Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

40. zk., 2025eko otsailaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
937

AGINDUA, 2025eko otsailaren 19koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, zeinaren bidez zazpiehun miloi euroko Euskadiko zor publikoa jaulkitzen baita eta eragiketa horren ezaugarriak zehazten.

Urtarrilaren 28ko 25/2025 Dekretuaren bidez, erabakitzen eta baimentzen da 2025eko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legearen 10. artikuluko 1. apartatuan Gobernu Kontseiluari emandako baimenaren kargura.

Dekretu horren xedapen gehigarriak xedatzen du ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean agindutakorekin bat etorriz, Ogasun eta Finantzetako sailburuari dagokiola, agindu baten bidez, xedapen horretan erabaki eta baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu horretan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretuaren aurreikuspenen barruan betiere. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baldin eta zor publikoa balore gisa jaulkitzen bada.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Zazpiehun milioi (700.000.000) euroko Euskadiko zor publikoa jaulkitzea, urtarrilaren 28ko 25/2025 Dekretuan jasotzen diren baimenei jarraikiz.

2. artikulua.– Jaulkiko den zor publikoak ezaugarri hauek izango ditu:

a) Zenbateko nominala: 700.000.000 euro.

b) Modalitatea: bonu jasangarriak.

c) Jaulkitze-prozedura: kokapen publikoa.

d) Jaulkitze- eta ordainketa-data: 2025-03-3.

e) Interesa: % 3,25eko urteko nominala; ordainketa: urte bakoitzeko apirilaren 30ean. Kupoi luze bat 2026ko apirilaren 30ean ordainduko da.

f) Jaulkitze-prezioa: % 99,658.

g) Amortizazio-prezioa: parekoa, balio nominalean.

h) Amortizazio-data: 2035-04-30.

i) Balioen adierazpidea: kontuko idatzoharrak.

j) Balio unitarioa: mila (1.000,00) euro.

k) Jaulkipenaren kotizazioa: Bilboko Burtsa.

3. artikulua.– Ogasun eta Finantza Sailak bideratuko du jaulkipeneko balioen harpidetza, hain justu ere jaulkipena egiteko mandatua duen erakundearen edo erakundeen bitartez, balore-merkatuaren indarreko araudiarekin bat etorriz gaikuntza duten erakundeak baitira.

4. artikulua.– Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzaren eta Finantza Politika eta Gizarte Aurreikuspen Zuzendaritzaren titularrei baimena ematen zaie zorpetze-eragiketa hau egiteko behar diren kontratuak eta gainerako dokumentu erantsi eta osagarriak sinatzeko.

5. artikulua.– Entitate mandatudunetako baten bidez ordainduko da harpidetza; jaulkipenaren interesak eta amortizazioa, berriz, Sociedad de Gestión de los Sistemas de Registro, Compensación y Liquidación de Valores SA enpresak ordainduko ditu xede horretarako izendatutako entitate eragilearen bidez, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 38. artikuluan agindutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 19a.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D’ANJOU OLAIZOLA.


Azterketa dokumentala