
43. zk., 2025eko martxoaren 4a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (126 KB - 2 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
1021
AGINDUA, 2025eko otsailaren 23koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez indarrik gabe uzten baita agindu hau: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko apirilaren 20ko Agindua, «Euskal Esnea-Leche del País Vasco» bereizgarriaren kalitatea ziurtatzeko eskema onartzeko dena.
2012tik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari ordainketa zuzenak egiteari buruzko urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren bidez ezarri zen, besteak beste, «Behi-esnearen eta -esnekien kalitatea hobetzeko laguntza», ekoizpena kalitate-izendapen baten babesean merkaturatzen duten esnetarako behi-aziendaren ustiategien titularrentzat; estatuaren eremuan, kalitate-izendapentzat hartzen dira «abeltzaintza integratua» eta «kalitatea ziurtatzeko eskemak».
Laguntza horiek jaso ahal izateko «kalitatea ziurtatzeko eskemei» dagokien kalitate-sistemaren babespean, eskema horiek agintaritza eskudunak ofizialki aitortuta egon behar zuten autonomia-erkidegoan, eta kalitate-baldintzak eta -betekizunak jaso behar zituen aintzatespen formalak. Garai hartan, Euskal Autonomia Erkidegoko agintaritza eskuduna Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua zen. Sail horrek eskumen esklusiboa zuen Euskal Autonomia Erkidegoan, nekazaritza eta abeltzaintza arloan.
Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuan xedatutakoaren ondorioetarako, «Euskal Esnea-Leche del País Vasco» kalitate-izendapen gisa sartzen zenez estatuaren eremuko kalitate-sisteman, «Kalitate-ziurtagirien eskemei» zegokienez, beharrezkoa ikusi zen haren kalitate-baldintzak eta -betekizunak aitortzea.
Hori dela eta, «Euskal Esnea-Leche del País Vasco» kalitate-sistema aitortzea ebatzi zen, zeinaren baldintza eta betekizun nagusiak jaso baitziren «Euskal Esnea-Leche del País Vasco» bereizgarriaren kalitatea ziurtatzeko eskema aitortzeko Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko apirilaren 20ko Aginduaren eranskinean, 2012tik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari ordainketa zuzenak egiteari buruzko urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuan xedatutakoaren ondorioetarako.
Europar Batasunean Euskal Autonomia Erkidegoaren aurka aurkeztutako salaketa baten ondorioz, eta dagokion prozeduraren ondoren –erreferentzia: EUP (2021)9987 – CPLT (2021)01784–, Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion, besteak beste, ondoriorik gabe utz zezala Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko sailburuaren 2012ko apirilaren 20ko Agindua, «Euskal Esnea-Leche del País Vasco» bereizgarriaren kalitatea ziurtatzeko eskema onartzeko dena (2012ko apirilaren 30eko EHAA, 84. zk.).
Horretarako argudioa da agindu horrek kalitateko produktuaren eta haren jatorriaren arteko lotura argia ezartzen duten xedapenak jasotzen dituela, eta, hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako operadoreei kalitate-erregimenaz baliatzeko aukera murrizten diela, eta hori bateraezina dela Europar Batasuneko araudiarekin, zeinak eskatzen baitu beste estatu kide batzuetako produktuetara irekita egotea kalitate-araubideak, diskriminaziorik gerta ez dadin.
Horri jarraikiz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
Indarrik gabe uztea Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko apirilaren 20ko Agindua, «Euskal Esnea-Leche del País Vasco» bereizgarriaren kalitatea ziurtatzeko eskema onartzeko dena.
Bigarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo aurrera.
Hirugarrena.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025 otsailaren 23a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
RSS