Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2025eko martxoaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1241

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 11koa, Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan curriculum anitzeko programak arautzen dituen agindu-proiektua.

Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen du agindu bat egitea, kontuan hartuta ekainaren 18ko 78/2024 Dekretu berria argitaratu dela (78/2024 Dekretua, hezkuntza-sistema inklusibo baten esparruan aniztasunari erantzutekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleentzat) eta programa horiei buruzko alderdi batzuk eguneratzeko beharra dagoela. Hori dela eta, curriculum anitzeko programei buruzko agindu-proiektua aurkeztu behar da.

Proiektu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculum anitzeko programak arautzea.

Jendaurreko informazioaren ebazpen hau eman den egunera arte, honako izapide hauek egin dira:

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, herritarrek lege-mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozeduran parte hartzeari dagokionez, arauaren testua egin aurreko kontsulta publikoa bideratu da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren web-atariaren bidez. Bertan, iritzia eskatu zaie arauaren eraginpeko herritarrei, bai eta arauaren eraginez beren eskubide edo interes legitimoak ukitzen zaizkien pertsonak biltzen edo ordezkatzen dituzten eta beren helburuak arauaren xedearekin zerikusi zuzena duten antolakunde edo elkarteei.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legean xedatutakoa betez, Hezkuntzako sailburuak 2024ko azaroaren 19an eman zuen prozedura hasteko agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuaren 15. artikuluak esleitutako eskumenen arabera.

Era berean, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legean xedatutakoari jarraikiz, Hezkuntzako sailburuak, 2025eko urtarrilaren 13an, izapidetzen ari den agindu-proiektua aldez aurretik onartzeko agindua eman zuen.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 17. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, lege horrek aurreikusten duen jendaurreko informazioaren izapidea egin behar da, baldin eta herritarren eskubide eta interes legitimoei zuzenean eragiten badie eta artikulu horretan aurreikusitako salbuespen-kausaren bat gertatzen ez bada.

Horretarako, jendaurrean jartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculum anitzeko programak arautzen dituen Aginduaren proiektua, eta hogei egun balioduneko epean gauzatuko da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuaren 16. artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculum anitzeko programak arautzen dituen Aginduaren proiektua, hogei (20) egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, eta herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten, agindu-proiektuaren edukia eskuragarri egongo da Hezkuntza Saileko Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzan (Donostia kalea, 01010 Vitoria-Gasteiz) eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/).

Hirugarrena.– Alegazioak aurrez aurre eta elektronikoki aurkez daitezke, aurreko apartatuan aipatutako helbideetan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 11.

Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendaria,

MIKEL JUARISTI IZAGUIRRE.


Azterketa dokumentala