
49. zk., 2025eko martxoaren 12a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1148
AGINDUA, 2025eko otsailaren 26koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena eta Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, erabakitzeko nola osaturik egongo den Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko kontratazio-mahaia.
Eusko Jaurlaritzako Sailak berregituratu egin dira; Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura ere aldatu egin da; eta, orain, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko kontratazio-mahaia ere berrantolatu beharra dago. Sailen berregituraketa hori, Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bidez egin da, haren bidez sortu, ezabatu eta aldatzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak eta finkatzen baitira haien egitekoak eta jardun-arloak. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren berregituraketa, berriz, abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren ondorioz etorri da, hartan baitago zehazturik Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko kontratazioaren araubidea uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuan dago zehazturik; hango 8. artikuluan dago zehazturik zer egitura eduki behar duten kontratazio-mahaiek. Begiratu dugu zer jartzen duen artikulu horretan, zer jartzen duen aplika daitezkeen gainerako xedapenetan, eta zer dakarren Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen aurretiazko txostenak, eta hau
XEDATZEN DUGU:
1. artikulua.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza edukiko dute kontratuak adjudikatzeko prozedura irekietan, mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan. Mahai horren egitekoak izango dira uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzekoak, 9. artikuluan ezartzen dituenak. Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkaria izan ezik, mahai horretako kideak kontratazio-organoak izendatuko ditu. Honatx kideak:
a) Lehendakaritza: Zerbitzu Zuzendaritzako ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketaren arloko arduradunek, edozeinek, kontratazio-mahaiko lehendakari eginkizunak beteko dituzte, eta elkar ordezkatuko dute kargua hutsik den kasuetan, dagokiona bertaratzen ez denean, gaixotasun kasuan edo beste arrazoiren bat dagoenean.
b) Bokalak:
– Kontratazioa eskatu duen zuzendaritzaren ordezkari bat; kontratazio-organoak izendatuko du eta kontratazio-organo horri aholkularitza teknikoa emateko ardura edukiko du.
– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, bulego horren titularrak izendatua; kontratazio-organoaren ekonomia eta aurrekontuak kontrolatzeko egitekoa izango du.
– Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzako ordezkari bat, zuzendaritza horretako titularrak izendatua, otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuan aurreikusitako kasuetan (dekretu horretan dago arauturik informazio-sistemen arloan nola planifikatu, antolatu eta banatuko diren funtzioak eta kudeaketa-modalitateak).
– Kontratazio-organoak eskatuz gero, aipatutako kideez gain, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako ordezkari bat ere izan daiteke bokal. Kide hori ere kontratazio-organoak izendatuko du, Ondare eta Kontratazioko zuzendariak proposatuta.
c) Idazkari-bokal-lege-aholkulari: Saileko zerbitzu-zuzendaritzan lan egiten duen abokatu bat. Bera izango da kontratazio-organoko lege-aholkularia eta kontratazio-mahaiko idazkaria. Hitza eta botoa izango ditu.
2. artikulua.– Horren osaera eta kideen identifikazioa kontratu bakoitzaren administrazio-baldintza partikularren pleguetan sartuko dira, eta dagokion kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean argitaratuko dira.
3. artikulua.– Aurreko xedapenen arabera eratutako kontratazio-mahaiek eskumena izango dute, halaber, beste zenbait esleipen-prozeduratan esku hartzeko, nahiz eta halakoetan kide anitzeko organo horien esku-hartzea beharrezkoa ez izan, baldin eta kontratazio-organo egokiak hala erabakitzen badu.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geratu da 2017ko apirilaren 4ko Agindua, Garapen eta Azpiegituretako sailburuarena eta Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturak Saileko Kontratazio Mahaia sortzeari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 26a.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D’ANJOU OLAIZOLA.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
RSS