zituenak, eta, beste neurri batzuen artean, bigarren seme-alabentzako hirugarren urteko laguntza bat jasotzea sartu zuen.
Gobernu Kontseiluak 2022ko ekainaren 21ean Erronka Demografikorako 2030erako Euskal Estrategia onartu zuen. Bertan, epe laburrean eragina izateko irizpidea duten jarduerak bultzatzearen barruan, ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko zuzeneko laguntzak handitzea jasotzen da. Helburu hori betetzeko, Gobernu Kontseiluak seme-alabaren bat duten familientzako laguntzei buruzko 27/2023 Dekretua onartu zuen 2023ko otsailaren 21ean. Bertan, hilero seme-alabengatiko laguntzak eta erditze edo adopzio nazional anizkoitzagatiko eta nazioarteko adopzioagatiko ezohiko laguntzak jasotzen dira.
27/2023 Dekretuak 30/2015 Dekretua indargabetzen du. Hara ere, xedapen iragankorretan 30/2015 Dekretuaren arabera izapidetuko eta diruz lagunduko diren eskabideak adierazten dira:
a) 2023ko martxoaren 1a baino lehen haren babesean aurkeztutakoak, ebatzi gabe badaude.
b) 2022ko abenduaren 1etik abenduaren 31ra bitartean (biak barne) izandako jaiotzak, adopzioak, adopzio aurreko bizikidetzarako tutoretzak edo zaintza-delegazioak, erditze anizkoitza, adopzio nazional anizkoitza eta nazioarteko adopzioa direla-eta egindakoak, 2023ko martxoan eta gertaera eragilea gertatu zenetik hiru hilabeteko epean aurkeztu baziren.
c) % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna edo mendetasun-egoera aitortzeagatik bere esparruan emandako laguntzen bikoizketari buruzkoak, baldin eta organo kudeatzaileari jakinarazten bazaio jaio zenetik edo, hala badagokio, adopzioa eratu zenetik, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintza eskuordetzen denetik edo tutoretzatik bost urte bete baino lehen.
Seme-alabak dituzten familia guztiei gutxieneko baliabideak bermatzea eta haur-pobrezia prebenitzea helburu duten bi dekretuetako laguntzak Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan daude. Plan hori sailburuaren 2025eko otsailaren 21eko Aginduaren bidez onartu zen.
Laguntza-programa hau Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako xedapenen mende dago. Lege hori 2023ko abenduaren 30ean jarri zen indarrean.
Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.2 artikuluan jasotako publikotasun-printzipioa babesteko, zeinak Administrazio Publikoaren dirulaguntzen jarduera bideratu behar baitu, 30/2015 Dekretuak eta 27/2023 Dekretuak 30.2 eta 12.2 artikuluetan, hurrenez hurren, ezartzen dutenez, familia-politikaren arloan eskumena duen sailak, sailburuaren agindu baten bidez, urtero jakinaraziko du zein den dekretuetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko aurrekontu-zuzkidura, edo, hala badagokio, zenbateko hori eguneratzetik ateratzen den zenbatekoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.
Bestalde, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 1. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 15. artikuluan zehaztutako egitekoak eta jardun-arloak dagozkio Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari. 18/2024 Dekretua lehendakariaren uztailaren 30eko 36/2024 Dekretuaren artikulu bakarraren zazpigarren apartatuak aldatu zuen.
Ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 15. artikulu horrentan, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari dagozkion eginkizunen eta jardun-arloen artean erronka demografikoa, familia babestea eta lan-bizitza eta familia bateragarri egitea sartzen dira.
Horren ondorioz, 30/2015 eta 27/2023 Dekretuetan familia-politikaren eskumena daukan sailari egindako aipamena ulertzeko, gaur egun, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari egindakotzat hartu behar da, eta agindu hau ematea hango sailburuari dagokio.
Horrenbestez, agindu hau EHAAn argitaratzen da, interesdun izan daitezkeenek dirulaguntza horien berri izango dutela bermatzeko.
Beraz, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako publizitate-printzipioaren arabera, eta seme-alabaren bat duten familientzako laguntzak arautzen dituen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren 12.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.- 1.- Seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak arautzen dituen martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan aurreikusten diren dirulaguntzen lerroak betetzeko, guztira, 474.200,00 euro bideratuko dira gehienez.
2.- Seme-alabak dituzten familientzako laguntzei buruzko otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren esparruan aitortu beharreko diruz laguntzeko egoeretarako, 112.162.900,00 euro erabiliko dira gehienez; horietatik 31.284.700,00 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio; 35.202.600,00 euro 2026ko konpromiso-kredituari; 33.065.400,00 euro 2027ko konpromiso-kredituari; 11.903.700,00 euro 2028ko konpromiso-kredituari; eta 706.500,00 euro 2029ko konpromiso-kredituari.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren 12.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako aurrekontu-zuzkiduran eguneratzerik gertatzen bada, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren agindu baten bidez argitaratuko da hori.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 12a.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS