
41. zk., 2025eko otsailaren 28a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (236 KB - 18 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
SEGURTASUN SAILA
960
EBAZPENA, 2025eko otsailaren 10ekoa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Ertzaintzaren Ikuskapen eskalako Ofizial Ondokoaren kategoriara igotzeko hautaketa-prozeduraren deialdia egiten duena.
Deialdi hau arau hauetan xedatutakoaren arabera egiten da: 1/2020 Legegintzako Dekretua, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onesten duena; 15/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko segurtasun publikoaren sistema antolatzekoa; 315/1994 Dekretua, uztailaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-erregelamendua onesten duena; eta 58/2023 Dekretua, apirilaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duena.
Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Errektoreak ere onetsi du jarduera, eta aintzat hartu da Segurtasuneko sailburuordeak kontu honen inguruan egindako eskaera.
Hori guztia kontuan hartuta, zuzendari honek erabaki du Ertzaintzaren Ikuskapen eskalako Ofizial Ondokoaren kategoriara igotzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea, klausula hauen arabera:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategineko 79.1 artikuluarekin bat etorriz, barne-sustapen bidez eta oposizio-lehiaketaren bitartez Ertzaintzaren Ikuskapen eskalako Ofizial Ondokoaren kategorian sailkatutako 242 lanpostu betetzeko hautaketa-prozedurako deialdia egiten da. Lanpostu horiek euskal administrazio publikoetako funtzionarioen sailkapeneko C taldeko C-1 azpitaldekoak dira; zehazki, hauek:
127 lanpostu espezialitaterik gabe (Herritarren Segurtasuna); horietatik 91k derrigortasun-data iraungia dute, eta 36k, berriz, ez dute derrigortasun-data iraungirik.
Lanpostu 1 espezialitaterik gabe (Herritarren Segurtasuna), Operadorea, berariazko titulazioaren betekizunarekin: Mendi ertaineko edo espeleologia edo eskaladako edo goi-mendiko kirol-teknikaria. Ez du derrigortasun-data iraungirik.
11 lanpostu Brigada Mugikorra / Esku-hartzea espezialitatea dutenak; horietatik 2k derrigortasun-data iraungia dute, eta 9k, berriz, ez dute derrigortasun-data iraungirik.
Lanpostu 1 Eskoltak/Esku-hartzea espezialitatea duena, derrigortasun-data iraungirik gabea.
2 lanpostu Esku-hartzea espezialitatea dutenak, biak ere derrigortasun-data iraungirik gabeak.
89 lanpostu CICG2/CIC espezialitatea dutenak; horietatik 58k derrigortasun-data iraungia dute, eta 31k, berriz, ez dute derrigortasun-data iraungirik.
2 lanpostu espezialitaterik gabe (Herritarren Segurtasuna), Pilotua, berariazko titulazioaren betekizunarekin: C Pilotua espezialitatea eta aeronautikako 1. motako ziurtagiri medikoa indarrean, edo Helikopteroko Pilotu Komertzialaren espezialitatea eta Aeronautikako 1. motako ziurtagiri medikoa indarrean. Ez dute derrigortasun-data iraungirik.
9 lanpostu Bide Segurtasuneko espezialitatea dutenak; horietatik 7k derrigortasun-data iraungia dute, eta 2k, berriz, ez dute derrigortasun-data iraungirik.
Deialdiko lanpostu-kopurua handitu ahal izango da, aintzat hartuz Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-erregelamendua onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuko 40.2 artikuluan aurreikusitakoa, eta Ertzaintzako Ikuskapen eskalako Ofizial Ondokoaren kategoriako lanpostu hutsen arabera. Horretarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebazpena emango du, eta hogeita bigarren oinarrian ezarritakoaren arabera argitaratuko da.
Gehikuntza hori Hamaikagarren Oinarriko bosgarren apartatuan aurreikusitako tramitea baino lehen egin beharko da.
Bigarrena.– Parte hartzeko betekizunak.
1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek betekizun hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:
a) Aldez aurreko eskabidea egitea.
b) Ertzaintzako karrerako funtzionarioa izatea.
c) Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalan zerbitzu aktiboan egotea, edo seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian edo zerbitzu berezietan.
d) Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako kategorietan 4 urtez zerbitzu eraginkorra eman izana.
Zerbitzu eraginkorrak Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuko 78.4 artikuluan ezarritakoaren arabera zenbatuko dira: «Jatorrizko kategorian edo eskalan egindako zerbitzu eraginkorren denbora kalkulatzeko, barne-sustapeneko sarbidea ahalbidetzen duten administrazio-egoeretan emandako denbora eta aurretik egindako praktikaldiaren denbora gehituko dira; baina, betiere, hautaketa-prozesua gainditu bada.»
e) Falta astuna edo oso astuna egiteagatik zehapenik jaso ez izana, salbu eta ezarritako zehapena ezereztea lortu bada.
f) Espezialitate jakin bat eskatzen duten lanpostuetarako aurkeztuz gero, dagokion espezialitatea izatea.
g) Espezialitaterik eskatu ez arren titulazio zehatza eskatzen duten lanpostuetara aurkeztuz gero, titulazioari dagozkion betekizunak betetzea.
h) Derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna egiaztatua izatea, hala badagokio.
2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko apartatuan ezarritako betekizun guztiak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen. Halere, egiaztapena egiteko prozedura-fasea ere bete beharko dute, halakorik balego.
3.– Onartua izateko eta hautaketa-prozeduran parte hartu ahal izateko, nahikoa izango da eskabidean adieraztea bete beharreko betekizun guztiak betetzen direla, betiere eskabideak aurkezteko epearen amaiera-datari dagokionez. Deialdia egin duen organoak ofizioz egiaztatuko ditu betekizun horiek. Horretarako, dagokion ziurtagiria eskatuko dio Giza Baliabideen Zuzendaritzari.
4.– Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, izangai onartuen eta baztertuen zerrenda ontzat emateko eskumena duen organoak jakiten badu, hautaketa-prozeduraren edozein unetan, haietakoren batek ez dituela betetzen deialdian parte hartzeko betekizunak, hautaketa-prozeduratik kanpo utziko du, haren iritzia entzun ondoren.
Hirugarrena.– Eskabideak.
1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek GURENET intranetaren bidez egin beharko dute eskabidea, eta han eskura egongo den eskabide-eredua bete beharko dute. Eskabide horretan adierazi behar dute barne-sustapenaren bidez eskainitako zein lanpostutara aurkeztu nahi duten, lehentasun-ordenaren arabera.
Gutxieneko denbora bat egiteko betebeharra duten funtzionarioek berariaz eta lehentasunez eskatu beharko dituzte beharkizun horri lotutako espezialitateko lanpostuak, eta, hala egiten ez badute, nahitaez atxiki ahal izango zaizkie lanpostu horiei.
2.– Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
3.– Oposizioko probak zein hizkuntzatan –euskaraz edo gaztelaniaz– egin nahi diren adierazi beharko da eskabidean. Eskabidean adierazitako aukera aldatu ahal izango da; horretarako, idatziz jakinarazi beharko zaio epaimahai kalifikatzaileari, probak eta/edo ariketak egin baino 72 ordu lehenago gutxienez.
4.– Eskabide hori betetzeak esanbidez adieraziko du eskatzaileak deialdi honetan parte hartzeko bete beharreko betekizun guzti-guztiak betetzen dituela, eskabideak aurkezteko epearen amaiera-datari dagokionez.
Laugarrena.– Izangaiak onartzea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, eta bigarren oinarrian ezarritako betekizunak betetzen direla ofizioz egiaztatu ostean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ontzat emango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda. Zerrenda hori hogeita bigarren oinarrian ezarritakoaren arabera argitaratuko da.
2.– Behin-behineko zerrendan, izangaiak baztertzeko kasuan kasuko arrazoiak adieraziko dira, eta 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.
3.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtzen duen ebazpenean onartu edo baztertuko dira aurkeztutako erreklamazioak. Zerrenda hori lehen apartatuan ezarritakoaren arabera argitaratuko da.
Bosgarrena.– Epaimahai Kalifikatzailea.
1.– Oposizio-lehiaketako probak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko eta parte hartuko duten pertsonak aukeratzeko, epaimahai kalifikatzaile bat eratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuan eta uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Epaimahai hori mahaiburu batek, bi kidek eta idazkari batek osatuko dute.
Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta horien ordezkoen izendapena hogeita bigarren oinarrian zehaztutakoaren arabera jakinaraziko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuarekin bat etorriz, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egongo da epaimahaian.
2.– Epaimahai Kalifikatzailearen jarduera kide anitzeko organoen funtzionamendu-arauek zuzenduko dute.
Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeko 23. eta 24. artikuluetan jasotzen diren abstentzio- eta errekusazio-kausak aplikatuko zaizkie.
Epaimahai Kalifikatzaile horretan parte hartzeak legez ezarritako ordainsariak jasotzea ekarriko du berekin.
3.– Hautaketa-sistema osatzen duten probak eta merezimenduak garatzea eta ebaluatzea Epaimahai Kalifikatzaileari dagokio, eta horrek autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaren erantzukizuna izango du eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.
4.– Epaimahai Kalifikatzaileak aholkulariak edo espezialistak sar ditzake bere lanetan hautaketa-sistema osatzen duten proba guztietarako edo batzuetarako, eta pertsona horien zeregin bakarra izango da beren espezialitateen alorreko aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea.
5.– Epaimahai kalifikatzaileak hautaketa-sistema garatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu oinarri hauetan zehaztu gabeko gai guztietan, eta haren interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren gai guztiak ebatzi ahal izango ditu; bestalde, bere eginkizunak betetzeko behar diren neurriak ere hartu ahal izango ditu.
6.– Epaimahaiak ezingo ditu hautatu deialdian zehaztutako lanpostu-kopurua baino izangai gehiago, eta muga hori gainditzen duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.
7.– Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiak hogeita bigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.
8.– Epaimahai Kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak helbide elektroniko honetara bidaliko dira: 2025suboficial@seg.euskadi.eus.
Epaimahaiak bide beretik erantzungo die jasotako idazkiei.
Seigarrena.– Hautaketa-prozesua.
1.– Hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa izango da, eta honela egingo da: oposizio-prozedurak eta lehiaketa-prozedurak egingo dira elkarren segidan, parte-hartzaileen gaitasuna eta horren ondoriozko lehentasun-ordena zehazteko.
2.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango, eta hor lortutako puntuak ezin izango dira kontuan hartu oposizio-faseko ariketak gainditutzat jotzeko edo horietan lortutako kalifikazioak aldatzeko.
Zazpigarrena.– Oposizioa.
Oposizio-fasean proba hauek egin beharko dira elkarren segidan:
1.– Lehenengo proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, jakintza-proba bat izango da, idatziz erantzun beharreko test motako galdetegi bat.
Probaren edukiak ebazpen honen eranskinean zehaztuta daude.
Test motako galdetegiko galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta bakarra izango da zuzena.
Proba honetan, erantzun zuzen bakoitzak puntu bateko balioa izango du, eta erantzun oker bakoitzak 0,333ko zigorra jasoko du, erantzun zuzen bakoitzaren balioari dagokionez. Erantzun gabeko galderak eta erantzun bikoitzak ez dira zigortuko.
Proba hau 0 eta 200 puntu artean baloratuko da, eta kanpoan geratuko dira gutxienez 100 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
2.– Bigarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, proba psikotekniko bat izango da, eta GAI edo EZ GAI kalifikatuko da.
Proba honetan ebaluatuko da zer gaitasun duten izangaiek Ertzaintzaren Ikuskapen eskalako Ofizial Ondokoaren kategoriako polizia-lanak egiteko.
Proba honek 0 puntutik 40 punturako balioa izango du. Lau ariketa izango ditu, eta horietako bakoitzak 0 eta 10 puntura arteko balioa izango du. Test motako galdetegi bat erantzun beharko da, idatziz; galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta bakarra izango da zuzena.
Ariketa bakoitzean, erantzun oker bakoitzak 0,333 puntuko zigorra jasoko du. Erantzun gabeko galderak eta erantzun bikoitzak ez dira zigortuko.
Proba honetan gaitasun hauek baloratuko dira:
a) Arrazoitzeko gaitasuna.
b) Hautemateko gaitasunak (identifikatzea, bereiztea...).
c) Gaitasun espazialak.
d) Ahozko adierazpenerako gaitasunak.
Gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak automatikoki baztertuko dira, eta EZ GAItzat joko dira.
3.– Hirugarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, nortasun-proba bat izango da, eta GAI edo EZ GAI kalifikatuko da.
Proba hau 0 eta 40 puntu artean baloratuko da, eta gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak zuzenean EZ GAItzat joko dira. Proba hau baloratu ahal izateko, item guztiei erantzun beharko zaie. Baieztapenen bati erantzuten ez bazaio, galdera batek erantzun bat baino gehiago baditu, erantzun bat zuri utzi bada edo erantzun bat ezeztapen-lerroan markatu bada, galdera horrek 0 puntuko balioa izango du berari dagokion eskalan.
Proba honetan nortasun-test bat egingo da lan-jarduerarekin zerikusia duten jokabideak neurtu eta ebaluatzeko, bai eta hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonetan desorekaren edo egokitu ezinaren adierazleak hautemateko ere.
Proba hau deialdiko lanpostuaren lanbide-profilari buruzkoa izango da.
Zortzigarrena.– Oposizio-faseko proben garapena.
1.– Probak ezin izango dira hasi deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete igaro arte.
2.– Probak egiteko eguna, ordua eta lekua hogeita bigarren oinarrian zehaztutakoaren arabera iragarriko dira, gutxienez zazpi egun naturaleko aurrerapenarekin, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
3.– Epaimahaiaren deialdira adierazitako egunean, orduan eta lekuan derrigorrezko probak egitera agertzen ez direnak automatikoki baztertuko dira hautaketa-prozeduratik, baita ezinbesteko arrazoiak tartean daudenean ere. Arau bera aplikatuko zaie probak jada hasiak direla aurkezten direnei ere.
Aurreko paragrafoetan ezarritakoaren salbuespen gisa, aukera- eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, hautaketa-proben garapenean, Epaimahai Kalifikatzaileak probak egiteko data eta/edo tokia egokitu ahal izango ditu haurdunaldiagatiko arrisku-arrazoiengatik edo erditze aurreko edo ondoko aldian egoteagatik hala behar duten emakumeen kasuan, baldin eta inguruabar horiek Epaimahai Kalifikatzaileari probak edo ariketak egin aurretik jakinarazten bazaizkio eta medikuaren ziurtagiriaren bidez egiaztatzen bada.
4.– Parte-hartzailearen nortasuna egiaztatzen duen dokumentazioa eraman beharko da probetara, eta Epaimahai Kalifikatzaileak une oro eskatu ahal izango du dokumentazio hori aurkezteko.
5.– Probak amaitzean, Epaimahai Kalifikatzailearen Erabaki bidez, probak gainditu dituztenen eta kanpoan geratu direnen zerrenda argitaratuko da, hogeita bigarren oinarrian ezarritakoaren arabera, eta lortutako puntuazioa berariaz adieraziko da.
6.– Oposizioko probak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan egin ahal izango dira.
Bederatzigarrena.– Lehiaketa.
1.– Lehiaketa-faseko kalifikazioa oposizio-fasea gainditu dutenei bakarrik aplikatuko zaie.
2.– Merezimenduak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna kontuan hartuta baloratuko dira.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuko 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, deialdian parte hartzeko eskatutako betekizun eta baldintzak ezin izango dira merezimendutzat hartu.
4.– Baloratu daitezkeen merezimenduak hautaketa-prozesuko izangaien espediente pertsonalean jaso behar direnez, ez da beharrezkoa izango ez alegatzea ez egiaztatzea.
Ofizioz egiaztatu eta baloratuko dira, kontuan hartuta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean espediente pertsonalean aurkeztutako merezimenduak bakarrik baloratuko direla. Ondoren aurkeztutakoak ez dira baloratuko.
5.– Lehiaketa-fasean merezimenduak baloratuko dira, 90 puntura arte, baremo honen arabera:
5.1.– Historia profesionala baloratuko da, gehienez ere 53 punturekin. Horretarako, kontuan hartuko dira Ertzaintzaren postuetan egindako lanak eta polizia-lanean lortutako aintzatespenak.
5.1.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onesten duen 388/1998 Dekretuko II., III. eta IV. kapituluetan zehaztutako edozein bide erabilita lanpostuetan egindako lanbide- edo zeregin-jarduna baloratuko da.
Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko azken egunaren aurreko 15 urteetan Ertzaintzan egindako lana baloratuko da, eta, horretarako, egoera administratibo hauetan emandako aldiak hartuko dira kontuan: zerbitzu aktiboa, bigarren jarduera, seme-alabak zaintzeko eszedentzia, senideak zaintzeko eszedentzia eta genero-indarkeriagatiko eszedentzia; beraz, ez dira aintzat hartuko aipatu ez diren beste egoera administratibo batzuetan emandako aldiak.
Lanpostu bakoitza Ertzaintzako lanpostuen zerrendan jasotako lanpostu-kodeak identifikatuko du.
Apartatu honi gehienez ere 50 puntu emango zaizkio, baremo partzial honen arabera:
Ertzaintzaren Ikuskapen eskalan sailkatutako lanpostuetan, 0,40 puntu lanean egindako hilabete oso bakoitzeko.
Ertzaintzaren Oinarrizko eskalako Agente Lehenaren kategorian sailkatutako lanpostuetan, 0,25 puntu lanean egindako hilabete oso bakoitzeko.
5.1.2.– Polizia-lanarengatik lortutako aintzatespenei 3 puntu emango zaizkie gehienez. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren esparruan polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak emateko araubideari buruzko abenduaren 7ko 146/2022 Dekretuak aipatzen dituen aintzatespenak baremo honen arabera baloratuko dira:
a) Polizia-lana aitortzeko domina, bereizgarri gorriarekin: 3 puntu.
b) Polizia-lana aitortzeko domina, bereizgarri berdearekin: 2 puntu.
c) Polizia-lana aitortzeko domina, bereizgarri zuriarekin: 1 puntu.
5.2.– Ikasketak, gaikuntza eta lanbide-hobekuntzako jarduerak baloratuko dira, gehienez ere 13 punturekin. Apartatu honetan titulazio eta diploma ofizialak sartzen dira, eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak halakotzat onartutakoak baizik ez dira baloratuko.
Gehienez ere 13 puntu emango zaizkie, baremo honen arabera:
a) Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruaren 1. mailan (Kualifikazioen Europako Esparruaren 5. maila) sartzen den titulazio ofizial bakoitza 2 punturekin balioetsiko da.
b) Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruaren 2. mailan (Kualifikazioen Europako Esparruaren 6. maila edo goragokoa) sartzen den titulazio ofizial bakoitza 5 punturekin balioetsiko da.
c) Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 3. mailan (Kualifikazioen Europako Esparruko 7. maila) sartzen den titulazio ofizial bakoitza 10 punturekin balioetsiko da.
d) Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruaren 4. mailan (Kualifikazioen Europako Esparruaren 8. maila) sartzen den titulazio ofizial bakoitza 13 punturekin balioetsiko da.
Titulazio bakarra baloratuko da, aurkeztutakoen artean mailarik handiena duena.
Unibertsitateen berezko tituluak ez dira baloratuko.
5.3.– Ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutza. Hizkuntza horien ezagutza egiaztatzen duten agiriak baloratuko dira, baldin eta balio akademikoko tituluak emateko legez gaitutako hezkuntza-zentroek emandako ziurtagiri ofizialak badira.
Apartatu honetan 4 puntu lortu ahal izango dira gehienez, xehetasun eta maila hauen arabera:
a) Tarteko maila (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko B2 edo baliokidea): 1 puntu hizkuntza bakoitzeko.
b) Maila aurreratua (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko C1 edo goragokoa edo baliokidea): 3 puntu hizkuntza bakoitzeko.
Hizkuntza bera ez da behin baino gehiagotan baloratuko; beraz, mailarik handieneko titulua bakarrik hartuko da kontuan.
5.4.– Ertzaintzako antzinatasuna.
Ertzaintzako antzinatasuna zenbatzeko, zerbitzu aktiboan eta bigarren jardueran igarotako denbora hartuko da kontuan, praktiketako funtzionario gisa igarotako denbora barne. Era berean, honako egoera hauetan emandako denbora ere zenbatuko da: seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian, ordezkaritza-organo publikoetarako hautagai gisa parte hartzeagatiko borondatezko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian, nahitaezko eszedentzian, zerbitzu berezietan eta zerbitzu-administrazioan beste administrazio publiko batzuetan. Zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako egoera aldatzen ez duten lizentziek eta baimenek ere ez dute etengo antzinatasunaren zenbaketa.
Praktiketako funtzionario izendapenaren ondorio-datatik aurrera hasiko da zenbatzen antzinatasuna, eta barne hartuko da Ertzaintzan sartzeko prozedurako prestakuntza-ikastaroan praktiketako funtzionario gisa igarotako denbora, non izangaia Ertzaintzako karrerako funtzionario izatera iritsi baitzen.
Falta arinagatiko eginkizun-gabetzeak ez du antzinatasunaren zenbaketa etengo. Falta astunen kasuan ere ez da antzinatasun-denbora murriztuko, baldin eta etete-zehapena Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuko 146. artikuluaren bosgarren apartatuan ezarritako modalitatearen bidez bete bada.
Antzinatasun-merezimendua Giza Baliabideen Zuzendaritzan dauden datuen arabera baloratuko da, hau da, 0,12 puntu emango dira Ertzaintzako Agente Lehenaren kategorian egindako antzinatasun-hilabete oso bakoitzeko, eta 0,06 puntu Ertzaintzako Agentearen kategorian egindako antzinatasun-hilabete oso bakoitzeko; gehieneko puntuazioa ez da inoiz 20 puntu baino gehiagokoa izango.
6.– Horretarako, oinarri honetan adierazitako denborak formula honen arabera kalkulatuko dira: (egun-kopurua x 12) / 365, dezimalak bazter utzita.
Hamargarrena.– Euskararen ezagutzaren balorazioa.
1.– Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da derrigortasun-data iraungia izateagatik betekizun hori ez duten lanpostuetan. Gehienez ere 20 puntu emango zaizkie hizkuntza-eskakizuna egiaztatua dutenei edo, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen aitortuta edo parekatuta daukatenei, baldin eta parekatze hori dekretu honekin bat badator: azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.). Baremo honen arabera baloratuko da:
– Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna: 10 puntu.
– Ertzaintzaren 2. hizkuntza-eskakizuna: 20 puntu
2.– Hautaketa-prozesuan ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.
3.– Egiaztapen hori ofizioz ziurtatu eta baloratuko du Epaimahai Kalifikatzaileak, eskabideak aurkezteko azken egunean bi erregistro hauetan dauden datuen arabera: Ertzaintzaren Hizkuntza Eskakizunen Erregistroa (30/1988 Dekretua, otsailaren 28koa; 1998ko martxoaren 6ko EHAA, 45. zk.) eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB).
4.– Oinarri honetako 1. apartatuan zehaztutakoa gorabehera, eta hautaketa-prozedurako sailkapen-ordena ezartze aldera, hautagai guztiei kalifikatuko zaie euskararen ezagutza-maila, baita euskara eskakizun duten lanpostuetarako hautatuak izan direnei ere.
Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketaren azken kalifikazioa.
1.– Oposizio-lehiaketaren azken puntuazioa bi faseetan lortutakoen batura izango da, eta, horri, hizkuntza-eskakizuna derrigorrezkoa ez den lanpostuetarako euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatzetik ateratzen den puntuazioa gehituko zaio; parte-hartzaileen lehentasun-ordena azken puntuazio horren arabera zehaztuko da.
2.– Lehentasun-ordenan berdinketak gertatuz gero, irizpide hauen arabera ebatziko dira, ezarritako hurrenkeran:
a) 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.
b) Puntuaziorik onena izatea ezagutza teorikoen proban.
c) Ertzaintzan antzinatasun handiagoa izatea.
d) Goragoko kategoria izatea.
e) Izangaiak lehentasun-hurrenkerarik onena lortu izana bere kategoriako hautaketa-prozesuan.
3.– Hautaketa-sistema osatzen duten proben eta merezimenduen sailkapena amaitu ondoren, Epaimahai Kalifikatzaileak oposizio-lehiaketa gainditu duten izangaien behin-behineko sailkapen-ordena onetsi eta argitaratuko du.
4.– Lehenengo oinarrian zehaztutako aukera bakoitzerako behin-behineko sailkapen-ordena bat ezarriko da, eta ordena hori bikoitza izango da lanpostu batzuetan derrigorrezko hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data iraungia eta besteetan iraungi gabe duten kasuetan. Horretarako, oinarri hauetan ezarritako sailkapen-irizpideak hartuko dira kontuan, eta aintzat hartuko dira orobat izangaiek eskabidean adierazitako lehentasun-ordenak. Hala dagokionean, berdinketa hausteko irizpideak eta ondoren adierazten diren irizpideak aplikatuko dira.
4.1.– Izangai hauek agertuko dira espezialitateei dagozkien zerrendetan eta espezialitaterik ez baina betekizun espezifikoa duten lanpostuen zerrendetan:
– oposizio-lehiaketa gainditua izanik, gutxieneko denbora bat egiteko betebeharra dutenak edo
– oposizio-lehiaketa gainditua izanik, gutxieneko denbora bat egiteko betebeharra ez dutenak, espezialitatearen eta/edo betekizun espezifikoa betetzen badute eta honako hau aukeratu badute:
– espezialitatea eskatzen duten lanpostuak edo
– espezialitate-betekizunik ez duten baina betekizun espezifikoa duten lanpostuak.
4.2.– Izangai hauek agertuko dira espezialitaterik eta betekizun espezifikorik gabeko lanpostuen zerrendetan:
– oposizio-lehiaketa gainditua izanik, gutxieneko denbora bat egiteko betebeharra ez dutenak, eta espezialitaterik eta betekizun espezifikorik gabeko lanpostuak aukeratu dituztenak.
– nolanahi ere, azken zerrenda horretan sartuko dira oposizio-lehiaketa gainditua izanik gutxieneko denbora bat bete behar dutenak eta:
• espezialitate bat aukeratu dutenak eta, lanpostu nahikorik ez dagoenez, espezialitateko lanposturik atxiki ez zaienak
• baldin eta, gainera, eskabidean espezialitaterik eta betekizun espezifikorik gabeko lanpostu bat eskatu badute beren lehentasunen artean.
4.3.– Zerrenda orokorra, izangai guztiek oposizio-lehiaketan lortutako puntuazioa jasotzen duena, horien guztien euskararen ezagutzaren balorazioa barne, hamargarren oinarriko 4. apartatuan adierazitako hautaketa-prozeduraren sailkapen-ordena egiteko azken puntuazioa ezartzeko.
Behin-behineko zerrendak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira.
Interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute, aurreko paragrafoan aipatutako behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, egoki deritzen erreklamazioak aurkezteko zerrenda horien aurka. Erreklamazioak behin betiko zerrenda onartu baino lehen ebatziko dira.
5.– Epe hori igarota, Epaimahaiak ondokoak onetsi eta argitaratuko ditu, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari bidali:
Hautaketa-sistema gainditu dutenen behin betiko zerrendak, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta, behin-behineko sailkapen-ordenak egiteko aplikatutako irizpideak kontuan hartuta.
Hautatuen behin betiko zerrendak, jasotzen dituztenak sailkapen-ordenaren lehentasunari jarraituz hautaketa-sistema gainditu dutenak eta deialdiko lanpostu-kopuruan lekua dutenak, kontuan hartuta behin-behineko sailkapen-ordenak egiteko aplikatutako irizpideak.
Hautatuak izan ez direnen behin betiko zerrendak, jasotzen dituztenak sailkapen-ordenaren lehentasunari jarraituz hautaketa-sistema gainditu dutenak eta deialdiko lanpostu-kopuruan lekurik izan ez dutenak, kontuan hartuta behin-behineko sailkapen-ordenak egiteko aplikatutako irizpideak.
Hautaketa-prozesuan lehentasun-ordenaren arabera hautatutakoen behin betiko zerrenda, hamargarren oinarriko 4. zenbakian ezarritakoaren arabera eta oinarri honetako 4.3 apartatuaren ondorioetarako.
Hamabigarrena.– Deialdiko lanpostuak eskuratzeko aukera.
Hamaikagarren oinarrian aipatutako behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, horrela hautatutako pertsonek, behin betiko sailkapen-ordenari jarraituz, prozesuan eskainitako plazen artean aukeratu ahal izango dute.
Horretarako, Segurtasun Saileko organo eskudunak eskaintzen diren lanpostuak argitaratuko ditu, lanpostuen zerrendako zehaztapenekin, eta eskabideak egiteko epea eta modua adieraziko ditu, hogeita bigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.
Lanpostuak hamaikagarren oinarriaren 5 b) apartatuan zehaztutako sailkapen-ordenei jarraikiz esleituko dira, izangaiek adierazitako lehentasunen eta lortutako puntuazio-ordenaren arabera, betiere eskatutako lanposturako ezarritako betekizunak betetzen badira.
Eskainitako lanpostu guztiak modu eraginkorrean bete ahal izateko, eta eraginkortasun- eta efizientzia-printzipioak aplikatuz, Segurtasun Saileko organo eskudunak lanpostua hautatzeko aukera eman ahalko die sailkapen-ordenaren lehentasunari jarraituz hautaketa-sistema gainditu arren deialdiko lanpostu-kopuruan lekurik izan ez dutenei, haiek adierazitako lehentasunen eta lortutako puntuazio-ordenaren arabera, betiere eskatutako lanposturako ezarritako betekizunak betetzen badira.
Esleitutako lanpostu-kopuruak ezin izango du inola ere gainditu eskainitako lanpostu-kopurua.
Eskainitako lanpostu guztiak esleituko dira, baldin eta izangaiek oinarri hauetan eskatzen diren betekizunak betetzen badituzte.
Segurtasun Saileko organo eskudunak lanpostuen azken esleipena argitaratuko du, hogeita bigarren oinarrian zehazten denaren arabera.
Hamahirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Legeko 79.1 artikuluaren aplikazioa.
1.– Lanposturen bat esleitu zaien izangai hautatuak prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia egitetik salbuetsita egongo dira, baldin eta Ofizial Ondokoaren kategoriako edo goragoko kategorietako lanpostuetan bi urtez aritu izana egiaztatua badute, bederatzigarren oinarriko 3. atalarekin bat etorriz. Hori dela eta, oposizio-lehiaketa amaitu ondoren eta aurreko oinarrian aipatutako zerrenda onetsi eta gero, pertsona horiek karrerako funtzionario izendatzea proposatuko du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritzak.
2.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariaren proposamenez, Segurtasun Saileko organo eskudunak Ertzaintzaren Ikuskapen eskalako Ofizial Ondokoaren kategoriako karrerako funtzionario izendatuko ditu hautatuak izan diren eta lanpostua lortu duten pertsonak.
Hamalaugarrena.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia.
1.– Aurreko oinarriko 1. ataleko kasuetan ez dauden eta plaza esleitu zaien izangai hautatuek prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia egin beharko dituzte, zeinak derrigorrezkoak eta baztertzaileak izango baitira. Horretarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak praktiketako funtzionario izendatuko ditu, eta, hautaketa-prozedura osoa amaitu eta gainditu ondoren, pertsona horiek kategoria berrian karrerako funtzionario izendatzea proposatuko du.
2.– Uko egiteak edo eskakizunak ez betetzeagatiko baztertzeak gertatzen badira aurreko atalean aipatutako ebazpena argitaratu baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak erabakiko du izangai horiek hautaketa-prozeduratik kanpo uztea eta beste hauekin ordeztea, ezarritako sailkapen-ordenaren lehentasunari jarraituz: uko-egite edo baztertze horien ondorioz deialdiko lanpostu-kopuruan sartzen direnak, egiaztatu ondoren eskatutako baldintzak betetzen dituztela.
3.– Segurtasun Saileko organo eskudunak Ertzaintzaren Ikuskapen eskalako Ofizial Ondokoaren kategoriako karrerako funtzionario izendatuko ditu hautatuak izan diren, lanpostua lortu duten eta hautaketa-prozedura osorik gainditu duten pertsonak.
Hamabosgarrena.– Prestakuntza-ikastaroa.
1.– Prestakuntza-ikastaroan sartzeko eskubidea duten Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako praktiketako ofizial ondokoak hainbat ikastarotan banatu ahal izango dira ikastaroa egiteko.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak esleituko ditu ikastaroak; horretarako, zorrotz beteko du hamaikagarren oinarriko bosgarren atalean ezarritako hurrenkera. Prestakuntza-ikastaroen esleipena askotarikoa izan daiteke, Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea aplikatuz eta ezkontzaren eta erditzearen, erditze aurrekoaren edo erditze ondokoaren ondoriozko egoerak aintzat hartuz. Inguruabar horiek aintzat hartu ahal izateko, haien eraginpean egon daitezkeen pertsonek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari alegatu behar dizkiote, hamar egun naturaleko epean, hogeita bigarren oinarrian zehaztutako argitalpenetatik zenbatzen hasita.
Baldin eta pertsona batek Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea aplikatuz eta ezkontzaren eta erditzearen, erditze aurrekoaren edo erditze ondokoaren ondoriozko egoerak aintzat hartuz esleitutako ikastaro baten bidez egiten badu prestakuntza-ikastaroa, haren kalifikazioa ez da argitaratuko eta etenda geratuko da, harik eta, hamaikagarren oinarriko bosgarren atalean ezarritako lehentasun-ordenari jarraituz, bere aurreko pertsonaren prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioa argitaratzen den arte.
Prestakuntza-ikastaroa egiten den bitartean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak izango du irakaskuntza-jardueretara joatetik salbuesten duen edozein lizentzia edo baimen emateko eskumena.
Nahitaezkoa da prestakuntza-ikastaroan zehar eskola-jardueretara joatea, eta zerbitzuaren beharrizantzat joko da edozein baimen-eskaeratan.
2.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak izapidetuko du ikastaroan sartzeko interesa duten pertsonei egin beharreko jakinarazpena, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.
3.– Prestakuntza-ikastaroa ikasketa-planaren arabera egingo da.
4.– Prestakuntza-ikastaroa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo da, edo zuzendariak izendatzen dituen zentro edo bulegoetan.
5.– Prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioa hogeita bigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.
6.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak baztertutzat joko ditu prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak.
7.– Prestakuntza-ikastaroaren edozein momentutan ikaslearen espedienteak erakusten badu hark ezinezkoa duela ikastaroa gainditzea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak prozesutik kanporatu ahal izango du, betiere interesdunari entzun ondoren.
Hamaseigarrena.– Praktikaldia.
1.– Prestakuntza-aldia gainditu duten pertsonek egingo dute praktikaldia, esleitutako lanpostuen arabera dagozkien unitate edo zerbitzuetan.
2.– Praktikaldia hasi baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebazpena emango du, praktikaldiaren hasiera-data eta iraupena ezartzeko eta hura baloratzeko eta gainditzeko sistemak eta prozedurak zehazteko.
3.– Praktiketako destinoak Segurtasun Saileko organo eskudunak zehaztu eta esleituko ditu, hamabigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.
Prestakuntza-ikastaroa amaitu ondoren, eta praktikaldia hasi bitartean, prestakuntza-ikastaroan parte hartu duten pertsonak beren jatorrizko destinoetara itzuliko dira, bakoitzaren kategoriaren arabera eta prestakuntza-ikastaroaren hasierako egoera berean.
4.– Praktikaldian zehar eraginkortasun profesionala ebaluatuko da, Ertzaintzaren Ikuskapen eskalako Ofizial Ondokoaren kategoriari dagozkion funtzioak betetzearekin lotuta. Ebaluazio horrek praktikaldiak irauten duen epean zehar gertatutakoak soilik hartuko ditu kontuan.
5.– Praktikaldiaren kalifikazioak hogeita bigarren oinarrian ezarritakoaren arabera argitaratuko dira.
6.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak hautaketa-prozeduratik baztertutzat joko ditu praktikaldia gainditzen ez dutenak.
Hamazazpigarrena.– Praktiketako ofizial ondokoen araubide juridikoa.
1.– Praktiketako ofizial ondokoak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Barne Araubideko Erregelamenduan ezarritako diziplina-arauen mende egongo dira, baita Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoen diziplina-arauen mende ere, osagarri gisa, egitatea irakaskuntzaren alorreko diziplina-falta hutsa ez den kasuetan.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuko 74.2 artikuluan ezarritako ordainsariak aplikatuko zaizkie.
2.– Praktiketako ofizial ondokoei lizentzia bat emango zaie, ordura arteko lanpostuari dagokionez. Lizentzia horrek ordainsari bat izango du, non eta praktiketako ofizial ondokoek ez duten aukeratzen Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuko 74.2 artikuluan ezarritako ordainsariak jasotzea.
3.– Praktiketako ofizial ondokoak egoera horretan egongo dira, harik eta kategoria horretako karrerako funtzionario izendatzen dituzten arte edo hautaketa-prozesutik baztertzen dituzten arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuko 74. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.
4.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia, bakoitza bere aldetik, derrigorrezkoak eta baztertzaileak izango dira, eta horiek ez hasteak edo ez gainditzeak ondorio hauek izango ditu izangaientzat: hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira automatikoki, eta Ertzaintzaren Ikuskapen eskalako Ofizial Ondokoaren kategorian sartzeko lituzketen eskubide guztiak galduko dituzte. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egingo du izangai horiek bazter uzteko deklarazioa.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, ezinbesteko kausaren bat dela-eta izangairen batek ikastaroa edo praktikaldia hasten ez badu edo burutzen ez badu, hurrengo deialdietan egin ahal izango du, eragozgarriak desagertu ondoren, eskaria aldez aurretik eginda. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak aztertuko du auzia, eta hark emango du dagokion ebazpena.
Hemezortzigarrena.– Hautaketa-prozedurako behin betiko sailkapen-ordena.
1.– Hautatuei dagokienez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak hautaketa-prozedurako behin betiko sailkapen-ordena jakinaraziko du, hamargarren oinarriko 4. zenbakian ezarritakoaren arabera; ebazpen bat emango du horretarako, eta hogeita bigarren oinarrian ezarritakoaren arabera argitaratuko da.
2.– Eraginkortasun- eta efizientzia-printzipioak aplikatuz, edozein arrazoi dela-eta izangai hautatuen zerrendan sortzen diren lanpostu hutsak haien ondorengo izangaiek bete ahal izango dituzte, deialdiko lanpostu guztiak bete arte; hori egiteko, sailkapen-ordenak prestatzeko ezarritakoaren arabera hautatu gabe geratu diren pertsonen behin betiko sailkapen-ordenari jarraituko zaio.
Horretarako, sailkapen-ordenaren lehentasunari jarraituz hautaketa-sistema gainditu duten eta deialdiko lanpostu-kopuruan lekurik izan ez duten pertsonak Ertzaintzako Ikuskapen Eskalako ofizial ondoko izendatzeko proposatu ahal izango dira, lanpostua lortzen badute, hamaikagarren oinarrian zehaztutakoarekin bat eginez.
Hemeretzigarrena.– Karguaz jabetzea.
Karrerako funtzionario izendatutako pertsonek gehienez ere 10 eguneko epea izango dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hala egiten ez badute, eta ezinbesteko kausarik ez badago, jarduketa guztiak ondoriorik gabe geratuko dira, eta karrerako funtzionario izateko izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
Hogeigarrena.– Falta astun edo oso astunengatiko zehapenak ezartzea.
Ofizial ondokoaren kategorian sartzeko izangaiek diziplina-espedientea irekia badute edo geroago irekitzen bazaie, hautaketa-prozesuan onartuak izateko, bertan jarraitzeko eta kategoria berri batean sartzeko ezin izango dute eduki falta astun edo oso astunagatiko zigorrik aipatutako diziplina-espedienteetan.
Hogeita batgarrena.– Pertsonak identifikatzea hautaketa-prozeduran zehar.
Hautaketa-prozedura honetan parte hartzen duten pertsonak eskabidean erabilitako identifikazio-zenbaki profesionalaren bidez identifikatuko dira prozeduran zehar. Era berean, identifikazio-zenbaki profesional hori bera erabiliko da kategoria berrian karrerako funtzionario izendatzean.
Hogeita bigarrena.– Argitalpenak.
Berariaz bestelakorik xedatu ezean, hautaketa-prozesu honetako jakinarazpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratuko dira; nolanahi ere, Gurenet intranetean ere kontsultatu ahal izango dira. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratuko den data erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.
Era berean eta modu eta izaera berean argitaratuko dira hortik erator daitezkeen administrazio-egintza guztiak.
Hogeita hirugarrena.– Kalte-ordainak.
Barneko edozein hautaketa-prozesutara aurkeztea borondatezkoa denez, hautaketa-prozeduran zeharreko bidaiek edo bestelako gastuek ez dute eskubiderik sortuko, eta, beraz, Administrazioak ez ditu gastu horiek ordaindu beharko.
Hogeita laugarrena.– Errekurtsoak.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2005 Legeko 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdi honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean aurkaratu ahal izango dute administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioan.
Aukerako berraztertze-errekurtsoa jarriz gero, ezingo da jo jurisdikzio-bidera errekurtsoa espresuki ebatzi arte edo isiltasun administratiboagatiko ustezko ezespena gertatu arte.
Interesdunak jurisdikzioan aurkaratzea erabakitzen badu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien epaitegi eskudunean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Interesdunek deialdi honetatik, epaitegien jardunetik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik eratorritako administrazio-egintzak aurkaratu ahal izango dituzte, administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen araudian ezarritako kasuetan eta moduan.
Arkauti, 2025eko otsailaren 10a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
MIREN DOBARAN URRUTIA.
ERANSKINA
GAI-ZERRENDA
1.– 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa.
– Ordena publikoaren aurkako delituak. 550. artikulutik 562. artikulura.
– Giza hilketa eta haren formak. 138. artikulutik 143. bis artikulura.
– Lesioak. 147. artikulutik 156 quinquies artikulura.
– Askatasunaren aurkako delituak. 163. artikulutik 172 quater artikulura.
– Gizakien salerosketa. 177 bis artikulua.
– Sexu-askatasunaren aurkako delituak. 178. artikulutik 194 bis artikulura.
– Funtzionario publikoek gizabanakoaren askatasunaren aurka egindako delituak. 529. artikulua.
– Funtzionario publikoek egoitza-bortxaezintasunaren eta bizitza pribatuko beste bermeen aurka egindako delituak. 534., 535. eta 536. artikuluak.
– Funtzionario publikoek gizabanakoen beste eskubide batzuen aurka egindako delituak. 537., 540., 541. eta 542. artikuluak.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren araudia.
1/2020 Legegintzako Dekretua, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onesten duena.
3.– Gizonen eta emakumeen berdintasuna.
1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duena.
Atariko titulua.
4.– Trans legea.
4/2023 Legea, otsailaren 28koa, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa.
– Atariko titulua.
– II. titulua. I. kapitulua.
– IV. titulua. Arau-hausteak eta zigorrak.
– Azken xedapenetako zortzigarrena.
4/2024 Legea, otsailaren 15ekoa, pertsona transak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa.
– I. kapitulua. Xedapen orokorrak.
– II. kapitulua. 9. artikulua.
– VIII. kapitulua. 42. artikulua.
5.– Bide-segurtasuna.
– Bide-segurtasuna eta istripuen ikerketak koordinatzeko protokoloa. (002. zerbitzu-agindua).
– Zigor Kodearen aplikazioa bide-segurtasunaren alorrean. (004. zerbitzu-agindua).
– Trafiko-istripuetan gauzatu beharreko eginbideak (014. zerbitzu-agindua).
6.– Ingurumena.
– Jarduketak azaleko ur kontinentaletako isurketetan. (034. zerbitzu-agindua).
– Jarduketak baso-suteetan. (035. zerbitzu-agindua).
7.– Seinalamenduak eta atxilotzeko aginduak.
– Atxilotzeko eta entregatzeko Europako agindua. (020. jarraibidea).
– Atzerriko herrialdeek sortutako SIS seinalamenduak. (037. jarraibidea).
– SIS/BDSN seinalamenduak (estatu mailakoak). (038. jarraibidea).
8.– Poliziaren esku-hartzeak bide publikoan.
– Ibilgune publikoetan biltzeko eskubidea eta manifestatzeko eskubidea babestea. (006. jarraibidea).
– Poliziaren esku-hartzea greba-eskubidea egikaritzen denean. (051. zerbitzu-agindua).
– Polizia-jarduketak gaixotasun psikiko iraunkorrak dituzten pertsonekin. (014. jarraibidea).
– Gorabehera kritikoen aurrean jarduteko prozedura. (007. zerbitzu-agindua).
– Banku-erakundeetako lapurreta-alarmetarako prozedura. (001. operazio-agindua).
– Prebentzioa egiteko eta berehalako erantzuna emateko zerbitzuan jarduteko prozedura (PRI-Bizkor). (008. operazio-agindua).
– PALZekin komunikatzeko protokoloa. (097. jarraibidea).
– Gorabehera kritikoetarako erabaki-eremuak. (084. jarraibidea).
– UASen eta droneen hegaldietan jarduteko prozedura. (092. jarraibidea).
– UDE-LIUrako jarduketa-protokoloa. (012. zerbitzu-agindua).
– Ertzaintzan banakako kamerak (Bodycam) erabiltzea (042. jarraibidea).
– Identifikazioak eta gorputz-araketak egitea (006. zerbitzu-agindua).
– Kontrolak bide, toki eta establezimendu publikoetan (011. zerbitzu-agindua).
9.– Poliziaren esku-hartzeak zigor-arloko alderdietan.
– Ertzaintzak gorroto-delituetan jarduteko prozedura. (077. jarraibidea).
– Sexu-esplotaziora eta prostituzio-delitura bideratutako giza salerosketaren aurkako Ertzaintzaren plan estrategikoa. (091. jarraibidea).
– Sexu-esplotaziora bideratutako giza salerosketaren biktima diren emakume adingabeei eskainitako arreta koordinatzeko protokoloaren aplikazioa. (031. zerbitzu-agindua).
– Jarduketak sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituetan. (037. zerbitzu-agindua).
– Begi-ikuskapeneko lurralde-taldeen edo ertzain-etxeen begizko ikuskapenaren prozesuaren kudeaketa. (008. operazio-agindua).
– Sarrerak eta miaketak. (053. zerbitzu-agindua).
– Akusazio eta salaketa faltsuetarako eta delitu-simulazioetarako prozedura. (004. operazio-agindua).
– Delituaren biktimari laguntzea. (030. zerbitzu-agindua).
10.– Esku-hartze polizialak administrazioaren esparruan.
– Zehapen-prozedurari buruzko jarraibideak armen eta objektu arriskutsuen alorrean. (010. jarraibidea).
– Material piroteknikoa biltegiratzea eta saltzea. (028. jarraibidea).
– Adingabekoek jokoan parte hartzea. (010. operazio-agindua).
– Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoan bildutako arau-hausteen tratamendua (013. jarraibidea).
11.– Kudeaketa aurreratuko prozesuak.
– Atxiloketa-prozesua. (019tik 029ra arteko zerbitzu-aginduak).
– EI/GI prozesua (039tik 046ra arteko zerbitzu-aginduak).
12.– Beste batzuk.
– Jarduketa poliziala adingabeekin. (048. zerbitzu-agindua).
– Armamentuaren, munizioaren eta istiluen kontrako beste elementu batzuen kontrola eta haien erabilera arautzea. (073. jarraibidea).
– Tokiko inteligentzia. Hurbiltzailea. (012. operazio-agindua).
– Herritarrei arreta emateko zerbitzua. (058. zerbitzu-agindua).
– Ertzaintzan euskararen erabilera normalizatzea (096. jarraibidea).
– Ertzaintzaren irudi korporatiboa (070. jarraibidea).
RSS