Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2025eko otsailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
975

EBAZPENA, 2025eko otsailaren 10ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baitira «Zugastietan (Zornotza-Bermeo linea) trenbidea bikoizteko eraikuntza-proiektua» eta hori dagokion Ingurumen-inpaktuaren azterketa.

Lehiaketa publikoaren esleipenaren bidez, Euskal Trenbide Sareak (ETS) Sestra Ingeniería y Arquitectura enpresari kontratatu dio Zugastietan (Amorebieta–Bermeo linea) trenbidea bikoizteko eraikuntza-proiektua idazteko Laguntza Teknikoko Zerbitzua.

Trenbidea bikoizteak, Zornotzako geralekuaren eta Zugastietako geltokiaren artean bidaiari-trenak gurutzatzea ahalbidetuko du, Gernika-Bilbo zerbitzuen puntako orduetan maiztasuna areagotzeko. Aztergai den eremua Autzaganeko tunelaren irteera-ahotik (4+449 KP) Zugastietako geltokira (6+598 KP) doa.

Euskal Trenbide Sarearen (hemendik aurrera, ETS) trenbide-lineek 200 km-ko luzera dute guztira, eta ezaugarri garrantzitsu bat du: sarearen % 67k bide bakarra du, eta horrek nabarmen mugatzen du garraio-ahalmen orokorra, bai bidaiariena, bai salgaiena.

Ahalmen hori hobetzeko oinarrizko elementu gisa, ETSk «Zugastietan (Zornotza-Bermeo linea) trenbidea bikoizteko eraikuntza-proiektua» sustatzen du. Proiektu horri esker, Amorebieta eta Gernika arteko garraio-ahalmena hobetuko da, eta, horrela, gaur egungoak baino ezaugarri hobeak izango dituen zerbitzua emango da, herritarrek trenbidea gehiago erabil dezaten, garraio publikoaren erabilerak eta, bereziki, trenaren erabilerak ibilgailu pribatuarekin alderatuta dakartzan onurekin, besteak beste, CO2 isuriak murriztea.

Oro har trenbide-garraioaren ahalmena eta, bereziki, Zornotza-Bermeo linea hobetzea, indarrean dauden Lurraldearen Antolamendurako Artezpideek, lurralde-plangintzak (Busturialdea-Artibaiko LPP) eta plangintza sektorialak (trenbideen LPS) bultzatutako helburua da.

Amorebieta-Gernika linea 1888ko abuztuan inauguratu zen. Gaur egun, ustiapen-beharrengatik eta zerbitzua hobetzeko, behar besteko luzera duen bikoizketa puntual bat egin behar da, Muxikako geltokiaren (KP11+200) eta Zornotzako Bilbao-Donostia bide bikoitz orokorraren (KP 0+000) arteko tarteko kilometro-puntu batean «uharte dinamiko» bat garatzeko. Horri esker, trenak abiadura komertzialean gurutzatu ahal izango dira, martxa gelditu beharrik gabe.

Eraikuntza-proiektuaren xedea da ETSren Zornotza-Bermeo trenbidean bikoizketa zehatz bat egitea, egungo trenek duten 30 minutuko maiztasuna (2 tren orduko), 15 minutuko maiztasunera igaro dadin (4 tren orduko). Horrela, eskainitako zerbitzua nabarmen hobetuko da.

Bikoizketari esker bidaiarien trenak Zornotzako geralekuaren eta Zugastietako geltokiaren artean gurutzatzea ahalbidetuko du, Gernika-Bilbao zerbitzuen puntako orduko maiztasuna areagotzeko. Hala, proiektuaren xede den eremua Autzaganeko tunelaren irteera-ahotik (4+449 KP) Zugastietako geltokira (6+598 KP) joango da, baina bikoizketa bera 4+600 KPtik 6+598 KPra egitea planteatzen da.

Proiektuaren xedea ere bada, halaber, trenbideko mantentze-materiala (gutxienez 70 m-ko luzera erabilgarria) eta hari lotutako mantentze-lanak egiteko eremu bat (batez ere balastoa kargatu, deskargatu eta pilatzeko) lortzea.

Gaur egun, lan horiek egiteko, Gernikako herrigunean dagoen galtzada-bidea erabiltzen da, trenbidetik oso hurbil dauden etxebizitzak dituen eremu batean, eta, besteak beste, zarata-arazoak eragiten dizkie bizilagunei, makinak abiaraztean eta balastoa deskargatzean ezinbestean sortzen diren zaratak direla-eta. Egunean zehar ohiko tren-zerbitzuari ez eragitearren, Amorebieta-Bermeo tarteko trenbidearen mantentze-lanak gauez egiten direnez, arazoak areagotu egiten dira.

Hori dela eta, beharrezkoa da mantentze-lanetarako eremu berri bat sortzea, atalkako bide bat izango duena; trenbidea mantentzeko lanen hasiera Gernikako herrigunetik aldentzeko, azterketa-eremua aukeratu da lan horretarako.

Gaur egun, proiektuaren zatian bi trenbide-pasagune daude: batetik, Sitxeseko trenbide-pasagunea (6+035 KP), gaur egun ibilgailuak bertatik igarotzeko aukerarik ematen ez duena, eta, bestetik, Presosteko trenbide-pasagunea (6+260 KP), hesi batez hornitua eta ibilgailuak igarotzeko aukera ematen duena.

Trenbide-sektoreari buruzko 38/2015 Legearen arabera, trenbide-pasaguneen eremuan trenbidea bikoizteak pasagune horiek kendu eta gurutzatzeko alternatibak bilatzera behartzen du. Hori dela eta, proiektuak lehendik dauden trenbide-pasaguneak kentzea ahalbidetuko duten bideak eta konexioak eraikitzea jasotzen du, bestelako ibilbideak eskainiz, eremuaren egungo konektibitatea kaltetu ez dadin.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua hamaika milioi seiehun eta zortzi mila zazpiehun eta hirurogeita bost euro eta berrogeita lau zentimokoa da (11.608.765,44 euro); hau da, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua hamasei milioi zazpiehun eta hamabost mila laurehun eta hirurogeita bat euro eta hogeita hamasei zentimokoa da (16.715.461,36 euro) da, BEZa barne, eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua hamalau milioi berrehun eta hirurogeita hamar mila laurehun eta hogeita hamar euro eta laurogeita zortzi zentimokoa da (14.270.430,88 euro), BEZa kanpo.

Obrak burutzeko hogeita sei (26) hilabeteko epea aurreikusten da.

Trenbide Sektoreko Erregelamenduaren 11. artikuluaren arabera, eraikuntza proiektua behar bezala idatzita dago, eta dagokion informazio publikoa praktikatu ahal izateko legezko eta arauzko betekizun eta preskripzio guztiak betetzen ditu, behin betiko onartu aurretik.

Organo honek eskumena dauka trenbide-sareko azterlanak eta/edo proiektuak idatzi eta onartzeko, hala xedatzen baitu 382/2024 Dekretuak, azaroaren 19koak, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, 11.2.b) artikuluan.

Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.5 artikuluak ezartzen duenez, Informazio-azterlana, behin betiko onartu baino lehen, jendaurrean erakutsi beharko da hogeita hamar egun balioduneko epean, nahi duenak alegazioak aurkez ditzan trazaduraren kontzepzio globalaz, ikusmolde horrek interes orokorreko alderdiei eragiten dien neurrian.

Kasu honetan, Trenbide Sektoreari buruzko Legearen 5.3 artikuluari eta Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 9.2 artikuluari dagokienez, ez dago Eraikuntza Proiektuaren aurreko Informazio Azterlanaren beharrik, beraz, Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.6 artikuluari jarraituz, proiektuarekin izapidetze bera egingo da, informazio-azterlana balitz bezala.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren III. tituluaren II. kapituluaren eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean erakutsi beharko da, gutxienez, hogeita hamar egun balioduneko epean.

Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Jendaurrean jartzea «Zugastietan (Zornotza-Bermeo linea) trenbidea bikoizteko eraikuntza-proiektua» eta horri dagokion Ingurumen-inpaktuaren azterketa; hartara, hogeita hamar egun balioduneko epean, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, korporazioek, elkarteek eta partikularrek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte jarduketa horren edukiaz, interes orokorreko deklarazioa justifikatzen duten gorabeherez, trazaduraren kontzepzio globalaz eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterketaz.

Epe horretan, proiektua eta Ingurumen-inpaktuaren azterketa jendearen eskura egongo da, aztertu ahal izateko, Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Muxikako udaletxean eta Interneteko www.euskadi.eus web orrian, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren Garraioen ataleko Azpiegitura-proiektuei buruzko informazio publikoaren atalean:

https://www.euskadi.eus/zugastietan-zornotza-bermeo-linea-trenbidea-bikoitzeko-eraikuntza-proiektua/web01-a2trenbi/eu/

Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 10a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria.
(Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren Bigarren Xedapen Gehigarria).

Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordea,

MIGUEL ÁNGEL PÁEZ ESCAMENDI.


Azterketa dokumentala