
38. zk., 2025eko otsailaren 25a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (195 KB - 10 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
886
EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 28koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Hondarribiko Bi-Lagun txakur-zaindegiaren Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko urriaren 3an, Hondarribiko Udalak eskabidea aurkeztu zuen orduko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Hondarribiko Bi-Lagun txakur-zaindegiaren Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zuen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko azaroaren 18an, orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Hondarribiko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Hondarribiko Bi-Lagun txakur-zaindegiaren Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hondarribiko Bi-Lagun txakur-zaindegiaren Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren eremuak 10.982 m2-ko azalera du eta lurzoru urbanizaezina da. Hondarribiko indarreko arau subsidiarioetan D.200 landa-eremu komun gisa kalifikatuta dago, eta Jaizkibel mendiaren hegoaldeko hegalean dago. Eremu horretan Bi-Lagun txakur-zaindegiaren instalazioak daude, eta eraikin isolatuz eta nekazaritza-erabilerez inguratuta dago (batez ere larreak eta mahastiak).
Planaren xedea da Bi-Lagun txakur-zaindegiaren instalazioen baldintzak eta, ondorioz, eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzea. Horretarako, beharrezkoa da haren hirigintza-egoera erregularizatzea eta behar diren baimen eta lizentziak lortzea, instalazioen baldintzak eta eskainitako zerbitzuak hobetu ahal izateko.
Helburu horrekin, Planaren bidez eremuaren antolamendu xehatua zehaztu nahi da, lehendik dagoen eraikin-multzoa finkatu, eta instalazioak handitzeko, etorkizunean aurreikusitako jardueren efizientzia bermatzeko beharrezkoa da eta. Finkatze-prozesu hori lurzoru urbanizaezinerako indarrean dauden Hondarribiko arau subsidiarioetan ezarritako baldintzen arabera egin behar da, zehazki, 3.5 «Lurzoru urbanizaezinean baimendutako erabileren ezarpena erregulatzen duten ordenantzak» kapituluko 3.5.9 artikuluari jarraikiz («Baimen daitezkeen beste erabilera ez-landatar batzuk»). Horren bidez, hirugarren sektoreko erabilerak eta komunitate-ekipamenduak landa-ingurunean ezartzeko aukera ematen da, baldin eta ezarpena onura publikoaren edo gizarte-interesaren ikuspegitik justifikatuta badago.
Planaren aurrerapenak barne hartzen du egungo harrera-eraikina eraistea, baita horren alboko teilape irekiak ere (aparkaleku estaliaren funtzioa betetzen dute). Egun ibilgailuen bidea dena oinezkoen ibilira egokituko da, eta harrera-zabalgunea 2. eta 3. txakurtegiekin lotzen duten eskaileretan esku hartuko da, irisgarritasuna eta eskailera-mailen beraien kalitatea hobetzeko.
Bestalde, lurzatirako sarbidearen ondoko lur zati urbanizatua eraldatzea proposatzen da, 10 autorentzako aparkaleku berri bat egiteko. Horretarako, soluzio hau baliatuko da: zoladuran hormigoi iragazlez egindako sareta jartzea, belarra hazteko tarteak dituena.
Lurzatirako sarbideak leku berean jarraitu du; lehen zatia, aparkaleku berrira artekoa, mistoa izango da (autoentzat eta oinezkoentzat), eta hortik aurrerako zatia, harrera-eraikinera arte, oinezkoen ibilira egokituko da.
Esku-hartze finkatzaileetako bat da txakurtegiak birgaitzea eta hobetzea, animalien bizigarritasun-, higiene- eta ongizate-baldintza onenak bermatzeko. Prozedura hori aplikatuko zaio, halaber, jardueran sortzen diren urak husteko eta birziklatzeko instalazioen sareari. Era berean, animalien txabolen aldameneko espazio urbanizatuak egokitu egingo dira, eta berdegune bihurtu.
Bestalde, txakurtegiak handitzea eta albaitaritza-klinika berri bat eraikitzea aurreikusten da. Sei txakurtegi-multzoetako bi handituko dira; 1. eta 5. multzoak hain zuzen ere. Lehenengo multzoan, estalpe-azalera bikoiztu nahi da, egungo blokearen erreplika eraikita justu hari atxikita. Eraikitako bolumen osoa, beraz, 42 m2 inguruko azalera duen laukizuzena izango da. Bosgarren multzoaren kasuan, guztizko edukiera handitu egingo da, egungoen tamaina bereko bi txakurtegi gehiagorekin. Gainera, albaitaritza-klinikarako eraikin berri bat eraikiko da. Gutxi gorabehera, 258 m2-ko azalera eraikia izango du, eta beheko solairua gehi lehen solairua izango ditu.
Lurzatian eraikitako elementuen egungo okupazioa 980,15 m2-koa da, hau da, azalera osoaren % 8,92ko okupazioa. Planak proposatutako elementu eraikien okupazioa 919,62 m2-koa da, hau da, lurzatiaren azalera osoaren % 8,44. Okupazioa txikiagoa izango da, eraikinak eraistea ere aurreikusi delako. Hala ere, proposamenean planteatutako eraikigarritasun osoak 1.027 m2-ko sabai-azalera du, kontuan hartuta albaitaritza-klinikara bideratutako eraikin berriak lehen solairu bat izango duela, eta haren sabai-azalera eraikigarria 107,40 m2-koa dela. Eraikigarritasunaren gehikuntza horrek ez du eraginik izango lurzatian okupatu daitekeen azaleraren guztizkoan, okupazioa % 8,44koa izango da eta.
Gaur egun, lurzatiko ur-horniduraren iturria Txingudiko Zerbitzuak entitateak kudeatzen duen ur-banaketako udal-sarea da. Proiektatutako handitzeak lehendik dagoen konexio bera erabiliko du. Era berean, lurzatiko saneamendu-sarea erabiltzea aurreikusten da.
Hondakinen bilketa- eta kudeaketa-zerbitzua Txingudiko Zerbitzuak entitateak ematen du gaur egun. Garbiketa-lanak eta isurketen garraioa eta tratamendua Limpiezas Industriales Iris SL enpresak egingo ditu.
Energia-hornidurari dagokionez, instalazio berriak lurzatiaren barruko lurpeko banaketa-sareari lotuko zaizkio.
Gas-hornidurari dagokionez, ez dago gas-sarerik inguruan, eta ez da aurreikusten etorkizunean halakorik egongo denik.
Antolamenduak lurzati barruko erreka ertzen babes-zortasunari eutsiko dio. Bestalde, lurzatiaren ipar-ekialdeko hegala zati batean berroneratzea aurreikusten da, landare-espezieak landatuz, zuhaixkak eta zuhaitz autoktonoak barne.
Azkenik, landare-estalkia edertzea eta egokitzea aurreikusten du Planak.
Alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentu estrategikoak «0» alternatiba edo esku ez hartzeko aukera aurkezten du, bai eta proposatutako txakurtegi kopuruan desberdintzen diren bi antolamendu-alternatiba ere; ildo horretan, 2. alternatibak 30 txakurtegi gehigarri proposatzen ditu lurzatiaren ipar-mendebaldeko muturrean, etxebizitzaren atzealdean. Aurretiazko ingurumen-azterketa bat egin ondoren, IDEak uste du alternatiba egokiena eta ingurumen-inpaktu txikiena duena 1. alternatiba dela, Planak garatutako proposamenari dagokiona, eta hori, funtsean, lur-mugimendu txikiagoetan justifikatzen da.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak:
Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko, eta baliagarria izan daiteke garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, hala nola energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak txertatzea eta Europako edo Espainiako ingurumen-legeria ezartzea.
Era berean, ez da Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenik hauteman, betiere Plana garatzeko kontuan hartzen bada, besteak beste, uren, natura-ondarearen, nekazaritza eta basozaintzako lurzoruaren babesaren, zarataren, hondakinen eta isurketen, segurtasunaren, osasunaren eta ingurumenaren arloan indarrean dagoen araudia.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren eremua Jaizkibel mendiaren hegoaldeko hegalean dago, Ogailurreta errekaren ezkerreko ertzean dagoen lurzati batean. Landa-ingurunea da, eta, sakabanatutako etxebizitza isolatuez gain, larreak, mahastiak eta hostoerorkorren unadak hartzen ditu, batez ere ibai-sareari eta lursailen arteko mugei lotuak.
Eremua Bidasoaren unitate hidrologikoan (UH) sartuta dago, eta unitatea, Kantauri Mendebaldeko Mugape Hidrografikoan (ES017). Ogailurreta errekarekin egiten du muga hego-mendebaldean, eta horren babes- eta zortasun-eremuaren barnean dago. EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren arabera, erreka hori 0 kategoriako tarte gisa sailkatzen da, eta haren isuri-arroa 1 < C = 10 km2-koa da; ingurumen-osagaiaren arabera, errekak ondo kontserbatutako landaredia duten ertzak ditu. Bestalde, eremuak Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko eremu sentikorren (Bidasoaren estuarioa) bilketa-eremuak ukitzen ditu.
Eremuak ez du ukitzen Natura 2000 Sareko naturagune babesturik; ez du katalogatutako paisaia-baliorik ere, baina EAEko paisaia berezien eta apartekoen katalogoan (EJ, 2005) jasotako ikus-arro batean dago. Eremuan ez dago EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan sartuta dauden interes geologikoko punturik edo lekurik, ez eta EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere; hala ere, Natura 2000 Sareko ES0000243 Txingudi (750 m) eta ES2120017 Jaizkibel (650 m) gune babestuetatik hurbil dago.
Eremuko litologia pitzadura bidezko iragazkortasun txikia duten tuparri-kareharrien, kareharrizko tuparrien eta kalkareniten alternantzia da. Lursailaren malda beheranzkoa da hego-ekialderantz, eta lurzatia itsas mailatik +15,00 eta +50,00 metrora artean dago. EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak planaren xede diren lursailak «Basogintza» kategorian sartzen ditu gehienbat, eta eremuaren ipar-ekialdeko muturra «Nekazaritza eta abeltzaintza: Trantsizioko landa-paisaia» kategorian.
Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiak (geoEuskadi) Planaren eremuan «Harizti azidofiloa eta harizti-baso misto atlantikoa» eta «Belardi eta labore atlantikoak» eremuak identifikatzen ditu, bai eta 6510 BIHa ere, (larratu gabeko sega-belardi atlantikoak) ipar-ekialdeko mugan, Jaitzubia auzorako sarbidearen ondoan. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eremuko landaredia bakarra Ogailurreta errekaren ibilguaren ingurukoa da, eta lurzatiaren ipar-ekialdeko mugan ilaran landatutako konifero batzuk ere badaude, izaera apaingarria dutenak.
Planaren xedeko eremua abifauna babesteko Kosta-Txingudi-Bidasoa sektorearen barruan dago, zeina halaxe izendatu baitzen Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren bidez (2016ko maiatzaren 23ko EHAA, 96. zk.). Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eremuan egon litekeen fauna hiri-inguruko edo jarduera antropiko handiagoko inguruneetakoa da. Gainera, Hondarribiko ia udal-eremu osoa Schreiber muskerraren lehentasunezko banaketa-eremuaren barruan dago. Bestalde, ez Planaren eremuan, ez hurbileko ingurunean, ez da identifikatu Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko plan bateratuan jasotako gunerik. Eremutik ibaian behera, Jaitzubia ibaia Gipuzkoako Lurralde Historikoan arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus, Lineo, 1758) kudeatzeko planean jasota dago.
Paisaiaren ikuspegitik, Planak antolatutako eremua Irungo ikus-arroan dago (268. zk.). Arro hori EAEko Paisaia Berezien eta Nabarmenen Katalogoan (EJ, 2005) inbentariatuta dago, eta paisaia-balio oso txikia eta balio eszeniko oso txikia du. Eremuak ez du katalogatutako paisaia-baliorik, ez eta babestutako kultura-ondareko elementurik ere.
Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, Hondarribiko zarataren mapa estrategikoak (azken eguneratzea 2023ko martxokoa da) aipatzen dituen ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, azterlanaren xede den lurzatia ez dago ezein eremu akustiko jakinetan; izan ere, eremu horri eragin diezaiokeen soinu-iturri bakarra Jaitzubia auzoko bide komunitarioa da, zeinak eguneroko zirkulazio-intentsitatea txikia baitu (ibilgailuen eguneko batez besteko intentsitatea 500etik beherakoa da). Era berean, adierazten da Planak jasotzen duen jarduera Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo dagoela (2.5 artikulua: «Ez dira jarduera berritzat joko dekretu hau indarrean jartzean abian direnak, nahiz eta zarata-foku berriak eratzen dituzten aldaketak gauzatu. 51. artikuluak xedatutakoa betez, jarduerei aplika dakizkiekeen mugak bete beharko dituzte bizitegi-lurzoruan gauzatutako jarduerak izan ezik gainerako beste zarata-foku berri guztiek»).
Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuan ez dago Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko kokagunerik, eta, Uraren Euskal Agentziaren uholde-arriskuari buruzko kartografiaren arabera, uholde-arriskuko eremuetatik kanpo geratzen da. Bestalde, geoEuskadi informazio-sistemaren arabera, eremuak higadura-potentzial handia du. Beste arrisku batzuei dagokienez, ez da identifikatu honelakorik: sismikotasunaren ondoriozko arriskua, salgai arriskutsuak (trenbidez edo errepidez) garraiatzearen ondoriozko arrisku handia edo SEVESO enpresen hurbiltasunaren ondoriozko arriskua. Baso-sutearen arrisku handirik edo akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handi edo oso handirik ere ez da identifikatu.
Horiek horrela, Plana garatzetik eratorriko balizko eragin negatiboen jatorria izango dira antolamenduz kanpoko azpiegiturak eraistea, berrurbanizazio-obrak eta eraikin berria eraikitzea. Horiek ondorio hauek izango dituzte: lurzoru-okupazioa, lur-mugimenduak, hondakin-sorrera, makinen joan-etorriak, lurzoruei eta urei erasatea istripuz gertatutako isurketek, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik eta abar.
Proposatzen diren jarduketen eta horien ondoriozko erasanen ezaugarriak aintzat hartuta, Planaren eraginak hutsalak izango dira oro har, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada (bereziki, urei, natura-ondareari, nekazaritza- eta baso-lurzoruaren babesari, zaratari, kutsadurari eta isurketei buruzkoa) eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira.
Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planetik eratortzen diren jarduketak eta aurrerago proposatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.
3.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Hondarribiko Bi-Lagun txakur-zaindegiaren Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere barnean hartzen baditu ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, bai eta ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.
Foru-organo eskudunak instalazioak izan behar dituen baimenetarako ezartzen dituen baldintzak ezertan eragotzi gabe, Gune zoologikoei buruzko apirilaren 11ko 81/2006 Dekretuan zehaztutakoaren arabera, honako neurri hauek gehituko dira:
Jabari publiko hidraulikoa eta ingurune hidrikoa babesteko neurriak.
Jabari publiko hidraulikoaren babes-eremuetan (zortasuna eta zaintza) egiten diren jarduketei dagokienez, Uraren Euskal Agentziak obra-baimen honetan ezarritako baldintzak bete beharko dira: AO-G-2024-0160, 2024ko urriaren 14koa. Alde horretatik, Ogailurreta errekaren zortasun-eremuan dauden 2. eta 3. txakurtegiak eraisteko, beharrezkoa izango da horiei loturiko elementu guztiak kentzea eta eraistea, hala nola itxiturak eta zolatak, eta zortasun-eremu hori lehengoratzea, landare-lurra jarriz, gero ibaiertzeko espezie autoktonoekin behar bezala landareztatzeko, ertza naturalizatzeko eta txakur-zaindegia ingurumenean integratzeko.
Oro har, errekaren zortasun-eremuak (ibilgutik 5 metrora) egoera naturalean eta libre mantenduko dira, eta eremu horretan obretako makinak ibiltzea eta materialak pilatzea saihestuko da.
Ibilgutik hurbil lur-mugimendurik egiten bada, drainatze-sare naturalera partikula txiki ahalik eta gutxien iristeko, solido esekiei eusteko sistemak proiektatuko dira ibilgutik hurbil (ibaiertzeko landaredia ez da inola ere ukituko).
Saneamenduari dagokionez, erabilera higienikoko hondakin-urak isurtzeko baimenean (VDP-G-2024-0025) Uraren Euskal Agentziak ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Landaredia babesteko neurriak.
Txakur-zaindegia berreraikitzeko eta birgaitzeko obrak zuhaiztiei ez erasateko moduan egingo dira. Lanak hasi aurretik zehatz balizatuko dira eremu horiek, zuhaitzei kalterik ez egiteko.
Ingurumen- eta paisaia-integrazioarekin lotutako neurriak.
Planak lehengoratze-proiektu bat barne hartuko du, zeinak proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak bilduko dituen, eta non leheneratze-lanak xehetasun-maila nahikoarekin xehatuko diren, behar bezala gauzatu ahal izateko (erabiliko diren espezieak, ereiteko dosiak edo hidroereiteak, landaketa-dentsitateak, landareak agertzea, etab.), planoa eta aurrekontua barne direla.
Lehengoratzean, kontuan hartuko da Planak antolatutako eremuan biodibertsitatearen galera garbirik ez gertatzea bermatu behar dela, eta mantentzen direla Planaren mugen barruan dauden zuhaiztien eta Jazkibelerantz hedatzen diren inguruko zuhaitz-masa autoktonoen arteko konektagarritasun ekologikoko fluxuak.
Gune libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, harizti azidofiloko espezie autoktonoak erabiliko dira eta espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murriztuko da.
Landareztatze-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo antzekoak.
Zaratari buruzko neurriak.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko.
Plana garatuz eratuko den instalazioak Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako zarata-foku berriei aplikatu behar zaizkien zarata-immisioaren muga-balioak beteko ditu, zeinak I. eranskinaren F taulan jasota baitaude.
Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak.
Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko da. Hori ezinezkoa bada, lehentasuna emango zaio lurren eta arroken soberakinak mailegu-lurrak behar dituen hurbileko obra batean balorizatzeari. Balorizatzea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Nolanahi ere, proiektuan aurreikusi ez diren indusketa-soberakinak pilatzeko lekuak behar balira, hondakinak kudeatzeko arloan indarrean dagoen araudian ezarritako baimen-araubideari jarraituko zaio.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.
Aurreko neurriak ezertan eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurtzea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak (bidoiak eta abar) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, nahasketok saihesteko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utzi beharko dira, behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Egungo harrera-eraikina eta haren ondoan dauden teilapeak eraistean, arreta handiz jokatu beharko da, eta amiantoa duen hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.
– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Istripuz isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.
Obrak egin bitartean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Hondarribiko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
– Kultura-ondarea babestea: Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
– Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
– Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.
– Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.
– Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
– Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.
– Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.
– Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
– Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Hondarribiko Bi-Lagun txakur-zaindegiaren Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Hondarribiko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Hondarribiko Bi-Lagun txakur-zaindegiaren Plan Berezia onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 28a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS