
45. zk., 2025eko martxoaren 6a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (258 KB - 23 orri.)
- EPUB (156 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1069
EBAZPENA, 2025eko otsailaren 24koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, horren bidez onartu eta argitaratzeko 2025eko «Beint Nazioartekotze Bekak» laguntza programa arautzen duten oinarriak, eta beketarako deialdia egiteko.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun Sailaren mendeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresei: haien jarduera, inbertsio, garapen, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea sustatzeko, bai eta Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartearen garapena eta enpresen ekintzailetza ere.
Zentzu horretan, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko, eta, besteak beste, aipagarrienak hauexek: gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.
Ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatu da, Euskadiko gazteek nazioartekotzeari buruzko prestakuntza jaso dezaten, hartara, atzerrian gure enpresei laguntzeko moduan izango diren profesionalen poltsa bat sortzeko.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («20/2023 Legeak») 7.2.a) artikuluan ezartzen duenez, lege horretan aipatzen diren dirulaguntzak kudeatu eta emateko publizitatearen printzipioak aplikatu behar dira, besteak beste. Halaber, 20/2023 Legearen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza mota bakoitzaren edo dirulaguntza-programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.
Adierazitakoaren arabera, honako hau
ebazten DUT:
Lehenengoa.– 2025eko «Beint Nazioartekotze Bekak» Laguntza Programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Edukia atxikita doa Ebazpen honen I. eranskinean.
Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzan, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENA
Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bilbao, 2025eko otsailaren 24a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,
Nagore Bonilla Gabarain.
I. ERANSKINA
2025eko «BEINT- NAZIOARTEKOTZE BEKAK» LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
XIII. agintaldiko Gobernu Programaren bigarren ardatzak, «Hazkunde- eta ongizate-eredua» izenekoak, 78. konpromisoa jasotzen du: enpresak nazioartekotzea.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak beka-programa bat bultzatzen ari da 80ko hamarkadatik, gazteek kanpo-merkataritzaren inguruko prestakuntza jaso dezaten eta praktikak atzerrian egin ditzaten. Denbora honetan, prestakuntza-premiak aldatu egin dira erakunde eta merkatu globalekin batera. BEINT programak EAEko unibertsitateko titulatuei aukera ematen die nazioartekotze-prestakuntza jasotzeko atzerriko erakunde eta enpresetan. Programaren helburua da gazteek lan-esperientzia eta esperientzia pertsonal paregabea eskuratu dezatela, aldez aurretik duten prestakuntza akademiko eta profesionala osatzeko.
Profesional espezialistak sortzearen eta dinamizatzearen aldeko apustu horrek onuragarri izan behar du halaber euskal enpresentzat, berme guztiekin ekin diezaieten euren ekimenei nazioarteko merkatuetan.
Programa hau erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren urtarrilaren 24ko erabakiaren bidez onetsia, 2025-2028 aldiari begira, eta Planaren helburu hau lortzeko lagungarri izango delakoan: «unibertsitate-titulua duten gazteei nazioartekotzeari buruzko prestakuntza egokia ematea, EAEko enpresek eta beste entitate batzuek etorkizunean profesional onez osatutako oinarria izan dezaten, ekonomia irekiaren erronkei eraginkortasunez aurre egiteko».
1. artikulua.– Xedea.
1.– Oinarri hauen xedea da Beint 2025 Nazioartekotze Beken programa arautzea, helburua izanik unibertsitateko titulatu gazteei prestakuntza egokia ematea nazioartekotzearen inguruan, euskal enpresek eta beste erakunde batzuek etorkizunean profesional onez osatutako oinarria izan dezaten, ekonomia irekiaren erronkei eraginkortasunez aurre egiteko.
2.– Prestakuntzako xede hori taxutzeko, programa honetan parte hartuko duten unibertsitate, enpresa eta nazioartekotzea sustatzeko erakunde publikoen zein pribatuen lankidetza baliatuko da.
2. artikulua.– Eskainitako bekak.
Gehienez ere 80 nazioartekotze beka emango dira 2025ean.
Onuradunek 1. faseko prestakuntza teorikoa egingo dute. Fase hori ezarritako baldintzak betez burutzen duten pertsonen artetik, honela hautatuko dira hurrengo faseetan A eta B modalitateetan jarraituko duten bekadunak:
– Gehienez ere 70 beka A modalitatean (programako 1., 2. eta 3. faseak egingo dituztenak).
– Gehienez ere 20 beka B modalitatean (programako 1. eta 3. faseak egingo dituztenak).
Bi modalitateak batuta, 80 beka emango dira gehienez.
1. faserako gehienez ere 20 ordezko hautatuko dira ikastaroaren lehen hamar egun baliodunetan gerta daitezkeen uko egiteengatik edo bestelako edozein gorabeheragatik hutsik geratzen diren plazak betetzeko.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
2025eko ekitaldian, 1. faseko gehieneko balorazio ekonomikoa 286.400 eurokoa izango da. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan xede horretarako esleitutako aurrekontu-kredituen arabera, 3.784.000 euro bideratu dira programaren 2. eta 3. faseetarako, zehazki, honako hauek ordaintzeko: zuzkidurak, Gizarte Segurantzaren kuotak, prestakuntzarako aparteko gastuak eta kontingentzietarako gastuak. Aurrekontua honela banatuko da:
– 2025eko ekitaldia: 543.500 euro.
– 2026ko ekitaldia: 2.190.000 euro.
– 2027ko ekitaldia: 1.050.500 euro.
Deialdi honen kargura emandako beken zenbateko totalak ezingo du gainditu artikulu honetan adierazitako zenbatekoa.
Baliabide publikoen osagarri, programaren 3. fasean parte hartzen duten enpresa eta organismoek beren gain hartuko dituzte bekadunen helmugarako joan-etorriko bidaia bati dagozkion gastuak, bisa lortzeko gastuak eta herrialdera sartzeko osasun baldintzak betetzeak dakartzan kostuak.
4. artikulua.– Laguntzen onuradunak eta onuradun izateko baldintzak.
1.– Ondorengo eskakizun hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek jaso ditzakete nazioartekotze bekak:
a) Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea irekitzen den unea baino gutxienez 12 hilabete lehenagotik, edo elkarren segidako 5 urtez aurreko 10 urteetan.
b) Graduko goi-mailako unibertsitate-titulua izatea, 2025eko maiatzaren 31 baino lehen lortu eta aurkeztua. Ontzat emango dira baita ere atzerrian lortutako tituluak, baldin eta tituluekin batera aurkezten badira agintaritza eskudunak emandako homologazioa edo baliokidetza.
Ekonomia, Enpresa, Finantzak, Ekintzailetza, Marketina, Zuzenbidea, Nazioarteko Harremanak, Ingeniaritza eta Arkitektura adarretako graduek lehentasuna izango dute, 7. artikuluan adierazi bezala.
c) 2025eko urtarrilaren 1ean 30 urte bete gabe izatea.
d) Ingelesa menperatzea. Gutxienez B2 mailari dagokion gaitasuna eduki behar da, eta dagozkion ahozko eta idatzizko probekin egiaztatu beharko da maila hori.
e) Beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikorik ez izatea; edo beka eskatzeko orduan ez izatea eguneroko bizitza mugatzen dion patologiarik.
f) Laguntza honen edo unibertsitateko titulatuentzako antzeko prestakuntza helburu duen beste edozein laguntzaren onuradun ez izana, baldin eta, laguntza horien bidez, nazioarteko erakunde edo enpresetan 6 hilabetez edo epe luzeagoz praktikak atzerrian egiteko aukera eman baduten. Zehazki, nazioartekotze beka hauek ez dira bateragarriak beste hauekin: aurreko ekitaldietako Beint bekak, Global Training bekak, ICEX bekak, autonomia erkidegoko beste administrazio batzuenak, merkataritza ganberenak, EBko merkataritza sustatzeko erakundeenak edo antzeko beste erakunde batzuenak.
g) Ezingo dira onuradun izan 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenak.
Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak egunean dituztela ulertuko da, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Horrela, pertsona edo erakunde eskatzaileek edo onuradunek, edo erakunde laguntzaileek, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta ez badute zorrik Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein erakunderekin betearazpen-aldiko dirulaguntzen itzulketengatik edo, premiamendu-bidea erabili behar ez duten pertsona edo erakundeen kasuan, borondatezko aldian ordaindu gabeko zorrik, edo zorrak zatikatuta, geroratuta eta bermatuta badaude edo etetea erabaki bada dagokion itzulketa-ebazpena aurkaratzeagatik.
2.– Aurreko ataletan dirulaguntzen onuradun izateko ezartzen diren baldintzak nahitaez bete behar dira laguntza-eskaera aurkezten den unetik emandako dirulaguntzaren likidazioa egin arte.
5. artikulua.– Beken izaera.
1.– Nazioartekotze bekak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzatzat joko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako dirulaguntzak arautzeko indarrean dagoen araudiari jarraikiz kudeatuko dira.
2.– Beka emateak eta baliatzeak ez du ezartzen kontratu edo estatutu bidezko inolako harremanik bekadunaren eta Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren, Eusko Jaurlaritzaren eta 3. faseko enpresa zein organismo parte hartzaileen artean, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariaren ebazpenak zehaztuko du noiz hasi eta amaitzen den bekadunaren izaera.
3.– Oinarri hauen bitartez araututako bekak norgehiagoka-prozeduraren bidez esleituko dira, eta kontuan hartuko dira oinarri hauetako 7. artikuluan haztatutako meritu eta gaitasunari buruzko balorazio-irizpideak. Dagokion hautaketa-prozesua gainditu duten hautagaiei bakarrik emango zaie beka, gehienez ere deialdi honetan ezarritako beka kopurua estali arte.
6. artikulua.– Baldintzak, dokumentazioa eta eskaerak aurkeztu, onartu eta zuzentzeko tokia eta epea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunaren biharamunean eta 2025eko apirilaren 10ean amaituko da. Halere, publikoarentzako arreta 2025eko apirilaren 10eko 15:00etan (penintsulako ordua) bukatuko da.
2.– Bitarteko elektronikoak, ez besterik, erabiliko dira eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta oinarri hauetan jasotako gainontzeko izapideak egiteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2005 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
3.– Egoitza elektroniko honetan azalduko da nola tramitatu eskaerak bide elektronikotik eta nola egin ondorengo izapide guztiak: www.spri.eus/beint Behar izanez gero, laguntza teknikoa eskura dago.
Eskabideak eskatzailearen sinadura aitortua izango du eta ondoko hauek ere aurkeztu beharko dira: artikulu honetako 4. atalean aipatzen den dokumentazio osagarria eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak eska dezakeen beste edozein dokumentazio, betiere, Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutako zehaztapenekin bat etorriz.
4.– Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da. Agiri denek deialdiaren epea iraungi aurreko datakoak izan behar dute:
4.1.– Eskatzen den gutxieneko dokumentazioa:
a) Azkenaldiko argazki bat, karnetaren tamainakoa, laukizuzena eta hondo zuriduna.
b) Jaiotza-data egiaztatzeko dokumentazioa (NANa, jaiotza-agiria edo datu hori modu frogagarrian egiaztatzen duen beste edozein agiri).
c) Curriculum vitaea.
d) Oinarri hauetako 4.1.a) artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan duela egiaztatzen duen dokumentazioa, artikulu honen 5. apartatuan adierazitakoaren kalterik gabe.
e) Dokumentu hauetakoren bat erabiliz egiaztatuko da graduko unibertsitate-titulu ofiziala:
– Titulua.
– Titulu-eskaeraren gordekina, hura emateko eskubideak ordaindu dituela egiaztatzeko dokumentu eta guzti.
– Ikasketa-espedienteko oharra, adierazten duena ikasleak behar bezala gainditu duela titulu osoa eta ordainduta dituela titulua lortzeko eskubideak.
Atzerrian lortutako unibertsitate-tituluak agintaritza eskudunak emandako homologazioarekin edo baliokidetzarekin batera aurkeztu beharko dira.
4.2.– Aukerako dokumentazioa:
a) Unibertsitate-master ofizialak egin izanaren egiaztagiriak (kanpo-merkataritza, enpresa-kudeaketa, marketina, nazioarteko harremanak edo nazioartekotzea). Dokumentu hauetako baten bat erabiliko da horretarako:
– Masterraren titulua.
– Titulu-eskaeraren gordekina, hura emateko eskubideak ordaindu dituela egiaztatzeko dokumentu eta guzti.
– Ikasketa-espedientean jasotako oharra, adierazten duena ikasleak behar bezala gainditu duela master osoa eta ordainduta dituela titulua lortzeko eskubideak.
Atzerrian lortutako masterrak agintaritza eskudunak emandako homologazioarekin edo baliokidetzarekin batera aurkeztu beharko dira.
b) Esperientzia profesionalari dagozkion egiaztagiriak: esperientzia profesionala egiaztatzeko, Gizarte Segurantzak emandako lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko da gutxienez edo, atzerrian izandako lan-esperientziaren kasuan, ziurtagiri ofizial baliokide bat, bertan adierazteko zein enpresatan eta zein garaitan egin den lan hori.
c) Euskara-titulu ofiziala, B2, C1 edo C2 mailakoa.
4.3.– Erantzukizunezko aitorpena, oinarri arautzaile hauen II eranskin gisa erantsi den eredu normalizatuko edukiaren arabera egina, ondoko hauek egiaztatzeko:
– ez duela beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikorik; edo beka onartzeko orduan ez duela eguneroko bizitza mugatzen duen patologiarik.
– ez dela izan antzeko beka baten onuradun oinarri hauetako 4.1.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
– ez dagoela 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean.
5.– Ez da derrigorrezkoa SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren esku dauden indarreko dokumentuak aurkeztea. Horrelakoetan, eskaeran adierazi beharko da zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentuok, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1 artikuluko d) atalean ezarritako baldintzak eta eskakizunak betez.
6.– Eskatzaileek eurek hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez dezakete laguntza jasotzeko eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
7.– Aurkeztu beharrekoetatik, frantsesa edo ingelesa ez diren atzerriko beste hizkuntzetan dauden dokumentuak EAEko hizkuntza ofizialetariko edozeinetara itzulita aurkeztu beharko dira.
8.– Eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo eskatutako gutxieneko dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzen ditzan. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak horretarako ebazpena eman ostean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 25eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.
9.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.
10.– Zuzenketa-eskaeren jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egunetan eta zein ordutan helarazi zitzaion interesdunari jakinarazpena, bai eta zein egunetan eta zein ordutan sartu den hura jakinarazpenaren edukira. Momentu horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Egiaztatzen bada jakinarazpena egin dela eta hamar egun baliodun igaro direla jakinarazpenaren edukira sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola eta izapidea egintzat joko da, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo hartzaileak hala eskatuta, teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukian sartzea.
7.– artikulua.– Bekadun izateko hautagaiak aukeratzeko prozedura.
1.– Gaitasuna baloratzeko probak egiteko, hautagaitzat hartuko dira 4. artikuluko eskakizunak betetzen dituzten eskatzaile guztiak, eta hautaketa-probetarako deialdia jasoko dute, www.spri.eus/beint helbidean argitaratuko den zerrendaren bidez. Zerrenda argitaratu ondoren zehaztuko da alegazioak aurkezteko epea, gehienez 3 egun baliodunekoa, eta, hala badagokio, nora bidali behar diren alegazio horiek.
Epe hori amaitu eta aurkeztutako erreklamazioak aztertu ondoren, hautaketa-probetara deitutako hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko da, eta hasiera emango zaio hautagaien aukeraketa-prozesuari, merituen eta gaitasunen balorazioan oinarrituta.
2.– Hautagaien merituen balorazioa artikulu honetako 10. atalean dagoen taularen haztapenen arabera egingo da, aurkeztutako egiaztagirien arabera:
a) M1: graduko unibertsitate-titulu ofiziala.
b) M2: kanpo-merkataritza, enpresa-kudeaketa, marketin, nazioarteko harreman edo nazioartekotzeari buruzko unibertsitate-master ofiziala (gutxienez 60 ECTS kreditu).
c) M3: lan-esperientzia praktikoa, Gizarte Segurantzak emandako lan-ibilbidearen txostenaren bidez egiaztatua; lan-esperientzia atzerrian izanez gero, ziurtagiri ofizial bat aurkeztuko da, non enpresaren izena eta lan egindako epea jasoko baitira.
4.1 artikuluko b) atalean graduko unibertsitate-titulu ofizialari buruz xedatutakoa salbu, bakarrik baloratuko dira eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen aurkeztutako merituen egiaztagiriak.
3.– Gaitasuna baloratzeko, era presentzialean egin beharko dira honako proba hauek:
a) P1: gai sozioekonomikoei eta orokorrei buruzko ezagutza-proba.
b) P2: ingelesezko proba, ahozkoa eta idatzizkoa. Proba hori baztertzailea izango da. Gutxienez B2 maila frogatu behar da, eta kontuan hartuko da ahozko zein idatzizko proben notaren batez bestekoa, baldin 5-10 puntu bitartekoa bada (5 puntu B2 mailaren baliokidea litzateke, eta 10 puntu C2 mailaren baliokidea).
c) P3: atzerriko bigarren hizkuntzaren bateko proba, ahozkoa eta idatzizko. Hauetako bat izango da: alemana, arabiera, mandarin-txinera, korearra, frantsesa, italiera, portugesa, errusiera eta japoniera. Gutxienez B2 maila frogatu behar da, eta kontuan hartuko da ahozko zein idatzizko proben notaren batez bestekoa, baldin 5-10 puntu bitartekoa bada (5 puntu B2 mailaren baliokidea litzateke, eta 10 puntu C2 mailaren baliokidea).
d) P4: euskarazko proba, ahozkoa eta idatzizkoa. Gutxienez, B2 maila frogatu behar da, eta kontuan hartuko da ahozko zein idatzizko proben notaren batezbestekoa, baldin 5-10 puntu bitartekoa bada (5 puntu B2 mailaren baliokidea litzateke, eta 10 puntu, C2 mailaren baliokidea). Bestela, hautagaiek B2, C1 edo C2 mailako euskara-titulu ofizialak aurkez ditzakete eskaerarekin batera. Hala bada, 5, 7,5 eta 10 puntuko batezbestekoak jasoko dituzte, hurrenez hurren. Tituluak aurkeztea erabakitzen duten hautagaiek ezingo dituzte euskarazko ahozko eta idatzizko probak egin. Orobat, euskarazko ahozko eta idatzizko probak egitea erabakitzen dutenek ez dute gerora titulurik aurkezteko eskubiderik izango, proban lortutakoa baino maila handiagoa egiaztatu nahi dutela-eta.
e) P5: Elkarrizketa, jakiteko zein den hautagaiak Beint programarekiko duen konpromisoa eta motibazioa, heldutasuna, jarrera eta komunikazio-gaitasuna, eta baloratzeko zenbateraino egokia den bekaren fase desberdinetan garatu beharko dituen zereginetara.
4.– P1, P2, P3 eta P4 (hala badagokio) probak Hautaketa Batzordeak aldez aurretik ezarritako leku, egun eta orduan egin behar dira nahitaez.
5.– Hizkuntzen ahozko probak (P2, P3 eta P4, hala badagokio) eta elkarrizketak (P5) grabatu egingo dira, salbu eta eskatzaileak berariaz uko egiten badu. Hala bada, probak egiteko unean idatziz adierazi beharko da uko egin diola; gero, ezingo ditu azterketak bitarteko horren bidez berrikusi.
6.– Atzerritar hizkuntza-probak (P2 eta P3) ebaluatzeko ez dira kontuan hartuko hautagaiek lehenagotik izan ditzaketen hizkuntza-tituluak edo -ziurtagiriak; azterketan frogatutako maila besterik ez da aintzakotzat hartuko.
7.– Beint programako 1. faseko bekadunak eta ordezkoak izendatu aurreko hautaketa-prozesuko azken mugarria da elkarrizketa. Elkarrizketarako deia egiteko zerrenda bat argitaratuko da www.spri.eus/beint helbidean; deitutako hautagai kopurua ez da izango deitutako beka kopuruaren bikoitza baino handiagoa.
Elkarrizketarako deia hautaketa-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera egingo da. Puntuazioan gertatzen diren berdinketak ebazteko, ingeleseko batez besteko notari erreparatuko zaio lehenik, eta, hala eta guztiz ere berdinketak jarraituko balu, aukeratutako bigarren hizkuntzan lortutako batez besteko nota hartuko da aintzat. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ez badu azterketa egin edo ez badu gainditu bigarren hizkuntza, azterketa hori egin edo gainditu duen hautagaiaren alde ebatziko da berdinketa. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ere ez badu egin bigarren hizkuntzaren azterketa, euskarako probaren notaren arabera ebatziko da berdinketa.
Soil-soilik ikasketak egiten atzerrian egoteagatik edo ezinbesteko beste arrazoiren batengatik egoki justifikatu eta egiaztatutako kasuetan onartuko du Hautaketa Batzordeak elkarrizketa bitarteko telematikoen bidez egitea.
8.– Hautagaiak P1, P2, P3, P4 (hala badagokio) eta P5 proba bakarra egiterik izango du, eta ez du aukerarik izango errekuperazio-proba edo puntuazioa hobetzeko proba egiteko. Lortutako puntuazioa berrikusteko eskatzen bada, idatzizko probak eta ahozko azterketen zein elkarrizketen grabaketak bakarrik berrikusiko dira, esleitutako notetan ageriko akatsik ote dagoen detektatzeko.
9.– Plaza bat lortzekotan edo ordezko izendatua izatekotan, hautagaiak nahitaezkoa izango du P1, P2 eta P5 probetara aurkeztu izana.
10.– Hautaketa-prozesuaren azken emaitzarekin, hasierako zerrenda ordenatua prestatuko da (HZ), merituak eta gaitasuna haztatzen dituen taula honen bidez:
(Ikus .PDF)
Hautaketa Batzordeak bakarrik erabakiko du gradu edo master bat sartzen den ala ez puntuazioa eskura dezakeen adar edo gai batean.
11.– Zerrenda Interneteko atari honetan argitaratuko da: www.spri.eus/beint
Argitaratu ondoren, gehienez 3 egun balioduneko epea finkatuko da berrikuspen-eskaerak aurkezteko, eta baita ere esango da non aurkeztu behar diren eskaerak. Epe hori amaitutakoan eta eskatutako berrikuspenak egin ondoren, hasierako zerrenda ordenatua itxiko da.
12.– Hasierako zerrenda ordenatutik (HZ) bekadun izateko proposatuko dira puntuaziorik onena lortu duten 80 hautagaiak (100etik 0rako eskalan, 2 dezimaletara borobilduta). Era berean, puntuazio-ordenari jarraituz, gehienez 20 ordezko proposatuko dira 1. faserako.
Puntuazioan gertatzen diren berdinketak ebazteko, ingeleseko batez besteko notari erreparatuko zaio lehenik, eta, hala eta guztiz ere berdinketak jarraituko balu, aukeratutako bigarren hizkuntzan lortutako batez besteko nota hartuko da aintzat. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ez badu azterketa egin edo ez badu gainditu bigarren hizkuntza, azterketa hori egin edo gainditu duen hautagaiaren alde ebatziko da berdinketa. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ere ez badu egin bigarren hizkuntzaren azterketa, euskarako probaren notaren arabera ebatziko da berdinketa.
13.– Hautaketa Batzordeak osaera eta eginkizun hauek izango ditu:
– Basque Trade & Investment Euskadiko Nazioartekotze Agentziako programa eta zerbitzuen zuzendaria, lehendakari gisa jardungo duena: Imanol Landeta. Ordezkoa: Usoa Aguirre, Basque Trade & Investment Euskadiko Nazioartekotze Agentziako Kanpoko Sareko zuzendaria.
– Basque Trade & Investment Euskadiko Nazioartekotze Agentziako programetako teknikaria. Batzordekide gisa jardungo du: Enbor Barruetabeña. Ordezkoa: Basque Trade & Investment Euskadiko Nazioartekotze Agentziako giza baliabideen teknikaria.
– SPRIren Nazioartekotze Programen arduraduna: María Ángeles Elorza, idazkari gisa arituko dena. Ordezkoa: Maite Subinas, Basque Trade & Investment Euskadiko Nazioartekotze Agentziako zerbitzuen arduraduna.
Honako hauek dira Hautaketa Batzordearen zereginak: eskaerak aztertzea, hautagaien merituak eta gaitasunak baloratzea, eta, ondorioz, fase bakoitzean organo kudeatzaileari igortzea bekadunen eta ordezkoen zerrenda ordenatuak (modalitate, helmuga eta zuzkiduraren arabera). Jasotako eskaerak ikusirik eta eskaerak aurkezteko epea amaituta dagoenean, Hautaketa Batzordeko kideek aztertuko dute ea ezein motatako interes-gatazkarik badagoen, eta beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte halakorik ez gertatzeko. Hautagaiak baloratzeko, hautaketa-prozesuko proben xede diren arloetako adituen aholkularitza eska dezake.
Hautaketa Batzordea burujabe izango da erabakiak hartzeko eta erabakiak bozketa-prozeduraren bitartez hartuko ditu. Artikulu honetan aurreikusi ez diren kasuetarako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeko 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.
8. artikulua.– Faseak.
2025eko Beint Nazioartekotze Bekak programaren gauzatze-fasean 3 fase bereiz daude, eta fase bakoitzak bere epealdiak eta prestakuntza-ezaugarriak ditu. Honako hauek dira:
a) 1. fasea: prestakuntza teoriko espezializatua. Fase hau hautaketa-prozesua bukatzen denean hasiko da, 4 hilabete inguruko iraupena izango du eta 2025eko abenduaren 31 baino lehen amaituko da.
Programaren hasierako fase honetan, bekadunek unibertsitate-ikastaro batean parte hartuko dute. Ikastaroaren helburua da prestakuntza espezializatua ematea atzerriko merkataritzari eta nazioartekotzeari buruz, hautagaiek behar dituzten ezagutzak eta gaitasunak lor ditzaten, ondoko faseetan behar bezala jarduteko.
Ikastaroa aurrez aurre izango da, nahitaez, ezohizko egoerak kontrakoa gomendatzen duenean izan ezik. Posible da eskola teorikoak osatzeko, bisitak egitea euskal industriarekin lotutako entitate, erakunde eta azpiegituretara.
Ikastaroan zehar ebaluatu egingo da Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ezarritako irakasgaia. Horrez gain, unibertsitateek bekadunaren jarrerari eta jardunari buruzko balorazio-txosten bat bidaliko diote Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziari. Ezinbestekoa izango da ebaluazio guztiak gainditzea eta balorazio-txosten positiboa izatea hurrengo faseetara igarotzeko, bai eta ikastaroari dagokion agiria lortzeko ere.
Bekadunen unibertsitate-ebaluazioaren erreferentzi gisa, proba bat egingo da ikastaroan eman diren eduki guztiak ebaluatzeko; edo, bestela, ordura arte egindako ebaluazio partzial guztien batez bestekoa (10 eta 0 arteko eskalan eta bi dezimalekin) kalkulatuko da.
Helmuga eta modalitatea hautatzeko izango duen azken puntuazioa aipatutako bi puntuazioen arteko batez bestekoa izango da, bi dezimaletara borobilduta:
– Bekadunak oinarri hauetako 7. artikuluko hautaketa-prozesuan aurretik lortu duen puntuazioa (10etik 0 bitarteko eskalan eta bi dezimalekin).
– Ebaluazioan lortutako puntuazioa (10etik 0rako eskalan eta bi dezimalekin). SPRI eskumendeko erakunde Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta inplikatutako unibertsitateetako agintari akademikoek adostuko dute ebaluazioa.
Puntuazio horiekin bekadunen behin betiko zerrenda ordenatua (BZ) eratuko da helmuga eta modalitatea hautatzeko. Puntuazioan gertatzen diren berdinketak ebazteko, ingeleseko batez besteko notari erreparatuko zaio lehenik, eta, hala eta guztiz ere berdinketak jarraituko balu, aukeratutako bigarren hizkuntzan lortutako batez besteko nota hartuko litzateke aintzat. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ez badu azterketa egin edo ez badu gainditu bigarren hizkuntza, azterketa hori egin edo gainditu duen hautagaiaren alde ebatziko da berdinketa. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ere ez badu egin bigarren hizkuntzaren azterketa, euskara-probaren notaren arabera ebatziko da berdinketa.
Bekadunen behin betiko zerrenda ordenatua (BZ) oinarritzat hartuta, bekadunek helmuga eta modalitatea aukeratuko dute, irizpide hauei jarraikiz:
1.– 2. faseari begira, nahi duten helmuga eta modalitatea aukeratzeko izango dute eskuragarri daudenen artean, betiere beka garatzen duen erakundeak ezarritako eskakizun guztiak betetzen badituzte.
2.– Hutsik dauden postuak, eskakizun zehatz batzuk betetzen dituzten bekadunek bakarrik bete baditzakete, erakunde parte hartzaileak hala eskatzen duelako (hizkuntza, titulazio edo beste batzuek gidatzeko baimena), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak berriz esleituko ditu, hala iritziz gero, huts horiek aipatutako eskakizunak betetzen dituzten bekadunen artean, hasieran beste helmuga batzuk hautatu baditu ere. Esleipen hori loteslea izango da bekadunentzat.
3.– Hortaz, Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren azken erabakiak baldintzatuko du bekadunak helmuga aukeratzeko duen ahalmena. Izan ere, SPRIk egiaztatu behar du betetzen direla erakunde parte hartzaileek ezarritako eskakizunak, besteak beste, profil akademikoak eta hizkuntzak.
b) 2. fasea: prestakuntza praktikoa burutzea, nazioartekotzeari laguntza publikoa ematen dioten erakundeetan eta eskualde-garapenerako atzerriko beste erakunde batzuetan.
A modalitaterako izendatutako bekadunek hartuko dute parte fase honetan, betiere 1. fasea amaitu eta gero. 2. fasean enpresari laguntzeko tresna publikoak ezagutaraziko zaizkie bekadunei: nazioartekotzea sustatzeko erakunde pribatu eta publikoetan eskuragarri dauden programak eta zerbitzuak. Prestakuntza hori eskainiko da batez ere Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren eta SPRIren Kanpo Sarearen bulegoetan, Espainiak atzerrian dituen bulego ekonomiko eta komertzialetan eta, azkenik, nazioartekotzea eta eskualde-garapena sustatzen duten beste erakunde batzuetan. Bekadunek erakunde horietan eskaintzen diren zerbitzuetan lagunduko dute, tutore baten ikuskaritzapean.
Fase hau 2026ko lehenengo egun baliodunean hasiko da, 12 hilabeteko iraupena izango du eta 2026ko abenduaren 31n amaituko da. Lanean hasi eta amaitzeko benetako data entitate parte-hartzaileek, Basque Trade & Investment-ek eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak adostuko dute. Entitate parte-hartzailearen egutegira egokitzeko ahalegina egingo da, eta, ahal dela, bertan egon daitezkeen gainerako bekadunen egutegiarekin bat egingo du. Ados jarri ezin badira, Basque Trade & Investmentek eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak adierazitako datak nagusituko dira. Praktiktikaldiak dirauen bitartean, bekadunaren lan-ordutegia eta -egutegia erakunde parte hartzailearen ordutegi eta egutegiaren araberakoa izango da.
2. fasean zehar, eta fase hori bukatu baino gutxienez hilabete eta erdi lehenago, hau da, azaroaren 15ean, bekadunek 3. faseko praktika profesionala gauzatzera bideratutako akordioak adostu beharko dituzte enpresekin eta erakundeekin. Epe horretan akordiorik lortzen ez dutenek bekadun izateari utziko diote, eta ez dute 3. fasean parte hartzeko aukerarik izango.
Era berean, 2. fasea amaitzean, dagokion erakundeko arduradunak balorazio-txosten bat prestatuko du, eta honako hauek nabarmenduko ditu bertan: zein arlotako prestakuntza jaso duen bekadunak, esleitu zaizkion atazetan erakutsi duen jarrera eta prestutasuna, eta jardueran lortutako maila.
Informazio horrekin, Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak epaituko dute bekadunak bete dituen programaren helburuak, eta horren arabera ebatziko da igaroko den ala ez programaren hurrengo fasera. Nolanahi ere, hurrengo fasera igaro ahal izateko, enpresa edo organismoak praktika hori bideratzeko disponibilitatea izan behar du.
c) 3. fasea: Praktika profesionalen jardutea atzerriko enpresa edo erakundeetan.
Fase honetan, bekadunak praktikak egingo ditu bekaduna eskatu duen enpresa edo erakunde batean, beti ere eskaera hori SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak baliozkotu badu.
3. fase honek 8 hilabeteko iraupena izango du eta 2026ko lehen egun baliodunean hasiko da B modalitateko bekadunen kasuan eta 2027ko lehen egun baliodunean, berriz, A modalitatekoen kasuan. Hala, 2026ko eta 2027ko abuztuaren 31n amaituko dira, hurrenez hurren. Lanean hasi eta amaitzeko benetako data entitate parte-hartzaileek, Basque Trade & Investment-ek eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak adostuko dute. Entitate parte-hartzailearen egutegira egokitzeko ahalegina egingo da, eta, ahal dela, bertan egon daitezkeen gainerako bekadunen egutegiarekin bat egingo du. Ados jarri ezin badira, Basque Trade & Investment-ek eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak adierazitako datak nagusituko dira. Praktikaldiak dirauen bitartean, bekadunaren lan-ordutegia eta -egutegia beka garatzen den erakundearen ordutegi eta egutegiaren araberakoa izango da.
B modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasera igarotzeko, ezinbestekoa izango da bekadunak lankidetza-akordio bat sinatuta izatea bekadunaren eskaera baliozkotua duen enpresa batekin 2026ko otsailaren 14a baino lehen. Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak onartu behar dituzte B modalitateko bekadunek aurkezten dituzten lankidetza-akordioak, eta, nolanahi ere, aurrekontuan dagoen diruaren menpe egongo dira. Lankidetza-akordioak iriste-ordenaren arabera onartuko dira eta onarpen horiek idatziz emango dira, baina baliteke zenbait jomugatako akordioak ez onartzea, aurrekontua dela-eta ezinezkoa delako haien zuzkidurak esleitzea.
A modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasera igarotzeko, bekadunak ebaluazio positiboa jaso beharko du 2. fasean, eta ezinbestekoa izango da lankidetza-akordio bat sinatuta izatea bekadunaren eskaera baliozkotua duen enpresa batekin 2026ko azaroaren 15a baino lehen.
A modalitateko bekadunen kasuan, praktika, ahal dela, 2. fasea egin den herrialde berean egingo da.
Halere, bekadunek badute aukera beste herrialde bateko enpresa edo erakundeekin lortutako akordioak aurkezteko. Herrialde aldaketa guztiak Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak onartu beharko ditu, eta aurrekontua aski bada, betiere. Aldaketak eskaeren iritsiera-hurrenkeraren arabera onartuko dira, baina ez da aldaketarik baimenduko baldin programaren zuzkidura handitu behar bada aldaketa hori onartzekotan.
Salbuespena eginda, posible da A modalitateko bekadunen 2. eta 3. faseen iraupena aldatzea, baldin Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak beharrezko jotzen badute atzerriko praktikaldia hobeto aprobetxatzeko. Nolanahi ere, bi faseen guztizko iraupena ez da izango 20 hilabetetik gorakoa eta 3. fasea ez da luzatuko 2027ko abuztuaren 31tik harago.
3. fasea amaitzean, enpresa edo erakunde kolaboratzaileko pertsona arduradunak balorazio-txosten bat prestatuko du, eta honako hauek nabarmenduko ditu bertan: zein arlotako prestakuntza jaso duen bekadunak, esleitu zaizkion atazetan erakutsi duen jarrera eta prestutasuna, eta jardueran lortutako maila.
9. artikulua.– Ebazpenak.
1.– Bekak esleitzeko prozeduren gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian oinarri hauek argitaratzen direnetik aurrera. Epe horretan ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek ezetsitzat eman dezakete beren eskabidea.
2.– Beken 1. faserako ebazpena.
Oinarri hauen 7. artikuluan azaldutako hautaketa-prozesua amaitutakoan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak 1. faseko onuradunen eta ordezkoen ebazpena emango du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Interneteko atari honetan argitaratuko dena: www.spri.eus/beint
3.– 2. eta 3. faseetarako ebazpena.
Behin aukeratu ondoren modalitatea eta helmuga oinarri hauetako 8. artikuluko a) atalean ezarritakoaren arabera, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpen bat emango du. Ebazpen horretan adieraziko dira zeintzuk diren A Modalitateko bekadunen helmugak, bekaren datak eta bekadun bakoitzari dagokion zuzkidura, eta baita ere zehaztuko dira komenigarri jotzen diren beste zenbait gai, baldin beharrezkoak badira bekadunek egoki gauzatu ditzaten beren jarduerak.
B Modalitateko bekadunei dagokienez, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak kasuan-kasuan emango ditu ebazpenak, hots, enpresa edo organismo kolaboratzaileekin lankidetza-akordioak sinatzen diren heinean (bekadunek enpresa edo organismo horietan egingo dute 3. fasea).
4.– Zuzkidura eta helmuga aldatzeko ebazpena.
a) Bekadunek helmugako herrialdeak eskatzen dituen bisak eta baimenak lortu beharko dituzte. Ezinezkoa bada bisa edo baimen horiek lortzea, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpen bat emango du bekadunari beste helmuga bat esleitzeko, eta hasierako zuzkidura egokituko du, beharrezkoa bada.
b) Oinarri hauetako 8. artikuluko c) atalean ezarritakoa betez, A modalitateko bekadun batek 3. fasea egiten badu 2. fasea egin zuen toki ez den beste toki batean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak horren inguruko ebazpena emango du, horren bidez egokitzeko epealdi horretarako esleitutako hasierako zuzkidura.
c) A Modalitateko bekadun batek 3. fasea egiten badu 2. fasea egin duen helmuga-herrialde berean, eta egiaztatzen bada bizitzaren kostuan aldaketa esanguratsuak daudela, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpen bat emango du epealdi horretarako esleitutako hasierako zuzkidura egokitzeko.
d) Europak helmuga-herrialdeko dibisarekiko duen aldaketa-tasaren arabera, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak bekaren zuzkidura eguneratzerik izango du edozein fasetan, betiere aldaketa-tasak % 8tik gorako aldaketa jasan badu eta arriskuan jartzen bada 11. artikuluaren lehen paragrafoan ezarritakoa. Edonola ere, eguneratze hori egiteko ezinbestekoa izango da aurrekontu-baliabideak izatea.
e) Beka gauzatzeko baldintzak arriskuan badaude parte hartzen duen erakundeari egotz dakiokeen edo erakunde horri eragiten dion arrazoiren bategatik edo helmugako segurtasuna arriskuan edo mehatxupean badago, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ebazpen bidez agindu ahal izango du helmuga-aldaketa (aldi baterakoa edo iraunkorra), eta, hala badagokio, hasieran esleitutako zuzkidura egokituko du. Salbuespen gisa, posible da bekadunari esleitutako helmuga berria Euskadin egotea eta bekarekin lotutako zereginak telelanaren bidez egitea.
f) Bekadunek ezinbesteko arrazoiengatik ezin badute iritsi euren atzerriko jomugara urtarrilean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpen bat emango du eta, beharrezkoa denean, esleitutako hasierako zuzkidura zuzenduko du. Era berean, jomugan egonda ere, adierazitako moduan eta epean egoera horren berri ematen ez bada, zuzkidura ere zuzenduko da, jakinarazpen-data jomuga data gisa hartuta. Helmugara iritsi arte, bekako zereginak telelanez egin ahal izango dira.
g) Bekadunek ezinbestean Euskadira aldi baterako edo behin betiko itzuli behar izanez gero, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak, hala badagokio, hasieran emandako zuzkidura zuzentzeko ebazpena egingo du. Berriro lanera itzuli arte, bekako lanak telelanaren bidez egiteko aukera izango da.
5.– Beka emateko ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei, modalitatea edozein dela ere. Ebazpen horrek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran. Hori gorabehera, eta denek jakin dezaten, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak bekadunen zerrenda argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, dagozkien zuzkidurak zehaztuta.
10. artikulua.– Erakunde kolaboratzailea.
Beint programa behar bezala garatu dadin, ezinbestekoa da 1., 2. eta 3. faseetan erakunde kolaboratzaile batek parte hartzea. Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentzia izango da parte hartuko duena. Sozietate horrek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erakunde laguntzaile gisa jardungo du, eta hauek izango dira haren eginkizunak:
a) Bidalitako dokumentazio orokorra aztertzea.
b) Bekadunen jarduerak kontrolatu eta jarraipena egitea.
c) Egoki iritzitako ikuskapenak egitea beka-aldia nola doan egiaztatzeko; onuradunek eskatzen zaizkien argibide guztiak eman beharko dituzte.
d) Egindako gastu hautagarriak behar bezala egin direla egiaztatzea.
e) Egindako ikuskapenei buruzko txostenak idaztea.
f) Gorabeherarik izan bada, SPRIri jakinaraztea.
Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren laguntza hori hitzarmen bitartez zehaztuko da. Baita ere, 20/2023 Legeak entitate laguntzaileendako ezartzen diren betebeharrak bete beharko ditu.
11. artikulua.– Beka garatzen parte hartuko duten erakundeak.
Hurrengo erakundeak hartuko dute parte bekak garatzen:
1. faseko erakunde parte hartzaileak: SPRI - Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskadiko unibertsitate-sistemari atxikitako hiru unibertsitateetako agintari akademikoen arteko hitzarmenaren arabera, unibertsitate horiek 1. faseko prestakuntza-ikastaroa emango dute. Lankidetza-hitzarmenean ezarriko dira eman beharreko prestakuntzaren ezaugarriak: edukiak, irakasleen profilak, ikastaroaren iraupena eta garrantzitsutzat jotzen diren bestelako gaiak.
2. faseko erakunde parte hartzaileak: Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren Kanpo Sareko bulegoak eta SPRIrenak; Euskadiren atzerriko ordezkaritzak, Espainiak atzerrian dituen merkataritza-bulegoak, eta, batzuetan, nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuk. Parte hartze horren oinarria finkatzeko, dagokion akordioa sinatuko da, alderdien arteko harremanak ezarriko dituena eta bekadunaren mendekotasun funtzionala zehaztuko duena.
3. faseko erakunde parte hartzaileak: Bekadunei enpresa arloko praktika profesionalak egiteko aukera ematen dieten erakunde, enpresa, enpresa-elkarte eta klusterrak izango dira.
Praktika profesionalak egiteko eskaintza bat onartua izango bada, eskakizun hauek bete beharko dituzte erakunde interesdunek:
a) Nazioartekotutako erakundea izatea, enpresa-eduki garbia duten prestakuntza-praktikak eskaintzen dituena; horrez gain, ahal izatekotan, atzerrian merkataritza- edo ekoizpen-alorreko establezimendu bat izatea, eta enpresako langileren bat une oro egotea bekadunarekin. Salbuespenez, establezimendurik ez duten enpresen eskaintzak ere baloratuko dira, betiere praktika profesionalak negozio-zentro batean edo antzeko batean garatzen badira eta enpresako langileren bat etengabe bekadunarekin egoteko moduan izango bada.
b) Bekadunentzako prestakuntza- eta jarduera-plana izatea, praktikaldi osoa jasoko duena eta bekadunari esleituko zaizkion funtzioak eta zereginak zehatz azalduko dituena.
c) Bekadunaren prestakuntzaren ardura hartuko duen tutore bat edukitzea.
d) Prest egotea bekadunak helmuga-herrialdera egin behar duen bidaiaren joan-etorriko txartela ordaintzeko. Bekadunari egotz dakiokeen kausaren bat dela-eta ebazten bada beka amaitu dela 3. fasea bukatu baino lehen, enpresa ez da egongo behartuta itzulerako txartela ordaintzera.
e) Eskatutako herrialdean bisa lortzea (edo nahitaezko beste tramiteren bat) ezinbesteko betekizuna bada bekadunaren egonaldia formalizatzeko, erakundeak aldez aurretik egiaztatu beharko du bekadunak betetzen dituela herrialde horrek eskatzen dituen eskakizunak; horrez gain, bisa lortzen eta nahitaezkoak diren bestelako tramiteak egiten lagunduko dio, bai eta herrialdera sartzeko behar diren osasun-eskakizunak ondo betetzen ere, eta orobat bere gain hartuko ditu horretarako egin beharreko izapide eta gastuak.
f) Funtzionamendu-gastuak ordaintzea, esaterako hauek: ekipo informatikoak (praktikak egiten diren bitartean), bulegoko materiala eta bekadunak bere ohiko bizitokitik kanpora egiten dituen joan-etorriengatiko dietak. Beste gastu-kontzeptu batzuk ere ordainduko ditu, baldin erakundeak bekadunari ezarritako jardueren eta emandako jarraibideen ondorioz sortutakoak badira.
g) Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziari edo/eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari jakinaraztea zein den bekadunaren eboluzioa eta ebaluazioa, eskatutako balorazio-txosten guztiak bidaliz.
h) Lankidetza-akordioa sinatuko duen bekaduna praktikaldirik edo lanik egin gabea izatea BEINTeko 3. faserako hautatutako enpresa edo organismoan.
Azkenik, Beint programako 3. faseko erakunde parte hartzaile izateko, ezinbestekoa da izena ematea eta bekaduna hartzeko eskaera bat bidaltzea eskaintzen den plaza bakoitzeko, Interneteko helbide honetan: www.spri.eus/beintempresas
Bekadun-eskaera onartzen denean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak, erakundeak eta bekadunak dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko dute. Hitzarmen horretan, bekaduna identifikatuko da eta zehaztuko dira alderdiek bekadun horren prestakuntza-planari egin behar dizkioten ekarpenak.
2. eta 3. faseak bukatutakoan, fase horietako erakunde parte hartzaileek Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziari bidali beharko dizkiote 8.b) eta 8.c) artikuluetan aipatzen diren txostenak.
12. artikulua.– Beken diru-zenbatekoa.
Beken diru-zenbatekoa prestakuntza-helburua lortzeko gastuetara bideratuta egongo da. Zenbateko horrek ziurtatu behar du bekaren onuradunek bizi-baldintza duinak dituztela eta behar adina dutela programara osoki dedikatzeko moduan izateko.
Hauexek dira estali beharreko gastu batzuk: prestakuntza-ikastaroaren kostua, diru-zuzkidura, bekadunaren bestelako prestakuntza-gastu osagarriak eta asegurua. Prestakuntzarako ez-ohiko zuzkidurak eta gastuak kasu bakoitzean finkatuko dira, horretarako kontuan hartuz helmuga bakoitzeko bizi-baldintzak eta garatuko diren prestakuntza-programak.
1.– Diru-zuzkidura: 1. fasea.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak osorik (% 100) finantzatuko du 1. faseko prestakuntza-ikastaroaren kostua. Bekadunek ez dute ezer ordaindu beharko eta ez dute inolako zuzkidurarik jasoko 1. fasean zehar.
2.– Diru-zuzkidura: 2. eta 3. faseak.
Oinarri hauetako 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, 2. eta 3. faseetara igarotzen diren bekadunek bi fasetan (2. eta 3. faseak) banatutako prestakuntza-programa bat bete beharko dute ezarri zaizkien helmugetan. A modalitateko bekadunen kasuan, 20 hilabeteko iraupena izango du eta B modalitateko bekadunen kasuan, berriz, 8 hileko fase bakarra (3. fasea) egin beharko da.
Bekaren diru-zuzkidura programako bi faseen artean banatuko da. Hala, 2. eta 3. faseetako ebazpenetan modalitateak, helmugak eta zuzkidurak adieraziko dira.
Oro har, 2. faserako -12 hilabeterako- kalkulatutako zuzkidurak 18.000 eta 48.000 euro bitartekoak izango dira. 3. faserako -8 hilabeterako- kalkulatutakoak, aldiz, 12.000 eta 32.000 euro bitartekoak.
Gutxieneko eta gehieneko muga horien barruan, beka emateko ebazpenak zuzkidura zehatz bat esleituko dio bekadun bakoitzari, helmugarekin lotutako kostuen arabera kalkulatuta. Bekadunak ordainduko ditu kostu horiek, emango zaion zuzkidurarekin.
Bisa lortzeko kostuak 2. fasea egingo den erakunde parte hartzailearen izaeraren araberakoak direnean, zuzkidura ezberdinak esleitu dakizkieke herrialde eta hiri berera baina erakunde ezberdinera joango diren bekadunei.
Zuzkidurak finkatzean, kontuan hartuko da aurrekontuan badagoela nahikoa baliabide horretarako.
Zuzkiduraz gain, bekadunek kreditu mugatu bat ere izango dute prestakuntza-gastu osagarriei aurre egiteko 2. fasean zehar. Kreditu hori erabiltzeko Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak emandako baimena behar da eta, horren bidez, bekadunek gastu hauek egin ahal izango dituzte: tutoreek baimendu dizkieten eta helmugako hiritik kanpo egiten diren azoka, misio edo ekitaldietarako joan-etorriak, ostatuak eta dietak, bisita-txartelak egiteko gastuak edo helmugako hizkuntza ikasteko ikastaroen gastuak (ingelesa izan ezik).
Kontzeptu horretako gehieneko kreditu erabilgarria 2.000 eurokoa da. Erabili ez den kreditua ez da inola ere erabiliko bekadun bakoitzari esleitutako zuzkidura handitzeko.
3.– Programaren garapenarekin lotutako gastu guztiak (hegazkin-txartelak, bisak, txertoak, COVID-19 detektatzeko testak -bidaiatzeko baldintza badira-, bizileku-baimenak, ostatua, mantenua, garraioa eta sor daitezkeen bestelako gastuak, besteak beste) bekadunaren konturakoak izango dira, eta bekaren zuzkidurarekin ordainduko ditu. Aldiz, enpresa parte hartzaileari dagokio gastu hauek ordaintzea: 2. faseko ezohiko gastuak eta 3. faseko hegazkin-txartelak eta bisak, baimenak edo osasun eskakizunak.
4.– Arauz ezarrita dagoenaren arabera (1493/2011 Errege Dekretua), Beint programako bekadunak, 2. eta 3. fasean, Gizarte Segurantzako erregimenari atxikita egongo dira, eta kontingentzia arruntengatik eta kontingentzia profesionalengatik kotizatuko dute, baina ez dituzte ordainduko langabeziari, lanbide-prestakuntzari eta Soldatak Bermatzeko Funtsari (FOGASA) dagozkien kuotak.
5.– Bestalde, 2. edo 3. faseko bekadun bihurtzen direnetik eta programa amaitu arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak istripuetako eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat sinatuko du bekadunen alde, euren jardunaren ondorioei eta hirugarrenei egin dakizkiekeen kalteei aurre egiteko, eta bidaiako laguntza-poliza bat ere sinatuko du.
6.– 3. artikuluan azaltzen den aurrekontuan kontingentzietarako 500 euroko partida bat jasotzen da bekadun eta urte bakoitzeko.
Partida hori bakarrik erabiliko da bekadunen segurtasunari eragiten dioten ezinbesteko arrazoiengatik (kontingentzia medikoak, gatazka belikoak, mundu mailako krisiak, etab.), hala nola ustekabeko gastuak ordaintzeko, ezohiko arreta medikorako, helmugako herrialdean bidaia eta gastu gehigarriak egiteko edo, hala badagokio, bekadunak jatorrira aberriratzeko. Basque Trade & Investment - Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurretiazko baimena behar da partida hori erabili ahal izateko, eta erabili ez den zatiak ez du inolaz ere handituko bekadun bakoitzari esleitutako zuzkidura.
13. artikulua.– Bekaren zuzkidura eta prestakuntzako aparteko gastuen kontua ordaintzea.
1.– Honela egingo da ordainketa:
a.1.– 2. Fasea.
a.1.1.– Lehenengo ordainketa aurrerakin bat izango da, gehienez ere 2. faserako ebatzitako zuzkiduraren % 25ekoa, eta 2025eko abenduan egingo da, A modalitateko bekadunen kasuan. Bekadunei lehen ordainketa egin baino lehen eman beharko zaie alta Gizarte Segurantzan.
a.1.2.– Hurrengo ordainketak hilero egingo dira.
a.1.3.– Prestakuntzako ez-ohiko gastuen eta kontingentzien partidei dagozkien ordainketak likidaziorako justifikazioak aurkeztu ahala egingo dira. Gastuak likidatzeko aurkeztu behar dira, gehienez ere, gertatzen direnetik hilabetera.
a.2.– 3. Fasea.
a.2.1.– Lehenengo ordainketa aurrerakin bat izango da, gehienez ere 3. faserako ebatzitako zuzkiduraren % 25ekoa, eta 2026ko abenduan egingo da, A modalitateko bekadunen kasuan. B modalitateko bekadunen kasuan, berriz, bekadunek 3. faseko enpresa edo erakunde parte hartzailearekin lankidetza-akordioa sinatu ondoren. B modalitateko bekadunei lehen ordainketa egin baino lehen eman beharko zaie alta Gizarte Segurantzan.
a.2.2.– Hurrengo ordainketak hilabeteko ordainketetan egingo dira eta, azken hileko ordainketa egiteko, onuradunak 3. faseari dagozkion praktikak amaitu beharko ditu. Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak egiaztatu beharko dute onuradunak behar bezala bete duela aurreikusitako programa, eta orobat bidali dituela oinarri hauetako 14. artikuluko 3.i. atalean eskatzen diren txostenak.
a.2.3.– Bekaren azken hileroko saria jaso ahal izateko, bekadunek epe barruan eta behar bezala beteta aurkeztu beharko dituzte nahitaezko txosten guztiak. Zehazki, beka amaitu eta 5 egun balioduneko gehieneko epean aurkeztu behar da azken txostena behar bezala beteta. Beka amaitu eta 5 egun baliodun pasa ondoren amaierako txostena behar bezala beteta bidali ez duten bekadunek edo aurreko txostenen bidalketan 10 baliodun egunetik gorako atzerapenak izan dituztenek ez dute kobratuko zuzkiduraren azken hilerokoa.
2.– Bekadunak uko egiten badio bekari 3. fasea amaitu baino lehen, azken hilerokoa jaso ahal izateko, artikulu honen a.2.2. eta a.2.3 puntutan adierazitako eskakizunak bete beharko ditu.
3.– Dagozkion zerga-arauetan eta Gizarte Segurantzako arauetan edo horien baliokideetan adierazitakoarekin bat, zuzkiduraren bidez dagozkion betebeharrak ordainduko dira.
14. artikulua.– Bekadunen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Beka-eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri hauetan ezarritakoa onartzea.
2.– Bekadunek zer baimen eta norberaren aukerako egun izango dituzten eta nola, esleitu zaien erakunde eta enpresa parte hartzailek erabakiko dute, bakoitzaren erregimenaren arabera. Horren harira, baimenei eta norbere aukerako egunei dagokienez, gutxienez hamabost egun ezarri dira 2. faserako, eta gutxienez hamar egun 3. faserako.
3.– Onuradunek honako betebehar hauek dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Hala, beka esleitu izanaren Ebazpena argitaratu eta bost egun balioduneko epean onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egin bekari, onartutzat joko da.
b) Euskadiko unibertsitate-sistemari atxikitako hiru unibertsitateek 1. faseko prestakuntzaren aurre-inskripzio, inskripzio eta matrikularako emandako jarraibide eta epeak betetzea eta orobat unibertsitate bakoitzaren barne-arau eta -erregelamenduak errespetatzea.
c) Puntualtasunez agertzea klase guztietara eta 1. fasean antolatzen diren jarduera guztietara, elkarlaneko jarrera izatea irakasle eta ikaskideekin une oro, eta huts egingo balu egunen batean, astebeteko epean justifikatzea, gehienez.
d) Programaren hiru faseetako bakoitzean parte hartzen duten entitateek errespetatzea eta euren arauak betetzea, eta Basque Trade & Investment Euskadiko Nazioartekotze Agentziak eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak eskatutako dokumentu guztiak aurkeztea adierazitako epean, helmugako lekuan lanean hasteko izapideak egite aldera.
e) 2. eta 3. fasetan, helmuga-herrialdeak bertara joan aurretik eskatzen dituen bisa, txerto eta baimenak lortzea eta dokumentuak eguneratuta edukitzea egonaldi osoan zehar.
f) Bekadunek 3. fasea erakunde multilateraletan egin nahi badute, interes hori helmugako tutoreen bidez (Basque Trade & Investment eta SPRI) adierazi eta bideratu beharko dute.
g) Bekaren jarduerak egiteko arduraldi esklusiboa izatea, eta helmugako erakunde parte hartzaileen funtzionamendu-arauei men egitea.
h) Emandako jarraibideak onartu eta betetzea: helmugako erakunde kolaboratzaileetan lanean hasi eta amaitzeko datak, laneko egutegia eta ordutegia, eta bekaren helburuak betetzeko beharrezko den beste edozein jarraibide.
i) Bekari eragin diezaiokeen edozein gorabehera jakinaraztea Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziari.
j) Basque Trade & Investment - Nazioartekotzeko Euskal Agentziari bidaltzea hark eskatutako informazio guztia praktikak behar bezala egin direla egiaztatzeko, eta baita ere bekadunaren jarduerari buruz eskatutako txostenak, argi zehaztuz alderdi ekonomiko eta komertzial garrantzitsuak, eta EAEko ekoizpen-sektoreen esportazio-jarduera garatzeko eta sendotzeko garrantzitsuak izan daitezkeen bestelako datuak.
k) Likidazioa egitea Basque Trade & Investment - Nazioartekotzeko Euskal Agentziak ezarritako jarraibideei jarraituz, eta prestakuntzako aparteko gastuen egiaztagiri originalak eranstea.
l) Basque Trade & Investment - Nazioartekotzeko Euskal Agentziak ezarritako jarraibideak betez, argi jakinaraztea helmugakoak ez diren beste herrialde batzuetara praktika profesionalengatik nahiz arrazoi pertsonalengatik egindako bidaiak, aseguru-poliza eguneratzeko eta estaldura bermatzeko. Basque Trade & Investment - Nazioartekotzeko Euskal Agentziak egiaztatzen badu herrialde edo eskualde jakin bat arriskutsua dela, posible izango du bekadunen nazioarteko mugikortasuna mugatzea.
m) SPRIk egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren, eta beste kontrol-organo eskudunen (nazioko zein komunitate-mailakoak) egiaztatze- eta kontrol-jarduketak ere, jasotako dirulaguntzei buruzkoak, aurreko jarduketak egitean eskatutako informazio guztia aurkeztuz.
n) 20/2023 Legearen 14., eta 42. artikuluan xedatutako betebeharrak betetzea.
ñ) Helmugako herrialdera iritsitakoan kontsul-etxean edo enbaxadan erregistratzea, beka-aldiko bizilekua finkatzeko.
o) Basque Trade & Investment agentziari medikuaren bajaren edo lana normaltasunez egitea eragozten dion edozein egoeraren berri ematea.
p) Laguntza hedatzeko, SPRIk deitzen dituen jardueretan parte hartzea.
q) Bekari uko egitekotan, 2. edo 3. faseetan, ukoa gauzatuko den eguna baino 15 egun natural lehenago eman behar da horren berri, gutxienez. Epe hori betetzen ez bada, egin ez diren egunen zati proportzionala hileko azken soldatatik kenduko da.
15. artikulua.– Bateraezintasunak.
Nazioartekotze bekaz baliatzea bateraezina da ordaindutako edozein lan egitearekin edo beste beka bat jasotzearekin, oinarri hauetako 4.1 f) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Salbuespen gisa, bekadunek ordaindutako lanak egin ahal izango dituzte 1. fasean, baldin eta lan horiek ez badiete eragozten derrigorrezkoak diren klase eta jardueretara joatea.
16. artikulua.– Bekadun izaera galtzea eta dirua itzultzea.
1.– Bekadun izaera azkendu daiteke programa amaitzeagatik edo, bestela, honako arrazoiren batengatik:
a) Bekadunak uko egiteagatik.
b) Oinarri hauetako 14. artikuluan zerrendatutako betebeharrak ez betetzeagatik.
c) 1. faseko bi klase edo jarduera baino gehiagotan huts egiteagatik, justifikaziorik gabe. Huts egitetzat joko da klasera ez joatea edo garaiz ez iristeagatik klasera ezin sartzea.
d) 1. fasean egindako ebaluazio, proba edo azterketak ez gainditzeagatik edo horietara ez aurkeztea arrazoi justifikaturik gabe.
e) 1. fasearen funtzionamendu eta garapen egokia eragozten duen edozein portaeragatik. Portaera desegokiagatik bi ohartarazpen jasotzen dituzten bekadunek berehala galduko dute bekadun izaera.
f) Kopiatzen edo plagiatzen jarduteagatik, 1. faseko proba, lan edo ebaluazioren batean.
g) A modalitateko bekadunen kasuan, akordiorik ez lortzeagatik enpresa edo organismo batekin 3. fasea bertan egiteko 2026ko azaroaren 15a baino lehen. Kasu horretan, beka abenduaren 31n amaituko litzateke.
h) B modalitateko bekadunen kasuan, akordiorik ez lortzeagatik enpresa edo erakunde batekin 3. fasea bertan egiteko 2026ko otsailaren 14a baino lehen.
i) Helmuga-aldaketak ez onartzeagatik, oinarri hauetako 9. artikuluko 4. puntuko e atalean ezarritakoaren arabera.
j) Oinarri hauetako 14. artikuluko k atalaren arabera agindutako mugikortasun-murrizketak ez onartzeagatik.
k) Enpresa edo erakunde parte hartzaileak praktikaldia amaitutzat emateagatik, bekadunari egotz dakiokeen arrazoiengatik. Enpresa edo erakunde kolaboratzaileak amaitutzat ematen baditu 3. faseko praktikak bekadunari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatik, hilabeteko epea emango zaio bekadunari beste enpresa edo erakunde bat bilatzeko. Epe hori amaitu eta ez badu beste aukerarik aurkitu, bekadun izaera galduko du.
l) 2. edo 3. faseko praktikak egiten diren entitatearen izen ona arriskuan jar dezakeen eta hartan eragina izan dezakeen edozein ekintza edo portaeragatik.
m) 3. faseko bekadunei dagokienez, enpresa edo organismo parte hartzaile batek oinarri hauetako 8. artikuluko c) atalean aipatutako balorazio-txosten negatiboa egiten badu, horrek berekin ekar lezake dirua itzuli behar izatea, gainerako inguruabarrak baloratzean hala komeni dela ondorioztatzen bada.
n) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako edozein egoera gertatzeagatik.
ñ) Beka normal garatzea eragozten duen gaixotasun, muga fisiko edo psikoren bat edo eguneroko bizitza mugatzen duen patologiaren bat edukitzeagatik.
2.– Bekadun izaera galtzeak berekin dakar jasotzeke dauden ordainketetarako eskubidea galtzea, eta bidegabeki jasotako zenbatekoak -osorik edo partzialki- eta horiei dagokien berandutze-interesa itzuli behar izatea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari. Horrez gain, kasuan kasuko zehapenak jar dakizkioke bekadunari.
3.– A Modalitateko bekadunen batek bekadun izaera galtzen badu artikulu honen 1. puntuan adierazitako arrazoiren batengatik, eta hori gertatzen bada helmugak esleitu ondoren baina bekaduna helmugara iritsi aurretik, plaza hori esleitzerik egongo da enpresekin hitzarmenik sinaturik ez duten B Modalitateko bekadunei. Horretarako, oinarri hauetako 8. artikuluko a atalean aipatzen den behin betiko zerrendako (BZ) ordena jarraituko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin (aurrerantzean «DPBEDB»), Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin (aurrerantzean «DBEO»), eta datu pertsonalen babesaren arloan aplikatzekoa den gainerako araudiekin, jakinarazten da SPRIk tratatu egingo dituela eman dituzuen datuak eta Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko dituela.
Tratamendu hori deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskaeran oinarritzen da, helburutzat dauka eskatzen den laguntzaren espedientea kudeatzea, eta datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk daukan interes publikoa Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren sorrera-estatutuetako xedeak betetzeko.
Zilegi da informazio hori lagatzea oinarri arautzaile hauetan adierazitako erakunde kolaboratzaileari, Administrazio Publiko eskudunei zein SPRI Taldeko beste enpresa batzuei.
Datuak gordeta geratuko dira laguntza emateko espedientea tramitatzen den bitartean, eta lege-obligazioak betetzeko legez gorde daitezkeen denboran.
Interesatu guztiek dute eskubidea datuak zuzendu zein ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuak aurkaratzeko, datuen eramangarritasunerako, tratamendu automatizatu batean bakarrik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, eta datu-babesaren arloan aplikatzekoak diren gainerako araudietan aurreikusitako eskubideak baliatzeko, baldin eskubide horiek aplikagarriak badira, idatzizko jakinarazpen bat bidaliz helbide elektroniko honetara: lopd@spri.eus Era berean, interesatuek posible dute harremanetan jartzea Datuen Babeserako Ordezkariarekin, idatzizko jakinarazpen bat bidaliz helbide elektroniko honetara: dpd@spri.eus
Halaber, interesatu guztiek eskubidea dute erreklamazio bat aurkezteko dagokion Kontrol Agintaritzan eta, SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzan: www.avpd.euskadi.eus
Informazio gehigarri eta zehatz gehiago lortu nahi bada Datu Pertsonalen Babes arloko SPRIren jarduerari buruz, begiratu https://agenda.spri.eus/es/aviso-legal/ web-orrialdeko Pribatutasun-politika.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa izango da jurisdikzio eskuduna.
Bilbao, 2025eko martxoaren 24a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,
NAGORE BONILLA GABARAIN.
II. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPEN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA
D. [izen-abizenak] jaun/andrea, indarrean dagoen [...] zenbakidun NANarekin, eta [helbidea] helbidean duela,
Honako hau adierazten du, bere ardurapean:
I.– Programa honen xede den laguntza lortzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen ditu, eta, zehazki:
(i) Ez du beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikorik; edo beka eskatzeko orduan ez du eguneroko bizitza mugatzen dion patologiarik.
(ii) Ez da izan antzeko beka baten onuradun oinarrietako 4.1.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
(iii) 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere ez dago, hau da:
a) Epai irmo baten bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearen zigorra jaso izana; edo prebarikazioarekin, funtzionario-eroskeriarekin, ondasun publikoak bidegabe erabiltzearekin, influentzia-trafikoarekin, iruzurrekin eta legearen aurkako ordainarazpenekin lotutako delituengatik edo delitu urbanistikoengatik zigorra jaso izana.
b) Borondatezko konkurtso-aitorpena eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat aitortu izana, konkurtsoan aitortuta egotea (hitzarmen bat eragingarri bihurtu denean izan ezik), esku-hartze judizial baten mende egotea edo 2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legeak xedatutakoaren arabera ezgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako ezgaitze-aldia amaitu gabe egonda.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona fisiko batzuen legezko ordezkariak direnak honako lege hauek jasotako kasuren batean sartuta egotea bateraezintasuneko erregimenari dagokionez: Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargudun Publikoen Interes Gatazkak eta Jokabide Kodea Arautzen dituen 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legea, edo Hauteskunde Erregimen Orokorreko 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan xedatutako hautetsia izatea, gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan edo lege horretan ezarritako baldintzen arabera.
e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea, araudiak zehazten duen moduan.
f) Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea.
g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea, araudiak zehazten dituen baldintzetan.
h) Epai irmo baten bidez, zigor gisa, dirulaguntzak jasotzeko aukera galdu izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehatzago esanda, dirulaguntzen onuradun edo erakunde kolaboratzaile izaera ezin izango dute eduki sexu-arrazoiarekin lotutako jarduera baztertzailea egin badute edo sexu-arrazoiengatiko bazterkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso badute, zigor horretan ezarritako aldian zehar. Honako enpresa hauek ere ezingo dute jaso laguntzarik edo dirulaguntzarik: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izan behar dutenek baina ez dutenek; eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena do sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana ziurtatzen ez duten enpresek, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritako baldintzetan.
i) Pertsona fisikoa edo juridikoa, pribatua edo publikoa, ekonomia zirkularrerako kutsatutako lurzoruei eta hondakinei buruzko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatua egotea, dagozkion neurri zuzentzaileak abian jarri eta isuna ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonen mesedetan lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez bete izana, hori bete ahal izateko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.
II.– Eskaera honetako datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazio guztian jasotakoak egiazkoak eta osoak dira. Horrekin lotuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 28.7 artikuluak xedatutakoaren arabera, dagokion erantzukizuna hartuko du bere gain.
III.– Badauka aurreko I. atalean egindako adierazpena betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa, Administrazioaren esku jartzeko hark eskatzen dionean, eta konpromisoa hartzen du aurreko betebehar horiek betetzeko aitorpen edo baliatze horri dagokion denbora guztian.
IV.– Badaki erantzukizunpeko adierazpen honetan jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez badu, edo administrazio eskudunari ez badio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen duela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango duela dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren 4. atalari jarraikiz.
[ ] Ados nago goian adierazitako adierazpenen edukiarekin.