
48. zk., 2025eko martxoaren 11, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (165 KB - 6 orri.)
- EPUB (346 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
URAREN EUSKAL AGENTZIA
1135
EBAZPENA, 2025eko otsailaren 28koa, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, saneamendu sistema kudeatzeko plan integrala egin beharra duten Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroetako hiri-aglomerazioen inbentarioa onartzen duena.
AURREKARIAK
2023ko irailaren 20an jarri zen indarrean uztailaren 18ko 665/2023 Errege Dekretua. Horren bidez, besteak beste, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua (aurrerantzean, JPHE) aldatu zen –apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren bidez onartua–.
JPHEan ezartzen denez, beste berritasun batzuen artean, 259 quinquies.2 artikuluan adierazitako hiri-aglomerazioetan isurtzeko baimena duten entitateak behartuta daude Saneamendu Sistema Kudeatzeko Plan Integrala (aurrerantzean, SSKPI) egitera. 259 quinquies.2 artikuluaren arabera, betebehar hori isurketa hauek egiten dituzten hiri-aglomerazioei dagokie:
«a) 50.000 biztanle-baliokide edo gehiagoko hiri-aglomerazioetatik datozen isurketak.
b) 10.000 biztanle baliokide edo gehiagoko eta 50.000 biztanle baliokide baino gutxiagoko hiri-aglomerazioetatik datozen isurketak, saneamendu-sareak gainezkatze-punturen bat badu, eta horrek ingurumena edo pertsonen osasuna arriskuan jar dezakeen ur-masa batera isurtzen badu, edo horien ezaugarriek euri-urak tratatzeko gaitasunaren atalaseak gainditzen badituzte, eta, horren ondorioz, honako hauek betetzea baldintzatzen badute:
1.– Kontsumoko uraren kalitatearen eta uraren kontrol eta horniduraren irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen dituen urtarrilaren 10eko 3/2023 Errege Dekretuan aurreikusitako kontsumoko uraren kalitateari buruzko betekizunak.
2.– Bainatzeko Uraren Kalitatearen Kudeaketari buruzko urriaren 11ko 1341/2007 Errege Dekretuan ezarritako bainatzeko uraren kalitateari buruzko betekizunak.
3.– Azaleko uren egoeraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpideak eta ingurumen-kalitatearen gaineko arauak ezartzen dituen irailaren 11ko 817/2015 Errege Dekretuan ezarritako ingurumen-kalitateari buruzko betekizunak.
4.– Uren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 92 bis artikuluan aurreikusitako ingurumen-helburuak, eta, bereziki, Eremu Babestuen Erregistroan sartutako eremuetakoak.
c) Ingurune hartzailean duten eragin bereziagatik arro-organismoak arrazoituta hautatu dituen beste isurketa batzuk».
JPHEaren bigarren xedapen gehigarriaren arabera, organo eskudunek SSKPIek egin beharra duten hiri-aglomerazioen inbentarioa prestatuko dute, gehienez ere urtebeteko epean, 665/2023 Errege Dekretua onartzen denetik aurrera.
Xedapen gehigarri horretan ezarritakoa betez, Uraren Euskal Agentziak (URAk) iragarki bat argitaratu zuen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (2024ko uztailaren 9ko EHAA,134 zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroei zegokien inbentarioaren zirriborroa hilabetez jendaurrean jartzeko. Era berean, xedapen horren bigarren apartatua betetzeko, Agentziak ukitutako udalei bidali zien zirriborroa eta bere webgunean ere argitaratu zuen, justifikazio-txostenaren batera; gainera, zabalkunde handiagoa emateko asmoarekin, inplikaturiko ente kudeatzaileei ere helarazi zitzaien.
Jendaurrean jarrita egon den tartean, Lezamako udalak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Gipuzkoako Urak aurkeztutako alegazioak jaso ziren, inbentarioan azaltzen diren 6 hiri-aglomeraziori zegozkienak.
Agentziako teknikariek alegazioak aztertu dituzten eta hauek dira atera dituzten ondorioak:
(Ikus .PDF)
Jendaurrean jartzeko epearen barruan jaso diren alegazioei erantzuteko txostena behar bezala jakinarazi zaie alegazioak aurkeztu dituzten entitateei.
Horregatik guztiagatik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– EAEko barne-arroen lurralde eremuaren barruan, saneamendu-sistema kudeatzeko plan integrala egitera behartuta dauden 50.000 biztanle-baliokide edo gehiagoko hiri-aglomerazioen zerrenda onartzea. Zerrenda hori ebazpen honen 1. eranskinean jasota dago (1. eranskina: EAEko barne-arroetan saneamendu-sistema kudeatzeko plan integrala egitera behartuta dauden hiri-aglomerazioen inbentarioa, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua onartzen duen apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren 259 quinquies.2.a artikuluan ezarritakoaren arabera).
Bigarrena.– EAEko barne-arroen lurralde eremuaren barruan, saneamendu-sistema kudeatzeko plan integrala egitera behartuta dauden 10.000 biztanle-baliokide edo gehiagoko eta 50.000 baino biztanle-baliokide gutxiagoko hiri-aglomerazioen zerrenda onartzea. Zerrenda hori ebazpen honen 2. eranskinean jasota dago (2. eranskina: EAEko barne-arroetan saneamendu-sistema kudeatzeko plan integrala egitera behartuta dauden hiri-aglomerazioen inbentarioa, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua onartzen duen apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren 259 quinquies.2.b artikuluan ezarritakoaren arabera).
Hirugarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratuko da eta ondorioak izango ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40 eta 45. Artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Gainera, URA agentziaren webgunean ere egongo da (https://www.uragentzia.euskadi.eus) jendaurrean izandako epean jasotako alegazioei emandako erantzunekin batera.
Laugarrena.– Ebazpen honek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Dena dela, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren bigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan adierazitakoari jarraituz, inbentarioa bost urtetik behin berrikusiko da eta prozedura berari jarraituz eguneratuko.
Bosgarrena.– Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren bigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuari jarraituz, administrazio honek Uraren Euskal Agentziak baimenduriko isurketen erroldan sartuko du informazio hori eta Uraren Zuzendaritza Nazionalera igorriko du Isurketen Errolda Nazionalean sar dezaten eta, hala badagokio, Europako Batzordera bidali.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumeneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 6.4 artikuluan eta horrekin bat datozenetan xedatutakoaren arabera, ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoari dagokionez eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2024ko uztailaren 8ko Agindua aplikatuz (2024ko uztailaren 23ko EHAA, 144. zk.). Agindu horren bidez, ingurumenaren arloko hainbat eskumen eskuordetzen dira.
Bigarrena.– Ebazpen hau betetzen ez bada, gerta liteke Uren gaineko araudian aurreikusitako zehapenak jartzea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 28a.
Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
ASIER LOPEZ ETXEBARRIA.
RSS