Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2025eko otsailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
970

44/2025 DEKRETUA, otsailaren 18koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio, alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasuneko akzioen ordezkariari sozietate horren estatutuen 6. artikulua aldatzeko adostasuna emateko.

Bilbao Exhibition Centre SA sozietatea 2001ean eratu zen, eta partaide hauek ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Barakaldoko Udala eta Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera.

Sozietate horren xedea da «merkataritza lehiaketak antolatu eta kudeatzea, jarduera ekonomikoaren adar ezberdinen eta aisialdi eta kulturarekin lotutako beste batzuen merkataritzako sustapen modura».

Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen Akziodunen Ezohiko Batzar Nagusiak, 2024ko abenduaren 16an egindako bilkuran, sozietatearen kapitala 31.999.968,00 euro zabaltzea erabaki zuen. Horretarako, gaur egungo akzioak bezalako (mota eta serie berekoak) 3.047.616 akzio berri jaulki eta zirkulazioan jarriko dira. Akzio bakoitzak 10,50 euroko balio nominala izango du, eta titulu nominatiboen bidez ordezkatuta egongo dira, 15.908.913tik 18.956.528ra zenbakituta, bi zenbakiak barne.

Bilera horretan, Barakaldoko Udalak, Bilboko Udalak eta Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak berariaz uko egin zioten akziodunen lehentasun-eskubideari, eta ez dute kapital-zabalkuntzan parte hartuko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen akziodun den aldetik, lehentasunezko eskubidea du sozietate horren Akziodunen Batzar Nagusiak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, bat etorriz Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan agindutakoarekin.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluak dioenez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da aurretiaz, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko ente baten bidez, sozietatea loturik dagoen edo loturik egongo den sailaren buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuratzea ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak sozietatean zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Bestalde, legegintzako dekretu beraren 111.2 artikuluak ezartzen duenez, zuzenean nahiz zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo instituzionalaren titulartasunekoak diren akzioen ordezkariek, sozietate-estatutuak onartzeko edo aldatzeko onespena emateko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute, betiere ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik dagoen sailaren buruak biek batera proposaturik.

Ondorioz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta Ogasun eta Finantzetako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko otsailaren 18an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, akzioak harpidetuz. Zenbatekoa, guztira, hamabost milioi bederatziehun eta laurogeita hemeretzi mila bederatziehun eta laurogeita lau (15.999.984,00) eurokoa da; hau da, kapital-zabalkuntzaren % 50. Eragiketa horren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak % 49,9897ko zuzeneko parte-hartzea izango du Bilbao Exhibition Centre SA sozietatean.

2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasuneko akzioen ordezkariari, kapital-zabalkuntzaren ondorioz, Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzeko adostasuna emateko, kapital-zabalkuntza horri dagozkion baldintzetan, kapital sozialaren kopuru berria jasotze aldera.

3. artikulua.– Ogasun eta Finantzetako Saileko Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren ekintzak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko otsailaren 18an.

El Lehendakari,

IMANOL PRADALES GIL.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D’ANJOU OLAIZOLA.


Azterketa dokumentala