Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

55. zk., 2025eko martxoaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
1271

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 6koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) eta Udaltzaingo Zerbitzuetako Oinarrizko Eskalako agentearen kategorian txanda irekiaren bidez sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten duena.

Deialdi hau Segurtasuneko sailburuordearen eskariaren eta udal hauetatik jasotako gomendioen arabera egiten da:

Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena

Amorebieta-Etxano

Andoain

Aretxabaleta

Azkoitia

Bakio

Barakaldo

Basauri

Bilbao

Elgoibar

Erandio

Etxebarri

Getxo

Irun

Lasarte-Oria

Ortuella

Portugalete

Tolosa

Valle de Trápaga-Trapagaran

Vitoria-Gasteiz

Urretxu

Zarautz

Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onesten duen 2020ko uztailaren 22ko Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan ezarritakoaren eta horretan egindako aldaketen arabera egiten da deialdia.

Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Errektorearen onespena ere jaso da.

Hori guztia oinarri hartuta, zuzendari nagusi honek ebatzi du deialdia egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) eta Udaltzaingo Zerbitzuetako Oinarrizko Eskalako agentearen kategorian sartzeko hautaketa-prozedurarako, honako oinarri hauen arabera:

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Hautaketa-prozedurarako deialdia egiten da, oposizio-lehiaketa irekiaren sistemaren bidez, zeina, hautaketa-prozeduraren zati gisa, prestakuntza-ikastaro batekin eta praktikaldi batekin osatuko baita, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako eta Udaltzaingo Zerbitzuetako Oinarrizko Eskalako agente-plazak betetzeko.

Ertzaintzaren kidegoko 473 lanpostutarako eta udaltzainen kidegoetako 170 lanpostutarako deialdia egiten da, I. eranskinean agertzen diren xehetasunen arabera.

Deitutako plaza-kopurua handitu ahal izango da, barne-sustapeneko hautaketa-prozesuetan eskaini behar diren lanpostuen ondorioz hutsik geratzen diren Euskal Poliziako agenteen kategoriako lanpostuen arabera, eta betiere aplikagarri diren aurrekontu orokorren legeetan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Lanpostu-kopuruaren handitze hori dagokion erakundeko organo eskudunak eskatuta egingo da, eta hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Kopuru-handitze horiek ere oinarri hauen arabera egingo dira, eta betiere oposizio-lehiaketan onartutakoen behin-behineko zerrenda argitaratzeko izapidea egin aurretik xedatu beharko dira.

Era berean, eta oposizio-lehiaketan onartutakoen behin-behineko zerrenda argitaratzeko izapidea egin aurretik, zuzendaritza honen ebazpen bidez aditzera emango da hautaketa-prozesu honetan parte hartzen duten udalek nola eragingo duten emakumeen ordezkaritza txikia zuzentzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 66. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Ertzaintzari dagokionez, aipatutako 66. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, eta sustapen-planean ezarritakoaren arabera, deialdi honetan segurtasun-zerbitzu publikoan emakumeen eta gizonen presentzia orekatzeko helburua betetzeko, plazen % 39 bete beharko lituzkete emakumeek.

Prozesu honetan parte hartzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoei eta udaltzaingo-zerbitzuei dagokienez, arau orokor gisa, emakumeak sustatzeko plan horiek egiten ez diren bitartean, gutxieneko ehunekoa ezingo da % 25etik beherakoa izan, betiere hiru plaza baino gehiago betetzeko deialdia egiten bada.

Bigarrena.– Parte hartzeko betekizunak.

1.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek, onartuak izateko, baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte:

a) Aldez aurretik eskabidea egitea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea.

c) 18 urte izatea eta 38 urte bete ez izana. Muga hori konpentsatu ahal izango da Euskal Herriko Poliziaren kidegoetan emandako zerbitzuekin.

d) Batxilergoko titulua edo baliokidea izatea, edo maila handiagoko beste edozein.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onesten duen Dekretua laugarrenez aldatzen duen azaroaren 22ko 142/2022 Dekretuan jasotzen diren baztertzeko arrazoi medikoetako bat ere ez izatea.

f) Dolozko delituagatik inoiz kondenatua ez izatea, administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea, eta funtzio publikoak betetzeko desgaituta edo eginkizun-gabetuta ez egotea, hargatik eragotzi gabe birgaitzearen onura aplikatzea, arau penalen eta administratiboen arabera.

g) Eskatzaileak, adierazpen baten bidez, armak eramateko eta, hala badagokio, erabiltzeko konpromisoa hartzea.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoren edo Udaltzaingo Zerbitzuren batean sartzeko hautaketa-prozeduratik kanpo ez utzi izana falta astunagatik edo oso astunagatik, salbu eta preskripzio-epearen baliokidea den aldia iraungi bada, baztertzeko adierazpenaren egunetik kontatzen hasita.

i) Ezintasuneko edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean ez egotea, praktiketako funtzionarioaren izendapenak ondorioak dituen egunean indarrean dagoen araudiaren arabera.

j) Honako gidabaimen hauek izatea:

1.– B motako baimena, turismoetakoa, inolako mugarik gabea eta deialdiko plaza guztietarako eskabideak aurkezteko epearen azken egunean indarrean dagoena.

2.– A2 motako baimena, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean indarrean dagoena:

– Andoain

– Basauri

– Portugalete

– Vitoria-Gasteiz

3.– A2 motako baimena, epaimahaiak plazak behin-behinean esleitzeko eskabideak aurkezteko epea ireki baino egun bat lehenago indarrean dagoena:

– Basauri

– Irun

– Tolosa

4.– A motako baimena, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean indarrean dagoena:

– Azkoitia

5.– A motako baimena, karrerako funtzionario izendatu aurretik indarrean dagoena:

– Vitoria-Gasteiz

6.– C1 motako baimena, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean indarrean dagoena:

– Azkoitia

7.– E motako baimena, epaimahaiak plazak behin-behinean esleitzeko eskabideak aurkezteko epea ireki baino egun bat lehenago indarrean dagoena.

– Tolosa

Adierazitako baimenek indarrean egon beharko dute une oro eskatzen direnetik, gidatzeko eskubidea eten edo kendu gabe izan beharko dute –administratiboki zein judizialki–, eta ezingo dituzte esleitutako puntu guztiak galduta eduki.

k) Derrigortasun-data igaroa duten plazak eskuratu nahi dituztenek 2. hizkuntza-eskakizuna edo hortik gorakoa izan behar dute, edo hautaketa-prozesu honetan horretarako deitzen diren egiaztapen-probak gainditu behar dituzte (deialdiaren hamargarren oinarrian xedatutakoaren arabera).

l) Eskabidea jaso eta aztertzeagatiko tasa ordaindua izatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko maiatzaren 29ko 13/1998 Legean adierazitakoaren arabera, eta 3.2 oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko atalean eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, j) eta k) apartatuetan ezarritako salbuespenarekin, eta Oinarrizko Eskalako agentearen kategorian karrerako funtzionario izendatu arte bete beharko dituzte; horrek ez du esan nahi prozedura-fasean horiek egiaztatu beharko ez dituztenik.

3.– Hautaketa-prozeduraren edozein unetan, prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia barne, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak jakiten badu parte-hartzaileetako batek ez dituela deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen, pertsona hori hautaketa-prozeduratik kanpo utziko da, aldez aurretik entzunda.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkeztea.

3.1.– Aurkeztea eta epea.

Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeko eskabideak eredu ofizial eta normalizatuan beteko dira; eredu hori eskuragarri egongo da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean (www.arkauteakademia.eus).

Eskabidean, oposizioko ariketak zein hizkuntzatan –euskaraz edo gaztelaniaz– egin nahi diren adieraziko da.

Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hautaketa-prozedura honetan parte hartzea borondatezkoa da, eta berekin ekarriko du izangai bakoitzak eskabidean berariazko eta zalantzarik gabeko baimena ematea probak eta ariketa psikoteknikoak egiteko, eta proba horien emaitza balorazio-faktore gisa erabil dadin onartzea, oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera.

Datu pertsonalak «Hautaketa-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, honako hauetan ezarritakoa betez: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa, eta datuak babestearen arloan indarrean dagoen gainerako araudia.

– Tratamenduaren arduraduna: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia. Segurtasun Saila.

– Tratamenduaren xedea eta lege-oinarria: Euskadiko segurtasun publikoaren sisteman sartuta dauden organo eta zerbitzuetako langileen, segurtasun-zerbitzu pribatuetako eta herritarren segurtasuna zaintzera bideratutako gainerako zerbitzuetako langileen hautaketa-prozesuak kudeatzea eta haien jarraipena egitea, bai eta segurtasun publikoko zerbitzuetakoak izan gabe zerbitzu horietan interes profesionala duten edo horien garapenean eragiten duten beste pertsona batzuenak ere.

– Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko (6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa; 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legea onesten duena; 2/2018 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duena).

– Informazioaren hartzaileak: Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk, toki-administrazioko beste organo batzuk, Funtzio Publikoko Zuzendaritza. EAEko beste administrazio eta enpresa batzuk, hautaketa-prozesuaren berezko helburuetarako.

– Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere, informazio osagarrian azaltzen den bezala.

– Informazio osagarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza webgune honetan kontsulta dezakezu:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/128100-capa2-eu.shtml

3.2.– Tasa ordaintzea.

Deialdi honen bigarren oinarriko 1.l) apartatuan aurreikusitako baldintza betetzeko, eta eskabideak aurkezteko epearen barruan, 20,27 euro ordaindu beharko dira eskabidea jaso eta aztertzeagatiko tasa gisa. Ordainketa erakunde hauetako edozein sukurtsaletan egin ahal izango da: - Kutxabank (BBK, Vital, Kutxa Gipuzkoa), Laboral Kutxa, La Caixa, Banco Santander, BBVA, Sabadell/Guipuzcoano, Bankia, Bankoa eta Iparkutxa.

Tasa ordaintzeko bi aukera daude:

3.2.1.– Offline ordainketa: kasu horretan, aipatutako finantza-erakunde laguntzaileen bulego-sareko edozein puntutara joan beharko da, eta sistemak emandako hartu-agiria edo bertan jasotako datuak aurkeztu beharko dira. Hartu-agirietan barra-kodea dagoenez, irakurketa optikoa duen kutxazain automatiko baten edo datuak eskuz hartzeko kutxazain baten bidez ordaindu daiteke.

3.2.2.– Online ordainketa: banka elektronikoko sistemaren bidez egin ahal izango da ordainketa.

Tasa eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaintzen ez bada, edo ordaindutako kopurua okerra bada, eskatzailea prozeduratik kanpo geratuko da deialdi honetako 2.1.l) oinarriko baldintza ez betetzeagatik. Tasa aurkezteak eta ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea, hirugarren oinarriko 1. puntuan adierazitakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Izangaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

2.– Behin-behineko zerrendan, izangaiak baztertzeko kasuan kasuko arrazoiak adieraziko dira, eta 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

3.– Epearen barruan aurkeztutako erreklamazioak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtzen duen ebazpenean onartu edo baztertuko dira. Ebazpen hori hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

4.– Zerrenda horietan eta argitaratzen diren guztietan, datuak babesteko aplikatu beharreko indarreko araudiaren gomendioak betez identifikatuko dira parte-hartzaileak.

Bosgarrena.– Hautaketa-sistema.

1.– Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da: oposizio- eta lehiaketa-sistemak elkarren atzetik egingo dira, izangaien gaitasuna zehazteko eta haien arteko lehentasun-ordena finkatzeko.

2.– Oposizio-lehiaketaren guztizko puntuazioa bi faseetan lortutako puntuen batura izango da, eta horri gehituko zaizkio euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatu ondoren lortutako puntuak, hala badagokio. Guztizko puntuazioak izangaien lehentasun-ordena zehaztuko du.

Seigarrena.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Oposizio-lehiaketako probak eta merezimenduak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko, eta parte-hartzaileak hautatzeko, epaimahai kalifikatzaile bat eratuko da, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko Legegintzako Dekretuak aurreikusitakoaren arabera. Epaimahai hori Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak izendatuko du, eta honela osatuko da:

– Epaimahaiburu bat.

– Hiru kide, Eudelek proposatuta izendatuak hautaketa-prozesu honetan parte hartzen duten toki-korporazioen artetik.

– Bi kide, Segurtasun Sailak proposatutakoak.

– Idazkari bat (hitza izango du, baina botorik ez).

– IVAP Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak proposatuta izendatutako pertsona bat epaimahaiko kide izango da, deialdian eskatzen diren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetan.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez jakinaraziko da epaimahai kalifikatzaileko kideen eta haien ordezkoen izendapena, hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan. Epaimahaia osatzeko, kideen inpartzialtasun-, profesionaltasun- eta espezialitate-printzipioak beteko dira, bai eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren printzipioa ere.

Epaimahai kalifikatzaileko kide izatea norberaren izenean egingo da beti, eta ezin izango da inor ordezkatuz edo inoren izenean egin.

Ezin izango dira epaimahai kalifikatzaileko kide izan hautespen edo izendapen politikoa duten langileak, behin-behineko langileak, bitarteko funtzionarioak edo aldi baterako langile lan-kontratudunak, ezta azken bost urteetan enplegu publikora sartzeko izangaiak prestatzen aritu diren pertsonak ere.

Epaimahai kalifikatzaileko kideek abstenitu egin beharko dute arrazoi pertsonalak, profesionalak edo beste edozein motatakoak direla-eta beren inpartzialtasuna zalantzan egon daitekeen egoeretan, bai eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako egoeretan ere.

Espezialitate-printzipioaren arabera, botoa emateko eskubidea duten kide guztiek deialdiko lanpostuetan sartzeko eskatzen den maila akademiko bereko edo handiagoko titulazioa izan beharko dute, eta horien erdiek, gutxienez, jakintza-arlo berari dagokion titulazio bat.

Ordezkaritza orekatuaren printzipioaren arabera, justifikatutako ezintasunik ezean, epaimahai kalifikatzailearen osaera orekatua izango da trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen artean. Ordezkaritza orekatutzat jotzeko, sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza izan behar du.

Epaimahai kalifikatzaileak bere lanetan aholkulari espezialistak sartzea erabaki ahal izango du, beren espezialitateak gauzatzean aholkularitza eta lankidetza teknikoa ematera mugatuko direnak. Aholkulari horien jarduna ere objektibotasun-, inpartzialtasun- eta konfidentzialtasun-printzipioen mende egongo da.

2.– Epaimahai kalifikatzaileak, bere jardunean, kide anitzeko organoen funtzionamendu-arauak bete beharko ditu.

Epaimahaia osatzen dutenek zerbitzuagatik dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, bertaratzeak dagozkienak barne, gai horri buruz indarrean dagoen araudiaren arabera.

Era berean, probetan zaintza- eta kontrol-lanak egiten dituzten laguntzaileek dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, indarrean dagoen araudiaren arabera.

3.– Epaimahai kalifikatzaileak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

4.– Epaimahai kalifikatzaileak behar diren neurriak hartuz bermatuko du izangaien nortasuna jakin gabe zuzenduko direla oposizio-faseko idatzizko ariketak, epaimahaiaren aurrean irakurri behar ez direnak.

5.– Epaimahai kalifikatzaileak hautaketa-sistema garatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu, oinarrietan zehaztu gabeko gai guztietan, eta haren interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren gai guztiak ebatzi ahal izango ditu; bestalde, bere eginkizunak betetzeko behar diren neurriak ere hartu ahal izango ditu. Era berean, epaimahai kalifikatzaileak arau hauek aplikatzean sor daitezkeen zalantza guztiak argituko ditu, bai eta aurreikusi gabeko kasuetan egin beharrekoak ere.

6.– Epaimahai kalifikatzaileak ezin izango ditu deialdiko plaza-kopurua baino izangai gehiago hautatu –gehikuntzak ere kontuan hartuta, halakorik balego–, eta muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.

7.– Probak edo ariketak egiteko datak eta haien emaitzak jakinarazten dituzten epaimahai kalifikatzailearen erabakiak hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira.

8.– Epaimahai kalifikatzailearen jarduketei eta/edo argitalpenei buruzko alegazioak, bai eta hari zuzendutako edozein idazki ere, baliabide elektronikoen bidez helbide honetara bidaliko dira:

2025euskalpolizia@seg.euskadi.eus

Epaimahaiak bide beretik erantzungo die jasotako idazkiei.

Epaimahai kalifikatzaileak ez ditu aintzat hartuko postontzi elektronikoa ez den beste bitartekoren baten bidez bidaltzen diren erreklamazioak, alegazioak eta abar.

Zazpigarrena.– Oposizioa

Oposizioa honako proba hauek egitean datza:

1.– Lehen proba psikoteknikoa izango da, nahitaezkoa eta baztertzailea izango da, eta izangaien gaitasunak neurtzea izango du helburu. Proba honek 0 puntutik 120 punturako balioa izango du. Proba hau deialdiko lanpostuaren profil profesionalaren araberakoa izango da. Lehen proba horretan, lau ariketa egin beharko dira, denak ere nahitaezkoak eta baztertzaileak. Ariketa bakoitza 0tik 30 puntura bitartean baloratuko da.

a) Arrazoitze-ariketa.

b) Pertzepzio-gaitasunari buruzko ariketa (identifikazioa, bereizketa...).

c) Gaitasun espazialei buruzko ariketa.

d) Ahozko adierazpenerako gaitasunari buruzko ariketa.

Ariketa bakoitzean test erako galdetegi bat erantzun beharko da idatziz.

Test erako galdetegiko galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta bakarra izango da zuzena.

Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen baten balioaren 1/3 kenduz zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta erantzun bikoitzak ez dira zigortuko.

Proba hori gainditzeko, lau ariketetako bakoitzean gutxienez 10 puntu lortu beharko dira, eta guztira 60 puntu gutxienez proba osatzen duten lau ariketetan.

Hautaketa-sistema behar bezala antolatzeko, epaimahai kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxieneko maila eta proba honetan erakutsitako ezagutza-maila kontuan hartuz eta izangaien identitatea ezagutu baino lehen, ariketa bakoitza gainditzeko beharrezko gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta erabaki hori argitaratuko du. Hala bada, ariketa bakoitzeko puntuazioa lortzeko, epaimahai kalifikatzaileak formula hau aplikatuko du, aurreko paragrafoan azaldutakoarekin bat etorriz:

IPB = (ZP X PBgeh) / (ZPgeh).

Non:

IPB = Izangaiak lortutako puntuazio bihurtua.

ZP (izangaiak zuzenean lortutako puntuazioa) = Erantzun zuzenak – (akats-kopurua x 1/3).

PBgeh = Ariketan gehienez lor daitekeen puntuazio bihurtua (deialdiaren oinarrien arabera, ariketan lor daitekeen puntuazio handiena: 30 puntu).

ZPgeh = Ariketako zuzeneko gehieneko puntuazioa (ariketan zuzenean gehienez lortu den puntuazioa).

2.– Bigarren proba jakintza-proba bat izango da, nahitaezkoa eta baztertzailea, eta idatziz erantzun beharreko test erako galdetegi bat izango da.

Edukiak zehazteko, II. eranskineko gai-zerrendan jasotakoa hartuko da kontuan.

Test erako galdetegiko galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta bakarra izango da zuzena.

Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen baten balioaren 1/3 kenduz zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta erantzun bikoitzak ez dira zigortuko.

Proba hau 0 eta 150 puntu artean baloratuko da, eta kanpoan geratuko dira gutxienez 75 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Hautaketa-sistema behar bezala antolatzeko, epaimahai kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxieneko maila eta proba honetan erakutsitako ezagutza-maila kontuan hartuz eta izangaien identitatea ezagutu baino lehen, erabaki ahal izango du non ezarri proba hau gainditzeko beharrezko den gutxieneko puntuazioa, eta erabaki hori argitaratu egingo du. Hala bada, proba honetako puntuazioa lortzeko, epaimahai kalifikatzaileak formula hau aplikatuko du, aurreko paragrafoan azaldutakoarekin bat etorriz:

IPB = (PBgeh / 2) x (1 + (ZP - m) / (ZPgeh - m)).

Non:

IPB = Izangaiak lortutako puntuazio bihurtua.

PBgeh = Proban gehienez lor daitekeen puntuazio bihurtua (deialdiaren oinarrien arabera, proban lor daitekeen puntuazio handiena: 150 puntu).

ZP (izangaiak zuzenean lortutako puntuazioa) = Erantzun zuzenak – (akats-kopurua x 1/3).

m = Epaimahaiak ezarritako proba gainditzeko zuzenean gutxienez lortu beharreko puntuazio-atalasea.

ZPgeh = Probaren zuzeneko gehieneko puntuazioa (proban zuzenean gehienez lortu den puntuazioa).

3.– Hirugarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: proba psikoteknikoa. Proba honek 0 puntutik 150 punturako balioa izango du.

Bi ariketa egin beharko dira, biak ere nahitaezkoak eta baztertzaileak:

Nortasun-testa: ariketa honen helburua da hautaketa-prozeduran parte hartzen dutenen nortasun-ezaugarri nagusiak ebaluatzea, eta desorekaren eta moldatu ezinaren adierazleak hautematea. Ariketa hau 0 eta 100 puntu artean baloratuko da, eta kanpoan geratuko dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba hori baloratu ahal izateko, item guztiak erantzun beharko dira: erantzun bat edo gehiago zuri uzten badira, 0 puntu emango dira proban.

b) Nortasun-testa: lan-jarduerarekin lotutako jokabideak neurtzea du helburu. Ariketa hau 0 eta 50 puntu artean baloratuko da, eta kanpoan geratuko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Lanpostuaren profil profesionalarekin lotuta egongo dira bi ariketa horiek.

Hirugarren proba honetako bi ariketetan lortutako datuak ondorengo probetan ere erabili ahal izango dira, neurketa-tresna gisa.

4.– Laugarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, gaitasun fisikoari buruzkoa izango da. Proba honek 0 puntutik 80 punturako balioa izango du. Deialdi honetako III. eranskinean jasotzen diren lau ariketak egitean datza. Emaitzen balorazioa III. eranskin horretan bertan zehazten diren baremoen arabera egingo da.

Proba hori gainditzeko, lau ariketetako bakoitzean gutxienez 10 puntu lortu beharko dira, eta guztira 40 puntu gutxienez proba osatzen duten lau ariketetan.

Ariketa fisikoak egitearen gaineko erantzukizuna parte-hartzaileena bakarrik izango da. Ariketak egiteko, bestalde, kirola egiteko ekipamendu egokia ekarri beharko dute.

5.– Bosgarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: aurrez aurreko elkarrizketa bat, helburu duena neurtzea izangaiek jokabide eta gaitasun egokiak dituzten deialdiko lanpostuaren profil profesionaleko eginkizunak eta atazak betetzeko. Proba hori 0 puntutik 50era baloratuko da, eta gutxienez 25 puntu lortu beharko dira hori gainditzeko. Probarako ezarritako baremoen arabera baloratuko da proba; baremo horiek IV. eranskinean daude zehaztuta.

Elkarrizketaren ariketa egin aurretik, prozesuan parte hartzen dutenek curriculum vitae sinplifikatu bat bete beharko dute, emango zaien eredu normalizatuaren arabera. Curriculum hori ez da puntuagarria izango, eta elkarrizketa egiteko oinarri gisa baino ez da erabiliko.

Zortzigarrena.– Oposizio-faseko proben garapena.

1.– Probak ezin izango dira hasi deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete igaro arte.

2.– Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta lekua gutxienez zazpi egun natural lehenago iragarriko dira, hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Gainerako probak egiteko iragarkiak ere hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira, gutxienez 72 ordu lehenago, epaimahai kalifikatzailearen erabaki baten bidez.

3.– Epaimahai kalifikatzaileak oposizioa osatzen duten probak eta ariketak zazpigarren oinarrian ezarritakoaz bestelako hurrenkeran egitea erabaki ahal izango du, bai eta egun berean ariketa bat baino gehiago egitea ere. Kasu horretan, proben eta/edo ariketen emaitzen argitalpenek deialdiko oinarrietan ezarritako hurrenkerari jarraituko diote. Aurreko proba gainditu dutenen kasuan bakarrik argitaratuko dira proba eta/edo ariketa bakoitzaren emaitzak, zazpigarren oinarriaren ordenari jarraituz.

4.– Epaimahaiaren deialdira adierazitako egunean, orduan eta lekuan derrigorrezko probak/ariketak egitera agertzen ez direnak automatikoki baztertuko dira hautaketa-prozeduratik, baita ezinbesteko arrazoiak tartean daudenean ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba eta/edo ariketa egitera proba eta/edo ariketa horiek egiten hasi ondoren iristen direnei.

Nahitaezko probetako batek ariketa bat baino gehiago baditu, ez-bertaratzetzat joko da horietako edozeinetara ez joatea edo berandu iristea.

5.– Aurretik ezarritakoaren salbuespen gisa, eta oposizioaren laugarren proba egiteko (gaitasun fisikoaren proba), proba hori egitera deitutako parte-hartzaileek, baldin eta medikuaren egiaztagiri bidez justifikatzen badute haurdunaldian, erditzean edo erditu ondoren daudela, proba egitea hurrengo deialdira atzeratzea eskatu ahal izango dute.

Horretarako, bi aukera izango dituzte: proba fisikoa deialdi beraren barruan egitea, betiere elkarrizketa pertsonalak amaitu aurretik; edo, bestela, proba hori hurrengo deialdira atzeratzea, non nahitaez hartu beharko duten parte. Bigarren kasu horretan, aurreko probetan lortutako puntuazioak hurrengo edizio edo deialdirako gordeko dira, baldin eta deialdian proba fisiko horiei eragiten dien aldaketarik ez badago. Proba fisikoen aurrekoak aldatu badira, aldaketarik izan ez duten proben puntuazioak bakarrik gordeko dira.

Hautaketa-prozesuaren fase guztiak egin eta gainditu ondoren, dagokion izendapena lortuko dute, eta jatorrizko promozioarekin mailakatuta geratuko dira, dagozkion ondorio juridiko eta administratiboekin. Hala ere, destinoa hautatzeko, hautaketa-prozesua amaitzen den promozioarekin egingo da.

6.– Proba eta ariketetara indarrean dagoen nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko da, eta epaimahai kalifikatzaileak une oro eskatu ahal izango du agiri hori aurkeztea.

7.– Proba baztertzaile bakoitza amaitzean, hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira hautaketa-prozeduran parte hartzen dutenek lortutako emaitzak, epaimahai kali- fikatzailearen erabaki bidez, eta berariaz adieraziko da zer puntuazio lortu duten. Proba eta/edo ariketen emaitzak bi dezimalekin argitaratuko dira.

8.– Oposizioko probak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan egin ahal izango dira.

Bederatzigarrena.– Lehiaketa.

1.– Lehiaketa-faseko kalifikazioa oposizio-fasea gainditu dutenei bakarrik aplikatuko zaie.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik lortutako merezimenduak baino ez dira ebaluatuko.

3.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango, eta bertan lortutako puntuazioak ezingo dira kontuan hartu oposizio-faseko probak gainditzeko.

4.– Lehiaketa-fasean merezimenduak baloratuko dira, 60 puntura arte, baremazio honen arabera:

4.1.– Titulazio eta diploma ofizialak balioetsiko dira, eta Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak halakotzat onartutakoak baizik ez dira aintzat hartuko.

Gehienez ere 30 puntu emango zaizkie, baremo honen arabera:

a) Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruaren 1. mailan (Kualifikazioen Europako Esparruaren 5. maila) sartzen den titulazio ofizial bakoitza 10 punturekin balioetsiko da.

b) Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruaren 2. mailan (Kualifikazioen Europako Esparruaren 6. maila) sartzen den titulazio ofizial bakoitza 20 punturekin balioetsiko da.

c) Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruaren 3. mailan (Kualifikazioen Europako Esparruaren 7. maila edo goragokoa) sartzen den titulazio ofizial bakoitza 30 punturekin balioetsiko da.

Titulazio bakarra balioetsiko da, aurkeztutakoen artean mailarik handiena duena.

4.2.– Ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea. Hizkuntza horien ezagutza V. eranskinean jasotako ziurtagiri ofizialen bidez egiaztatzea balioetsiko da. Gehienez 30 puntu emango dira, honako xehetasun eta maila hauen arabera:

a) Tarteko maila (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko B2 edo baliokidea): 5 puntu hizkuntza bakoitzeko.

b) Maila aurreratua (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko C1 edo goragokoa edo baliokidea): 10 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntza bera ez da behin baino gehiagotan balioetsiko; beraz, mailarik handienekoa bakarrik hartuko da kontuan.

5.– Eskabidean merezimenduei buruzko atal zehatz eta bereizi bat egongo da. Eskabidearen atal horretan alegatu eta egiaztatu ez diren merezimenduak ezin izango dira inola ere balioetsi edo kontuan hartu. Eskabideko beste atal batean alegatuta eta/edo egiaztatuta egonda ere, epaimahai kalifikatzaileak ez ditu balioetsiko. Epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan egiaztatu ahal izango ditu.

Hamargarrena.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea eta euskararen ezagutza balioestea.

1.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea:

Prozesuan parte hartzen dutenek hizkuntza-eskakizunak badituztela egiaztatu ahal izango dute agiri ofiziala aurkeztuz edo deialdian horretarako egingo diren proba espezifikoen bidez.

Derrigortasun-data iraungia duten plazak eskuratu nahi dituzten pertsonek agiri bidez egiaztatu ahal izango dute 2. hizkuntza-eskakizuna edo goragoko bat badutela (Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 maila edo goragokoa), edo, bestela, hautaketa-prozesu honetan horretarako deitzen diren egiaztapen-probak gainditu beharko dituzte.

1.1.– Agirien egiaztapena.

Zenbaketa egiteko, hautaketa-prozesuaren barruan bai betekizun gisa bai merezimendu gisa hizkuntza-eskakizunak dituzten pertsonek agiri bidez justifikatu beharko dute hizkuntza-eskakizuna egiaztatua dutela, hautaketa-prozesu honen barruan deitutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko lehen proba egin baino bi egun lehenagora arte.

Ez da beharrezkoa izango Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) jasota dauden datuak egiaztatzea. Prozesu honetan parte hartzeak berekin dakar Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari zalantzarik gabeko baimena ematea datu horiek erregistro horretan kontsultatzeko.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila horien baliokideak diren titulazioak dekretu hauetan jasotzen dira: azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan (Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliozkotzeari eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeari buruzkoa) eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan (euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzeari eta hizkuntza titulu eta ziurtagiriekin egiaztatzetik salbuesteri buruzkoa).

1.2.– Berariazko proba baten bidez egiaztatzea.

Eskainitako plazetan ezarritako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko, borondatezko proba bat edo batzuk egingo dira, Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 mailari (2. hizkuntza-eskakizuna) eta C-1 mailari (3. hizkuntza-eskakizuna) dagokien zailtasun-maila izango dutenak.

Proba horiek egiteko eguna eta lekua epaimahai kalifikatzailearen erabaki baten bidez emango dira jakitera, hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan.

2.– Euskara jakitea balioestea.

Egiaztapena oinarri honen aurreko apartatuan aipatutako moduan egin ahal izango da.

Izangaien euskararen ezagutza-maila baremo hauen arabera baloratuko da:

– Europako Kontseiluak onetsitako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 maila: 30 puntu.

– Europako Kontseiluak onetsitako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-1 maila: 50 puntu.

Euskararen ezagutza egiaztatzeko, borondatezko proba bat edo batzuk egingo dira, Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 eta C-1 mailei dagokien zailtasun-maila izango dutenak.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailen baliokideak diren titulazioak dituztenei, dagozkien puntuak esleituko dizkie epaimahai kalifikatzaileak, aurreko apartatuan aurreikusitako proba edo probak egin beharrik gabe.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila horien baliokideak diren titulazioak dekretu hauetan jasotzen dira: azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan (Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliozkotzeari eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeari buruzkoa) eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan (euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzeari eta hizkuntza titulu eta ziurtagiriekin egiaztatzetik salbuesteri buruzkoa).

Urriaren 16ko 222/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak informazioa eskatu ahal izango du hautaketa-prozedura honetan parte hartzen dutenek lortutako euskararen ezagutza-egiaztapenei buruz. Prozesu honetan parte hartzeak berekin dakar Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari argi eta garbi baimena ematea datu horiek kontsultatzeko Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB), bai eta hautaketa-prozesuan parte hartzen duten pertsonei dagozkien tituluen baliokidetzat jotzen diren Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko tituluen maila kontsultatzeko ere. Baimen hori eskabidean eman beharko da.

Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketan onartutakoen behin-behineko eta behin betiko zerrenda.

1.– Oposizio-lehiaketaren guztizko puntuazioa bi faseetan lortutako puntuen batura izango da, eta horri gehituko zaio euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatu ondoren lortutako puntuazioa, hala badagokio. Guztizko puntuazioak izangaien lehentasun-ordena zehaztuko du. Sailkapen-ordenan puntuazioarekiko berdinketak gertatzen badira, honako dekretu honetan jasotako irizpidearen arabera ebatziko dira: 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onesten duena. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, oposizioko bigarren proban puntuazio altuena lortu duenaren alde ebatziko da, eta, subsidiarioki, euskararen ezagutzaren balorazioan puntuaziorik altuena lortu duenaren alde.

Epaimahai kalifikatzaileak honako hauek onetsi eta argitaratuko ditu:

a) Azterketa gainditu duten pertsonen behin-behineko zerrenda, puntuazioz dagozkien kalifikazioen arabera, derrigortasun-data iraungia duen hizkuntza-eskakizuna betekizun duten plazei dagokienez.

b) Azterketa gainditu duten pertsonen behin-behineko zerrenda, puntuazioz dagokien kalifikazioaren arabera, hizkuntza-eskakizunak derrigortasun-data iraungia ez duten plazei dagokienez.

2.– Interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute, aurreko paragrafoan aipatutako behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, egoki irizten dieten erreklamazioak aurkezteko zerrenda horren aurka. Erreklamazioak behin betiko zerrenda onartu baino lehen ebatziko dira.

3.– Epe hori igarotakoan, epaimahaiak seigarren oinarriko zazpigarren apartatuan aurreikusitakoarekin bat etorriz honako hauek onetsi, eta hogeita batgarren oinarrian ezarritakoaren arabera argitaratuko ditu:

a) Azterketa gainditu duten pertsonen behin betiko zerrenda, puntuazioaren arabera dagozkien kalifikazioekin bat etorriz, derrigortasun-data iraungia duen hizkuntza-eskakizuna duten plazei dagokienez.

b) Behin betiko zerrenda, puntuazioaren arabera dagozkien kalifikazioekin bat etorriz, hizkuntza-eskakizunak derrigortasun-data ezarri gabe duten plazei dagokienez.

Hamabigarrena.– Deialdiko lanpostuak eskuratzeko aukera.

Zerrendatutako pertsonek, sailkapen-ordenari eta hizkuntza-eskakizunaren egiaztapenari jarraituz, destinoa aukeratu ahal izango dute prozesuan parte hartzen duten administrazioen artean.

Eskabideak aurkezteko epea hasi baino gutxienez hiru egun natural lehenago argitaratuko da, epaimahai kalifikatzailearen erabakiaren bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko Legegintzako Dekretuaren 66.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, deitutako lanpostu hutsen esleipena hautagaien azken zerrenda bakarrari jarraituz egingo da, lortutako puntuazio-ordenaren eta berdinketa hausteko legezko irizpideen arabera. Horretarako, hamaikagarren oinarriko lehenengo puntuan zehaztutako zerrenda erabiliko da.

Destinoak izangaien artean esleituko dira, eskabidearen eta lortutako puntuazio-ordenaren arabera, betiere eskatutako lanpostuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Deialdian eskainitako destino guztiak nahitaez bete beharko dira, baldin eta izangaiek oinarri hauetan eskatzen diren betekizunak betetzen badituzte.

Eskainitako destino guztiak benetan bete ahal izateko, epaimahai kalifikatzaileak lanpostua aukeratzeko ahalmena eman ahal izango die eskainitako lanpostuak baino pertsona gehiagori, baina inolaz ere ezin izango dira esleitu deialdian benetan eskainitako destinoak baino gehiago.

Epaimahaiak argitara emango du horrela lortutako destinoen behin-behineko esleipena.

Ondoren, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko Legegintzako Dekretuaren 66. artikuluan ezarritakoa betetzen dela egiaztatuko da, segurtasun-zerbitzu publikoan emakumeen eta gizonen presentzia orekatzeko.

Lege-testu horretako 66. artikuluan aipatzen den ehunekoaren helburua ez bada lortzen artikulu horretan xedatutakoari jarraikiz, lehentasuna emango zaie emakumezko izangaiei, lortu nahi den helburua bete arte, baldin eta:

a) Gaitasun baliokidea badute. Hori egiaztatzeko, hautaketa-sistemako oposizio-faseko probak eta ariketak gainditu beharko dituzte.

b) Lehentasun hori aplikatuz hautatutako emakumezko izangaietako batek ere ez badu % 15etik gorako puntuazio-diferentzialik oposizio-faseetan eta, hala badagokio, lehiaketa-faseetan, hautaketa-sistemaren arabera, baztertutako gizonezko izangaien aldean.

c) Beste izangaiak ez badu betetzen legez aurreikusitako arrazoirik, sexu-diskriminaziorik eragiten ez duenik eta neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duenik, hala nola enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

Aurreko paragrafoan aipatzen den lehentasuna aplikatzeko, ezinbesteko baldintza izango da hautaketa-prozesuaren deialdian aipatzen den kidego, eskala eta kategorian emakumezko funtzionarioen % 33 edo gehiago ez egotea.

Aipatutako 66. artikuluan administrazio parte-hartzaileei buruz ezarritakoa aplikatzeko, prozesu honetan parte hartzen duen administrazio bakoitzak eskainitako plaza-kopuru handienetik txikienera arteko hurrenkerari jarraituko zaio, eta, berdinketarik balego, hurrenkera alfabetikoari.

Hamahirugarrena.– Hautatutakoen zerrenda.

1.– Aurreko oinarrian ezarritako izapidea egin ondoren, hogeita batgarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera, hautatutakoen zerrenda onartu eta argitaratuko du epaimahaiak, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritzari eta hautaketa-prozedura honetan parte hartzen duten toki-korporazioetako organo eskudunei bidaliko die. Hautaketa-prozedura gainditu eta deialdian eskainitako plaza-kopuruan lekua dutenek osatuko dute lanpostua lortu dutenen zerrenda.

a) Hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu bat lortu dutenen zerrenda, esleitutako plaza adieraziz.

b) Hizkuntza-eskakizunik ez duen lanpostu bat lortu dutenen zerrenda, esleitutako plaza adieraziz.

2.– Betekizunak egiaztatzea.

Horrela hautatutako pertsonek deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak egiaztatzen dituzten jatorrizko dokumentuak edo haien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, hamaikagarren oinarriko hirugarren puntuan aurreikusitako zerrendak argitaratzen dituen epaimahai kalifikatzailearen erabakia argitaratu eta hurrengo 15 egun balioduneko epean. Interesdunak eskatuta, eta ezinbesteko kausaren bat gertatuz gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzak epe hori gehienez ere 10 egun baliodunez luzatu ahal izango du.

3.– Betekizunak ez betetzea edo ez egiaztatzea.

Izangaiak ez dira praktiketako funtzionario izendatuko, baldin eta deialdian parte hartzeko eskatzen diren betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa aurreko apartatuan adierazitako epearen barruan –edo luzapenean, hala badagokio– aurkezten ez badute, ez eta hura aztertu ondoren edo baztertzeko arrazoi medikoen taula begiratu ondoren eskatutako baldintzaren edo betekizunen bat ez dutela betetzen ondorioztatzen bada. Era berean, haien jarduketa guztiak ondoriorik gabe geratuko dira, eta izendapenerako izan litzaketen eskubide guztiak galduko dituzte; horrez gain, erantzukizunen bat izan lezakete beren eskabidea faltsutzeagatik. Kasu horietan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak erabakiko du izangaia hautaketa-prozeduratik kanpo uztea eta baztertze horren ondorioz deialdiko plaza-kopuruan lekua duten pertsonekin ordeztea, dagokion sailkapen-ordenaren lehentasun-hurrenkerari jarraituz, eskatutako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

Hamalaugarrena.– Praktiketako funtzionarioen izendapena.

1.– Hautatuek behar bezala egiaztatu badute deialdiaren betekizunak betetzen dituztela, praktiketako funtzionario izendatuko ditu hautaketa-prozedura honetan parte hartzen duten administrazio publikoetako organo eskudunak, eta hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da izendapen hori.

Praktiketako funtzionario izendatutakoek egoera horretan jarraituko dute prestakuntza-ikastaroa hasten denetik karrerako funtzionario izendatu arte edo hautaketa-prozeduratik kanpo utzi arte.

2.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ezarriko da prestakuntza-ikastaroa noiz hasiko den.

Hamabosgarrena.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia.

1.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, banaka hartuta, eta horiek ez gainditzeak hautaketa-prozeduratik kanpo geratzea ekarriko du, bai eta deialdi honetan aipatzen den Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako eta Udaltzaingo Zerbitzuetako Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko horiek gainditu ez dituenak izan ditzakeen eskubide guztiak galtzea ere.

2.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia ezin izango dira aldi berean egin, eta horietako bakoitzaren iraupena, ez eta metatutakoa ere, ezin izango da 30 hilabetetik gorakoa izan.

3.– Prestakuntza-ikastaroa.

a) Prestakuntza-ikastaroa ikasturte akademiko bat izango da, nahitaezkoa eta baztertzailea, eta haren edukiak, ebaluatzeko eta gainditzeko moduak eta iraupena dagokion ikasketa-planean eta aplikatu beharreko araudian zehaztutakoak izango dira.

b) Prestakuntza-ikastaroko kalifikazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak argitaratuko ditu, hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan. Kalifikazio horiek ikasketa-planetan xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.

c) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak adieraziko du prestakuntza-ikastaroa gainditu ez dutenak baztertuta geratu direla.

d) Prestakuntza-ikastaroan lehen egunean ez hasteak automatikoki baztertuko du hasi ez den pertsona, salbu eta behar bezala egiaztatutako ezinbesteko kausaren bat gertatzen bada eta aldez aurretik baimena eskatzen bada. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio ezinbesteko kausa balioestea, eta berari dagokio erabakia hartzea.

e) Prestakuntza-ikastaroan ez hasteagatik bete ez den plaza hurrengoari eskainiko zaio eta hark beteko du, baldin eta hamabigarren oinarriko prozeduraren arabera esleitutako plazarik gabe geratu bada eta horretarako ezarritako betekizunak betetzen baditu.

4.– Praktikaldia.

a) Prestakuntza-ikastaroa gainditzen dutenek beren jarduera-arloen arabera egokienak diren zentro edo bulegoetan egingo dute praktikaldia, prestakuntza integrala lor dezaten, eta zehatz ezagut dezaten dagokion polizia-kidegoko edo -zerbitzuko polizia-zerbitzuen egitura eta funtzionamendua.

b) Praktikaldia hasi aurretik, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du praktikaldiaren iraupena eta praktikaldia baloratu eta gainditzeko sistemak eta prozedurak zehazteko, praktikaldiko destinoak esleitzeko eta horietan hasteko data ezartzeko. Ebazpen hori hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

c) Praktikaldian zehar eraginkortasun profesionala ebaluatuko da, Euskal Poliziaren Oinarrizko Eskalako agentearen kategoriari dagozkion funtzioak betetzearekin lotuta.

Ebaluazio horrek praktikaldiak irauten duen epean zehar gertatutakoak soilik hartuko ditu kontuan.

d) Praktikaldiko kalifikazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak jakinaraziko ditu, hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan.

e) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak adieraziko du praktikaldia gainditu ez dutenak baztertuta geratu direla.

Hamaseigarrena.– Hautaketa-prozedurako behin betiko sailkapena eta karrerako funtzionarioen izendapena.

1.– Hautaketa-prozeduraren behin betiko sailkapen-hurrenkera zehazteko, hautaketa-sisteman lortutako kalifikazioak, prestakuntza-ikastarokoak eta praktikaldikoak batuko dira, eta prozesu honetan parte hartzen duten polizia-kidego edo -zerbitzu bakoitzekoak bereiziko dira. Hurrenkera hori Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez argitaratuko da, hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan.

2.– Praktikaldia amaitu eta hurrengo bi hilabeteen barruan, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak proposatuta, kasuan kasuko herri-administrazioetako organo eskudunak karrerako funtzionario izendatuko ditu oinarri hauen arabera hautaketa-prozedura gainditu dutenak.

Ertzaintzaren eremuan, polizia-zerbitzuak egoki funtzionatzen duela bermatzeko, eta kontuan hartuta barne-lehiaketan lanpostu hutsak eskaintzeko beharra eta agente-kategoriako langileak baldintza berberetan aritzea, funtzionario sartu berriak dauden lanpostu hutsei atxikiko zaizkie behin-behinean, hautaketa-prozesuko behin betiko sailkapen-ordenaren hurrenkerari jarraituz.

Izendapena dagokion administrazioko poliziaren Oinarrizko Eskalako agente gisa egingo da.

3.– Izendapena indarrean dagoen araudian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

Hamazazpigarrena.– Praktiketako funtzionarioen araubide juridikoa.

1.– Praktiketako funtzionario gisa, sartu nahi duten kategoriako sailkapen-taldeari dagozkion soldataren eta aparteko ordainsarien baliokidea den ordainsaria jasoko dute dagokion administrazioarengandik, eta, praktikak lanpostu bat betez egiten badira, lanpostu horri esleitutako ordainsari osagarriak erantsiko dira.

2.– Praktiketako funtzionarioei Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren barne-araudia eta Barne Araubideko Erregelamendua aplikatuko zaizkie prestakuntza-ikastaroan eta praktikaldian. Era berean, diziplina-araubideko kasuetan, egitatea ez bada irakaskuntza-diziplinako falta soila, osagarri gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen diziplina-araubideko arauak aplikatuko dira.

3.– Prestakuntza-ikastaroa edo praktikaldia gainditu ez izana edo ez-gai deklaratzea, bai eta oinarri honen aurreko paragrafoan aipatzen diren arauen arabera astuntzat edo oso astuntzat tipifikatutako arau-hauste bat egiteagatik zehapen bat ezartzea ere, automatikoki hautaketa-prozeduratik kanpo uzteko arrazoi espezifikoak dira, eta, gainera, berekin ekarriko dute prozedura horretatik eratorritako Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko eskubide guztiak galtzea.

Era berean, prestakuntza-ikastaroari aplika dakizkiokeen ebaluazio-irizpideekin bat etorriz, ikasketa-planetan jasotako ikasgaien ebaluazio partzialetik ondorioztatzen bada izangairen batek ezintasun materiala duela prestakuntza-ikastaroa gainditzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak hura baztertzea proposatu ahal izango dio praktiketako funtzionario izendatu duen organoari, eragindako pertsonari entzun ondoren.

4.– Praktiketako funtzionarioak prestakuntza-ikastarora ikasketa-planean aurreikusitako gehienekoa baino denbora gehiagoz huts egiten badu, hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko da automatikoki Barne Araubideko Erregelamenduari jarraituz, non eta ez dagoen ezinbesteko kausarik.

5.– Prestakuntza-ikastarora ez joatea dakarren edozein baimen edo lizentzia hartzeko eskaera Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian aurkeztu beharko da, eta aldez aurretik Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Prestakuntza Alorreko Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren Arloko Burutzak baimendu beharko du. Zerbitzuaren beharren araberako lizentziak edo baimenak hartzeko, behar horiek badirela ulertuko da derrigorrezko irakaskuntza-jarduera programatuta badago.

6.– Praktikaldian hamabosgarren oinarriko 4.b zenbakian aipatzen den ebazpenean ezarritako epea baino epe luzeagoan ez bertaratzeak automatikoki hautaketa-prozesutik kanpo geratzea ekarriko du, non eta ez dagoen ezinbesteko kausarik.

7.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ezinbesteko kausa bat badagoela erabaki ondoren, hark praktiketako funtzionarioaren izendapena egin duen organoari proposatu ahal izango dio eragindako pertsonak ikasturte osoa errepikatu ahal izatea egiten diren hurrengo ekitaldietan, edo praktikaldi osoa errepikatu ahal izatea edo praktikaldia osatu ahal izatea, ezinbesteko inguruabarrak desagertu ondoren, betiere hala eskatzen badu.

8.– Prestakuntza-ikastaroaren edo praktikaldiaren kalifikazioa etenda geratuko da, baztertzeko arrazoiren bat gertatzen bada, harik eta hasitako baztertze-espedientea ebatzi arte.

9.– Prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian hautaketa-prozeduratik kanpo geratu direnek armamentua, dokumentazioa eta jasotako mota guztietako ekipoak itzuliko dituzte.

10.– Prestakuntza-ikastaroa edo praktikaldia borondatez uzteak edo prestakuntza-ikastarora ikasketa-planean aurreikusitako gehienekoa gainditzen duen denboran ez agertzeak, karrerako funtzionario izendatu aurretik ezinbesteko arrazoiren bat egon denean izan ezik, dagokion administrazioari aukera emango dio uko egiten duen pertsonari bere prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzul ditzan eskatzeko.

Horretarako, jarduketa hauen ondoriozko zenbatekoak erreklamatu ahal izango dira:

– Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (indarrean dagoen prezio publikoei buruzko araudiaren arabera).

– Prestakuntza-ikastaroan ordaindutako ordainsariak.

– Prestakuntza-ikastaroan emandako ekipamendu pertsonalaren zenbatekoa.

Hemezortzigarrena.– Baztertzeko osasun-arrazoien koadrora egokitzea.

1.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hautaketa-prozeduraren edozein unetan egiaztatu ahal izango du izangaiak ez daudela baztertze medikoen koadroan sartuta. Koadro hori honako xedapen honetan jasota dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onesten duen Dekretua (2.1.e oinarria) laugarren aldiz aldatzen duen azaroaren 22ko 142/2022 Dekretua.

2.– Hori alde batera utzi gabe, prestakuntza-ikastaroan eta praktikaldian edo horiek amaitzean, praktiketako funtzionario izendatutako pertsonei behar adina proba mediko egin ahal izango zaizkie osasun-bazterketen koadrora egokitzen direla egiaztatzeko (koadro hori jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onesten duen Dekretua laugarrenez aldatzen duen azaroaren 22ko 142/2022 Dekretuan). Horretarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak mediku-epaimahai bat izendatuko du, eta hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da haren izendapena.

3.– Mediku-epaimahaia epaimahaiburu batek, bi kidek eta idazkari batek osatuko dute. Emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango du.

4.– Mediku-epaimahaiak egiten dituen txostenak arrazoitu egin beharko dira hautapen-prozesutik baztertzeko arrazoiren bat dagoela ikusten denean, eta jarraitzen den prozedurak, nolanahi ere, errespetatu egingo du eragindako pertsonaren entzunaldi-eskubidea.

Mediku-epaimahaiak proba medikoak egitea atzeratu ahal izango du, egin behar zaizkion pertsonaren inguruabarren arabera, betiere proba horiek egiteko unean aldi baterako ezintasun-egoeran badago.

5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia izango da organo eskuduna baztertzeko osasun-arrazoien koadroan aurreikusitako arrazoiengatik baztertzea deklaratzeko.

6.– Oinarri honetan aurreikusitako mediku-epaimahaiari seigarren oinarriko 2. eta 7. zenbakietan jasotako arauak aplikatuko zaizkio.

Hemeretzigarrena.– Bigarren oinarriko 1.f) apartatuko betekizuna.

Bigarren oinarriko 1.f) apartatuan ezarritako betekizuna egiaztatzeko, eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, parte-hartzaileek baimena ematen diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dolozko delituagatik kondenatuak izan ez direla, Administrazio Publikoaren zerbitzutik bereizi ez direla eta funtzio publikoak betetzeko ezgaituta ez daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eska diezaion Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralari.

Baimen hori idatziz eta sinatuta eskatu ahal izango zaio izangaiari hautaketa-prozesuaren edozein unetan.

Oinarri honetako lehenengo paragrafoan adierazitako ziurtagiria lortzea ezinezkoa bada, deialdia egin duen organoak izangaiei eskatu ahal izango die gehienez ere 10 egun balioduneko epean ziurtagiri hori aurkezteko.

Hogeigarrena.– Egiteke dagoen prozedura penala edo administratiboa.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartzen dutenek prozedura penal edo administratiboren bat irekia dutenean, edo geroago irekitzen zaienean, eta, horren ondorioz, dolozko delituagatiko kondena bat, administrazio publikoetako kidegoren baten zerbitzutik kentzea edo funtzio publikoak betetzeko desgaitzea ekar badezakete, hautaketa-prozeduran onartua izateko, bertan jarraitzeko eta dagokien kategorian sartzeko baldintza izango da aipatutako prozeduretan aipatutako kondena edo desgaitzea ez gertatzea.

2.– Aurreko oinarrian aipatutako alderdiak edo interes berezikotzat jo daitezkeen beste batzuk egiaztatzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzak zinpeko aitorpena eskatu ahal izango die halako izangaiei hautaketa-prozeduran parte hartzen duten bitartean.

Hautaketa-prozedura gainditzeko garrantzitsuak izan daitezkeen datuak faltsuak badira edo adierazpen horretan falta badira, Barne Araubideko Erregelamenduan aurreikusitako erantzukizunak sortuko dira.

Hogeita batgarrena.– Argitalpenak.

Aurkako berariazko xedapenik ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean egingo dira. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratuko den data erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean egiten diren argitalpen guztiak toki-korporazioek ezarriak dituzten iragarki-ohol edo web-orrietara bidaliko dira, eta haietan kontsultatu ahal izango dira, bai eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean ere.

Hogeita bigarrena.– Aldi baterako lan-poltsa.

EAEko polizia-kidegoetako edo -zerbitzuetako beharren arabera, hautaketa-prozedura hau gainditu eta bertan plazarik lortu ez dutenak indarrean dagoen udaltzaingoetako bitarteko agenteen lan-poltsan sartu ahal izango dira, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez hala xedatzen den unean.

Aipatutako lan-poltsan sartzeko, pertsona horiek lan-poltsarako eskatzen diren betekizunak bete beharko dituzte, eta lan-poltsa horretan sartzeko eskatzen den prestakuntza egin beharko dute.

Pertsona horiek, betiere, dagoeneko osatutako zerrendan sailkatutako azken pertsonaren ondoren sartuko dira lan-poltsa horretan.

Hogeita hirugarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean aurkara dezakete administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Azken kasu horretan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan jasotako administrazioarekiko auzien epaitegien lurralde-eskumeneko arauak bete beharko dira.

Interesdunek aukera izango dute deialdi honetatik, epaimahaien jardunetik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik eratorritako administrazio-egintzak aurkaratzeko, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako kasuetan eta moduan.

Arkauti, 2025eko martxoaren 6a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

MIREN DOBARAN URRUTIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala