
43. zk., 2025eko martxoaren 4a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1014
AGINDUA, 2025eko otsailaren 20koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, Fundación Azanza Berrueta-Acideka izeneko fundazioaren espedientea Justizia Ministerioaren Erregistrora lekualdatzeari buruzkoa. Izan ere, fundazioaren estatutuetan aldaketak egin dira, helbideari eta jarduteko lurralde-eremuari dagokienez.
2024ko martxoaren 6an, desagertutako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko erregistroan telematikoki sartu zen 2024ko otsailaren 29an Francisco Regalado Marichalar notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoa (protokolo-zenbakia: 225).
Eskritura publiko horretan sartu zen Fundazioaren Patronatuko idazkariak, presidentearen oniritziarekin, 2023ko irailaren 26an egindako ziurtagiria, patronatuak 2023ko irailaren 25ean egindako bilerari buruzkoa. Bilera horretan, erabaki hauek hartu ziren aho batez: alde batetik, fundazioaren jarduera-eremua aldatzea, eta, ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko eremuko fundazio izatetik estatu-mailako fundazio izatera igaro zen; bestetik, fundazioaren estatutuak erabat bateratzea.
Fundazioen Erregistroak, 2024ko ekainaren 20ko idazki bidez, igorritako dokumentazioan antzemandako akatsak zuzentzeko eskatu zion Fundazioari, hain zuzen, patronatuaren ziurtagirian berariaz jasotzeko fundazioaren lurralde-eremua lekualdatzeko erabakia eta estatutuen 5. artikuluaren aldaketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.
2024ko uztailaren 19an, adierazitako akatsak zuzentzeko, espedientean dagoen dokumentazioa sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren Erregistroan.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau Agindu bidez ebaztea –ebazteko eskumena berea baita–, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua, eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatu behar diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.
Fundazioak bere lurralde-eremua behar bezala aldatu duela eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremua nabarmen gainditu duela egiaztatuta, bere jarduerak Estatuan garatzen dituenez, arrazoizkoa dirudi Fundazioaren espedienteak administrazio eskudunari helaraztea, kasu honetan, Estatuko Administrazio Orokorrari.
Hori guztia kontuan hartuta,
EBAZTEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Fundación Azanza Berrueta-Acideka izeneko fundazioaren estatutuen 4. eta 5. artikuluen aldaketa, hots, fundazioaren helbidearen eta lurralde-eremuaren aldaketa; 2024ko otsailaren 29an Francisco Regalado Marichalar notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoak jasotako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 225).
Inskripzio horren ondorioz, fundazioaren helbidea hau izango da: Velazquez kalea,16, Madril. Fundazioaren jarduera-eremua estatu-mailakoa izango da.
Bigarren artikulua.– Fundazioa Justizia Ministerioaren mendeko Estatuaren eskumeneko Fundazioen Erregistroan inskribatu dela jakinarazi ondoren, fundazioari irekitako erregistro-orria ezerezteko idazpena egin dadila Erregistro honetan.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 20a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS