
48. zk., 2025eko martxoaren 11, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (1405 KB - 50 orri.)
- EPUB (3061 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1132
25/2025 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Osakidetzarekin eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialekin sinatutako hitzarmena, farmazia-bulegoetatik bultzatzeko asma edo BGBKrako inhalagailuekiko atxikidura hobea eta inhalagailu horien erabilera egokia.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Osakidetzarekin eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialekin sinatutako hitzarmena, farmazia-bulegoetatik bultzatzeko asma edo BGBKrako inhalagailuekiko atxikidura hobea eta inhalagailu horien erabilera egokia. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 28a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 28KO 25/2025 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ARABAKO, BIZKAIKO ETA GIPUZKOAKO FARMAZIALARIEN ELKARGO OFIZIALEN ARTEKOA, ASMA EDO BIRIKETAKO GAIXOTASUN BUXATZAILE KRONIKOAN INHALAGAILUEKIKO ATXIKIMENDUA HOBETZEKO ETA HORIEN ERABILERA EGOKIA SUSTATZEKO FARMAZIA-BULEGOEN BITARTEZ
HAUEK BILDU DIRA
Alde batetik, Miren Gotzone Sagardui Goikoetxea andrea, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren izenean eta hura ordezkatuz, haren Administrazio Kontseiluko presidente gisa, Lehendakariaren irailaren 7ko 27/2000 Dekretuaren bidez Osasun Sailburu izendatzekoa (EHAA, 177.zk., 2020ko irailaren 8koa), eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 62. Artikuluan, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 2. Artikuluan eta Euskadiko Antolamendu sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 22. Artikuluan xedatutakoaren arabera.
Bestetik, Miguel Ángel Gastelurrutia Garralda jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluko presidentea eta Gipuzkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidentea, Milagros López de Ocariz López de Muniain andrea, Arabako Sendagaigileen Elkargo Ofizialeko presidentea, eta Juan Uriarte García-Borreguero jauna, Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidentea; horiek guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko farmazia-bulegoen titularren izenean eta ordezkaritzan jarduten dute, korporazio horien estatutuetan xedatutakoaren arabera.
HAU ADIERAZTEN DUTE:
Sistema sanitarioaren erronka nagusietako bat patologia kronikoak ahalik eta ondoen kontrolatzea eta kontrolpean izatea da; horretarako, funtsezkoa da diagnostiko goiztiarra, gaixotasunaren jarraipen egokia egitea, eta atxikimendu terapeutiko ona lortzea. Atxikimendurik eza osasun publikoko arazo bihurtu da; izan ere, herrialde industrializatuetan gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen erdiek ez dute atxikimendurik.
Asma eta BGBK dira arnas gaixotasun kroniko nagusienetako bi. EAEn, asmaren prebalentzia % 9,7koa da, eta BGBKrena % 2,41ekoa. Bi gaixotasunak inhalagailuen bidez tratatzen dira batez ere, eta oso garrantzitsua da inhalazio-teknika ondo ezagutzea; izan ere, behar bezala egiten ez bada, medikazioa ez da birikara iritsiko eta ez du eraginik izango. Kalkuluen arabera, gaixoen erdiek ez dute preskribatutako tratamendua behar bezala betetzen, eta horrek zerikusia du bizi-kalitatea eta bizi-itxaropena murriztearekin eta gastu sanitario handiagoarekin. Heziketa sanitario onak atxikimendua hobetu eta inhalagailuak erabiltzeko teknika hobetzen ditu, eta, ondorioz, osasun-emaitza hobeak lortzen dira.
Frogatu da hainbat asistentzia-eremutako profesionalen esku-hartze sanitarioak eraginkorrak izan direla paziente kronikoen osasun-emaitzak hobetzeko. Izan ere, pazientearen arreta profesional sanitario guztien ardura da, eta farmazia-bulegoko farmazialariek arreta integrala ematen lagun dezakete medikazioa ematearen arloan; horretarako, aholkuak eta heziketa eman behar dituzte medikazioa hartzeko, eta pazienteen jarraipenean lagundu behar dute. Eginkizun orokor horrekin batera, farmaziaren bitartez ekintza espezifikoak egin daitezke pazienteen atxikimendu terapeutikoa hobetzeko, esku-hartze medikoa behar duten egoerak antzemateko, eta, kasu horretan, pazientea osasun-zentrora bideratzeko.
Horren harira, ohikoa da asma edo BGBK duen pazienteak bere farmazia-bulegoko farmazialaria maiz bisitatzea, medikazioa jasotzeko. Une hori abagune ona da gaixotasunaren hainbat alderdiri buruzko heziketa sanitarioa emateko, atxikimendua ebaluatzeko eta, beharrezkoa denean, osasun-zentrora bideratzeko. Beraz, farmazia leku egokia da pazienteen atxikimendu terapeutikoa hobetzeko eta pazienteei arreta integrala ematen laguntzeko.
Azaldutako guztiagatik, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, farmazia-bulegoen bitartez asma edo BGBK gaixotasunetarako inhalagailuekiko atxikimendua eta haien erabilera egokia hobetzeko, honako xedapen hauen arabera:
XEDAPENAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xedea da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako farmazialarien elkargo ofizialek asma eta BGBK duten eta inhalazio bidezko sendagaiak erabiltzen dituzten pazienteen tratamenduarekiko atxikimendua hobetzeko eta inhalagailuen erabilera optimizatzeko baldintzak ezartzea, Osasun Sailarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan, farmazia-bulegoen bitartez asma edo BGBK gaixotasunetarako inhalagailuekiko atxikimendua hobetzeko eta erabilera egokia sustatzeko.
Bigarrena.– Alderdien funtzioak eta betebeharrak.
Sinatzen duten alderdiek hitzematen dute adostutako zehaztapen teknikoak beteko dituztela. Alderdi biek adostuko dituzte baldintza horiek, eta hitzarmen honen eranskinean jasoko dira.
Osasun Sailak programa hori zabaltzeko konpromisoa hartzen du.
Farmazialarien elkargoek konpromisoa hartzen dute programa horren berri emateko eta farmazia-bulegoen parte-hartzea sustatzeko, bai eta programan parte hartuko dutenak hautatu eta egiaztatzekoa ere. Horretarako, farmaziek prestakuntza hori egin duen farmazialari bat izan beharko dute gutxienez; farmazialari hori farmazialari gaitutzat hartuko da.
Hirugarrena.– Finantzaketa.
Osasun Sailak honako hauek ordainduko dizkie programan parte hartzen duten farmazia-bulegoei, farmazialarien elkargo ofizialen bitartez:
– 10 euro hasierako elkarrizketa bakoitzeko, aurreikusitako galdetegiak behar bezala bete baldin badira.
– 10 euro azken bisitagatik, galdetegiak bete eta aurreikusitako esku-hartzeak egin badira; horrez gain, emaitzaren arabera:
• IAT testa (10 euro bi aukera hauetako bat gertatzen bada):
○ Hasierako puntuazioa 45 puntutik beherakoa zen, eta azken-puntuazioa gutxienez 5 puntu hobetu da.
○ Hasierako puntuazioa 45 puntutik gorakoa zen, eta azken-puntuazioa gutxienez 2 puntu hobetu da.
• Asma kontrolatzea (10 euro bi aukera hauetako bat gertatzen bada):
○ Hasierako puntuazioa 20tik beherakoa zen eta 20tik gorakoa izatera iritsi da.
○ Hasierako puntuazioa 20tik 24ra bitartekoa zen eta 25ekoa izatera iritsi da.
– BGBKren bilakaera: 10 euro, CAT testaren arabera inpaktu-maila hobetzen bada.
Programak ezartzen duenez, gutxienez, bitartean, beste bisita bat egongo da, gailuarekiko atxikimendu-testa eta erabileraren azterketa egiteko; horrek ez du ordainsari espezifikorik ekarriko.
Farmazialarien elkargo ofizialek konpromisoa hartzen dute, informazio-sistema espezifiko baten bidez, fakturak (hitzarmen honekin batera doan ereduaren arabera beteta) hilero egiteko eta Osasun Sailari telematikoki bidaltzeko.
Laugarrena.– Egikaritzea.
Parte hartzen duen farmazia-bulegoak hitzarmenaren eranskinean adierazitako jarduerak egingo ditu eta Osasun Sailari jakinaraziko dizkio.
Bosgarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean, eta 4 urteko indarraldia izango du. Aurreikusitako epea amaitu aurretik edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahalko dute hitzarmena beste lau urtetarako luzatzea, edo hitzarmena azkentzea.
Seigarrena.– Jarraipen batzordea.
Funtzionamendua baloratzeko eta hitzarmenari buruz agertzen diren gaiak ebazteko, jarraipen-batzorde bat eratuko da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako farmazialarien elkargo ofizialetako hiru kidek eta Osasun Saileko beste hiru kidek osatuko dute batzordea, eta azken hiru kide horietako bat izango da presidentea.
Hitzarmenaren edukia aldatu aurretik, alderdi sinatzaileek aho batez onartu beharko dute.
Zazpigarrena.– Ez-betetzea.
Alderdietako bakoitzak bere egindako betebeharrak eta konpromisoak bete ezean, hitzarmena amaitu egingo da.
Eta orain arte azaldutako guztiarekin ados daudela adierazteko, alderdi batekoek nahiz bestekoek hitzarmen honen jatorrizko bost ale sinatu dituzte, goian aipaturiko tokian eta egunean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 10a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluko presidentea,
Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidentea,
MIGUEL ÁNGEL GASTELURRUTIA GARRALDA.
Arabako Sendagaigileen Elkargo Ofizialeko presidentea,
MILAGROS LÓPEZ DE OCARIZ LÓPEZ DE MUNIAIN.
Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidentea,
JUAN URIARTE GARCÍA-BORREGUERO.
RSS