Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2025eko martxoaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1234

EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 30ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Negozioen Kudeaketako eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradu Bikoitzaren Arautegiaren testu eguneratua argitaratzekoa.

2018ko azaroaren 13ko Erabakiaren bidez, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu zuen UPV/EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatearen Negozioen Kudeaketako eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradu Bikoitza lortzeko Arautegia.

Arautegiaren helburua zen ikasketa programa bat zehaztea, ikasleek Negozioen Kudeaketako Graduko eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduko irakasgaiak egin ahal izateko, hartara graduko titulu biak eskura zitzaten, eta asmoa zen gradu bikoitza 2019/2020 ikasturtean abiaraztea.

Gobernu Kontseiluaren 2021eko abenduaren 16ko Erabakiaren bidez, arautegiaren 7. artikulua aldatu zen, hau da, ikasleak gradu bikoitzean onartzeari buruzkoa, aurretik unibertsitate titulu bat dutenak eta Lanbide Heziketako goi mailako gradu bat dutenak titulazio bikoitzean sartzeari dagokiona arautzeko.

Gobernu Kontseiluaren 2024ko abenduaren 17ko Erabakiaren bidez, honako hauek aldatu ziren arautegian: Batzorde Akademikoaren osaera eta eginkizunak; ikasleen onarpenari buruzko artikulua, aurretik unibertsitate titulu bat dutenak eta Lanbide Heziketako goi mailako gradu bat dutenak gradu bikoitzean sartzeari dagokionez; eta ikasketen programa espezifikoa, eranskinean zehazten den bezala.Era berean, xedapen gehigarri bat gehitu zitzaion, bakarra dena, graduen arloan eskumena duen errektoreordeari ahalmena emateko arautegia aplikatzean sor daitezkeen auzi guztiak interpretatu eta ebazteko, eta azken xedapen bat, Graduko Batzordeari ahalmena emateko arautegian behar diren egokitzapenak egiteko.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Bidaltzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira, bertan argitara dadin, eranskinean jasota dagoen moduan, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Negozioen Kudeaketako eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradu Bikoitza lortzeko Arautegia, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 17an onartua.

Bigarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari eta, haren kontra, aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio ebazpena eman zuen organoari hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da jurisdikzio ordena horretako epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita epe biak. Edozelan ere, ezingo dira jarri bi errekurtsoak aldi berean.

Leioa, 2025eko urtarrilaren 30a.

Idazkari nagusia,

LEIRE GARMENDIA ARRIETA.

ARAUTEGIA, UNIVERSIDAD DEL PAIS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO LAN HARREMAN ETA GIZARTE LANGINTZA FAKULTATEAREN NEGOZIOEN KUDEAKETAKO ETA LAN HARREMAN ETA GIZA BALIABIDEETAKO GRADU BIKOITZA LORTZEKOA

1. artikulua.– Helburua.

Arautegi honen helburua da ikasketa programa bat zehaztea, ikasleek Negozioen Kudeaketako Graduko eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduko ikasketa planetako irakasgaiak (eranskinean jasotakoak) egin ahal izateko, hartara, irakasgaiok gainditutakoan, graduko titulu biak eskura ditzaten. Programa horren kudeaketa Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateari dagokio, alde batera utzi gabe arautegi honen bosgarren artikuluan Batzorde Akademikoari emandako eskumenak.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

1.– Arautegi hau aplikatuko zaie Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Negozioen Kudeaketako eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradu Bikoitzaren (aurrerantzean «gradu bikoitza») ikasketa programan emango dituen ikasketei.

2.– Gradu bikoitzaren egiturari esker, bertan matrikulatuta dauden eta programako ikasketak gainditzen dituzten ikasleek bi titulu ofizial eskuratuko dituzte aldi berean: Negozioen Kudeaketako Gradua eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradua, eta bi tituluek balioa izango dute estatu osoan.

3.– Araubide akademikoa, ikasketak emateko arauak, ikasleen ebaluazioa eta, oro har, gradu bikoitzaren ikasketa programaren alderdi akademiko guztiak arautegi honetan zehaztuko dira, eta hemen jasota ez dagoen guztirako, UPV/EHUko arau orokorrak aplikatuko dira.

3. artikulua.– Zuzendaritza akademikoa eta betearazlea.

1.– Gradu bikoitzaren zuzendaritza akademikoa gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoari dagokio. Bertan ordezkatuta daude Ekonomia eta Enpresa Fakultatea eta Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea, eta batzordearen osaera hurrengo artikuluan dago zehaztuta.

2.– Gradu bikoitzeko koordinatzaile lanetan txandakatuko dira, bi ikasturtean behin, Negozioen Kudeaketako Graduko koordinatzailea eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradukoa.

4. artikulua.– Batzorde Akademikoaren osaera.

1.– Batzorde Akademikoak honako kide hauek izango ditu:

a) Lan Harreman eta Gizarte Langintzako Fakultatearen egoitzako zuzendaritza taldearen ordezkari bat.

b) Lan Harreman eta Gizarte Langintzako Fakultatearen Elkanoko ataleko zuzendaritza taldearen ordezkari bat.

c) Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduko koordinatzailea

d) Negozioen Kudeaketako Graduko koordinatzailea.

e) Gradu bikoitzean matrikulatako ikasleen ordezkari bat.

2.– Batzorde Akademikoaren idazkaria izango da graduetako koordinatzaileetako bat, txandaka, eta bi ikasturterik behin aldatuko da.

3.– Batzorde Akademikoaren burua izango da gradu bikoitzaren kudeaketaz arduratuko den ikastegiko zuzendaritza taldearen ordezkaria.

5. artikulua.– Batzorde Akademikoaren eginkizunak.

1.– Gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoaren ardura izango da, oro har, gradu bikoitzaren zuzendaritza akademikoa. Zehazki, eginkizun hauek izango ditu:

a) Gradu bikoitzaren antolaketa akademikoa.

b) Gradu bikoitzaren irakaskuntzaren kalitatea bermatzea eta zaintzea, ikastegi bietako kalitate batzordeekin koordinazioan.

2.– Batzorde Akademikoa gutxienez sei hilean behin bilduko da. Batzordeko buruak deituta bilduko da, edo Batzorde Akademikoko hiru kidek gutxienez eskatuta.

3.– Batzorde Akademikoak ahalegina egingo du erabakiak aho batez hartzeko, eta, ezinezkoa denean, kasuan kasuko eskumenak dituen errektoreordeak hartuko du erabakia.

6. artikulua.– Gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak.

Honako hauek izango dira gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak:

1.– Batzorde Akademikoak hartutako erabakiak betetzea.

2.– Gradu bikoitzaren ordezkaria izatea.

3.– Batzorde akademikoak emandako beste eginkizun batzuk.

4.– Beste eginkizun batzuk, UPV/EHUko arauen arabera graduko koordinatzaileari dagozkionak.

7. artikulua.– Onarpena.

1.– Ikasleak gradu bikoitzean onartzeko aplikatuko dira UPV/EHUk ikasleak onartzeko dituen arau orokorrak. Unibertsitateko titulazioa duten pertsonen onarpen kupoari dagokionez, gradu bikoitza unibertsitateak berak antolatutako programazio akademikoa denez bertan matrikulatuta dauden eta kasuan kasuko programazioko ikasketak gainditzen dituzten ikasleek aldi berean bi gradu titulu ofizial lar ditzaten, gradu bikoitza osatzen duten graduetako batean aldez aurretik tituludunak sartzea ez da bateragarria haien izaera eta xedearekin.

2.– Unibertsitatean sartzeko bidea bada batxilergoa eta sarrerako nota (USE) zein lanbide heziketako goi mailako gradu bat, gradu bikoitzeko onarpen nota kalkulatzeko, kontuan hartuko da gradu bietatik onarpen notarik handiena.

8. artikulua.– Matrikula.

1.– Administrazio ondorioetarako, gradu bikoitza Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko gradua izango da.

2.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleek matrikula egingo dute gradu horretan UPV/EHUko gainontzeko ikasleen baldintza berberetan.

3.– Ikasleek matrikula egitean prezio publikoak ordainduko dituzte arlo horretako arauetan jasotakoari jarraituz, eta eskubidea izango dute ordaintzetik salbuetsita egoteko arau horietan edo legeetan zehaztutako baldintzak betetzen baldin badituzte.

4.– Gradu bikoitz honetako programazioa gainditu ondoren, titulua eskatzen duten ikasleek bi tituluen tasak ordaindu beharko dituzte: Negozioen Kudeaketako Graduko tituluarena eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduko tituluarena.

9. artikulua.– Gradu bikoitzaren arau akademikoak.

1.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleak haren ikasketa programako irakasgaietan baino ez dira matrikulatuko maila bakoitzean. Ikasketa programa arautegi honen eranskinean dago jasota.

2.– Lehenengo mailan, maila horretako kreditu guzti-guztietarako egin beharko dute matrikula. Hurrengo maila bakoitzean ikasleak gutxienez 66 ECTS kreditutan matrikulatu beharko dira, gradu bikoitzeko programa osoa amaitzeko 66 kreditu baino gutxiago falta zaizkienean izan ezik.

3.– Lehenengo maila amaitzean ikasleek gutxienez matrikulatutako kredituen % 60 izan beharko dituzte gaindituta.

4.– Hurrengo maila bakoitza amaitzean, ikasleek gutxienez matrikulatutako kredituen % 60 izan beharko dituzte gaindituta. Edozelan ere, ikasleek gehienez ere zazpi ikasturtetan amaitu beharko dute programa.

5.– Baldintza horietakoren bat betetzen ez duten ikasleek utzi egin beharko dute gradu bikoitza. Hala ere, Negozioen Kudeaketako Graduan edo Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduan –beraiek aukeratutakoan– jarraitu ahal izango dituzte ikasketak. Horretarako, eskaria aurkeztu beharko dute dagokion dekanotzan. Ikasle horiek kasuan kasuko fakultateak ezarritako epeetan eta irizpideen arabera egin beharko dute matrikula.

Era berean, ikasle batek erabakiz gero gradu bikoitza bere borondatez uztea, aurreko paragrafoan azaldutako prozedura aplikatuko zaio aukera izan dezan Negozioen Kudeaketako Gradura edo Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradura pasatzeko.

6.– Negozioen Kudeaketako Graduko eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduko tituluak lortzeko kredituen aitorpena egingo da ikasleak gaindituta dituenean gradu bikoitzaren ikasketa programako irakasgai guztiak, bi titulazioetako gradu amaierako lanak barne.

10. artikulua.– Ebaluazioa.

Gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleen ebaluazioa egingo da gainontzeko titulazio ofizialetako ikasleentzat ezarritako ohiko prozedurari jarraituz, eta graduko titulazio ofizialetarako Gobernu Kontseiluak onartutako egutegi akademikoaren arabera.

11. artikulua.– Tituluak eta tituluen gehigarri europarrak (TGE) ematea.

Gradu bikoitzaren programa gainditzen duten ikasleek Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduko titulua eta Negozioen Kudeaketako Graduko titulua eta horien gehigarri europarrak eskatu ahal izango dituzte, kasuan kasuko prezio publikoak ordainduta.

12. artikulua.– Arautegia onartzea.

Gradu bikoitz honetan matrikulatutako ikasleek arautegi honi jarraitu beharko diote, eta hemen jasota ez dagoenerako, UPV/EHUko arau orokorrei.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ahalmena ematen zaio errektoreorde eskudunari arautegi hau aplikatzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi hau indarrean sartuta, indargabetuta geldituko da Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko Negozioen Kudeaketako eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradu Bikoitzari buruzko egungo arautegia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2019ko urtarrilaren 8an argitaratutakoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Graduko Batzordeari behar diren egokitzapenak egiteko arautegi honi.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Arautegi hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean

ERANSKINA
Negozioen Kudeaketako eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradu Bikoitzaren programa
(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)
MAILA BAKOITZEKO ECTS KREDITU KOPURUA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala