
52. zk., 2025eko martxoaren 17a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (130 KB - 2 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
IRAGARKIAK
Beste iragarki ofizial batzuk
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1224
IRAGARKIA, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Estaños Matiena, S.A. enpresak aurkeztu duen espedientea, Zumaian azaleko tratamenduaren jardueraren ingurumen-baimen bateratuan funtsezko aldaketa egiten duena.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeak ezartzen du ingurumen-baimen bateratua izan behar dela 1. eranskinean jasotako jardueretako batzuk egiten diren instalazioetan eraikuntza-, muntatze-, ustiapen- edo lekualdatze-lanak egiteko edo horietan funtsezko aldaketaren bat egiteko.
Ingurumen-baimen bateratuaren xedea da atmosfera, ura eta lurzorua ez kutsatzeko edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura murriztu eta kontrolatzeko baldintzak ezartzea, kutsadura prebenitzeko eta kontrolatzeko sistema integratuak ezarriz; horrela, ingurumen osoa ahalik eta hoberen babestu ahal izango da.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44. artikuluak agintzen du ingurumen-baimen integratuak ofizioz berrikusi behar direla instalazioari edo baimendutako jarduerari aplikatu beharreko teknika erabilgarri onenen ondorioak argitaratzen badira.
Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko Erregelamenduak –zeina, aldi berean, industriako emisioei buruzkoa baita– (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak onartu zuen) 16. eta 15. artikuluetan arautzen du funtsezko aldaketak egiteko prozedura; gutxienez hogei eguneko epea ezartzen du aldatu den hori jendaurrean erakusteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 76. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar dute II.D eranskinean zehazten diren proiektu publikoek eta pribatuek, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar dute II.E eranskinean zehazten diren proiektu publikoek eta pribatuek.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko prozeduran ezartzen da organo substantiboak gutxienez hogeita hamar egun balioduneko epean jarri beharko duela jendaurrean aldatu den hori.
Bestalde, abenduaren 9ko 10/2021 Legeak 23.a) artikuluan ezartzen du ingurumen-inpaktuaren adierazpena edo ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoarena denean, eta jarduera ingurumen-baimen integratuaren edo ingurumen-baimen bakarraren araubidearen mende dagoenean, bi erregimen horiei dagozkien administrazio-prozedurak eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura barne hartuko direla.
Azaleko tratamendua egiteko jarduera denez, ingurumen-baimen integratua eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen arrunta lortze aldera, proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldi bakarrean jarri behar dira, biak batera, jendaurrean.
Adierazitako guztiagatik, AAI00324_MNS_2023_001 espedientea jendaurrean jarriko da hogeita hamar egun balioduneko epean, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egoki deritzeten alegazioak eta oharrak egin ditzaten.
Jendaurreko izapidean jarriko den instalazio-espedientea Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) argitaratuko da, jendeak eskura izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 21a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS