
45. zk., 2025eko martxoaren 6a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (140 KB - 4 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREA
1068
EBAZPENA, 2025eko otsailaren 20koa, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen Kontratazio Batzorde Delegatuko presidentearena, «Amorebieta-Etxanon (Bizkaia), Eubako pasabidearen ondoan aparkaleku gisa gaitutako lurra okupatzeko eta erabiltzeko jabari publikoko emakida» onartzen duena (Amorebieta emakida).
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak (ETS) duen ondarearen barruan, beste ondasun eta eskubide batzuen artean, sortu zenetik eraiki diren azpiegiturak daude, bai eta lehendik zeudenak ere, Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez atxiki zitzaizkienak. Hala berresten du, azken kasu horretarako, 118/2006 Dekretuaren 2.2 artikuluak –18/2006 Dekretua, ekainaren 6koa, Eusko Trenbideak / Ferrocarriles Vascos, S.A.ren kapitala hainbat ekarpen itzuliz gutxitzea baimentzen duena eta lehendik dauden trenbide-azpiegituren administrazioa Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari atxiki eta gomendiotan emateko dena–.
Bigarrena.– Abuztuaren 25eko 2488/78 Dekretuaren bidez, Eusko Kontseilu Nagusiari eskualdatu zitzaizkion, besteak beste, trenbideak eta tranbiak ezarri, antolatu, ustiatu eta ikuskatzeko eskumenak, baldin eta Estatukoak ez badira, oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen badira eta Renfen sartuta ez badaude.
Hirugarrena.– 1987ko irailaren 1ean, emate-akta sinatu zen, eta, horren bidez, Fevek Eusko Kontseilu Nagusiari eman zizkion Bilbo – Irun, Amorebieta – Gernika-Bermeo eta Zorrotza – Portua trenbideen zerbitzuak.
Laugarrena.– Amorebieta-Etxanoko Udalak, 2025eko urtarrilaren 30eko sarrera-erregistroaren bidez (sarrera-erregistroaren zenbakia: 79), emakida-eskaera egin du Euban egindako aparkaleku-partzelak aldi baterako erabiltzeko.
Eubako (Amorebieta-Etxano) trenbide-pasabidea kentzeko oinezkoentzako pasabidea egiteko obrak amaitu direnez, lur gaineko aparkaleku-partzela batzuk sortu dira; horretarako, 506,81 m2 hartu dira Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eta ETSri atxikita dauden lurretatik.
Aparkaleku horiek dauden bidetik zuzenean sartzen da trenbideetara, eta, bertan, metalezko ate bat jarri da, tren-azpiegituraren mantentze-lanetakoa ez den inor sartu ez dadin.
Udalak aldi baterako okupatu eta erabili nahi ditu, onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko helburuetarako, arestian deskribatutako lurrak hartzen dituzten trenbide-jabari publikoko ondasunak, txosten teknikoan erantsitako planoen arabera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Aurrekarietan aipatutako espedientearen xedea da jabari publikoko emakida bat arautzea onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko helburuetarako, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 68.a) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen trenbidearen jabari publikoko 506,81 m2-ko azalera partzialki okupatzeko eta erabiltzeko (erabilera erkide berezia), ibilgailuen aparkalekuaren erabilera publikorako.
Bigarrena.– Bide hori jabari publikoko ondasuna da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren titulartasunekoa, eta haren kudeaketa ETS ente publikoari atxikita dago. Emakidadunak proposatutako jarduera garatzeko erabiliko da zati batean, eta, horretarako, behar diren espedienteak izapidetu beharko ditu emakidadunak, bere kontura eta arriskura lortzeko emakida ustiatzeko eska daitezkeen mota guztietako baimenak eta lizentziak.
Hirugarrena.– Erreferentziako espedientean jasotako dokumentazioa eta informazioa aztertuta, behar bezala betetzen da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuan jabari publikoko emakidei buruz aurreikusitakoa.
Laugarrena.– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 70.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, ETSri dagokio, ondasuna atxikita duen entitatea den aldetik, administrazio-emakidei buruzko espedienteak izapidetzea.
Bosgarrena.– Emakida-erabakian jaso beharreko edukiari dagokionez, espedientean jasotako dokumentazioan eta informazioan hauek daude jasota (Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 72. artikulua):
– Ondasuna edo eskubidea erabiltzeko araubidea.
– Emakida zein ekonomia-araubidetara loturik dagoen.
– Jarri beharreko bermea, hala badagokio.
– Ondasuna edo eskubidea zaintzeko eta mantentzeko gastuak, zergak, tasak eta gainerako tributuak onartu beharra, eta ondasuna den horretarako erabiltzeko eta jasotako moduan entregatzeko konpromisoa.
– Dena delako ondasuna erabiltzeko edo ondasun horren gainean egin beharreko jarduera egiteko beharrezkoak diren lizentzia eta baimen guztiak bere kontura lortzeko konpromisoa.
– Okupazioak dakarren erantzukizuna onartzea, eta, beharrezkoa bada, horretarako asegurua hitzartu beharra ere aipatzea.
– Lagatzaileak beretzat gordetzea emakidako ondasuna ikuskatzeko ahalmena, emakidan ezarritako moduan erabiltzen dutela bermatzearren.
– Luzapenerako eta subrogaziorako epea eta araubidea, halakorik egotekotan. Edonola ere, aurretiaz baimena beharko da.
– Azkentzeko arrazoiak.
Seigarrena.– Hautatutako esleipen-prozedura Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 81. artikuluan araututako zuzeneko esleipena da, eta, hori emateko, Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 93. artikuluaren 1. apartatuan eta lege beraren 137.4 artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
Hona hemen emakidaren zehaztapen eta baldintzak:
– Udalak lortu nahi duen erabilera mota edo araubidea aldi baterako erabilera da, onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko helburuetarako, ekoizpeneko 50 urteko okupaziora mugatua edo behin eta berriz egiaztatu beharrekoa.
– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 72. artikuluaren arabera, ETSk ikuskatzeko eta zaintzeko administrazio-ahalmenak mantenduko ditu, bai txosten honen xede diren jabari publikoko ondasunen gainean, bai Udalak egin ditzakeen instalazio, lan edo eraikinen gainean, hori guztia jabari publikoko emakidaren xede diren lurrak eskabidean eta txosten honetan adierazitakoaren arabera okupatu eta erabiltzen direla bermatzeko.
– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 76.1 artikuluan aipatutako azkentzeko arrazoiez gain, eta 2387/2004 Errege Dekretu bidez onartutako Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren 32. artikulua aplikatuz, ETSk edozein unetan utzi dezake ondoriorik gabe edo alda dezake emakida hau, baldin eta emakidaren xede den aldi baterako okupazioa edo erabilera bateraezina bada gerora onartutako segurtasun-arauekin, edo kalterik eragiten bada trenbideko jabari publikoan, edo hura interes publikoko jardueretarako edo tren-azpiegituraren beharretatik kanpo erabiltzea eragozten bada, eta Amorebieta-Etxanoko Udalak ez badu kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.
– Bat-batean aldaketaren bat egin behar bada ETSk hasiera batean onartutako aldi baterako okupazioan eta erabileran, horretarako baimena beharko da, eta Amorebieta-Etxanoko Udalak eskatu beharko dio trenbide-azpiegituraren administratzaileari.
– Amorebieta-Etxanoko Udalak bere gain hartuko ditu kontserbazio-, mantentze-, zaintza- eta segurtasun-gastuak, zergak, tasak eta gainerako tributuak, bai eta jabari publikoko emakidaren xede diren lurrak, beren izaeraren arabera, aldi baterako erabiltzeko konpromisoa ere; halaber, Udalak berak hartuko du lurrak erabiltzeko behar diren lizentzia eta baimen guztiak bere kontura eskuratzeko konpromisoa.
– Aldi baterako okupazio horrek ez dio inolako erantzukizunik sortuko ETSri, eta eskatzailea izango da okupazio hori mantentzearen eta segurtasun-baldintzak zaintzearen arduraduna ezarritako epean; halaber, Udala edo haren izenean jarduten duena izango da erantzulea baldin eta kalterik eragiten bazaie ETSren jabetzei edo instalazioei, edo kalte edo hondamen pertsonal edo materialen bat eragiten bazaie hirugarrenei lur horiek aldi baterako okupatzearen eta erabiltzearen ondorioz.
– Horretarako, eskatzaileak, edo haren izenean jarduten duenak, aipatutakoak estaltzeko besteko aseguru-poliza bat edo batzuk entregatuko du/ditu ETSn. Poliza horietan, gainera, aipatuko da ETS eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra aseguratu gehigarriak direla, hirugarrenaren izaera galdu gabe. Poliza horrek frankizia badu, eskatzaileak edo haren izenean jarduten duenak erantzukizun pertsonala izango du frankiziaren zenbatekoari dagokionez.
– Eskatzailearen kontura izango dira emakidaren ondorioz sortzen diren zuzeneko edo zeharkako gastu guztiak, bai eta ezarritako baldintzak ez betetzeagatik trenbideko langileek egin beharreko joan-etorriengatik sortzen direnak ere. Horretarako, eskatzaileak edo, halakorik egon ezean, okupatzaileek hiru mila (3.000,00) euroko fidantza bat formalizatuko dute ETSn, okupazioa egin aurretik.
– ETSk eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez dute inolako erantzukizunik izango instalazioen aldi baterako okupazioaren eta erabileraren ondorioz interesdunek eta, oro har, eraginpean egon daitezkeen hirugarrenek jasan ditzaketen kalteengatik.
– Era berean, ETSk eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez dute inolako erantzukizunik izango eskatzaileak, okupatzaileek edo, oro har, hirugarren erabiltzaileek lurretan eragin ditzaketen kalteengatik.
– Behar ez bezala sartzen bada inor, edo tren-instalazioei edozein kalte egiten bazaie, Amorebieta-Etxanoko Udalaren erantzukizuna izango da, eta Udalaren kontura izango dira lurren okupazio-aldian sortzen diren konponketa-gastuak eta erantzukizunak.
– Amorebieta-Etxanoko Udalaren ordezkariak, bai eta lurren okupatzaileek ere, nahitaez bete beharko dituzte ETSko teknikariek emandako jarraibide guztiak.
– Lurzatia aldi baterako okupatzeko eta onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko helburuetarako erabiltzeko eskatu den jabari publikoko emakidaren epea berrogeita hamar (50) urtekoa izango da, gehienez, emakida sinatzen den egunetik aurrera.
– Era berean, jabari publikoko emakida Amorebieta-Etxanoko Udalaren alde dohainik egiteko aukerari dagokionez, emakida horrek ezin izango du berekin ekarri irabazizko kostu bidezko erabilgarritasun edo aprobetxamendurik administrazio horrentzat, esate baterako –baten bat aipatzearren, baina ez hori bakarrik– erabiltzaileek udalari kontraprestazio ekonomikoa ordaindu behar izatea aparkaleku-baimenak zehaztu edo arautzearen ondorioz.
– Amorebieta-Etxanoko Udalak obra, hobekuntza edo jarduketaren bat gauzatu behar badu lur horietan, nahitaezko administrazio-baimena eskatu beharko du horiek gauzatu ahal izateko.
– Horretarako, egikaritze-proiektua aurkeztu beharko dio ETSri (https://www.ets-rfv.euskadi.eus/baimena/trenbide-jabari-publikoko-eremuan-zortasun-eremuan-eta-afektazio-eremuan-obrak-egiteko-baimena/webets00-general/eu/), zehazki Ondare Sailari, hark, proiektua aztertu ondoren, dagokion baimen-proposamena idatz dezan, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planeko zehaztapenekin –Eusko Jaurlaritzaren 41/2001 Dekretuaren bidez onartu zen plan hori–, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen agindu orokorrekin, abenduaren 19ko 26/2022 Legearekin –aurrekoa aldatzen duena– eta Trenbide Sektorearen Erregelamenduarekin –azaroaren 30eko 2387/2004 Errege Dekretuaren bidez onartu zen–.
Horiek horrela, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen Kontratazio Batzorde Delegatuak hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Onartzea «Amorebieta-Etxanon (Bizkaia), Eubako pasabidearen ondoan aparkaleku gisa gaitutako lurra okupatzeko eta erabiltzeko jabari publikoko emakida», onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko helburuetarako, Amorebieta-Etxanoko Udalaren alde, berrogeita hamar (50) urteko eperako, emakida sinatzen den egunetik zenbatzen hasita, luzatzeko aukerarik gabe.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoko Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpen hau jaso edo, hala badagokio, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago 9/2017 Legearen 44.6 artikuluan –9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora– eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112., 21. eta hurrengo artikuluetan. Horretaz gainera, egoki iritzitako beste edozein errekurtso ere aurkez daiteke.
Bilbao, 2025eko otsailaren 25a.
Kontratazio Batzorde Delegatuko presidentea,
ANTONIO LÓPEZ PALENZUELA.
RSS