
49. zk., 2025eko martxoaren 12a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (160 KB - 7 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1149
EBAZPENA, 2025eko martxoaren 4koa, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoan doktore-titulua duten ikertzaileak kontratatuz eta industria-doktoregoak eginez I+G proiektuak garatzeko laguntzen 2025eko ekitaldiko deialdia. Bikaintek programa.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko otsailaren 22ko Aginduaren bitartez, Bikaintek programako laguntzak arautu ziren, Euskal Autonomia Erkidegoan doktore-titulua duten ikertzaileak kontratatuz eta industria-doktoregoak eginez I+G proiektuak egiteko (2023ko martxoaren 2ko EHAA, 43 zk.).
Agindu horren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, laguntzen deialdia egiten da, 2025eko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoan doktore-titulua duten ikertzaileak kontratatuz eta industria-doktoregoak eginez I+G proiektuak garatzeko – Bikaintek programa.
Dirulaguntza horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduan daude jasota. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» webgunean dago argitaratuta, sailari dagokion esparruaren barruan, «Planak eta proiektuak» atalean.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da laguntzen 2025eko ekitaldiko deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoan doktore-titulua duten ikertzaileak kontratatuz eta industria-doktoregoak eginez I+G proiektuak garatzeko –Bikaintek programa– (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko otsailaren 22ko Aginduan arautu ziren laguntza horiek).
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak baimendutako kredituen arabera, dirulaguntzen deialdi honetara bideratutako aurrekontu-baliabideak 5.719.687 eurokoak dira.
Emango diren dirulaguntzen zenbateko osoak ez du gaindituko aipatutako diru-kopurua, ez eta hura eguneratzearen ondorioz ateratzen dena ere –gehienez ere, aurreikusitako zenbatekoaren % 50–, betiere kreditu-loturaren araubideari edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldaketari jarraikiz, eta dirulaguntzak ebatzi baino lehen. Hori gertatuz gero, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak horren berri emango du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.
2.– Doktore-titulua duten pertsonak kontratatuz erakunde onuradunek garatuko dituzten I+G proiektuen lerrorako aurrekontua 2.659.687 eurokoa da. 2025eko ekitaldiko ordainketa-kreditua 699.687 eurokoa da, eta konpromiso-kredituak, aldiz, hauek: 1.310.000 euro 2026an, eta 650.000 euro 2027an.
3.– Industria-doktoregoak egiteko lerrorako aurrekontua 3.060.000 eurokoa da. 2025eko ekitaldiko ordainketa-kreditua 750.000 eurokoa da, eta konpromiso-kredituak, aldiz, hauek: 780.000 euro 2026an, 780.000 euro 2027an eta 750.000 euro 2028an.
4.– Definitutako proiektu-tipologietako baterako ezarritako aurrekontu-baliabideak amaitzen ez badira, beste proiektu-tipologia baten aurrekontu-beharrei erantzuteko erabili ahal izango dira.
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituzten enpresek baino ezingo dituzte eskuratu Bikaintek programako dirulaguntzak.
Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta ebazpen honekin lotutako gainerako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan eta ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritakoarekin (Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko Dekretua).
Interesdunek enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adierazi beharko dute, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Eskabide-inprimakiak, erantzukizunpeko adierazpenak eta izapidetzeko jarraibideak helbide hauetan daude:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2025/bikaintek-2025/web01-s2kono/eu/
(euskera)
https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2025/bikaintek-2025/web01-s2kono/es/
(castellano)
Eskabidea egin ondorengo izapideak (jakinarazpenak eta justifikazioak barne) elektronikoki egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez, hemen: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/.
Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
3.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea; amaitu, berriz, 2025eko apirilaren 14an.
4. artikulua.– Ebaluazio-organoaren osaera.
1.– Aurkeztutako eskabideak baloratzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da, honako kide hauekin:
Lehendakaria: Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako Enpresa Programaren arduradun Catalina Chamorro Silgado izango da ebaluazio-organoko burua, eta Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako beste arlo-arduradun bat izango da haren ordezkoa.
Epaimahaikideak:
– Xabier Dominguez Lopez de Lacalle, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako teknikaria, eta, ordezko gisa, Amaia Gandarias Uriarte.
– Gonzalo Martinez Martínez, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako teknikaria. Idazkari-lanak egingo ditu, eta, ordezko gisa, Ángel Martinez Martínez.
Era berean, I+G arloan eskumen eta eginkizun garrantzitsuak dituzten entitateetako beste aditu edo ordezkari batzuek ere lagundu eta aholku eman ahal izango diote ebaluazio-organo horri, beharrezkotzat jotzen denean.
2.– Balorazio-batzordea baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta burua, idazkaria eta bokal bat bertaratzen badira. Kide anitzeko organo horren funtzionamenduari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. 18. artikuluetan ezarritako oinarrizko araubidea aplikatuko da. Horren ordez, ezarrita ez dagoen orotan, arau horren 19. 22. artikuluak aplikatuko dira.
3.– Balorazio-batzordearen funtzioak honako hauek izango dira:
a) Aurkeztutako eskabideak ebaluatzea, programa arautzen duen aginduan xedatutakoaren arabera. Bikaintek.
b) Organo kudeatzaileari txosten bat bidaltzea, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuta; txosten horretan, eskaeren balorazioa eta lehentasun-ordena zehaztuko dira.
c) Balioesteko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko dirulaguntza eman proposatzea eta organo kudeatzailera helaraztea.
d) Administrazio-errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoari aholku ematea, organoak berak hala eskatuta, agindu honetan deitutako dirulaguntzak emateko ebazpena aurkaratzeko arrazoia balorazioa bera denean.
5. artikulua.– Espedientea instruitzea eta dirulaguntzak ematea.
1.– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza da prozedura kudeatzeko eskumena duen organoa, eta ofizioz egingo ditu datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen diren jarduketa guztiak, gero datu horietan oinarrituz ebazpen-proposamenak egiteko. Era berean, eskabide bakoitzean egiaztatuko du eskatutako baldintzak betetzen direla, eta berariaz jasoko du hori, nahitaezko txostena egiteko.
2.– Espedientea eta balorazio-batzordearen txostena ikusita, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Bertan, eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, dirulaguntza nori ematea proposatzen den, baita zenbatekoa ere, haien ebaluazioa eta hura egiteko baliatutako balorazio-irizpideak zehaztuta. Proposamen hori behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera.
3.– Dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.
4.– Laguntza-lerro bakoitzerako, eta Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzak egindako ebazpen-proposamena ikusita, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari dagokio hautatutako eskabideei buruzko ebazpena ematea, egintza bakar batean, puntuazio-ordenaren arabera.
6. artikulua.– Urteko gutxieneko ordainsariak eta diruz lagun daitezkeen kostuen eta egonaldien zenbatekoak.
1.– Doktore-titulua duten pertsonak kontratatzeko urteko gutxieneko ordainsari gordina 35.000 eurokoa izango da, eta industria-doktoregaiak prestatzekoa 22.000 eurokoa.
2.– Kontratatutako pertsona bakoitzeko, diruz lagundu daitezkeen kostuen urteko gehieneko zenbatekoa ez da 60.000 eurotik gorakoa izango doktore titulua duten pertsonak kontratatzeko lerroan, ez eta 40.000 eurotik gorakoa ere industria-doktoregoen lerroan.
3.– Industria-doktoregoak egiteko lerroan, 12.000 eurokoa izango da, gehienez, prestakuntza-aldi osoan egin beharreko egonaldietarako diruz lagundu daitekeen gastua. Atal honetan, diruz lagundu daitezkeen mantenu-gastuak ezin izango dira 55 euro baino gehiagokoak izan egonaldiko egun bakoitzeko.
4.– Administrazioak laguntzen ordainketa egin ahal izateko, onuradunak administrazio honen datu-base egokian jasota egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
7. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.
1.– Erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute ekoizpen-zentro bat, eta kontratatutako pertsonak bertan garatuko ditu diruz lagundu beharreko ikerketa-jarduerak. Erakunde horiek egunean egon beharko dute Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharretan ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Agindua), eta organo kudeatzaileak ofizioz bilduko du inguruabar horiei buruzko informazioa, interesdunak aurka egin ezean.
2.– Erakunde eskatzaileek jabetza industrialari eta intelektualari buruzko araudia bete beharko dute.
3.– Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatutakoaren arabera, entitate eskatzaileak ezin izango dira onuradun izan egoera hauetakoren batean badaude:
a) Dirulaguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta arrazoi horien errudun deklaratu izan direnak.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean; edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak.
f) Dirulaguntzak itzuli behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak.
g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.
h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera.
Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.
Halaber, dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
i) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
4.– Era berean, ezingo dute dirulaguntzarik jaso hauek:
– Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutako egoeran daudenek.
– Batzordearen aurretiazko erabaki batean legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanagatik berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresek, hondamendi natural jakin batzuek eragindako kalteak konpontzera bideratutako dirulaguntza-araubideak izan ezik.
Krisialdian dauden enpresek, betiere Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetako definizioari jarraikiz (2014-07-31ko AO, C 249).
5.– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak noiznahi errekeritu ahal izango du aurkez dakiola erantzukizunpeko adierazpenean jasotako eskakizunak betetzearen egiaztagiriak. Halaber entitate onuradunak eman zaion dirulaguntza osoa justifikatu arte gerta litekeen edozein aldaketaren berri eman beharko du.
Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horiek jakiten diren unetik bertatik, egon daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.
6.– Aurreko apartatuetan adierazitako inguruabarrak laguntza-eskabidea aurkezten denetik emandako dirulaguntza likidatzen denera arte bete beharko dira.
8. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.
Dirulaguntza hauei aplikatu beharreko araubide juridikoa hauek osatzen dute:
a) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendua aplikatuko da (L 187 Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratu zen, 2014ko ekainaren 26an), horren arabera bateragarri jotzen baitira zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, Salbuespenen Erregelamendu Orokorra), Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko EB/1315 Erregelamenduak aldatua.
b) 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
c) Dirulaguntzen oinarrizko araubidea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako haren betearazpen-erregelamenduaren oinarrizko arauek osatua.
Dirulaguntzei buruzko aurreko araudian arautu gabekoari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta haren betearazpen-erregelamenduak xedatzen dituen ez-oinarrizko alderdiak aplikatuko dira, osagarri gisa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Bikaintek programa arautzen duen aginduaren 8. artikuluko (Entitate onuradunen betebeharrak) 8. eta 10. apartatuetan egiten diren lege-aipamenak Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 26. artikuluei buruzkoak direla ulertuko da, hurrenez hurren, eta 11. apartatuan egiten dena (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari buruzkoa), berriz, martxoaren 10eko 1/2023 Legegintzako Dekretuarekin ordeztu behar da (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen Legegintzako Dekretua).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Bikaintek programa arautzen duen aginduan, 21.3.f) eta 33.2.f) artikuluetan, eskatzen diren erantzukizunpeko adierazpenetan 1/1997 Legegintzako Dekretua aipatzen denean, ulertu behar da Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1.h) artikulua aipatzen dela. Eta 21.3.m) eta 33.2.m) artikuluetan egiten direnak aipatutako lege horren 13. artikuluari buruzkoak direla ulertu behar da.
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 4a.
Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,
JAIONE GANZARAIN EPELDE.
RSS