Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2025eko otsailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
971

AGINDUA, 2025eko otsailaren 20koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Susana Monsma fundazioaren estatutuen aldaketa.

2025eko otsailaren 6an eskabide bat sartu da Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailean, Fundación Susana Monsma fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.

Eskabidearekin batera espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu da.

2024ko abenduaren 17an, fundazioaren patronatuak erabaki zuen fundazioaren estatutuetako artikulu hauek aldatzea:

– 8. artikulua (Patronatuaren osaera): patronatua osatzen duten pertsonen gutxieneko eta gehieneko kopurua aldatzen da. Orain, Patronatua gutxienez zazpi kidek eta gehienez hamaika kidek osatuko dute.

Gainera, artikulu horren hirugarren paragrafoa ezabatzen da, patronatuaren barruko karguak aipatzen zituena.

– 14. artikulua (Fundazioko presidentea): lehenengo eta bigarren paragrafoak aldatzen dira, presidentea hiltzen bada edo karguari uko egiten badio, hura hautatzeko prozesua zehazteko.

– 15. artikulua (presidenteordea): presidenteordea fundatzailea izango dela ezartzen da.

Erabaki hau publiko egin da, 2025eko otsailaren 5ean, Juan Ignacio Gomeza Villa notarioaren aurrean (protokolo-zenbakia: 203).

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua.

Espedienteari funtsezkotzat jotzen diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

Fundazioaren estatutuen testu bategina, 2025eko otsailaren 5eko eskrituran jasoa (protokolo-zenbakia: 203), Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak kontuan hartu beharreko azken bertsio balioduna izango da inskribatze-ondorioetarako.

Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Fundación Susana Monsma fundazioaren estatutuetako 8., 14. eta 15. artikuluetan egindako aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, azalpen-zatian aipatutako aldaketa txertatzeko, agindu honen datarekin eta Juan Ignacio Gomeza Villa notarioaren aurrean 2025eko otsailaren 5ean egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 203).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 20a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala