Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2025eko martxoaren 6a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
1063

EBAZPENA, 2025eko otsailaren 28koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2025eko deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2025eko otsailaren 27ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzetarako deialdia onartu du, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren m) letran xedatutakoarekin bat etorriz, eta Estatutu horiek bigarrenez aldatzen dituen abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkeraren arabera, erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2025eko deialdia argitaratzea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2025eko otsailaren 27ko bileran hartutako Erabakiaren bidez onartu zen, eta ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartutako Erabakiak ondorioak izango dituela, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Aditzera ematea berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, Ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 28a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA.
LAGUNTZEN 2025EKO DEIALDIA. LANERATZEKO ENPRESAK SORTZEKO ETA MANTENTZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN JUSTIZIA, LAN ETA GIZARTE SEGURANTZAKO SAILBURUAREN 2009KO MAIATZAREN 4KO AGINDUAN AURREIKUSITAKO LAGUNTZAK.

2009ko maiatzaren 4ko Aginduak laguntzak arautzen ditu laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko (2009ko maiatzaren 26ko EHAA, 98. zk.). Laguntza horiek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailak abiarazi zituen, enpresa horiei laguntza emateko, betiere haien ezaugarri eta beharrei egokituta. Horren esparruan, dirulaguntzak aurreikusten dira laneratzeko enpresak sortzea sustatzen duten entitateentzat, bai eta laneratzeko enpresentzat beraientzat ere, manten daitezen.

2009ko maiatzaren 4ko agindu horren 17. artikuluak berariaz xedatzen du urtero egingo dela bertan aurreikusitako laguntzen deialdia, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak bertan adierazten du aurrekontua zenbatekoa den eta eskabideak noiz arte aurkez daitezkeen. 18/2020 Dekretuak 6. artikuluan xedatzen duenez (18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), Lan eta Enplegu Sailari dagokio gaur egun enpleguari buruzko politika.

Bestalde, Lan eta Enplegu Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua izeneko organismo autonomoari dagokio, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan enpleguko, enplegurako prestakuntzako, autoenplegua sustatzeko eta enpresen sorkuntzako programak kudeatzeko eskumena, indarrean dagoen urriaren 13ko 3/2011 Legean ezarritako moduan. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, abian jarri zenez geroztik (2011ko urtarrilaren 1ean), bere gain hartu zuen laneko legedia betearazteko arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak kudeatzeko ardura, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan; eta bere gain hartu zuen, halaber, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak enplegu-politika aktiboen arloan betetzen zituen eginkizunen kudeaketa. Eginkizun horien artean dago 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntza-programa kudeatzea.

Lanbideren estatutuen 3. artikuluaren b) apartatuan xedatutakoarekin bat etorrita–maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren estatutu horiek–, Estatutuak bigarrenez aldatzen dituen abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak finkatutako testuaren arabera, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua sustatzeko eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketaren barruan sartzen da dirulaguntzetarako deialdiak onartzea ere, eta organismo autonomoaren Administrazio Kontseiluari dagokio funtzio hori, halaxe baitago ezarrita aipatutako estatutuen 7. artikuluaren f) apartatuan.

Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2025eko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2024ko abenduaren 19ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa. Plan hori Lanbideren webgunean dago argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus.

Era berean, laguntzak kudeatzen dituen organoa aldatu denez, eta publikotasun-printzipioa eta segurtasun juridikoaren printzipioa betetze aldera, komenigarria da dirulaguntzak emateko prozeduraren xehetasunak eta betebeharrak jakinaraztea laguntzak jaso ditzaketenei, ez baitatoz bat 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitakoarekin.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2025eko deialdia onartu du, era honetan onartu ere, organismo autonomo honen Administrazio Kontseiluak 2025eko otsailaren 27ko saioan (agindu horretan, laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen dira):

Lehenengoa.– Eskabideak aurkezteko epea.

Laguntza hauetarako eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 08:00etatik aurrera.

Bigarrena.– Diru-baliabideak.

1.– Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko diru-baliabideak 17.800.000 euro izango dira guztira. Horietatik, 4.500.000 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio; 5.000.000 euro, 2026ko konpromiso-kredituari; 5.000.000 euro, 2027ko konpromiso-kredituari, eta 3.300.000 euro, 2028ko konpromiso-kredituari, 3121 programaren kargura (Gizarte-inklusioa, 41. sekzioa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoari dagokiona, 07-Inklusioa zerbitzuan).

Baliabide horien bidez estaliko dira 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzak, eta lehen finkatutako 2025eko kredituko 800.000 euro jarriko dira 7. artikuluan aurreikusitako dirulaguntzetarako.

2.– 2025eko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatutako zenbatekoa, edo, beharrezkoa izanez gero, zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena; zenbateko gehigarria guztizko bolumenaren % 15 izango da, eta, dirulaguntzak emateko erabiltzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Gehieneko zenbatekoak handitzeko ebazpena deialdia argitaratzen den modu berean argitaratu beharko da, baina argitaratze horrek ez du ekarriko beste eskaera batzuk aurkezteko epe bat zabaltzea, ez eta ebazteko beste epe bat hastea ere. 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan araututako laguntzak estaltzeko diru-baliabideei buruzko gainerako aurreikuspenak agindu horren 23. artikuluan daude jasota.

Hirugarrena.– Dirulaguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak.

1.– Laguntza horiek jasotzeko eta emateko baldintzak 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan daude azalduta.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 9.4 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoari jarraituz, entitate onuradunak konpromisoa adierazi beharko du enpresa ez deslokalizatzeko lege horren 49. artikuluaren arabera.

3.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduaren 14. artikuluko betekizunez gain, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko debekuak ere aplikatuko dira. Horren ondorioz, ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean badaude:

a) Kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazteak edo hirigintza-delituak.

b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenatuta edo zehatuta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, edo, hala izan bada, igarota edukitzea kondena- edo zehapen-epea.

c) Konkurtso-deklarazio boluntarioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jotzea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu badu salbu), esku-hartze judizialaren menpe egotea, edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, edo hala egon izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaituta egonik.

d) Kausaren batean errudun deklaratuak izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkari direnak egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

f) Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

g) Paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea egoitza fiskala.

h) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

g) Zehapen administratibo edo penala jaso izana sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua, edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, edo zehapen-epea igaro izana.

h) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausaren bat izatea, barnean hauek direla:

– Berdintasun-planik indarrean ez edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez edukitzea ezarria neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarriak dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Zehatuta egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurriak ez hartzea.

m) Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea elkartea.

n) Inskripzio-prozedura administratiboa legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiolako eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, eta, eten bazaio, ebazpen judizial irmorik ez egotea dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen diona.

ñ) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitatea ez dena, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako eran.

Betekizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren heinean edo gehiagoan betetzen direnean (hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik aurreko ekitaldian fakturen % 90 ordainduta edukitzea abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean baino epe laburrago batean).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. apartatu honetan xedatutako betekizunen bat, eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko da betekizun hori. Baina ñ) apartatuko betekizuna dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ahal badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluaren a) apartatuan adierazitako ziurtagiriaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduaren arabera.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaile horrek ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburtua kontabilitate-araudiaren arabera, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) letran aipatzen diren dokumentuen bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, letra horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako letraren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduaren 22. bis artikuluan aurreikusitako eran (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, hala badagokio, entitate eskatzaileei eskatuko die dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik aurkezteko aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez baditu egiaztatzen 3. apartatuan –ñ) letran izan ezik– xedatutako eskakizunak, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dira, zeina eskabide-orrian jasota baitago.

Laugarrena.– Laguntzen prozedura, izapideak eta ebazpena, eta entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdiaren kudeaketa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan eskatutakoaren arabera izapidetu behar denez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartu duenez laguntzen kudeaketa, 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan jasotako arauek aldaketa hauek izan dituzte:

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren webgunean.

Helbide honetan daude eskuragarri laneratzeko enpresak sortzeko prozedura izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-orria: https://www.euskadi.eus/servicios/0136915.

Helbide honetan daude eskuragarri laneratzeko enpresak mantentzeko prozedura izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-orria: https://www.euskadi.eus/servicios/0136916.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire carpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren ahalordeen erregistroan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendaria izango da deialdi honetako dirulaguntza-eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko organo eskuduna.

3.– Kasuan-kasuan, deialdi honetako dirulaguntzak emateko zein ukatzeko, banakako eta berariazko ebazpena emango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak. Dirulaguntza ukatzen duen ebazpena ematen bada, berariaz adierazi beharko da eskaera ukatzeko arrazoia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Eskaerak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie laguntzak deialdiko betekizunak eta baldintzak betetzen dituztenei, harik eta aurrekontu-zuzkidura amaitu arte. Aurrekontu-zuzkidura amaitu eta gero, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, kreditua handitzen ez bada, eta EHAAn emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpen baten bidez.

5.– Entitate onuradunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote diruz lagundutako jardueren helburua edo izaera aldatzen duen gorabehera oro; eta, bestalde, organismo autonomo horrekin kolaboratu beharko dute aipatutako jarduerak egiaztatzeko, ikuskatzeko, kontrolatzeko eta haien segimendua egiteko prozeduretan.

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jaso dela adierazi beharko da, berariaz, diruz lagundutako jarduera guztietan, haien dibulgazioa egiten bada, hedatzen badira edo, hala badagokio, argitaratzen badira.

7.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du, hemen adierazitako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.


Azterketa dokumentala