Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2025eko martxoaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
1253

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 13koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez iragartzen baita goi-kargudunaren idazkari lanpostua izendapen askearen sistemaren bidez betetzeko deialdi publikoa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzan hutsik geratu da goi-kargudunaren idazkari lanpostua (kodea: 520010; dotazioa: 30). Euskal Funtzio Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzak aldeko txostena bidali ondoren, Zuzendaritza Nagusi honek erabaki du iragartzea izendapen askez beteko dela eranskinean aipatzen den lanpostua, oinarri hauei jarraituz:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek eta EAEko administrazio orokorrarekin lotuta dauden zuzenbide pribatuko ente publikoetako karrerako funtzionarioek, baldin eta lanpostu-zerrendan (LPZ) ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).

Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda hartu dezakete parte deialdian; nolanahi ere, badaude salbuespenak:

a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarria duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izango dute parte hartu, ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora (2 urte).

2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada lanpostu-zerrendan langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.

Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, lanpostu-zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.

Bigarrena.– Eskabideak.

Parte hartzeko eskabideak aurkezteko, 15 egun balioduneko epea dute izangaiek, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

EAEko Administrazio Orokorrean eta haren organismo publikoetan jardunean dauden karrerako funtzionarioek EIZU enplegatuaren atariaren bidez egin ditzakete eskabideak. Jakina bidez eta Internet bidez sar daiteke atari horretara, helbide honetatik: Funtzio Publikoa - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus.

Gainerako izangaiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzara bidaliko dituzte eskabideak, Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez.

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Ebazpen honen eranskinean ezartzen dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzan goi-kargudunaren idazkari lanpostua (520010 kodea, 30 dotazioa) betetzeko lanpostu-zerrendan eskatzen diren baldintzak.

Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsiko zaio, eta, bertan, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio eta sektore publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak eta zereginak dituztenak.

c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako eta/edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntzak.

f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta, izangaiak aurkeztea egoki irizten dion bestelako merezimendu eta konpetentzia guztiak.

Eskabidearekin batera, deialdian eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, baldin eta EAEko administrazio orokorraren Langileen Erregistroan ez badaude.

Izangaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatzeko, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio egoki jotzen dituen bitartekoak erabiltzeko izangaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatze aldera; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko betekizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileak ezin izango dira jabetu esleitutako lanpostuaz.

Laugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Lanpostuaren adjudikaziodunak esleipen-ebazpenean ezarritako datan jabetu beharko du lanpostuaz, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Ebazpen hori arrazoitzeko, kontuan hartuko da izangaiak deialdian eskatzen diren baldintzak eta zehaztapenak bete dituela, izendapena egiteko eskumena dagoela, eta lanpostuari buruz monografian ezarritako eginkizunak eta zereginak betetzeko egokia dela. Horretarako, gainerako izangaiekin (baldin badaude) alderatuko dira merezimenduak (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza).

Deialdia hutsik geratu dela deklara daiteke, baldin eta izangaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostuaren baldintzak edo izangaietako bat ere ezin bada egokitzat jo, deitutako lanpostua betetzeko behar beste merezimendu eta konpetentzia ez dituelako.

Bosgarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hileko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 13a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA

Deialdiko lanpostua: goi-kargudunaren idazkaria.

Kodea: 520010.

Dotazioa: 30.

Kidegoa eta eskala: EAEko Administrazio Orokorreko Administrarien Eskala (EGC101) eta Administrari Laguntzaileen Eskala (EGC201).

Lanpostu-mailako osagarria: 18.

Berariazko osagarria: VI-A.

Kokapena: Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza.

Udalerria: Vitoria-Gasteiz.

Hizkuntza-eskakizuna: 2.

Derrigortasun-data: –.

Berariazko ezagutzak: –.


Azterketa dokumentala