
43. zk., 2025eko martxoaren 4a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (126 KB - 2 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1015
22/2025 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan preso dauden ikasleei euskara irakasteko HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin sinatutako kudeaketa-gomendioaren akordioa 2025. urterako luzatzeko baimena emateko erabakia.
Gobernu Kontseiluak, urriaren 29an egindako bilkuran, erabaki zuen Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan preso dauden ikasleei euskara irakasteko HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin sinatutako kudeaketa-gomendioaren akordioa 2025. urterako luzatzeko baimena ematea, eta behar bezalako publizitatea emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan preso dauden ikasleei euskara irakasteko HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin sinatutako kudeaketa-gomendioaren akordioa 2025. urterako luzatzeko baimena ematen duen erabakiaren testua, ebazpen honen eranskinean jasotzen baita.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 25a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 25EKO 22/2025 EBAZPENARENA
2025. URTERAKO LUZATZEA JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILAREN ETA HABE HELDUEN ALFABETATZE ETA BERREUSKALDUNTZERAKO ERAKUNDEAREN ARTEKO KUDEAKETA-GOMENDIORAKO AKORDIOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ESPETXEETAKO IKASLE PRESOEI EUSKARA IRAKASTEKOA.
BILDUTA:
Batetik, María Jesús Carmen San José López, Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, ekainaren 24ko 34/2024 Dekretuaren bidez egindako izendapenaren arabera.
Bestetik, Ibone Bengoetxea Otaolea, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, ekainaren 24ko 20/2024 Dekretuaren bidez egindako izendapenaren arabera, eta HABEren presidentea, azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sorraraztekoak eta euskaltegiak araupetzezkoak, bederatzigarren artikuluan ezarritakoaren arabera.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– 2024ko martxoaren 15ean sinatu zuten Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak (orain, Justizia eta Giza Eskubideen Saila, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren hamabigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera) eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak kudeaketa gomendiorako akordio bat, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetako ikasle presoei euskara irakasteko. 2024ko martxoaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zuten (59 zk.), eta 2024ko abenduaren 31ra arteko indarraldia zuen.
Bigarrena.– Akordio horren xedea da HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen gomendio uztea Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan dauden ikasle presoei ematen zaizkien euskara-ikastaroak (bai aurrez aurreko modalitatekoak, bai autoikaskuntzakoak) antolatzea, kontratatzea eta horien jarraipena egitea. Hori guztia, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak ez duelako akordio horretan ezartzen diren eginkizunak betetzeko behar den baliabide teknikorik, eta HABEk bai, ordea.
Hirugarrena.– Kudeaketa-gomendioaren akordioak, seigarren klausulan, urtero berritzea aurreikusten du, gehienez ere lau urtez, baldin eta dagokion ekitaldirako aurrekontu-esleipen egokia eta nahikoa badago.
Laugarrena.– Aurreko guztia kontuan hartuta, bildutakoek, esku hartzen duten kondizioarekin, adosten dute kudeaketa-gomendiorako akordioaren lehenengo luzapena formalizatzea, 2025eko abenduaren 31ra arteko ondorioak izango baititu, klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengo aldiz luzatzea, 2025. urterako, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra, 100.000 euroko aurrekontuarekin, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundearen arteko kudeaketa-gomendiorako akordioa, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan dauden ikasle presoei emango zaizkien euskara-ikastaroak antolatu, kontratatu eta horien jarraipena egiteko. Adostutako luzapena baldintza etengarri baten mende geratzen da, hau da, luzapenaren ondoriozko betebeharrak finantzatzeko kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintzaren mende.
Egoitza elektronikoa, 2024ko abenduaren 26a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeko presidentea,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
RSS