
48. zk., 2025eko martxoaren 11, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (137 KB - 2 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1130
49/2025 DEKRETUA, otsailaren 25ekoa, «Asociación San Nikolas Zabalik para la acogida y promoción de personas en situación o riesgo de exclusión social» izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak ezartzen du onura publikokotzat aitortu ahal izango direla Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak, baldin eta, beren jardueren bidez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen betetzen badituzte eta, gainera, artikulu horretan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.
Aitorpen hori Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egiten da, Onura Publikoko Elkarteei eta horien Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren II. kapituluan arautzen den espedientea izapidetu ondoren, eta diskrezionala da, elkarte eskatzaileak garatutako helburuek eta jarduerek merezi duten balorazioaren arabera.
Ildo horretatik, 2024ko uztailaren 23an, Asociación San Nikolas Zabalik para la acogida y promoción de personas en situación o riesgo de exclusión social izeneko elkarteak aitorpen hori eskatu zuen, Onura Publikoko Elkarteen Babesletzari zuzendutako idazki baten bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/23785/2021 zenbakiarekin inskribatuta dago, 2021eko uztailaren 14ko ebazpenaren bidez.
Haren funtzioen lurralde-eremuak Euskal Autonomia Erkidegoa hartzen du, eta, eratu zenetik, elkarteak bere helburu nagusiak lortzera zuzentzen ditu bere jarduerak eta, bereziki, migratzaileei harrera eta laguntza ematera eta egoera ahulenean dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzera, kolektibo estigmatizatuen integrazioa erraztuz, eta gizartea sentsibilizatuz tokiko komunitate harreragile, kulturarteko eta solidarioak sortzeko.
Onura publikoa aitortzeko eskaerarekin bat egin dute erakunde hauek: Getxoko Udala, Algortako Bariko San Nikolas Eliza, Fundación Gondra Barandiarán, Fundación Víctor Tapia-Dolores Sainz eta Antonio Menchaca Fundazioa.
Bestalde, 2025eko urtarrilaren 13an, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak elkartea onura publikokoa dela aitortzearen aldeko txostena egin zuen. Txosten hori gaiari buruzko eskumena duelako eskatu zitzaion.
Azkenik, 2025eko otsailaren 14an, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak aldeko balorazio-txosten teknikoa eman zuen. Txosten horretan, dagozkion sailek proposatuta onura publikoa aitortu aurretik, bete beharreko lege- eta erregelamendu-eskakizun guztiak betetzen direla justifikatzen da.
Ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren proposamenez, bai eta Gobernu Kontseiluak 2025eko otsailaren 25ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Asociación San Nikolas Zabalik para la acogida y promoción de personas en situación o riesgo de exclusión social izeneko elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/23785/2021 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea eta aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzea.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko otsailaren 25ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS