
50. zk., 2025eko martxoaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (128 KB - 4 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
LEHENDAKARITZA
1158
EBAZPENA, 2025eko martxoaren 5ekoa, Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen idazkari nagusiarena, zeinaren bidez iragartzen baita Zerbitzu Zuzendaritzako telefonista lanpostua (520203 kodea, 4 dotazioa) izendapen askeko sistema bidez hornitzeko deialdi publikoa.
Telefonista lanpostu bat hutsik dagoenez –520203 kodea, 4 dotazioa– Zerbitzu Zuzendaritzan, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 94.9 artikuluan xedatutakoari jarraituz eta Enplegu Publikoko Zuzendaritzak aldeko txostena eman duenez, eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askeko sistema erabiliz hornitzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du sail honek. Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek eta EAEko Administrazio Orokorrarekin lotuta dauden zuzenbide pribatuko ente publikoetako karrerako funtzionarioek, lanpostu-zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).
Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdian, honako egoera hauetan izan ezik:
– Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.
– Norberaren interesagatiko edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izango dute parte hartu, ez badute bete itzuli ahal izateko gutxieneko denbora (2 urte).
Bigarrena.– Eskabideak.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira parte hartzeko eskabideak.
EAEko Administrazio Orokorrean eta haren organismo publikoetan jardunean dauden karrerako funtzionarioek EIZU enplegatuaren atariaren bidez egin ditzakete eskabideak. Jakina bidez eta Internet bidez sar daiteke atari horretara, helbide honetatik: Funtzio Publikoa – Eusko Jaurlaritza – Euskadi.eus
Gainerako izangaiek erregistro elektronikoaren bidez bidaliko dituzte eskabideak, Lehendakaritzako Zerbitzu Zuzendaritzara.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.
Honen eranskinean ezartzen dira lanpostu-zerrendan telefonista lanpostua (520203 kodea, 4 dotazioa) betetzeko eskatzen diren baldintzak.
Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:
a) Tituluak.
b) Administrazio publikoan eta sektore publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak eta zereginak dituztenak.
c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
e) Hizkuntza-gaitasunak.
f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzio eta zereginekin lotuta, agerian jartzea egoki jotzen diren bestelako merezimendu eta konpetentzia guztiak.
Eskabidearekin batera, deialdian eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, baldin eta EAEko Administrazio Orokorraren Langileen Erregistroan ez badaude.
Izangaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatzeko, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio izangaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileak ezin izango dira jabetu esleitutako lanpostuaz.
Laugarrena.– Ebazpena.
Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen idazkari nagusiaren ebazpen bidez ebatziko da deialdi hau, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Ebazpen hori EHAAn argitaratu beharko da.
Lanpostuaren adjudikaziodunak esleipen-ebazpenean ezarritako datan jabetu beharko du lanpostuaz, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.
Ebazpen hori arrazoitzeko, kontuan hartuko da izangaiak deialdian eskatzen diren baldintzak eta zehaztapenak bete dituela, izendapena egiteko eskumena dagoela, eta lanpostuari buruz monografian ezarritako eginkizunak eta zereginak betetzeko egokia dela. Horretarako, gainerako izangaiekin (baldin badaude) alderatuko dira merezimenduak (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza).
Deialdia hutsik geratu dela deklaratu daiteke, baldin eta izangaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostuaren baldintzak edo izangaietako bat ere ezin bada egokitzat jo, deitutako lanpostua betetzeko behar beste merezimendu eta konpetentziarik ez duelako.
Bosgarrena.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 5a.
Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen idazkari nagusia,
MIKEL IRIONDO BILBAO.
ERANSKINA
Deitutako lanpostua: Telefonista.
Kodea: 520203.
Dotazioa: 4.
Kidegoa eta eskala: EGC201 Administrari Laguntzaileen kidegoa – Administrari Laguntzaileen esk. edo EGE001 Laguntzako Langileen Talde Profesionala.
Lanpostu-mailako osagarria: 16.
Berariazko osagarria: VII-B.
Kokapena: Zerbitzu Zuzendaritza. Lehendakaritza.
Herria: Vitoria-Gasteiz.
Hizkuntza-eskakizuna: 2.
Derrigortasun-data: 1991-10-31.
Lanpostu-zerrendako betekizunak edo berariazko ezagutzak:
– Hizkuntza-eskakizuna: Arestian aipatutakoa.