Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

38. zk., 2025eko otsailaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
888

EBAZPENA, 2025eko otsailaren 6koa, Trantsizio Energetikoko sailburuordearena, zeinaren bidez aurretiazko administrazio-baimena ematen baitzaie jatorrizko proiektuaren aldaketei, eta eraikitzeko administrazio-baimena «Vitoria Solar 1» eguzki-instalazio fotovoltaikoari dagokion proiektuari eta haren ebakuazio-azpiegiturei, Arratzua-Ubarrundia eta Vitoria-Gasteizko udal-mugarteetan. Indarberri SLk sustatu ditu.

Espedientea: 01GEY 202400006.

AURREKARIAK

1.– Ebazpena, 2023ko azaroaren 30ekoa, Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aurretiazko administrazio-baimena ematen zaion Indarberri SL enpresak sustatutako «Vitoria Solar 1» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuari, Vitoria-Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundiako udal-mugarteetan (2024ko urtarrilaren 15eko EHAA, 11. zk.).

2.– Aldez aurretik, 2023ko irailaren 15ean, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak proiektu hartarako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zuen (2023ko urriaren 31ko EHAA, 208. zk.).

3.– 2024ko urtarrilaren 31n, Indarberri SLk aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera aurkeztu zuen jatorrizko aurreproiektuaren aldean egindako aldaketarako, eta eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaera ere aurkeztu zuen. Aldaketok honako hauek dira:

3.a.– Eguzki-instalazio fotovoltaikoa aldatzea, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzak nahiz aurretiazko administrazio-baimenean ezarritako baldintzak betetzeko.

3.b.– 220 kV-eko Promotores Vitoria TAE azpiestazioaren kokapena aldatzea; azpiestazio hori sustatzaile beraren «Vitoria Solar 2» proiektuarekin eta zenbait sustatzaileren beste proiektu batzuekin partekatua da.

3.c.– 220 kV-eko Promotores Vitoria TAE azpiestaziorainoko 30 kV-eko lurpeko ebakuazio-linearen trazadura aldatzea.

3.d.– 220 kV-eko ebakuazio-linearen trazadura aldatzea; linea hori sustatzaile beraren «Vitoria Solar 2» proiektuarekin eta zenbait sustatzaileren beste proiektu batzuekin partekatua da. Era berean, hura lurperatzea aurreikusten da.

3.e.– Neurketa-esparru bat gehitzea, sustatzaile beraren «Vitoria Solar 2» proiektuarekin eta zenbait sustatzaileren beste proiektu batzuekin partekatuta.

4.– Eskaerarekin batera dokumentu hauek aurkeztu zituzten:

– 49,97 MWp-ko Vitoria Solar 1 eguzki-instalazio fotovoltaikoa egiteko proiektua. Arratzua-Ubarrundia eta Vitoria-Gasteizko udalerriak»

– «30 kV-eko Vitoria Solar 1 ebakuazio-linea» egiteko proiektua.

– «Promotores Vitoria TAE (Transformazio Azpiestazio Elektrikoa) – Vitoria 220 kV TAE (REE) 220 kV-eko goi-tentsioko linea egiteko proiektuaren aldaketa. Araba» egiteko proiektua.

– «220 kV-eko Vitoria neurketa-esparrua. Vitoria-Gasteiz (Araba)» egiteko proiektua.

– «220 kV-eko Promotores Vitoria azpiestazioaren proiektu aldatua» egiteko proiektua.

– Ukitutako ondasun eta zerbitzuetarako eraginei dagozkien separatak.

– «Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 eguzki-instalazioa fotovoltaikoen eta 220 kV-eko Vitoria lotunerako ebakuazio-azpiegituren proiektuaren aldaketa ez-funtsezkoaren ingurumen txostena» izeneko txostena.

5.– Adierazitako ingurumen-txostena 2024ko otsailaren 23an helarazi zitzaion ingurumen-organoari, Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 proiektuetan egindako aldaketek ingurumen-ebaluaziorik behar zuten galdetzeko.

6.– 2024ko martxoaren 19an, ingurumen-organoak egindako kontsultari erantzun zion, eta adierazi zuen proposatutako aldaketak ez zirela iristen honako hauetan ezarritako atalaseetara: Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.c artikuluan, eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko 4. apartatuan. Halaber, adierazten dute proiektuaren aldaketak ingurumenaren ikuspegitik arrazoitu dituztela 2023ko irailaren 15eko ebazpenaren 4.1.3 apartatuan adierazitakoari jarraikiz (haren bidez Vitoria Solar 1 eguzki-instalazio fotovoltaikorako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten da).

7.– «Vitoria Solar 1» eta harekin lotutako azpiegiturak eraikitzeko proiektuak, jatorrizko proiektuaren aldean egindako aldaketak barne, jendaurrean azaldu dira Arabako Industria Administrazioaren Lurraldeko Ordezkaritzaren 2024ko maiatzaren 2ko iragarkia argitaratuz, zeinaren bidez jendaurrean azaltzen da «Vitoria Solar 1» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua (49,980 MW) eta haren ebakuazio-azpiegiturak, Vitoria-Gasteizko eta Arratzua-Ubarrundiako udal-mugarteetan, aldatzeko aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera, bai eta eraikitzeko administrazio-baimena ere (Indarberri SL sustatzaileak aurkeztu zituen). Hori guztia, honako hauetan ezarritako ondorioetarako: martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikulua (dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak), eta Sektore Elektronikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1 artikulua.

– 2024ko maiatzaren 17ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 96. zenbakia.

– 2024ko maiatzaren 27ko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala, 59. zenbakia.

8.– Ezarritako epearen barruan jaso ziren honako hauen alegazioak: Arabako Nekazarien Elkartea (UAGA), Trebiñu eta Araba Landaren Alde (ATACA) elkartea, Arabako Ureztatzaileen Erkidegoen Elkartea (ACORA), Arabako Mendiak Aske, Faustina Martínez de Marigorta Gil andrea, Itxaso Txurruka Martínez andrea eta 3 partikular gehiago (eduki berarekin), Pedro Espinosa Ortiz de Arri jauna eta 313 partikular gehiago (eduki berarekin) eta Vitoria-Gasteizko Kontzejuen Elkartea (ACOVI), eta hainbat administrazio-batzar (Andetxa, Oreitia, Otazu, Otogoien, Subillana-Gasteiz, Ariñiz, Gardelegi, Krispiña, Aberasturi, Arkauti, Gereña, Uribarri Arratzua, Gamiz, Berrostegieta, Betoño, Aretxabaleta, Otobarren, Margarita, Lopidana, Ilarratza, Mendotza, Uribarri Dibiña, Lermanda, Legarda, Martioda, Jungitu, Lubinau, Eztarroa eta Bolibar), eduki berarekin.

Alegazioak Indarberri SLri igorri zitzaizkion, eta erantzun egin zien.

Aurkeztutako alegazioak, laburtuta, honako argudio hauetan oinarritzen dira:

– Arratzua-Ubarrundiako Udalak hasitako Plan Bereziaren izapidetzea.

– Noryeste Ureztatzaileen Komunitateari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emandako ur-emakidari eragitea, bai eta Noryeste putzua deitutakoaren balizko erabilerari ere.

– Inguruko biztanleen bizitzari eta ohiturei eragitea; presioak eta balizko desjabetzea inguruko nekazarien kontra.

– Bateraezintasuna Nekazaritza eta Basozaintzako LPSarekin, eta nekazaritza-balio handiko elementuei nahiz nekazaritzako jarduerari eragitea.

– Bateraezintasuna Energia Berriztagarrien LPSaren hasierako dokumentuarekin, lehentasunez kokatzeko eta baztertzeko irizpideei dagokienez, eta fotovoltaikoetarako ingurumen-sentsibilitateko zonakatzearen proposamenarekin ere.

– Arau-hutsunea energia berriztagarrien hedapenari dagokionez, energia berriztagarrien LPSa behin betiko onetsita ez dagoelako eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legea erregelamenduz garatu gabe dagoelako.

– Gardentasun falta eta defentsa-gabezia ingurumen-informazio faltagatik, eta jendaurreko informazioaren izapide berririk eza 21/2013 Legearen ondorioetarako.

– AESAk proiektuari buruz emandako baimenik ez egotea.

– Bateraezintasuna eremuan dauden ur-baliabideekin eta akuiferoekin.

– Korridore ekologikoen sareari eragitea.

– Arratzua-Ubarrundiako udalerriaren gaineko paisaia-eragin handia.

– Arratzua-Ubarrundiako udalerriko historia- eta arkeologia-ondareari eragitea.

– Eskualdean ekarpen ekonomiko urria egitea.

– Gertutasuneko kontsumoari zuzendu gabeko sorkuntza-eredua.

– Kudeaketa-plana onartua duen fauna mehatxatua.

– Osasunerako eraginak.

– Proiektuaren metatze-efektuak edo efektu sinergikoak.

– Proiektuaren zatiketa.

9.– Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, honako kontsulta hauek egin zitzaizkien ukitutako ondasunak edo zerbitzuak dituzten administrazio publikoei, enpresei eta organismoei, 48/2020 Dekretuaren 11. artikuluari jarraituz, sustatzaileak aurkeztu eta ondasunak, instalazioak, obrak eta zerbitzuak ukitzen dituzten proiektuaren zatien separata teknikoei dagokienez: Arratzua-Ubarrundiako Udala, Vitoria-Gasteizko Udala, Noryeste Ureztatzaileen Komunitatea, AESA, Duranako Kontzejua, Arzubiagako Kontzejua, Mendibilgo Kontzejua, Uribarri Arratzuko Kontzejua, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza, Arabako Foru Aldundiko Errepide Zerbitzua, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SA, Red Eléctrica de España SA eta URA-Uraren Euskal Agentzia.

10.– Honako txosten hauek jaso ziren: Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza, Arratzua-Ubarrundiako Udala, Vitoria-Gasteizko Udala, Uribarri Arratzuko Administrazio Batzarra, Noryeste Ureztatzaileen Komunitatea, Red Eléctrica de España eta URA-Uraren Euskal Agentzia.

Txosten horiek Indarberri SLri igorri zitzaizkion, eta erantzun egin zien.

URA-Uraren Euskal Agentziari dagokionez, sustatzailea ados agertu zen baldintza tekniko-administratiboekin.

Red Eléctrica de Españari dagokionez, eskatutako dokumentazio gehigarria aurkeztu zuen. Ez da epearen barruan jaso aurka egiteko edo eragozteko idazkirik.

Nekazaritza Zuzendaritzak jakinarazi zuen prebentzio-neurriak hartu beharra zegoela 220 kV-eko Promotores Vitoria TAE azpiestazioaren kokapen berriaren eragina txikiagotzeko, baita proiektuak Noryeste Ureztatzaileen Komunitatean eta ukitutako kontzejuetako aisiarako eremuetan duen eraginarekin lotuta ere. Horrez gain, lanak gauzatu aurretik erregistratutako landa-bideetarako eraginari buruzko txosten teknikoa eskatzeko beharra dagoela ere esan du. Horri guztiari dagokionez, sustatzaileak eskaerarekin ados dagoela agertu du, eta prebentzio- eta zuzenketa-neurriak hartzeko asmoa adierazi du, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzetan nahiz ingurumen-inpaktuaren azterketan bertan ezarri bezala.

Vitoria-Gasteizko Udalaren txostenari dagokionez (lurralde-antolamenduko eta hirigintzako alderdietan oinarritzen zen, eta batez ere Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aplikazioan), sustatzaileak Udalari emandako erantzuna igorri zen, zeinak adierazi baitzuen gai horri buruzko alderdiak dagozkien udal esparruko hirigintza- eta ingurumen-izapideetan egiaztatuko direla.

Arratzua-Ubarrundiako Udalak informazio gehigarria eskatu zuen (instalazioaren planoak HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin lotuta). Eskatutako informazioa igorri zen, eta hirigintza-txostena jaso zen. Ez da baldintza teknikorik ezarri ondasun eta eskubideetarako eraginei dagokienez, eta batez ere oinarritu da hirigintzak eta lurralde-antolamenduko izapideekin lotutako alderdietan, bai eta, nahitaezko obra-lizentzia eskuratu aurretik, dagozkien lizentzia eta baimen konkurrenteak eskuratzeko beharrean ere.

Uribarri Arratzuko Administrazio Batzarrak proiektuarekiko oposizioa agertu zuen, batez ere oinarrituta honako hauetan: lurralde-antolamenduari buruzko kontuak; ingurumen eta paisaian izandako eraginak, ureztatzeko sisteman izandako eraginak eta pertsonen osasunean izandakoak, eta sustatzaile beraren beste proiektu batzuekin izandako efektu sinergikoak; bat datoz ACOVIren alegazioekin eta atxikitako administrazio-batzarrenekin. Sustatzaileak emandako erantzuna igorri zitzaion administrazio-batzarrari, eta oposizioa berretsi zuen.

Noryeste Ureztatzaileen Komunitateak honako hauekin lotutako alderdien berri eman zuen: ur-emakidaren araubide juridikoa, ukitutako lurzatien etorkizuneko erabilera (gaur egun laborantza ureztatura zuzenduta), ingurumena, bai eta Noryeste putzuaren ordezko erabilera posiblea ere. Adierazten du, orobat, balitekeela ureztatzeko sistemaren gaineko eragina izatea proiektua gauzatzeko eta ustiatzeko aldietan. Sustatzaileak komunitate hori emandako erantzuna igorri zen, eta berriz adierazi zuen komunitatearen gaineko jarduketa oro komunitateak onetsi eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak berretsi beharra dagoela, berriz eskatu zuen ordezko kokapen bat aztertzeko, eta aldaketen ingurumen-ebaluazioa egiteko, eta komunitatea zuzenbide publikoko korporazio gisa aitortzeko, bai eta proiektua baimentzeari eman dion ezezkoa ere.

11.– «Vitoria Solar 1» proiektuak sarbide-baimena du, Red Eléctrica de España SAUk emana 2021eko otsailaren 17an, 220 kV-eko Vitoria azpiestazioan.

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 20.3.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkariak du eskumena ebazpen hau emateko. Kasu zehatz honetan, Lurralde Ordezkaritzaren eta mendekoa den zuzendaritzaren titulartasunak hutsik egonik, eta lehen xedapen gehigarriaren d) eta e) puntuetan xedatutakoari jarraikiz, Trantsizio Energetikoko sailburuordeari dagokio haien ordezkoa izatea.

Bigarrena.– Espedientea izapidetzean, honako arau hauetan ezarritako izapideak bete dira: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta hornidura-jarduerak eta baimen-prozedurak arautzen dituena; eta 48/2020 Dekretua, martxoaren 31koa, energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak arautzen dituena.

Hirugarrena.– 24/2013 Legearen 53.1 artikuluak adierazten du lege horretan jasotako ekoizpen-instalazio berriak jardunean jarri aurretik administrazio-baimena behar izango dela; hain zuzen ere, eraikitzeko eta ustiatzeko baimena.

Ezartzen du, halaber, eraikitzeko administrazio-baimenaren ebazpena emateko, zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorreko zerbitzuak ematen dituzten administrazio publiko, organismo edo enpresen baldintza teknikoak (ez bestelakoak) soilik aztertu beharko direla, eta soilik erakunde horien jabetzakoak diren eta instalazioaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideei dagokienez.

Era berean, 48/2020 Dekretuaren 11. artikuluak, beste administrazio publiko, erakunde edo enpresa batzuei kontsulta egiteko izapideari buruzkoak, hauxe adierazten du: «Aurreproiektuaren edo proiektuaren separata bat emango zaie dagokien administrazio, erakunde edo zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak beren ardurapeko ondasun eta eskubideei eragiten dien heinean, eskatutako baimena hilabeteko epean eman edo uka dezaten».

Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.7 artikuluaren arabera, Administrazio Publikoak baimena ukatu ahalko du, baina aplikatu beharreko araudian ezarritako eskakizunak betetzen ez direnean edo sistemaren funtzionamendurako kaltegarria denean bakarrik.

Halaber, 53.6 artikuluak adierazten du administrazio-baimenak administrazio eskudunak emango dituela, aplikatu beharreko bestelako xedapenen arabera eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzko xedapenen arabera beharrezkoak diren emakida eta baimenak alde batera utzi gabe. Ildo horretatik, esparru horiei eta instalazioa ezartzean eragina duten beste batzuei dagokienez, zeinetan ordezkaritza honek eskumenik ez duen, espedientea izapidetu bitartean jasotako alegazio eta txostenetan planteatutako kontuak, egokia den izapidetze espezifikoan ebatziko ditu gai horietan eskumena duen organoak.

Horrenbestez, baimenaren aurretiazko kontsulten xedea mugatu beharko da zerbitzu publikoko administrazioen, organismoen eta enpresen konturako ondasun eta eskubideetan izandako eraginetara. Eragin horietatik haratagoko beste alderdi informatu batzuk, hala nola hirigintza eta ingurumen arlokoak, bestelako prozedura espezifiko eta independenteen xede direnak, dagokion organo eskudunak ebatzi beharko ditu egokiak diren izapideetan.

Laugarrena.– Jendaurreko informazioaren aldian eta kontsulta-aldian jasotako txostenetan aurkeztutako alegazioei dagokienez, haien edukia eta sustatzaileak emandako erantzunak aztertu ondoren, hauxe adierazi behar da:

a) Aldez aurretik, adierazi beharra dago jasotako alegazio gehienak proiektuaren aurretiazko ingurumen-ebaluazioaren eta administrazio-baimenaren aldiari dagozkio, eta proiektuak, lehen eta bigarren aurrekarietan adierazi bezala, aurretiazko ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta administrazio-baimena ditu. Proiektuan egindako aldaketa zehatzen aurretiazko administrazio-baimenera eta eraikitzeko administrazio-baimenera mugatzen da baimen hau. Alegazioak ezin dira onartu, horrenbestez, haien asmoa bada proiektuaren izapideak hasierako aldietara, jada amaitutakoetara, eramatea. Nolanahi ere, egindako alegazioei erantzungo zaie orain.

b) Plan Bereziaren izapideei dagokienez, oinarri hartuta 2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, EAEko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa, ez da bidezkoa ezer adieraztea, administrazio-baimen honekin zerikusirik ez duen prozedura baita. Plan Bereziaren izapideen barruan egindako txosten-eskaerei dagokienez, organo eskudunari zuzendu beharko zaizkio izapidetu ditzan.

c) Noryeste Ureztatzaileen Komunitateari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emandako emakidari eragitea, bai eta Noryeste putzua deitutakoaren balizko erabilerari ere. Sektore Elektrikoaren Legean adierazi bezala, Lege horretan araututako administrazio-baimenak ematen dira proiektua gauzatzeko behar diren gainerako baimenak eta lizentziak alde batera utzita. Horregatik, ez dagokio Ordezkaritza honi lurzatien erabilera arautzea, ezta izan lezaketen ureztatzeko sistemaren araubidea ere; hori horrela, sustatzaileak dagokion erregulazio sektorialean xedatutakoa bete behar du, eta, hala badagokio, behar diren baimenak eskatu behar dizkie Ureztatzaileen Komunitateari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari.

Noryeste putzua deitutakoaren balizko erabilerari dagokionez (Arratzua-Ubarrundia eta Gasteizko udal-mugarteetan), besterik gabe adierazi behar da Ordezkaritza honek soilik izapidetzen dituela eta, hala badagokio, baimentzen dituela proiektu zehatzak kokapen zehatzetan, eta kokapenak hautatzea ez dagoela bere jarduera-esparruan.

Dagoen ureztatzeko sisteman izandako eraginari dagokionez, proiektuak haren eroanbideetarako zortasunak errespetatu behar ditu, Noryeste Ureztatzaileen Komunitateak aurretiazko administrazio-baimenaren aldiko alegazioetan adierazi bezala (sustatzailea alegazio horiekin ados agertu zen). Halaber, sustatzaileak adierazi du lanak egin aurretik eroanbideen mapaketa egingo duela georradarra erabiliz, haietan eraginik egon ez dadin.

Ureztatzeko sisteman eragina duten jarduketei dagokienez, berriz, xehetasun-azterketa hidrauliko espezifikoa egin beharko da, hala badagokio. Alabaina, proiektu espezifikoa onestea ez da Ordezkaritza honen eskumena, eta sustatzaileak egokiak diren izapideak egin beharko ditu dagokion organoaren aurrean. Era berean, lanak egin bitartean jarduketak koordinatu beharko dituzte, Ureztatzaileen Komunitatearen erabiltzaileengan eraginik egon ez dadin.

Promotores Vitoria azpiestazioaren lurzatian aurreikusitako bypassari dagokionez, azpiestazioko hesitik kanpo egongo da, sarbidea errazte aldera.

Bideetatik doazen eroanbide elektrikoei dagokienez, lursailean zuzenean lurperatutako kableei dagokienez, sustatzaileak adierazi du babesa jarriko duela trazadura osoan; hartarako, kableak estaltzeko behar beste plaka ezarriko dira zangaren luzera eta zabalera osoan.

d) Inguruko biztanleen bizimoduan eta ohituretan izan litekeen eraginari, ustezko presioei eta balizko desjabetzeari dagokienez, adierazi behar da Indarberri SL sustatzaileak ez duela proiektuaren onura publikoaren adierazpenik eskatu; horrenbestez, baimen honen datan, ez da desjabetzeko espedienterik ireki.

Nolanahi ere, Sektore Elektrikoaren Legeak, 54. artikuluan, energia sortzeko instalazioak onura publikokotzat jotzen ditu, haiek ezartzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzeari eta bide-zorra baliatzeari dagokienez.

Alegatutako gainerako kontuei dagokienez, administrazio honen eskumen-esparrutik kanpo daudela esan behar da.

e) Bateraezintasuna Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialarekin (LPS), eta nekazaritza-balio handiko elementuei eragitea. Berriz adierazi behar da Vitoria Solar 1 proiektuak ingurumen-ebaluazio arrunta izan zuela, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenik baduela, zeinetan, beste alderdi batzuekin batera, eragina kontuan hartu baitzen Nekazaritza eta Basozaintzako LPSean oinarrituta, eta prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarri baitziren (4.4 apartatuan), baita neurri konpentsatzaileak ere (4.12 apartatuan).

f) Bateraezintasuna Energia Berriztagarrien LPSaren hasierako dokumentuarekin, lehentasunez kokatzeko eta baztertzeko irizpideei dagokienez, eta fotovoltaikoetarako ingurumen-sentsibilitateko zonakatzearen proposamenarekin ere. Adierazi behar da Vitoria Solar 1 proiektuaren hasierako eskaera Energia Berriztagarrien LPSaren hasierako dokumentua argitaratu aurrekoa izan zela, eta LPS hori ez dela behin betiko onetsi; horrenbestez, ez zaio aplikagarri proiektu honi. Bestalde, ingurumen-zonakatzeko proposamena erreferentziako dokumentua da, ez-arautzailea.

g) Arau-hutsunea energia berriztagarrien hedapenari dagokionez, energia berriztagarrien LPSa behin betiko onetsita ez dagoelako eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legea erregelamenduz garatu gabe dagoelako. Baimen honen izapideak egiteko orduan, indarrean den araudia hartu da kontuan, plan edo erregelamendu jakin batzuk garapen-egoera berean ez izatea alde batera utzita. Sektore Elektrikoaren Legeak berariaz adierazi bezala, baimena ukatu egingo da aplikatu beharreko araudian ezarritako betekizunak betetzen ez baditu bakarrik.

h) Gardentasun falta eta defentsa-gabezia ingurumen-informazio faltagatik, eta jendaurreko informazioaren izapide berririk eza 21/2013 Legearen ondorioetarako. Adierazi bezala, hasierako proiektuak ingurumen-ebaluazio arrunta jaso zuen, eta, horrenbestez, bete egin zuen jendaurreko informazioaren izapidea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa. Proiektuan egindako aldaketei dagokienez, bosgarren eta seigarren aurrekarietan adierazi bezala, ingurumen-organoak ondorioztatu zuen aldaketok ez zituztela gainditzen ingurumen-ebaluazioari buruzko araudian ingurumen-ebaluazioaren prozedura egiteko ezarritako atalaseak, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean adierazten zen bezala. Horregatik, proiektuan egindako aldaketa ez-funtsezkoen aurretiazko administrazio-baimenerako jendaurreko informazioa egin zen 48/2020 Dekretuaren 10.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, espedientean ez baitaude jasota aldaketok eragina dutenen edo jabeen igarotzen uzteko edo erabiltzeko baimenak. Eraikitzeko baimena batera eskatu zenez, bi administrazio-baimen konkurrenteetarako egin zen jendaurreko informazioa.

Sustatzaileak egindako txostena jendaurrean azaltzeko asmoari dagokionez, ez dago ildo horretako arau-aurreikuspenik.

i) AESAk proiektuari buruz emandako baimenik ez egotea. Alegazioan bertan adierazi bezala, apirilaren 26ko 369/2023 Errege Dekretuak, 30.4 artikuluan, honako hau ezartzen du (369/2023 Errege Dekretua, maiatzaren 16koa, aireko nabigazioa babesteko zortasun aeronautikoak arautzen dituena eta interes orokorreko aireportuen eta haien zerbitzu-eremuaren antolamenduari buruzko abenduaren 4ko 2591/1998 Errege Dekretua aldatzen duena, Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloko Neurriei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 166. artikuluan xedatutakoa betez): «hirigintzaren eta lurralde-antolamenduaren arloko eskumenak dituzten administrazio publikoek ezin izango dute baimendu, ez espresuki ez inplizituki edo aurretiazko komunikazio edo erantzukizunpeko adierazpen baten aldeko irizpen bidez, zortasun aeronautikoek eragina duten espazio eta eremuetan kokatutako edo errege-dekretu honetan ezarritakoari jarraikiz oztopo izan litekeen eraikuntza, instalazio eta landaketarik, aldez aurretik gainbegiratze zibileko Estatuko agintaritzak edo Defentsa Ministerioko organo eskudunak, bere eskumenen esparruan, aldeko erabakirik hartu gabe, edo aurretiazko aldeko erabaki horretan ezarritako baldintzak bete gabe.

