Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2025eko otsailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
973

21/2025 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Arabako Foru Aldundiarekin eta Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin sinatutako hitzarmena, Arabako Lurralde Historikoko Añana eta Arabako Mendialdeko eskualdeetako landa-eremuko biztanleen farmazia-arreta hobetzeko proiektu pilotu bat garatzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Arabako Foru Aldundiarekin eta Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin sinatutako hitzarmena, Arabako Lurralde Historikoko Añana eta Arabako Mendialdeko eskualdeetako landa-eremuko biztanleen farmazia-arreta hobetzeko proiektu pilotu bat garatzekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 24a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 24KO 21/2025 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, ARABAKO FORU ALDUNDIAREN ETA ARABAKO FARMAZIALARIEN ELKARGO OFIZIALAREN ARTEKOA, ARABAKO LURRALDE HISTORIKOKO AÑANAKO ETA ARABAKO MENDIALDEKO ESKUALDEETAKO LANDA-EREMUKO BIZTANLEEN FARMAZIA-ARRETA HOBETZEKO PROIEKTU PILOTO BAT GARATZEKO
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Batetik, Miren Gotzone Sagardui Goikoetxea andrea, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisa, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2024ko maiatzaren 14a egindako bileran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimenduta.

Bestetik, Ramiro González Vicente gizona, Arabako Foru Aldundiaren Ahaldun Nagusia,

Bestetik, Milagros López de Ocariz López de Muniain andrea, Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren presidentea, Arabako Lurralde Historikoko farmazia-bulegoen titularren izenean eta ordezkaritzan, dagokion korporazio estatutuetan xedatutakoaren arabera.

HAU ADIERAZTEN DUTE:

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriak munduko bizi-itxaropen altuenetako bat du, eta, gainera, goraka doa eta horrek populazioaren zahartzea dakar.

Zahartzeak eragin argia du gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen gorakadan eta bizitzako azken etapetan mendekotasun-arazoak dituzten pertsonen kopuruan, bai eta, autonomia mantendu arren, zenbait jarduera egiteko zailtasunak dituztenen kopuruan ere.

Biztanle-talde horien artean zailtasun handiagoa dago botikak farmazia-bulegoetan jasotzeko, eta botikak hartzearekin lotutako akatsak izateko arriskua ere haunditzen da, hala nola, ahazte, ez-betetze, hartzeko arazo eta abarrei dagokien intzidentziak.

Arabako Lurralde Historikoan, biztanleen % 75 baino gehiago Gasteizen bizi da, eta kontraste handiak daude bere kuadrilletako eta udalerrietako dentsitate demografikoetan; desoreka nabarmena dago biztanleriaren lurralde-banaketan, eta landa-eremutzat sailkatutako Arabako udalerri asko daude (ELGAren irizpideen arabera, Eurostat, Landa Garapeneko Legea, ekainaren 30eko 7/2022 Legea. edo Eusko Jaurlaritzak garatutako Landa Eremuaren Zonakatzea). Horri gehitu behar zaio, gainera, Arabako udalerriek toki erakunde txiki (kontzejuak) asko dituztela, eta horiek herrixka edo herrigune txiki ugariz eta sakabanatuez osatuta egon daitezkeela, eta horrek zaildu egiten duela zerbitzuetarako irisgarritasuna.

Farmazia-bulegoak herriguneetatik urrun daude askotan.

Gainera, bi eskualdetan biztanleria-dentsitatea 12,5 biztanle/km2-tik beherakoa da. Europako Batzordearen iritziz maila hortatik behera despopulazio-arriskua dago. Arabako mendialdea (5 biztanleko dentsitatea/Km2) eta Añanako eskualdea (9 biztanle/Km2) dira bi eskualde horiek. Añanako Kuadrillan, 115 biztanlegune daude eta 4 farmazia bulego; Mendialdean, berriz, 2 bulego daude, eta guztira 47 biztanlegune.

Baldintza horiek guztiek agerian uzten dute programa espezifiko bat ezarri behar dela farmazia-arreta hobetzeko eta botikak etxez etxe emateko, Arabako bi eskualde horietako landa-biztanleriaren beharrei erantzuteko.

XEDAPENAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen helburua da Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Arabako Foru Aldundiko Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamendu Saila Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin lankidetzan aritzeko baldintzak ezartzea, Arabako Lurralde Historikoko Añanako eta Arabako Mendialdeko eskualdeetako landa-eremuko biztanleen farmazia-arreta hobetzeko proiektu pilotu bat ezartzeko, «Botika etxean eskura» izenekoa.

Bigarrena.– «Botika Etxean Eskura» proiektua.

Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialari dagokio hobekuntza-proiektu pilotu hori egitea eta ezartzea, bi administrazioekin adostu ondoren.

Proiektu pilotuaren helburu nagusia da Añanako eta Arabako Mendialdeko landa-eremuetan bizi diren pertsonei sendagaiak etxera ematea eta arreta farmazeutikoa hobetzea.

Honako helburu espezifiko hauek biltzen ditu:

– Programan parte hartzen duten pazienteei botikak etxean ematen laguntzea.

– Medikuak ezarritako jarraibideen arabera agindutako botikak hartzen laguntzea pazienteari.

– Etxeko farmazia-arreta pazienteen etxean.

– Medikazioaren erabilera berrikustea eta kontrolatzea.

– Botikekin lotutako arazoak identifikatzea eta botiken erabilerari lotutako emaitza negatiboak prebenitzen edo saihesten laguntzea.

– Tratamenduarekiko atxikidura hobetzen laguntzea (betetze terapeutikoa) eta dosifikazio-sistema pertsonalizatuak prestatzea atxikidura hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren kasuetan.

– Pazienteei beren botikak identifikatzen laguntzea, botikak emateko jarraibideak ezagutzea eta botikak maneiatzeko duten jarrera hobetzea.

– Asistentzia-trantsizioen ondoren pazienteen medikazioa bateratzea.

– Pazienteen jarraipen farmakoterapeutikoa garatzea.

– Tratamenduari berari buruz edo pazienteen beste alderdi batzuei buruz garrantzitsutzat jotzen diren oharrak jakinaraztea Osakidetzako Lehen Mailako Arretako profesionalei.

– Zaintzaileak badaude, haien lana erraztea eta botikak eskuratzearekin, kontserbatzearekin eta ematearekin zerikusia duten alderdiei buruzko prestakuntza eskaintzea.

Hirugarrena.– Onuradunak.

«Botika etxean eskura» programa honen onuradun izan daitezkeen pertsonak honako hauek izango dira: erreferentziako farmazia dagoen herrigunetik kanpo bizi direnak, medikazioaren laguntza behar dutenak, mugitzeko eta lekualdatzeko aldi baterako edo betiko zailtasunak dituztenak eta, gainera, honako irizpide hauetako bi gutxienez betetzen dituztenak:

– Gutxienez 2. mailako mendekotasuna duten pertsonak.

– Gaizki kontrolatutako patologiak dituzten pazienteak, osasun-sistemako profesionalen jarraibideei jarraituz.

Pertsona horiek «Botika etxean eskura» proiektuan sartzea borondatezkoa izango da, eta proiektuaren funtzionamendu-baldintzen onarpena sinatu beharko dute. Betekizun horiek jasota daude baimen informatuaren dokumentuan (1. eranskina).

Onuradunek edozein unetan utzi ahal izango dute programa, beren farmazian jakinarazteko baldintza bakarrarekin.

Laugarrena.– Proiektuan parte hartuko duten farmaziak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Farmazia Zuzendaritzak berariaz egiaztatutako farmaziek bakarrik parte hartu ahal izango dute «Botika etxean eskura» proiektuan.

Akreditazioa lortzeko, farmaziak, gutxienez, farmazialari bat izan behar du, Farmazia Zuzendaritzaren eta Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren artean adostutako prestakuntza-ikastaro teoriko-praktikoa egin duena, eta haren titularrak proiektuari atxikitzeko dokumentu bat sinatu behar du, 2. eranskinean agertzen dena.

Bosgarrena.– Farmaziaren aukeraketa.

Onuradunari edo haren zaintzaileari dagokio programa garatuko duen farmazia aukeratzea eta, hala badagokio, dosifikazio-sistema pertsonalizatuak prestatzea, Osasun Saileko Farmazia Zuzendaritzak egiaztatutakoen artean.

Seigarrena.– Farmazien jarduerak.

Baimen informatuaren dokumentua sinatu ondoren, hautatutako farmaziak onuraduna edo, hala badagokio, haren arduraduna elkarrizketatu behar du, programa behar bezala garatzeko beharrezkoak diren datuak lortzeko eta erregistratzeko, Farmazia Zuzendaritzak eta Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialak adostutako prozeduran ezarritakoaren arabera.

Farmaziak eskatzailearen datuak jasoko ditu eta baita programan sartzeko bere baimen informatua (1. eranskina).

Farmaziak onuradunaren datuak eta programa ebaluatzeko behar diren parametro eta adierazleak Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialari helaraziko dizkio eta honek Osasun Sailari bidaliko dizkio.

Farmazia onuradunaren preskripzio aktiboetara sartuko da, legez aurreikusitako moduan dispentsatuko ditu osasun-txartelaren bidez, eta bere etxean emango dizkio botikak.

Halaber, farmazialariak etxeko farmazia-arreta gauzatuko du onuradunaren etxean, eta onuradunak jasotzen dituen medikamentuen berrikuspena eta tratamenduen jarraipena burutuko ditu, tratamenduarekiko atxikimendurik dagoen eta botikekin erlazionatutako arazorik dagoen detektatzeko, hala nola interakzioak, bikoizketak, dosifikazio okerrak edo hartzeko tarte okerrak. Kasu horietan, zuzentzeko behar diren ekintzak zehazteko, preskripzioa egin eman dion medikuarekin jarri behar da harremanetan, gorabehera motaren eta esku hartzeko proposamenen berri emateko; proposamen horiek Jarraipen Batzordeak erabakitako sailkapenaren arabera identifikatuko dira.

Gainera, pazienteei eta zaintzaileei lagunduko die botikak identifikatzen, maneiatzen eta administratzen, bai eta medikazioa kontziliatzen ere, asistentzia-trantsizioak gertatzen direnean.

Dosifikazio-sistema pertsonalizatuak prestatu behar zaizkien pertsonen kasuan, zaintzapean gordeko dituzte dispentsatutako botikak, adostutako epean Dosifikazio-Sistema Pertsonalizatuak prestatzeko. Sistema horiek aldian-aldian prestatzen eta entregatzen jarraituko dute. Dosifikazio-sistema pertsonalizatuekin (DSP) batera, tratamendu bakoitzaren hasieran pazienteari edo haren zaintzaileari edo arduradunari bertan egokitutako botika guztien prospektuak emango zaizkio, eta sendagaiak kontserbatzeko baldintzei buruzko informazioa emango zaio.

Dosifikazio-sistema pertsonalizatuak prestatzeko aldia amaitu ondoren, edo tratamendua aldatzen denean, onuradunak farmazia-bulegoari entregatu beharko dizkio eskura dituenak, dauden egoera edozein dela ere, berriak jaso aurretik.

Hilero, farmaziak programaren ebaluazio-parametro eta adierazleei buruzko informazioa entregatu behar dio bere Farmazialarien Elkargo Ofizialari, pertsona onuradun bakoitzeko datu-bilketa orri bat osatuz, formulario bidez, 3. eranskinean jasotako ereduarekin bat eta telematikoki bidaliko da informazio-sistema espezifiko baten bidez.

Zazpigarrena.– Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren jarduerak.

Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialak hilero bete eta bidali behar du Osasun Sailera 5. eranskinean aipatzen den dokumentua, 3. eranskineko datuekin egindako txostenarekin batera.

Akreditazioko prestakuntza antolatzen den bakoitzean, Farmazialarien Elkargo Ofizialak prestakuntza-ikastaroaren programa bidaliko dio Osasun Sailari, Prestakuntza eman aurreko adoztasuna lortzeko. Era berean, egiaztapena lortu duten farmazialarien zerrenda bidaliko diote Osasun Sailari, 4. eranskinaren arabera.

Zortzigarrena.– Finantziazioa.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Arabako Foru Aldundiko Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamendu Sailak «Botika etxean eskura» proiektua finantzatuko dute, urtean 125.000 eurorekin, eta Arabako Foru Aldundiak 30.000 euroko ekarpena egingo du. Guztira 250.000 euro izango dira programak iraungo duen 2 urteetarako, eta horietatik 60.000 euro Arabako Foru Aldundiak jarriko ditu. Kopuru hori Arabako Foru Aldundiak ordainduko dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari.

Bederatzigarrena.– Ordainketa.

Zazpigarren estipulazioan jasotako informazioa jaso eta dagozkion egiaztapenak egin ondoren, 2024an, Osasun Sailak Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialari hilabeteko ordainduko dion zenbatekoa, onuradun bakoitzeko eta hilabeteko, honako tarifa hauen arabera izango da:

– Medikamentuak eta produktu sanitarioak entregatzea 5 euro/hileko entrega.

– Medikazioa berrikustea 10 euro/lehenengo bisita.

– Arreta farmazeutikoa(*) DSP gabe (2 urtean) 31,63 euro/zerbitzua.

– Atención farmacéutica(*) DSP arekin (hileko zerbitzua) 31,63 euro/hileko.

(*) Arreta Farmazeutikoa: Kontziliazioa, atxikimendua eta jarraipen farmakoterapeutikoa.

Elkargoak farmaziei dagokien zenbatekoa likidatuko du egin duten jardueraren eta zerbitzu motaren arabera.

Hamargarrena.– Jarraipen batzordea.

Hitzarmen honen interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak konpontzeko, hitzarmenaren xede diren jarduerak nola gauzatzen diren ebaluatzeko eta hitzarmen honetan ezarritako konpromisoak hobeto garatzeko eta betetzeko proposamenak egiteko, eta parte hartzen duten alderdien artean behar bezala koordinatzeko, jarraipen-batzorde bat eratuko da. Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren ordezkari bi izango dira, Arabako Foru Aldundiko Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamenduko Departamentuko ordezkari bi, eta Osasun Sailaren ordezkari bi eta horietako bat izango da batzordeburua.

Alderdien konpromisoa hitzarmena betetzen dela zaintzea da, eta, ez betetzeak, hitzarmena baliogabetzea ekarriko du.

Hitzarmenaren edukiaren aldaketa, sinatzaileek aho batez adostu beharko dute.

Hamaikagarrena.– Datuen babesa.

Alderdi sinatzaileek konpromisoa hartzen dute Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko. Halaber, 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena.

Hamabigarrena.– Indarraldia eta luzapena.

Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean, eta 2 urtez egongo da indarrean, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago Euskal Autonomia Erkidegoko eta Arabako Foru Aldundiko Aurrekontu Orokorretan. Aurreko paragrafoan aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, Hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute Hitzarmena 2 urtez luzatzea.

Eta azaldutako guztiarekin ados daudela adierazteko, agiri hau sinatu dute, jatorrizko bost aletan, goian adierazitako tokian eta egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 10a.

ALDERDI SINATZAILEAK

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

Arabako Foru Aldundiaren Ahaldun Nagusia,

RAMIRO GONZÁLEZ VICENTE.

Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko Presidentea,

MILAGROS LÓPEZ DE OCARIZ LÓPEZ DE MUNAIN.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala