Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

52. zk., 2025eko martxoaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1221

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 4koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2025erako «Industria Digitala» Laguntza Programaren oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia argitaratzea agintzen duena.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia-digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.

Horri dagokionez, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia hainbat ekintza garatzen ari da 2025eko Euskadiko Eraldaketa Digitala bultzatzera bideratuta. Besteak beste, aipagarriak dira euskal enpresetan eraldaketa digitalaren garapena bultzatzen saiatzeko laguntza programak.

Ondorioz, Laguntza Programa hau Informazioaren Gizartearen garapena bultzatzeko helburu nagusiarekin diseinatu da, Elektronikaren, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiak euskal-enpresetan.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DAEL») 7.2.a) artikuluan ezartzen duenez, lege horretan aipatzen diren dirulaguntzen kudeaketa eta ematea publizitatearen printzipioaren arabera egin behar dira, besteak beste. Era berean, DAELren 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza mota bakoitzaren edo dirulaguntzen programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– 2025erako «Industria Digitala» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onestea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da I. ebazpen honetan.

Bigarrena.– 2025erako «Industria Digitala» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2025eko martxoaren 4a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

JON ANSOLEAGA UGARTE.

I. ERANSKINA
2025ERAKO INDUSTRIA DIGITALA LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, hainbat ekintza egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta enpresen garapena sustatzeko.

«Industria Digitala» programa bat dator 2025eko Euskadiko Eraldaketa Digitalerako Estrategian (ETDE@2025) zehaztutako jardun-politikekin.

Programa bat dator Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin, Nazio Batuek 2015eko irailaren 25ean onartutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari egindako euskal ekarpenarekin. Bertan ezartzen den bezala, enpresek zeregin garrantzitsua izan behar dute, eta hori aurrekaririk gabeko erantzukizun handia eta aukera ezin hobea da negozio baten helburuek ekitatearen eta jasangarritasunaren helburuekin bat egin dezaten. Azken batean, Garapen Jasangarrirako Helburuek (GJH) aukera ematen dute garapen jasangarriaren arloan munduan dauden erronkarik handienei aurre egin ahal dieten konponbideak eta teknologiak garatu eta ezartzeko.

Zentzu horretan, SPRIk hainbat ekintza garatzen ditu erronka horiek erdiesteko. Industria Digitala programak enpresetan EIKTak (Elektronikaren, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiak) sartzen laguntzeko erronkari erantzuten dio. Era berean, aipatu beharrekoa da programa hau Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren urtarrilaren 24ko erabakiaren bidez onetsitako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela, 2025-2028 aldirako, Planaren helburu hau lortzen lagunduta: «Elektronikaren, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiak (EIKT) barne-prozesuetan eta bezeroekiko, hornitzaileekiko eta enpresekiko harreman-prozesuetan sartzen laguntzea«.

1. artikulua.– Helburua.

Programaren helburua da EIKTak barne-prozesuetan eta bezeroekiko, hornitzaileekiko eta administrazioekiko eta enpresekiko harreman-prozesuetan sartzen laguntzea, haien lehiakortasuna hobetzeko.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Laguntza horiek behar bezala jasotako eskaerak ondoz ondo emateko prozeduraren arabera emango dira. Banaka eta ordenatuta ebatziko dira, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unearen arabera.

2.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak garrantzi gutxikoak edo minimis laguntzak dira, eta beraz, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 Erregelamenduak («(EB) 2023/2831 Erregelamendua») ezarritakoaren mende daude. Erregelamendu horrek zehazten du minimis laguntzei nola aplikatu behar zaizkien Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak.

3.– Programa honen esparruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzatzat hartuko dira.

4.– Programa honetan emandako dirulaguntzak ez daude zuzen lotuta esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezarri eta ustiatzeari edo esportazioarekin zerikusia duten bestelako gastu arruntei.

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, definizio hauek finkatzen dira:

1.– Kanpoko aholkularitza edota ingeniaritza espezializatuko gastu eta inbertsioak. Aurkeztutako proiektuaren eremuan adituak diren eta proiektua aurrera eraman behar duten kanpoko enpresak kontratatzeko gastua. Proiektuari lotutako software-lizentziak eta hardware inbertsioak.

2.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu edo/eta inbertsio hautagarrien gehieneko aurrekontuen ehunekoaren arabera.

3.– Enpresa handiak. Hurrengo puntuan ezarritako mugak gainditzen dituzten enpresak.

4.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak) (Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE gomendioaren arabera, mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruzkoa).

a) Mikroenpresen kategorian, enpresa txiki eta ertainak (ETEak): 250 langile baino gutxiago dauzkaten enpresak, baldin eta 50 milioi eurotik gorako urteko negozio bolumenik ez badute edota 43 milioi eurotik gorako urteko balantze orokorrik ez badute.

b) ETE-en kategorian, enpresa ertainak: 50 eta 249 langile bitartean dauzkaten enpresak, baldin eta 10 eta 50 milioi euro bitarteko urteko negozio bolumena edota 10 eta 43 milioi euro bitarteko urteko balantze orokorra badute.

c) ETE-en kategorian, enpresa txikiak: 50 langile baino gutxiago dauzkaten enpresak, baldin eta 10 milioi eurotik beherako urteko negozio bolumena badute edota 10 milioi eurotik beherako urteko balantze orokorra badute.

d) ETE-en kategorian, mikroenpresak: 10 langile baino gutxiago dauzkaten enpresak, baldin eta 2 milioi eurotik beherako urteko negozio bolumena badute edota 2 milioi eurotik beherako urteko balantze orokorra badute.

e) Langile kopurua, finantza-zenbatekoak eta erreferentzia epea zehazteko, kontuan izan beharko da Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoa. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2025ean laguntzak emateko programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 7.500.000 eurokoak dira, eta SPRIren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Funts hauek mugatuak direnez, laguntzak eskatu eta ematea ahalik eta lasterren egitea nahi du programak; beraz, laguntzak adjudikatzeko, espedientea osorik dagoen unearen arabera egingo da, modu ordenatuan, eta ebazpen bidez ukatuko dira laguntzak, Programarako gehieneko zuzkidura gainditzen badute.

3.– Programara bideratutako funtsak agortuz gero, Programa amaitu egingo da eta horren berri emango da SPRIren zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez eta webgunean (www.spri.eus;) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Aurrekontu-kreditua agortutakoan, ezingo da laguntza berririk eman, eta berariaz atzera botako dira aurkeztu bai, baina ebazteko dauden eskariak.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta laguntzen onuradun izateko baldintzak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte enpresa-jarduera egiten duten pertsona fisiko eta juridikoek, baldin eta 6. artikuluan deskribatutako diruz laguntzeko moduko jarduerak gauzatzeko proiektuak aurkezten badituzte. Betiere honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Euskadiko Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat izatea. Zentro horretan, aurkeztutako proiektuak eragina izan beharko du eta bertan egingo da diruz lagundu daitekeen jarduera.

b) Alta emanda egotea Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergan.

2.– Honako hauek ezin izango dira deialdiaren laguntzen onuradun izan:

a) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari (ZTBES) atxikita daudenak, ezta antzeko I+Gko sareei ere.

b) Zuzenean edo zeharka, akzioen edo partaidetzen bidez, dirulaguntza jaso dezaketen eremuetan zerbitzuak ematen dituzten Informatika eta Ingeniaritza Aholkularitzako enpresekin lotura dutenak.

c) Sektore publikoren batekoak diren edo sektore horietako kide diren erakundeak izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.

d) DAELren 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenak.

Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak egunean dituztela ulertuko da, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Horrela, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela ulertuko da zorrak zatikatuta edo geroratuta eta bermatuta daudenean edo itzulketa-ebazpena aurkaratzeagatik etetea erabaki denean.

e) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain daudenak.

f) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatu dutenak, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntzaren azken ordainketa egin arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko (salbuespen bakarra DEALen 13.1.b) artikuluan aurrez ikusitako konkurtso-egoerei buruzko debekurik eza da) aipatutako eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoak honela egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du baldintza hauek betetzen direla:

– Industria-jarduerako zentro bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, non proiektuak eragina izango duen.

– Alta emanda egotea Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergan.

– Egunean dituztela beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta horretarako, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Gainerako eskakizunak adierazpen bidez egiaztatuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluko eskakizunak betez, eskabideak prozesatzeko erabiliko den aplikazioan, baita DAELren 13.9 artikuluan aurrez ikusitako eskakizunak ere. Erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatutako baldintzak egiazkoak direla egiaztatu ahal izango da, hala badagokio, ikuskapen-bisitan edo dokumentu-eskaeran.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

Diruz lagun daitezkeen jardueratzat hartuko dira EIKTak ezartzeko edo EIKTak ebaluatzeko eta hautatzeko honako diagnostiko-proiektu hauek:

ETE eta enpresa handientzat:

1.– Sentsorika, SCADA, serbitizazioa, prozesu industrialen automatizazioa, BIGDATA, Adimen Artifiziala, Machine Learning eta Blockchain.

2.– Errealitate birtuala, areagotua eta mistoa eta ikusmen artifiziala.

3.– Biki digitalak: Industria-prozesu konplexuak simulatzea, gaitasun fisikoak eta birtualak konbinatuta.

4.– Energia-efizientzia eta deskarbonizazioa kudeatzeko tresnak.

5.– Biltegia kudeatzeko sistemak.

6.– Merkataritza Elektronikoko sistemak: Erosketa elektronikoak, salmenta elektronikoak. Merkataritza elektronikoko sistema horiek erakunde onuradunaren informazio-sistemekin integratuta egon beharko dute (Administrazioa, –ERP-Enterprise Resourse Planning–). Era berean, aholkularitza-proiektuak lagunduko dira, enpresa merkataritza-plataformetan sartzeko.

7.– Instalazioko ekoizpena hobetu edo automatizatuko duten eta egoeraren analisia eta erabakiak hartzea erraztuko duten EIKTak sartzeko proiektuak, aurreko ataletan jaso ez direnak.

8.– Business Intelligence-ren txostenak bistaratzeko sistemak ezartzea eta sistema horiek datu-iturri desberdinekin integratzeko beharrezko lanak egitea.

9.– eIDAS2 (electronic IDentification, Authentication and trust Services) Europako erregelamenduaren TS 119 511 (2019/06) eta TS 119 512 (2020/01) estandarren arabera, «Datuak epe luzera babesteko zerbitzuak» ezartzea.

ETEentzat bakarrik:

1.– Enpresaren kudeaketa aurreratuko sistemak, adibidez: ERPak, SC, (Supply Chain Management), mantenimendu prebentiboa, hornikuntza-katearen kudeaketa logistikoa, mantentze-lanetarako laguntza teknikoa kudeatzeko sistemak (LTS), administrazio- eta kudeaketa-prozesuen automatizazioa,

2.– Produktuaren bizi-zikloa kudeatzea (besteak beste, aplikazio hauek ezartzea: CAM CAE, PDM edo DMF).

3.– CRM (Customer Relationship Management) proiektuak ezartzea erakunde onuradunean.

Oro har:

– Proiektu bat SPRIren programa batean aurkeztu bada lehenago eta dirulaguntza jaso badu, proiektu hori eguneratzea edo mantentzea ez da diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartuko. Proiektu batek berriro parte hartu ahal izango du laguntza-programa honetan, baldin eta 7 urte behintzat pasa badira SPRIk laguntza eman zionetik, eta egiaztatzen badu jauzi kualitatibo handia eman duela teknologiaren ikuspuntutik.

– Ez dute dirulaguntzarik jasoko artikulu honetan azalduta dauden eta erakunde onuradunaren katalogora biltzen diren produktu edo zerbitzuek, salbu eta «serbitizazioarekin» zerikusia dutenek.

– Nolanahi ere, ez da diruz laguntzeko moduko ekintza izango Europar Batasuneko beste Estatu kide batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea, eta ondorioz, Programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ezingo dute lotura zuzenik izan esportatutako kopuruekin, banaketa-sare bat sortu eta ustiatzearekin edota esportazio jarduerarekin lotutako bestelako gastu arruntekin.

– Programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ezin dute baldintza gisa jarri bertako produktuak erabiltzea inportatutakoak erabili beharrean.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak eta eskakizun aplikagarriak.

1.– Gastu edo/eta inbertsio hautagarritzat hartuko dira 6. artikuluan deskribatutako aholkularitza, ingeniaritza, hardware eta software-lizentziak gastuak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Proiektua gauzatzeko ezarritako epean zehar eta 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera sortutakoak edo fakturatutakoak. Epe hori ezin izango da 12 hilabetetik gorakoa izan.

b) Kanpoko enpresa adituek eginak izan behar dute.

2.– SAAS (Software as a Service) formatuko kudeaketa-aplikazioak ezartzea aurreikusten duten proiektuei dagokienez, gastu hautagarritzat hartu ahal izango dira orobat era horretako zerbitzuei egozteko moduko gastuak gehienez 12 hilabetean, baldin eta artikulu honetan deskribatutako baldintzak betetzen badituzte eta 6. artikuluan deskribatutako proiektu moten barruan badaude.

3.– Ez da gastu hautagarritzat joko fakturan jasotako balio erantsiaren gaineko zerga.

4.– Halaber, honako hauek ere ez dira gastu eta inbertsio hautagarriak izango: eskatzaileak berak edo taldeko enpresaren batek egindako lanak, aholkulariak egindako joan-etorrien gastuak, material didaktikoak egitea edo aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

5.– Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera, sektore publikoren batekoak ez izatea edo sektore horietako kide ez izatea, ez elkarteak, ez profesionalen elkargoak ez eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko edo antzeko I+G sareetako kideak.

b) Ez dute izango zuzeneko edo zeharkako akzio- edo partaidetza-loturarik laguntza eskatzailearekin.

6.– Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den lankidetza-jarduerarekin.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

d) DAELren 30.1 artikuluak aurreikusten duen moduan, diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua inola ere ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa. Ildo horretan, proiektuaren gastu-aurrekontua antzeko proiektuetako gastuen batez besteko kostuarekin alderatuta gehiegizkoa dela uste bada, gastu hautagarrien zenbatekoa gastu doitu eta proportzionatutzat jotzen denera murriztuko da.

e) DAELren 31.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, onuradunak azpikontratazioa edo kontratazioa egiten duela ulertuko da dirulaguntzaren xedeko jardueraren zati baten burutzapena beste batekin hitzartzen duenean. Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Horri dagokionez, hirugarrenen azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko edo kontratatzeko, aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak aplikatu beharko dira.

f) DAELren 30.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritakoa baino, gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak onuradunak. Zerbitzu bat egiteko edo ondasun bat emateko konpromisoa hartu aurretik eskatu beharko dira eskaintzok, salbu eta merkatuan ez badago zerbitzu-ondasunok emateko edo hornitzeko behar beste erakunde (ezaugarri bereziak dituztelako), edo dirulaguntza jaso aurretik egin bada gastua. Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, beren-beregi justifikatu beharko da inguruabar hori memoria batean.

8. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Laguntzak dirulaguntza gisa egikarituko dira.

Proiektuari lotutako aholkularitza-ingeniaritzako, hardwareko eta softwareko-lizentziak gastuei laguntzeko, enpresa onuradun bakoitzak gehienez ere 23.000 euroko dirulaguntza jasoko du, ekitaldian zehar diruz lagundu daitezkeen jarduera bat edo gehiago egiteko.

Diruz lagun daitekeen kontzeptu bakoitzeko gehieneko dirulaguntza, 23.000 euroko gehieneko dirulaguntzaren barruan, honako hau izango da:

– Hardwarea eta/edo Software-lizentziak: gehienez ere 11.500 euro.

– Aholkularitza edota ingeniaritza gastuak: gehienez ere 23.000 euro.

Nolanahi ere, aholkularitza- eta/edo ingeniaritza-gastuak diruz lagundu daitekeen proiektuaren oinarriaren % 50 izango dira gutxienez.

Dirulaguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko dira definizio hauek:

– «Proiektuaren onartutako gehieneko aurrekontua» honako kontzeptu hauen batura izango da:

– onartutako Aholkularitza- edota Ingeniaritza-gastuen aurrekontua, gehi

– onartutako Hardware edota Software-lizentziak aurrekontua.

– «Diruz lagundu daitekeen oinarria» honako irizpide hau aplikatu ondoren onartutako gehieneko aurrekontua izango da: aholkularitza- eta/edo ingeniaritza-gastuak diruz lagun daitekeen oinarriaren % 50 izango dira gutxienez.

Diruz lagundu daitekeen oinarriko gastu hautagarri bakoitzari honako intentsitate hauek aplikatuko zaizkio (artikulu honetan bertan deskribatzen denaren arabera):

a) Mikro eta enpresa txikiak: % 50.

b) Enpresa ertainak: % 35.

c) Enpresa handiak: % 25.

Proposatutako dirulaguntza % 5 handituko da, beti ere laguntzen gehieneko muga gainditu gabe eta enpresak baldintza hauetakoren bat betetzen badu:

– Hizkuntzen Kudeaketako Bikain Kalitate Ziurtagiria izatea, euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa akreditatzeko enpresan.

– Berdintasun-plan bat izatea, baina bakarrik enpresak 50 langile edo gutxiago baditu (enpresa handiagoak legez behartuta daudelako halako plan bat izatera).

– Euskarazko softwarearen erabilera inplementatzen duten proiektuak izatea, programa honek diruz laguntzen dituen jardueren esparruan.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan aurrez ikusitako laguntzak ezingo dira gastu hautagarri beretarako SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak emandako beste laguntza batzuekin pilatu.

2.– Programa honetan jasotako laguntzekin batera beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dira edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere gastu hautagarri berberetarako gehieneko laguntzaren muga errespetatzen bada. Nolanahi ere, ezin izango dira metatu SPRIk aurreko atalaren arabera emandako beste laguntza batzuekin pilatu.

3.– Laguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein administrazioak edo sektore publikoak emandako beste dirulaguntza edo laguntza publiko zein pribatu batzuekin bat eginda inolaz ere ezin da izan onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

4.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis laguntzatzat hartzen dira.

5.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntza, guztira, ezingo da 300.000 eurotik gorakoa izan hiru urteko edozein epetan.

6.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

7.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

8.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

10. artikulua.– Laguntza eskatzea.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, SPRIren webgunearen bidez.

2.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza-eskaera egiteko aplikazio informatikoa bete beharko dute SPRIren webgunean; horren bidez, eskatzaileek, pantaila jarraien bidez, oinarri hauekin bat eskatzen zaien informazioa ikusi ahalko dute.

3.– Laguntza-eskaera hori erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko aurreratu bidez (aitortutako ziurtagiri elektroniko bidez).

4.– Laguntzaren eskaerak erakunde onuradunaren eta bere lege-ordezkariaren identifikazio-datuak eduki beharko ditu, bai eta haren legezko ordezkariarenak ere.

5.– SPRIk zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren kontsultatuko du, baita enpresa EJZn (Ekonomia Jardueren gaineko Zerga) altan emanda dagoen ere. Nolanahi ere, laguntza-eskaerak aukera ematen du eskatzaileak SPRIri kontsulta egiteko aukera hori ukatzeko, eta, kasu horretan, dagokion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

6.– Laguntza-eskaera ondoko dokumentazio eta informazio honekin batera aurkeztuko da:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, oinarri arautzaile hauen eranskin gisa erantsi den eredu normalizatuko edukiaren arabera egina.

b) Alderdi hauei buruzko informazioa:

– Aurreko hiru ekitaldi fiskaletan emandako minimis laguntzen zerrenda, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Proiektu berdinerako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Enpresaren tamaina zehazteko dokumentazioa, hau da, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskemarekin, parte-hartzeekin, enplegu-datuekin, esportazio-zifrarekin eta balantzearekin, laguntzen eskaeraren aurreko bi ekitaldietakoa.

c) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea, salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu, pertsona juridikoaren ordezkariaren ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiriak indarrean egon behar du eta agintaritza ziurtatzaile batek emandakoa izango da.

d) Identifikazio Fiskaleko Txartela, salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu. Ziurtagiriak indarrean egon behar du, agintaritza ziurtatzaile batek emandakoa izango da eta aukera eman beharko du IFZ zenbakiari eta eskatzailearen izen sozialari buruzko datua egiaztatu ahal izateko. Langile autonomo baten kasuan, nahikoa izango da laguntza-eskaera aitortutako agintaritza ziurtatzaile batek igorritako pertsona fisikoaren ziurtagiri bidez sinatzea. Ziurtagiriak indarrean egon beharko du eta eskatzailearen izen-abizenak eta NAN zenbakiari buruzko datua egiaztatzea ahalbidetu beharko du.

e) Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomikoa (gehienez 25 orri), puntu hauei buruzko informazio zehatza eduki behar duena:

– Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionean).

– Detektatutako arazoa / premia. Proiektuaren helburuak.

– Egin beharreko ingeniaritza edota aholkularitza lanen, eta produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.

– Dirulaguntza jasoko duen proiektuaren bidez egingo diren hardware eta software inbertsioen azalpena. Argitu proiektuarekin duen lotura eta zergatik den beharrezkoa.

– Ezarriko den EIKT konponbidearen azterketa sakona. Proiektuan erabiliko diren teknologiak.

– Aurrekontu banakatua, bere baitan hartuz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantenimendua, eta hardwarea (hala badagokio).

– Egin behar den zeregin bakoitzarentzat balioetsitako ordu kopurua (dedikazioak).

– Proiektua betetzeko egutegia.

f) Hainbat hornitzaileren eskaintzak, DAELren 30.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

g) Enpresaren «negozio-plana», enpresa onuraduna laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan eratua izan bada.

h) Enpresa onuradunak 8. artikuluan azaldutako % 5eko dirulaguntza gehigarria eskatzen badu, honako dokumentuetako bat aurkeztu beharko du:

– Enpresan euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa egiaztatzen duen Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria.

– Berdintasun Plana, plantillan 50 langile baino gutxiagoko enpresen kasuan bakarrik, kopuru horretatik gorako enpresak legez derrigortuta izatera baitaude.

– Programa honekin diruz lagundu daitezkeen jarduketen esparruan softwarea euskaraz ezartzen dela egiaztatzen duen dokumentua.

7.– Jakinarazpenen abisuak bidaltzeko garaian, posta elektronikoko helbide gisa programaren eskatzaile/onuradun gisa jasota dagoena bakarrik onartuko da.

8.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harreman guztietan.

11. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2025eko urriaren 31n amaituko da. Dena dela, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2025eko urriaren 31ko 15:00etan amaituko da (Espainiako ordu penintsularra).

12. artikulua.– Emate-prozedura.

1.– Organo kudeatzaileak kudeatuko ditu laguntza-eskaerak, espedientea osatuta dagoen unearen arabera.

2.– Prozeduraren ebazpena SPRIren Zuzendaritza Nagusiak emango du, ondoz ondoko emakida-erregimenean, eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, ebazpena ematen denetik aurrera. Eskaeraren baiezko edo ezezko ebazpen hori SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio. Ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRIko zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

3.– Ebazpen epea. Gehienez ere 6 hilabeteko ebazpen-epea ezartzen da, dokumentazio osoa aurkezten denetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, onartu egin dela ulertuko da.

4.– Erakunde eskatzaileei egin beharreko ebazpenen jakinarazpenak dirulaguntzaren zenbatekoa, baldintzak, (EB) 2023/2831 Erregelamenduarekiko lotura eta garatzeko behar den beste edozein baldintza jakinaraziko ditu.

5.– Esleitutako laguntzen ezagutza orokorrerako, SPRIren webgunean eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 90 egun naturaleko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua gauzatu izana justifikatu beharko dute, SPRIren web-guneko likidazio-eskabidearen inprimakiak betez.

2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek.

3.– Laguntzaren eskaerak enpresa eskatzailearen identifikazio-datuak eduki beharko ditu, bai eta haren legezko ordezkariarenak ere.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturen kopia, banakatuta ageriko direlarik aholkularitza edota ingeniaritzako gastuak eta hardware eta software-lizentzien kostuak.

b) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagirien kopia.

c) Jarduerak, dirulaguntzarekin ez ezik, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira, diruz lagundutako jardueretan funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatu beharko dira.

d) Egindako lanak egiaztatzeko memoria teknikoa (gehienez 25 orri). Erakunde hornitzaileak egingo du behin proiektua gauzatu ondoren, eta informazio hau jasoko du:

– Konpondutako arazoa/premia. Lortutako helburuak. Eginiko ingeniaritza- edota aholkularitza-lanak eta proiektuan sortutako dokumentuak.

– Egindako ingeniaritza edota aholkularitza lanen, eta produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortu diren dokumentuen azalpena.

– Aholkularitza zerbitzuaren barruan eginiko lanen deskargu zehatza, bertan adieraziz eskaini zaion ordu kopurua (aholkulariaren/teknikariaren izena, data, zeregina, eskainitako denbora...).

– Dirulaguntzaren xede den proiektuarekin lotutako hardware eta software arloko inbertsioen azalpena eta frogak (pantaila atzemateak, argazkiak...). Azaldu erlazioa eta zergatik diren beharrezkoak.

– Aurrekontu banakatuak, horien baitan hartuz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantenimendua, eta hardwarea (hala badagokio).

e) Finantza erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).

SPRIk ofizioz egiaztatuko du likidazio-eskatzaileak baldintza hauek betetzen dituela:

– Jarduera-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan duela.

– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergan alta emanda dagoela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela.

Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak eman beharko ditu.

5.– Eskaeraren ebazpen hori SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio. Ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRIko zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

14. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota likidazio-eskabideak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa aurkezten, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta erakunde onuradunak ez badu zuzenketarik egin, SPRIk bertan behera utzi ahal izango du espedientea eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio.

15. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak SPRIk formalizatu eta emango ditu, laguntzaren erakunde onuradunari ordainketa bakarra eginez, betiere onuradunak likidazio eskaera eta 13. artikuluan adierazi diren egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

2.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari, 8. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Oinarri hauen babesean emandako dirulaguntzen onuradunek bete beharreko obligazioak dira DAELren 14., eta 42. artikuluan, eta, bereziki:

a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) SPRIri justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.

c) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamar baliodun eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

d) Emandako laguntza haren xede den jarduketa-plana garatzeko erabiltzea.

e) Onartzea SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRIk izendatutako pertsonalak beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

f) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea lau urteko epean zehar, gastu hautagarriak egiten direnetik zenbatzen hasita.

g) SPRIk egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren, eta beste kontrol-organo eskudunen (nazioko zein komunitate-mailakoak) egiaztatze- eta kontrol-jarduketak ere, jasotako dirulaguntzei buruzkoak, aurreko jarduketak egitean eskatutako informazio guztia aurkeztuz.

h) Berehala jakinaraztea SPRIri eskaera edo dirulaguntza edo laguntzak jaso izana, baita diru-sarrera edo baliabideak ere, hemen araututako laguntzen xede bera badute, edozein Administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik jasotakoak.

Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

i) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea SPRIri.

Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

j) Esleipenaren ebazpena eman aurretik eta ordaintzerako unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak zein dirulaguntzen itzulketei lotutako betebeharrak egunean dituela ziurtatzea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak 2023ko otsailaren 13an onartutako Aginduan ezarritako moduan.

k) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.

l) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

m) Honako hedapen-neurri hauek hartzea, dirulaguntzaren xede den programa, jarduera, inbertsio edo ekimenaren finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko, DAELen xedatutakoarekin bat:

– Publikoki hedatzeko dokumentu, kartel, propaganda edo argitalpenetan SPRIren logotipoa eta «SPRIk diruz lagunduta» esaldia agertu beharko da, honako esteka honetan eskura dagoen formatuari jarraikiz: https://www.spri.eus/es/logo/

– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.

n) DAELren 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari berreskuratzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina organo emaileari berreskuratzea.

ń) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

o) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

p) DAELren 30.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketek eragin dituzten eta diruz lagundu daitezkeen gastuek enpresari aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dute, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

q) Onuraduna DAELren 48.1 artikuluan aurreikusitako egoeran dagoenean, deslokalizazioa ez egitea.

17. artikulua.– Laguntzak aldatzea eta epea luzatzea.

1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo bere baldintzak aldatzea erabakitzea, gertatutako egoerari buruzko balorazioa egin ostean, ofizioz edo interesdunak eskatuta, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, DAELren 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, DAELren 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

3.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 12 hilabetez atzeratu ahal izango da programak gauzatzeko epea (12 hilabetekoa da epe hori).

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak edo laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko ekintza legalak abiaraziko dira. Halaber, enpresa aholkulariari debekatu ahalko zaio programa honekin lotutako proiektu berriak egitea, egiaztatzen bada ez dagoela halakorik.

2.– Edonola ere, ez-betetzetzat joko dira honako hauek artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:

a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Egikaritzearen edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez-betetzetzat joko da ondore horietarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, betiere SPRIri eskatzen bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, betiere ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo ez betetzea programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak.

c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.

d) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratuz.

e) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopatzea.

f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo ez betetzea laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.

g) DAELn aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIri dagokio ez betetzea egiaztatzeko espedientea abiarazi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Deialdi honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta, hala badagokio, emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, DAELren 51. artikulua aplikatuz enpresen deslokalizazioari buruzko adierazpena barne, hura indargabetuko da, ez-betetzearen aurretiazko espedienteari jarraikiz, eta SPRIri laguntzak itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, zeinek Eskubide Publikoko sarrerako izaera izango duten, horri buruz DAELn eta 698/1991 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, dagozkien ekintza legal eta zehapenei kalterik egin gabe. Indargabetze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea SPRIren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

5.– Ezarritako baldintzak zati batean betetzen direnean, baldin eta egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela zalantzarik gabe, dirulaguntza zati batean ordainduko da, edo, hala badagokio, zati batean itzuliko da, kalkulatzeko egin behar zen jarduera guztitik benetan egindakoaren proportzioa erabiliz. Edozein kasutan, onuradunak kobratzeko eskubide duen zenbateko partzial horrek bat egingo du emandako dirulaguntzatik benetan egindako eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikatze hori egiaztatu ondoren eta entitate emaileak onartu duenean.

6.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli beharko da gehiegizko finantzaketa gertatzen bada beste laguntzen pilaketaren ondorioz hura kobratu ondoren (9. artikuluan arautzen da). Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:

1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

2.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta, aplikatzekoa den kasuetan, 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

3.– Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 23koa, minimis laguntzak Tratatuko 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan («DBLO-EDB»), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendu Orokorrean («DBEO») eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.

Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.

Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.

Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus

Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa izango da: www.contratacion.euskadi.eus

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://agenda.spri.eus/lege-oharra/pribatutasun/ webgunera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRIk oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Kasu guztietan, onuradun guztiek Programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorria behar bezala zabalduko dute, 16. artikuluan zehaztutako baldintzetan.

II. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPEN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA

D. [izen-abizenak] jaun/andrea, indarrean dagoen [...] zenbakidun NANarekin, [...] IFK eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duen [erakunde eskatzailearen izena](r)(e)n izenean,

ERANTZUKIZUNEZ ADIERAZTEN DU HONAKO HAU:

I.– Programa honen xede den laguntza lortzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, eta, zehazki:

i) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat izatea. Zentro horretan, aurkeztutako proiektuak eragina izan beharko du eta bertan egingo da diruz lagundu daitekeen jarduera.

ii) Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan altan emanda dagoela.

iii) Aurreko hiru urteetan de minimis laguntza gisa 300.000 euro baino gehiago ez dituela jaso. Hori dela eta, eskaera honen atalean, alderdi hauei buruzko informazio-zerrenda aurkeztu beharko da:

a) Aurreko hiru urteetan emandako minimis laguntzen zerrenda, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

b) Proiektu berdinerako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

iv) Eskari honetatik dagokion atalean enpresaren tamaina zehazteko informazioaren zerrenda aurkezten dela.

v) Konpromisoa hartzen duela enpresen deslokalizazioaren pean ez erortzeko, DAELren 49. artikuluan ezarritako baldintzetan.

vi) Gainfinantzaketaren pean ez erortzeko konpromisoa hartzen duela, DAELren 9.4.h) artikuluan ezarritako baldintzetan.

vii) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari (ZTBES) atxikita daudenak, ezta antzeko I+Gko sareei ere.

viii) Zuzenean edo zeharka, akzioen edo partaidetzen bidez, dirulaguntza jaso dezaketen eremuetan zerbitzuak ematen dituzten Informatika eta Ingeniaritza Aholkularitzako enpresekin lotura ez duela.

ix) Ez dela Administrazio Publikoen menpeko edo horiekin lotutako izaera juridiko propioko eta sektore publikoetako bateko erakundea, aplikatzeko erakundeen sailkapenerako arauekin bat.

x) DAELren 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere ez dagoela, hau da:

a) Epai irmo baten bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearen zigorra jaso izana; edo prebarikazioarekin, funtzionario-eroskeriarekin, ondasun publikoak bidegabe erabiltzearekin, influentzia-trafikoarekin, iruzurrekin eta legearen aurkako ordainarazpenekin lotutako delituengatik edo delitu urbanistikoengatik zigorra jaso izana.

b) Borondatezko konkurtso-aitorpena eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat aitortu izana, konkurtsoan aitortuta egotea (hitzarmen bat eragingarri bihurtu denean izan ezik), esku-hartze judizial baten mende egotea edo 2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legeak xedatutakoaren arabera ezgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako ezgaitze-aldia amaitu gabe egonda.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona fisiko batzuen legezko ordezkariak direnak honako lege hauek jasotako kasuren batean sartuta egotea bateraezintasuneko erregimenari dagokionez: Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargudun Publikoen Interes Gatazkak eta Jokabide Kodea Arautzen dituen 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legea, edo Hauteskunde Erregimen Orokorreko 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan xedatutako hautetsia izatea, gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan edo lege horretan ezarritako baldintzen arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea, araudiak zehazten duen moduan.

f) Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea, araudiak zehazten dituen baldintzetan.

h) Epai irmo baten bidez, zigor gisa, dirulaguntzak jasotzeko aukera galdu izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehatzago esanda, dirulaguntzen onuradun edo erakunde kolaboratzaile izaera ezin izango dute eduki sexu-arrazoiarekin lotutako jarduera baztertzailea egin badute edo sexu-arrazoiengatiko bazterkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso badute, zigor horretan ezarritako aldian zehar. Honako enpresa hauek ere ezingo dute jaso laguntzarik edo dirulaguntzarik: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izan behar dutenek baina ez dutenek; eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena do sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana ziurtatzen ez duten enpresek, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritako baldintzetan.

i) Pertsona fisikoa edo juridikoa, pribatua edo publikoa, ekonomia zirkularrerako kutsatutako lurzoruei eta hondakinei buruzko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatua egotea, dagozkion neurri zuzentzaileak abian jarri eta isuna ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonen mesedetan lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez bete izana, hori bete ahal izateko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.

xi) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain ez dagoela.

xii) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatu ez duela, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

II.– Eskaera honetako datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazio guztian jasotakoak egiazkoak eta osoak dira. Horrekin lotuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 28.7 artikuluak xedatutakoaren arabera, dagokion erantzukizuna hartuko du bere gain.

III.– Aurreko I. atalean egindako adierazpena betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa duela, Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatzen dionean, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebehar horiek betetzeko aitorpen edo baliatze horri dagokion denbora guztian.

IV.– Badakiela erantzukizunpeko adierazpen honetan jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez badela, edo administrazio eskudunari ez bazaiola aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango dela dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren 4. atalari jarraikiz.

[ ] Ados nago goian adierazitako adierazpenen edukiarekin.


Azterketa dokumentala