
55. zk., 2025eko martxoaren 20a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (101 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1274
AGINDUA, 2025eko martxoaren 7koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Novia Salcedo izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa.
2025eko otsailaren 4an eskabide bat sartu da Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailean, Fundación Novia Salcedo izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.
Eskabidearekin batera espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu da.
2024ko abenduaren 9an, fundazioaren patronatuak erabaki zuen fundazioaren estatutuetako artikulu hauek aldatzea:
– 8. artikulua (Patronatuaren osaera): Patronatuko idazkari izateko baldintza kendu da, hau da, zuzendari nagusi izateko baldintza. Gainera, hau kendu egin da: «ez dela Patronatuko Batzordeko kide izango, eta eztabaidetan hitza izango duela, baina botorik ez».
– 15. artikulua (idazkaria): artikulu honen idazketa berrian desagertu egiten da zuzendari nagusiaren kargua duen pertsona Fundazioko idazkaria izateko betebeharra.
Egungo idazketan, idazkari-kargua Patronatutik kanpoko pertsona batek ere har dezake.
Era berean, Patronatuko idazkari-kargua duen pertsonak izango dituen eginkizunak gehitu dira.
Erabaki hau publiko egin da Bilbon, 2025eko otsailaren 4an, Miguel Llorente Gonzalvo notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 330).
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua.
Espedienteari funtsezkotzat jotzen diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak.
Fundazioaren estatutuen testu bategina, 2025eko otsailaren 4ko eskrituran eta 330 protokolo-zenbakian gehitua, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak kontuan hartu beharreko azken bertsio balioduna izango da inskribatzeko ondorioetarako.
Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.
Hori guztia kontuan hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Fundación Novia Salcedo izeneko fundazioaren estatutuetako 8. eta 15. artikuluetan egindako aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, azalpen-zatian aipatutako aldaketa txertatzeko, agindu honen datarekin eta Miguel Llorente Gonzalvo notario jaunaren aurrean 2025eko otsailaren 4an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 330).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 7a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS