
54. zk., 2025eko martxoaren 19a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
1261
AGINDUA, 2025eko martxoaren 4koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira, 2025. urterako, espetxean daudenentzako, baldintzapean aske daudenentzako eta haien senideentzako laguntza asistentzialak, irteera programatuak eta terapeutikoak egiteko laguntzak, eta espetxean daudenentzako sariak eta pizgarriak.
Otsailaren 27ko 23/2024 Dekretuaren oinarrietan (2024ko martxoaren 13ko EHAA, 53. zk.) arautzen dira espetxean daudenentzako, baldintzapean aske daudenentzako eta haien senideentzako dirulaguntza asistentzialak, irteera programatuak eta terapeutikoak egiteko laguntzak, eta espetxean daudenen prestakuntzarako sariak eta pizgarriak. Oinarri arautzaile horiek indarraldi mugagabea dute.
Laguntzen helburua gabezia ekonomikoak estaltzea eta hartzaileei tratamendurako eta gizarteratzeko beharrezkoak dituzten baliabideak ematea da. Laguntzen bidez, beraz, bizitzarekin, osasunarekin eta gizartearekin lotutako kontingentziek eragindako premiei erantzun nahi zaie, bai eta espetxeetako administrazioaren mende dauden askatasunaz gabetutako pertsonen bizikidetzako eta sustapen pertsonaleko prozesuak bultzatu ere, espetxe arloan emakumeen berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatzeaz batera.
Laguntzen lehen deialdia otsailaren 27ko 23/2024 Dekretuaren xedapen gehigarriaren bidez egin zen. Xedapen horrek, era berean, espetxe arloan eskumena duen sailburuari eman zion etorkizuneko deialdiak egiteko eskumena; horrenbestez, gaur egun Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari dagokio eskumen hori.
Deialdi hau behar bezala jasota dago Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren 2025eko otsailaren 5eko Aginduan, zeinaren bidez onartzen baita Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Espetxeen Programaren barruan, espetxean daudenei, aske daudenei eta haien senideei laguntza emateko helburua betetzeko.
Adierazitako guztiagatik, agindu honen bidez iragartzen dira, 2025. urterako, espetxean daudenentzako, baldintzapean aske daudenentzako eta haien senideentzako laguntzak, irteera programatuak eta terapeutikoak egiteko laguntzak, eta espetxean daudenentzako sariak eta pizgarriak.
Horregatik guztiagatik,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea espetxean daudenentzako, baldintzapean aske daudenentzako eta haien senideentzako laguntza asistentzialen, irteera programatuak eta terapeutikoak egiteko laguntzen eta espetxean daudenentzako sari eta pizgarrien 2025. ekitaldirako deialdia. Laguntza horien oinarri arautzaileak otsailaren 27ko 23/2024 Dekretuan daude jasota (2024ko martxoaren 13ko EHAA, 53. zk.).
Laguntzek, prestazioek, sariek eta pizgarriek modalitate hauek dituzte:
a) Laguntza asistentzialak.
b) Espetxetik ateratzeko laguntzak.
c) Dokumentazio-gastuetarako laguntzak.
d) Hileta- eta ehorzketa-gastuetarako laguntzak.
e) Irteera programatuak egiteko laguntzak.
f) Sariak, oro har.
g) Pizgarriak Aukerak prestakuntzarako.
Bigarrena.– 23/2024 Dekretuaren xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak, 2025eko ekitaldiari dagokionez, hirurogeita hamabost mila (75.000) euro dira.
Gehieneko zenbatekoa handitu ahal izango da, espetxean dauden pertsonen gizarte-beharrizanak diruz laguntzeko funtsak agortu ez daitezen, aurrekontuak aldatu ondoren. Gehieneko zenbatekoa % 100eraino handitu ahal izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da areagotze hori, baina ez da beste deialdirik egin beharko, ezta eskabideak aurkezteko beste epe bat hasi ere (eskabideak aurrekontu-ekitaldi osoan aurkeztu ahal izango dira).
Aurrekontu-ekitaldi batean emandako laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatutako kontsignazioa edo, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eguneratzearen ondoriozkoa.
Urteko kredituaren gehieneko mugara iritsita, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da inguruabar hori, eta, baldin eta gehieneko muga hori handiagotzen ez bada, ez dira onartuko une horretatik aurrera aurkeztutako eskabideak, eta jada aurkeztuta daudenak ukatu egingo dira kreditu faltagatik.
Hirugarrena.– Laguntza asistentzialen eskabideak, espetxetik ateratzeko laguntzak, dokumentazio-gastuak eta hileta- eta ehorzketa-gastuak, deialdi honen arabera, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera eta ekitaldi ekonomiko osoan aurkeztu ahal izango dira.
AZKEN XEDAPENENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 4a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
RSS