Beste administrazio publiko batzuek beren eskumenen barruan emandako baimenak ez dira lotuta egongo nahitaezko aldeko erabakiarekin, zeina gainbegiratze zibileko Estatuko agintaritzak edo Defentsa Ministerioko organo eskudunak hartu beharko duten».

Baimen hau bigarren kasuan dagoenez, Ordezkaritza hau ez baita eskuduna hirigintzaren eta lurralde-antolamenduaren arloan, aldeko erabakia, zortasun aeronautikoko eremuan dagoenez instalazioa eraikitzeko beharrezkoa izanagatik ere, ez da galdagarria eraikitzeko administrazio-baimen hau emateko. Nolanahi ere, espedientea izapidetzean, AESAri kontsulta egin zitzaion, ukitutako organismo gisa, eta ez da erantzunik jaso.

j) Bateraezintasuna eremuan dauden ur-baliabideekin. Adierazi behar da URA-Uraren Euskal Agentziari kontsulta egin zitzaiola, eta txostena egin zuen, proiektua gauzatzeko baldintza tekniko-administratiboak zehaztuta. Sustatzaileak onartu egin zuen, eta horrenbestez, arroko erakundeak nahitaezko emakida edo baimen administratiboa emateko eskatu beharko du, obrak gauzatu aurretik.

k) Korridore ekologikoen eta akuiferoen sareari eragitea. Proiektuak dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpena du, eta bertan behar ziren prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarri ziren, ibai-korridoreei eta konektibitateari buruz, 4.3.4 apartatuan.

I) Arratzua-Ubarrundiako udalerriaren gaineko paisaia-eragin handia. Paisaia-eragina ingurumen-ebaluazioaren barruan jaso zen, eta neurriak sartu ziren ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren 4.2 apartatuan.

m) Arratzua-Ubarrundiako udalerriko historia- eta arkeologia-ondareari eragitea. Kultura-ondarearen gaineko eragina proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren barruan jaso zen, eta neurriak sartu ziren ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren 4.6 apartatuan.

n) Eskualdean ekarpen ekonomiko urria egitea. Ez da inola ere justifikatzen alegatutako eskualdeko kalte ekonomiko osoa. Sustatzaileak adierazi duenez, eraikitzeko eta jarduteko aldietan sortutako enpleguaz gain, onura ekonomikoa ere sortuko litzateke ukitutako lursailen jabeentzat, eta udalarentzat lotutako tasen eta zergen modura, eta horrek zerbitzuak hobetzea ekarriko luke.

o) Gertutasuneko kontsumoari zuzendu gabeko sorkuntza-eredua. Sustatzaileak alegazio honi dagokionez adierazten du inguruko kontsumitzaileekin energia-salerosketako akordioak lortzeko aukera dagoela PPAren bidez (Power Purchase Agreement). Nolanahi ere, ez dagokio baimen honen eremuari sortzeko eredua zehaztea, ezta kokapenak hautatzea ere.

p) Kudeaketa-plana onartua duen fauna mehatxatua. Riparia ripariak (uhalde-enara) jasotako eragina adierazi da; Zadorra ibaia da haren habitata. Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenak abifaunaren gaineko eragina izan zuen kontuan, 4.3 apartatuan.

q) Osasunerako eraginak. Eragin posibleak alegatzen dira koroa efektuaren ondorioz airea ionizatzeagatik eta poliklorobifeniloa (PCB) eta sufre hexafluoruroa (SF6) erabiltzeagatik. Horri dagokionez, adierazi behar da proiektutako goi-tentsioko lineak lurpekoak direla, eta horregatik, ezinezkoa da airea ionizatzea; halaber, ez da PCBa duten instalaziorik proiektatzen (hura erabiltzea debekatuta dago gaur egun). SF6a erabiltzeari dagokionez, erregelamenduz onartutako konposatua da gaur egun goi-tentsioko ekipamenduetan erabiltzeko, instalazioaren eragiketako tentsio-mailetarako. Gauzatzeko proiektuan, berriz, erregelamendua betetzea justifikatzen da 220 kV-eko Promotores Vitoria azpiestazioaren inguruko emisio elektromagnetikoei dagokienez, bai 30 kV-eko zatian, bai 200 kV-eko zatian.

r) Proiektuaren metatze-efektuak edo efektu sinergikoak. Horri dagokionez, berriz adierazi behar da Vitoria Solar 1 proiektuak kontuan izan zituela, ingurumen-inpaktuaren azterketan, proiektuaren metatze-efektuak edo efektu sinergikoak, eta aurretiazko ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta administrazio-baimena dituela jada, 2021eko abuztuaren 11n egindako eskaeran oinarrituta (hau da, sustatzaile berak aurkeztutako beste proiektu batzuena baino askoz lehenagokoa).

s) Proiektuaren zatiketa. Alegatzen da Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 proiektuek instalazio bakarra osatuko luketela, eta baterako potentziak 50 MW-tik gorakoa izanik, organo eskuduna Estatuko Administrazio Orokorra izan beharko litzatekeela. Horri dagokionez, adierazten da Vitoria Solar 1 proiektuak sarbide eta konexioko baimen independentea duela, eta ebakuazio-azpiegitura propioak dituela, baina Promotores Vitoria azpiestazioan ebakuazio-azpiegiturak partekatzen dituela sustatzaile beraren garraio-sareko posizio bereko sarbide- eta konexio-baimena duten beste proiektu batzuekin (tartean Vitoria Solar 2 proiektua); aukera hori jasota dago aplikatu beharreko araudian (1955/2000 Errege Dekretuaren 123.2 art. eta 1183/2020 Errege Dekretuaren 12.3 artikulua). Horregatik, alegazioa baztertu beharrekoa da.

Aitzitik, alegatu egin da instalazio fotovoltaikoa osatzen duten esparru edo uharteetako bakoitza instalazio independentetzat hartu beharko litzatekeela. Aplikatu beharreko araudiak ez du eragozten proiektatutakoa bezalako konfigurazioa, modulu fotovoltaikoak dauden esparru desberdinek osatutakoa.

Bosgarrena.– 01GEY 20210003 espedientean, hasierako proiektuaren aurretiko administrazio-baimena ematekoan, jasota dago Solaria Promocion y Desarrollo Fotovoltaico SA sustatzaileak honako sustatzaile hauekin egindako akordioa: Energía Inagotable de Luna SL, Energía Inagotable de Kaede SL, Energía Inagotable de Kodama SL, Energía Inagotable de Makami SL, Energía Inagotable de Kaminari SL, Energía Inagotable de Kairi SL, Energía Inagotable de Amikiri SL, Energía Inagotable de Delfino SL, Energía Inagotable de Fukei SL, Energía Inagotable de Cadmo SL, Energía Inagotable de Belerofonte SL eta Energía Inagotable de Kyoko SL (Forestalia taldekoak), ebakuazio-azpiegiturak elkarrekin erabiltzeko, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren, Energia elektrikoko instalazioen garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta hornidura-jarduerak eta baimen-prozedurak arautzekoaren, 123.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Adierazitako oinarri juridikoekin eta aplikazio orokorrekoak eta aldi berean aplikatzekoak diren beste batzuekin bat etorriz, Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariak honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Aurretiazko administrazio-baimena ematea hasieran baimendutako proiektuaren aldean egindako aldaketei eta eraikitzeko administrazio-baimena Indarberri SLk sustatutako «Vitoria Solar 1» proiektuari, Vitoria-Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundiako udal-mugarteetan (Araba).

Proiektu horrek instalazio hauek ditu:

a) Eguzki-instalazio fotovoltaikoa, 14 eremu hesitu dituena (haietako bat materialak pilatzeko), Arratzua-Ubarrundiako udal-mugartean, 60 ha-ko azalerakoa; elementu hauek osatzen dute:

– 90.048 panel, 555 Wp-koak, 49,98 MWp-ko puntako potentziarekin.

– 3.437 kVA-ko 14 inbertsore, eta guztira 48,12 MW-eko potentzia instalatua.

– Zazpi transformazio-zentro (0,6/30 kV), 7,2 MVA-koak.

– Ebaketa-zentro bat, 30 kV-ekoa, instalazioko poligonalean.

– Transformazio-zentroek elkarrekin eta ebaketa-zentroarekin bat egiten dute, zangaren azpian zuzenean lurperatutako 30 kV-eko 3 barne-zirkuituren bidez; Arratzua-Ubarrundia eta Vitoria-Gasteizko udal-mugarteei eragiten diete.

b) 30 kV-eko linea elektrikoa, instalazio fotovoltaikoan dagoen 30 kV-eko ebaketa-zentroa eta 220/30 kV-eko Promotores Vitoria azpiestazioa (berrian berri eraikia) elkarri lotzeko.– Lineak lurpeko ibilbidea du, Arratzua-Ubarrundia eta Vitoria-Gasteizko udal-mugarteetan zehar (Araba).

c) 220 kV-eko Promotores Vitoria TAE azpiestazioa, «Vitoria Solar 2» proiektuarekin (sustatzaile berarena) eta zenbait sustatzaileren beste proiektu batzuekin partekatua. Aire zabaleko parke bat du, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean; bertan instalatuko dira potentzia-transformadorea, 220 kV-eko linearen irteera-atariak eta AIS teknologia duten 30 kV-eko eta 220 kV-eko gainerako elementuak, eta eraikin prefabrikatu bat, zeinetan jarriko baitira zerbitzu osagarrien sistema elektrikoen, neurketa-sistemen eta kontrol-sistemen armairuak, bai eta operazio-bulegoak eta biltegia ere.

220 kV-eko linearen irteera-atariak posizio bat du energia berriztagarria sortzeko hainbat proiektutarako –proiektu horiek ez dira espediente honen xede–, eta haiekin partekatzen ditu honako parke hauei dagozkien ebakuazio-azpiegiturak: «Luna, Kaede, Kodama, Makami, Kaminari, Kairi, Amikiri, Delfino, Fukei, Cadmo, Belerofonte eta Kyoko parke eolikoak eta Zaragozako, Nafarroako eta Arabako haien ebakuazio-azpiegiturak»; Forestalia taldearen Energía Inagotable de Luna SL, Energía Inagotable de Kaede SL, Energía Inagotable de Kodama SL, Energía Inagotable de Makami SL, Energía Inagotable de Kaminari SL, Energía Inagotable de Kairi SL, Energía Inagotable de Amikiri SL, Energía Inagotable de Delfino SL, Energía Inagotable de Fukei SL, Energía Inagotable de Cadmo SL, Energía Inagotable de Belerofonte SL eta Energía Inagotable de Kyoko SL dira parke horien sustatzaileak. Eta ez dira baimen honen xede.

d) 220 kV-eko lurpeko linea, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean, 643,95 metroko luzerakoa; lurpeko linea hori sustatzaile beraren «Vitoria Solar 2» proiektuarekin eta zenbait sustatzaileren beste proiektu batzuekin partekatua da (proiektuok aurreko puntuan adierazita daude), eta, hain zuzen, proiektu horiekin partekatzen du ebakuazio-azpiegitura. Bi tartez osatua dago:

– 1. tartea: 220 kV-eko Promotores Vitoria TAE azpiestazioaren kanpoko terminalen eta neurketa-esparruaren kanpoko terminalen artean, 339,91 m luze.

– 2. tartea: neurketa-esparruaren kanpoko terminalen eta 220 kV-eko Promotores Vitoria TAE azpiestazioaren artean, 304,04 m luze.

e) Neurketa-esparrua, sustatzaile beraren «Vitoria Solar 2» proiektuarekin eta zenbait sustatzaileren proiektuekin partekatua (aurretik aipatu dira proiektu horiek). Ebakuazio-azpiegitura partekatzen du proiektu horiekin, eta 220 kV-eko neurketa-sistema eta instalazio osagarriak ditu. Solairu bakarreko eraikin bat izango da, hormigoizko panel prefabrikatuak erabiliz eraikia, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean.

Bigarrena.– Agintzea baimen hau eskatzaileari eta pertsona interesdunei jakinaraz dakiela, eta argitara dadila, halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean.

Hirugarrena.– Ebazpen hau ematen da honako baldintza orokorrak kontuan hartuta:

1.– Baimendutako proiektuari jarraikiz egin beharko dira obrak, kasu bakoitzean eskatu eta baimenduko diren aldaketekin. Bete egingo dira, orobat, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzak eta, zehazki, Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzan bertan ezarritako dokumentazio hau, ingurumen arloko organoari helarazteko:

– Obrak hasi aurretik, ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina, ingurumena lehengoratzeko eta paisaia integratzeko proiektua eta konpentsazio-plana.

– Obrak amaitutakoan, obrak egin bitartean izandako gorabeheren erregistroa eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena. Halaber, urtean behin, jarduera hasten denetik eta jardueraren bizitza baliagarri osoan, eta lehengoratzearen berme-aldiaren amaieran, ingurumena zaintzeko programaren emaitzei buruzko dokumentua.

2.– Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen honen egunetik aurrera. Epe hori bukatzen bada instalazioa ustiatzeko baimena eskatu gabe, ebazpen hau iraungitzat jotzeko aukera egongo da, alde batera utzi gabe sustatzaileak heltzea abenduaren 27ko 8/2023 Errege Lege Dekretuaren, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko eta lehortearen ondorioak arintzeko neurriak hartzekoaren, 28. artikuluan xedatutakoari, behin betiko ustiatzeko baimena eskuratzeko administrazio-epea luzatzeko.

3.– Instalazioen titularrak, proiektua gauzatu ondoren, eta arauzko egiaztapenak egin ondoren, obrak amaitu direla jakinaraziko dio Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzari, ustiatzeko eta martxan jartzeko baimena eman dezan. Horrekin batera, aplikatu beharreko erregelamendu teknikoetan adierazten den dokumentazioa aurkeztuko du. Horrez gain, Ekoizpen Elektrikoko Instalazioen Administrazio Erregistroan inskribatu beharko da, instalazioa zerbitzuan dagoenean.

4.– Ebazpen hau eman da ezertan eragotzi gabe udal- eta probintzia-mailako eskumeneko baimen edo lizentziak, ez eta obrak egiteko beharrezkoak diren udal- eta foru-eskumeneko edo beste baimen batzuk ere, lurralde- eta ingurumen-antolamenduari dagozkionak bereziki, eta eskatzaileak haiek eskatu beharko ditu hala dagokionean. Era berean, hirugarrenen eskubideak alde batera utzi gabe ematen da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Baldin eta, dagozkien baimenak eta lizentziak izapidetzetik eta sustatzaileak onetsitako baldintza teknikoak betetzetik gauzatzeko proiektuaren funtsezko aldaketak badatoz, eta aldaketa horiek ingurumen-ebaluazioa izateko beharra ondorioztatzen bada, dagokion baimena eskatu beharko da.

5.– Obrak gauzatu aurretik, Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziaren (AESA) aldeko erabakia eskuratu beharko da.

6.– Jarduera uzteko, ixteko aurretiazko administrazio-baimena beharko da. Hartarako, eskaera egin beharko da, justifikazio-memoriarekin, plano eguneratuekin eta instalazioa eraisteko planarekin batera, eta eskaera ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzei egokitu beharko zaie, eraispen-aldiko ingurumena lehengoratzeari dagokionez.

7.– Sistemaren operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jarduteko prozedurak bete beharko dira.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraz, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz, betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 6a.

Arabako lurralde-ordezkaria falta izanik, eta bat etorriz Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak d) eta e) apartatuan dioenarekin.

Trantsizio Energetikoko sailburuordea,

IRANTZU ALLENDE FERNÁNDEZ DE ERIBE.


Azterketa dokumentala