
38. zk., 2025eko otsailaren 25a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (173 KB - 9 orri.)
- EPUB (122 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
884
18/2025 EBAZPENA, otsailaren 19koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Inversiones Urdiales, S.L. Unipersonal entitatearekin sinatutako hitzarmena, babes sozialeko 143 etxebizitza eta horien eranskinak sustatzeko alokairu-erregimenean, alokairu eskuragarriko modalitatean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Inversiones Urdiales, S.L. Unipersonal entitatearekin sinatutako hitzarmena, babes sozialeko 143 etxebizitza eta horien eranskinak sustatzeko alokairu-erregimenean, alokairu eskuragarriko modalitatean. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 19a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 19KO 18/2025 EBAZPENARENA
EUSKO JAURLARITZAKO ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILAREN ETA INVERSIONES URDIALES, SL UNIPERSONAL ENPRESAREN ARTEKO HITZARMENA, BABES SOZIALEKO 143 ETXEBIZITZA ETA ERANSKINAK (EB2-0279/22-LE-000 ESPEDIENTE-ZENBAKIA) ALOKAIRU ESKURAGARRIKO MODALITATEAN SUSTATZEARI BURUZKOA.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Denis Itxaso González jauna, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua, Lehendakariaren ekainaren 24ko 27/2024 Dekretuaren eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 411/2024 Dekretuaren 3.3 d) artikuluaren bidez egindako izendapenaren ondorioz.
Beste alde batetik, Inversiones Urdiales, S.L. Unipersonal erakundea, Miguel Salaberri Barañano jaunak ordezkatua (NAN zk.: ***0945**; jakinarazpenetarako helbidea: 48007 Bilbao, Quintana kalea 6, behea), Inversiones Urdiales, S.L. Unipersonal enpresaren izenean eta ordezkaritzan jardunez (IFK: B-95/388864), eta agertutakoaren helbide berean, sozietatearen administratzaile nagusi bakarra den Jaureguizar Promoción y Gestión Inmobiliaria, S.L., Sociedad Unipersonal merkataritza-sozietatearen ordezkari den pertsona fisikoa den aldetik. Izendapena Javier Vinader Carracedo Bilboko notarioak egiletsitako eskrituraren bidez egin zen, 2022ko ekainaren 15ean, protokoloko 1.080 zenbakiarekin, eta azken merkataritza-sozietatearen izenean eta ordezkaritzan jardun zuen. Era berean, aipatutako azken merkataritza-sozietate horren izenean eta hura ordezkatuz jarduten du (IFK: B-48472500; helbidea agertutakoaren berbera da), Guadahermosa Proyectos Urbanisticos, 2001, S.L. merkataritza-sozietateak, administratzaile nagusi bakarraren ordezkari den pertsona fisikoa den aldetik. Izendapen hori publiko egin zen 2022ko urtarrilaren 27ko eskrituraren bidez, zeina Bilboko notario Javier Vinader Carracedo jaunaren fedepean eman baitzen (protokolo-zenbakia: 98).
Bi alderdiek, esku hartzen duten izaerarekin, hitzarmen hau formalizatzeko behar den gaitasun juridikoa aitortzen diote elkarri, eta, horretarako, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– 2022ko azaroaren 4an argitaratu zen Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko urriaren 14ko Agindua, alokairu eskuragarriari buruzkoa (aurrerantzean, 2022ko urriaren 14ko Agindua).
Aipatutako aginduaren xedea da, alde batetik, alokairu eskuragarriaren espezialitatea sortzea araubide orokorreko babes sozialeko etxebizitzen eta araubide autonomikoko etxebizitza tasatuen errentamendu-araubidearen barruan, eta, bestetik, alokairu-mota hori sustatzea, bat etorrita alokairua sustatzeko gainerako jarduketekin eta etxebizitzak eta bizitegi-eraikinak erabiltzeko beste modu batzuekin.
Babes publikoko etxebizitzatzat hartzen dira Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoak. Babes sozialeko etxebizitzatzat hartzen dira erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak, bai eta babes bereziko etxebizitzak edo etxebizitza sozialak ere.
Bigarrena.– 2022ko urriaren 14ko Aginduaren 5. artikuluak ezartzen duenez, horrelako etxebizitzak sustatzeko zuzeneko laguntzak errentamendu-araubidera bideratzen diren urteen arabera zehazten dira. Alokairua 29 urterako bada, 18.000 euroko zuzeneko laguntza ezartzen da etxebizitza bakoitzeko, eta 50 urterako bada, laguntza 45.000 eurokoa da etxebizitza bakoitzeko.
Gainera, etxebizitzak nahitaez errentamendu babestura bideratzeko aurreikusitako epea amaitu ondoren, etxebizitzen titularrek etxebizitzak alokairu eskuragarrira bideratzen jarraitzen badute, 12.000 euroko zuzeneko laguntza eskatu ahal izango dute etxebizitza bakoitzeko, baldin eta gutxieneko iraupena 10 urtekoa bada, edo 24.000 eurokoa, gutxieneko epea 20 urtekoa bada.
Laguntzen kudeaketa Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko abenduaren 7ko Aginduak (alokairua eta etxebizitzen eta bizitoki-eraikinen bestelako erabilerak sustatzeko jarduketei buruzkoa) IX. kapituluan edo hura ordezten duen arauan xedatutakoaren arabera egiten da.
Hirugarrena.– Inversiones Urdiales, S.L. Unipersonal enpresak laguntza-eskabide bat aurkeztu du babes sozialeko etxebizitzak sustatzeko eta ondoren alokairu babestuan jartzeko: 143 etxebizitza eta haien eranskinak errentamendu-erregimenean, Bilboko udalerriko RZ6 Zorrotzaurre lurzatian.
2023ko abenduaren 11n, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak ebazpena eman du, sei milioi laurehun eta hogeita hamabost mila euro (6.435.000,00 euro) emateko sustapen horretarako.
Laugarrena.– 2022ko urriaren 14ko Aginduaren 7. artikuluak ezartzen duenez, dagokion laguntza onartu ondoren:
«1.– Nahitaez, hitzarmen bat izenpetu beharko da sustatzaile pribatuekin, alokairu eskuragarriko araubidean etxebizitza babestuen sustapen bat edo batzuk kudeatzeko, betiere Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituz.
Sustatzaile pribatuekin izenpetu beharreko hitzarmenean baldintza etengarri hau bete beharko da: sustapenak, bideragarria izateko, eskari nahikoa izan beharko du, hau da, proiektuaren finantzaketa eskuratzeko bezainbestekoa.
2.– Era berean, hitzarmenean, nahitaezko zehaztapenen artean, jasoko da ezen, epe egoki batean eskatzailerik ez badago, sailak berak hartuko dituela errentamenduan, zuzenean edo Alokabide alokairu-operadorearen bitartez, soberan geratzen diren etxebizitzak, horiek normaltasunez estaltzeko behar den beste denboran, eta sustatzaileari gehieneko kanona eta Bizigune programarako ezarritako prozedura ordainduko diola kontraprestazio ekonomiko gisa; ondoren, etxebizitzak alokairu-merkatuan jarriko ditu, alokairu babestuko araubidean.
3.– Hitzarmen horretan, gainera, honako hauek zehaztuko dira: esleipena egiteko prozedura; eskatzaileek etxebizitzak eskuratzeko bete beharreko betekizunak; eskatutako diru-sarrera espezifikoen mailak; eskura dauden laguntza publikoak, alokairu eskuragarria sustatzeko proiektuan; zenbat denbora bideratu behar diren etxebizitzak errentamendu-araubidera; gehienez zenbateko errentak eskatu daitezkeen, eta inplikatutako alderdientzako segurtasun juridikoa erabat bermatzeko beharrezkoa den beste edozein zehaztapen, eskari nahikoa eta alokairuen asegurua barnean direla.»
Laguntzen ebazpenak azalera erabilgarriak jasotzen ditu, 2022ko azaroaren 11n emandako sustapenaren behin-behineko kalifikazioaren arabera. Behin betiko azalerak behin betiko kalifikazioan zehaztutakoak izango dira.
Alokairu eskuragarriaren erregimenean aplika daitekeen bihurketa-araua da etxebizitzaren metro koadro eraiki bat etxebizitzaren metro koadro erabilgarriaren ehuneko laurogeiaren baliokidea izatea (0,8 m2 erabilgarri = 1,00 m2 eraiki).
Bosgarrena.– Bi alderdiak ados daude dagozkien interesetan, eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 411/2024 Dekretuak ezarritakoa, hitzarmen hau formalizatzea erabaki dute, honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea:
Alokairu eskuragarriaren modalitateko erreferentziako sustapenaren espezialitateak zehaztea, 2022ko urriaren 14ko Aginduaren 7. artikuluan jasotzen den bezala.
Bigarrena.– Esleipen-prozedura eta eskatzaileen diru-sarrerak.
Esleipen-prozedura Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduan arautzen da, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoan, VI. kapituluan:
73. artikulua.– Prozedura honen bidez esleitu daitezkeen etxebizitzak.
Kapitulu honetan araututako esleipen-prozedura sustatzaile pribatuek alokairu-araubidean sustatutako eta modalitate honetara atxikitako esleipen hauetan aplikatuko da: araubide orokorreko eta araubide autonomikoko babes ofizialeko etxebizitzen esleipenetan; betiere itunpeko sustapenak edo udalekiko hitzarmenei loturikoak ez badira.
Prozedura honetan sartutako etxebizitzak etxebizitza-premia biztanle-taldeetara bideratuko dira, betiere urtean 21.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak badituzte, bizikidetza-unitatearen diru-sarrera haztatuak kontuan hartuta.
74. artikulua.– Zerrenda egitea.
1.– Berrogeita bost eguneko epean, hurrengo paragrafoan aurreikusitako unetik hasita, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak zerrenda bat helarazi beharko dio sustatzaileari, non jasoko baitira kasuan kasuko sustapenaren esleipenean parte hartzeko nahia espresuki jakinarazi duten Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko eskatzaileak. Lehenago aipatutako diru-sarreren baldintzak bete behar dituzte eskatzaile horiek.
2.– Obrak amaitzeko aurreikusitako eguna baino 12 hilabete lehenago hasiko da zenbatzen 45 eguneko epea.
3.– Horretarako, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak sustapenaren eta haren ezaugarrien berri emango du Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-tauletan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan; horretaz gain, gutxienez hogeita bat eguneko epea zabalduko du Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emanda dauden eta aurreko artikuluan jasotako diru-sarreren baldintzak betetzen dituzten pertsonak eta bizikidetza-unitateak zerrenda horretan inskribatzeko.
75. artikulua.– Esleipena.
Entitate sustatzaileak, edo hark zehazten duen errentamendu-kudeatzaileak, zuzenean esleituko ditu etxebizitzak, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak emandako zerrendako pertsonen artean, betiere etxebizitzen logela kopurua bizikidetza-unitateen beharretara egokitzen dela kontuan harturik.
Behin zerrenda agortuta, sustatzaileak aukera izango du hutsik geratu diren etxebizitzak esleitzeko indarrean dagoen araudiko betekizunak betetzen dituen edozein pertsonari edo bizikidetza-unitateri.»
Alokairu eskuragarriko erregimeneko esleipen-prozedura bakoitzean sartutako etxebizitzak banatzeko orduan, gutxienez destinoen % 50 gordeko da urtean 21.000 eta 30.000 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak dituzten bizikidetza-unitateen azpitalde sozialarentzat.
Dagokion Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak sustatzaileari edo kudeatzaileari bidaliko dion zerrendak bereizita jasoko ditu 21.000 eurotik 30.000 eurora bitarteko diru-sarreren maila osatzen duten pertsonak edo bizikidetza-unitateak eta 30.001 eurotik 39.000 eurora bitarteko diru-sarreren maila duten pertsonak edo bizikidetza-unitateak. Zerrenda hiru hilean behin eguneratu ahal izango da, etxebizitzen sustatzaileak edo kudeatzaileak hala eskatzen badu.
Hirugarrena.– Eskatzaileek sartzeko bete beharreko baldintzak eta kontratuei oniritzia ematea.
Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuak (aurrerantzean 39/2008 Dekretua) 16. artikuluan jaso ditu babes ofizialeko edozein etxebizitza eskuratzeko bete beharreko baldintzak:
a) Adinez nagusia edo emantzipatua izatea.
b) Etxebizitza-premia izatea, arauz ezartzen diren baldintzetan. Horrela, bada, bizikidetza-unitateko kide guztiek ezin izango dute etxebizitzarik eduki jabetzan, azalera-eskubidean edo gozamen-eskubidean, 39/2008 Dekretuaren 17. artikuluaren 1 apartatuan kasu bakoitzerako adierazten diren daten aurreko bi urteetan.
Etxebizitza-premiaren baldintza betetzen dela egiaztatzeko zenbaketa-data honako hau izango da: behin-behineko kalifikazioaren data, babes ofizialeko etxebizitza lehen aldiz eskualdatzen edo errentamenduan lagatzen denean, eta errentamendu-kontratuaren oniritziaren data, ondorengo errentamenduetarako. Gainera, egoera horretan jarraitu beharko da errentamendu-kontratua formalizatu arte.
c) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea, gutxienez etxebizitzaren titularretako bat.
d) Arauek ezartzen dituzten gehieneko eta gutxieneko diru-sarrerak betetzea.
Diru-sarrerei dagokienez, 2022ko urriaren 14ko Aginduaren 73. artikuluak ezartzen du alokairu eskuragarriaren espezialitatera biltzen diren etxebizitzak urtean 21.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak dituzten pertsonentzat edo bizikidetza-unitateentzat izango direla.
Errentamendu-erregimeneko eta alokairu eskuragarriko modalitateko babes sozialeko etxebizitzak eskuratzeko eska daitezkeen urteko gehieneko diru-sarrera haztatuen mugak urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean eguneratuko dira, kontuan hartuta Eustatek argitaratutako Euskadiko Kontsumoko Prezioen Indizearen urtetik urterako portzentaje-aldaketa, eguneratze horren unean argitaratutako azken urtetik urterako indizeari dagokiona.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena aurkezteko epea amaituta, errentamendu-kontratu pribatua sinatu aurreko zergaldia izango da diru-sarrerei dagokienez zenbatu daitekeen aldia. Diru-sarrera horiek hartuko dira kontuan hasierako gehieneko errenta finkatzeko.
Erakunde sustatzaileak edo kudeatzaileak gizarte-babeseko etxebizitzen eta horiei atxikitako eranskinen errentamendu-kontratuak aurkeztuko ditu ikus-onetsia eman diezaieten, lehen esleipenean zein hurrengoetan, 39/2008 Dekretuaren 25. artikuluan ezartzen den bezala. Bigarren esleipenei dagokienez, etxebizitzen titularrek etxebizitzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituen edozein pertsonari edo bizikidetza-unitateri esleitu ahal izango dizkiote, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatu beharrik gabe.
Laugarrena.– Ebazpen bidez emandako laguntza publikoak.
Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariaren 2023ko abenduaren 11ko ebazpenak sei milioi laurehun eta hogeita hamabost mila euro (6.435.000,00 euro) eman dizkio Inversiones Urdiales SL Unipersonal sozietateari, sustapen horretarako zuzeneko laguntza gisa.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko abenduaren 7ko Agindua (alokairua eta etxebizitzen eta bizitoki-eraikinen bestelako erabilerak sustatzeko jarduketei buruzkoa) babes duten laguntzak honela ordainduko dira, onuradunak eskatuta:
Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak ordaintzeko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa /.
Errentamendurako pizgarriei buruzko laguntzen kasuan:
a) % 20ra arte, finantza-laguntzak esleitzeko ebazpena jakinarazi ondoren.
b) % 40ra arte, obraren % 50 ziurtatu ondoren.
c) % 20ra arte, obra osoaren harreraren ondoren.
d) Gainerako % 20a, lehen errentamendu-kontratua sinatu dela egiaztatu ondoren.
Gainera, nahitaezko destinorako aurreikusitako epea amaituta, etxebizitzen titularrek etxebizitza horiek alokairu eskuragarrira bideratzen jarraitzen badute, 12.000 euroko zuzeneko laguntza eskatu ahal izango dute etxebizitza bakoitzeko, baldin eta gutxieneko iraupena 10 urtekoa bada, edo 24.000 eurokoa, gutxieneko epea 20 urtekoa bada.
Bosgarrena.– Etxebizitzak errentamendu-araubidean irauteko epea.
Hitzarmenaren xede diren etxebizitzen destino-epea 50 urtekoa izango da.
Seigarrena.– Gehieneko errentak.
2022ko urriaren 14ko Aginduaren 3. artikuluak honako hau ezartzen du:
«1.– Prozedura honetan sartutako eta urtean 21.000 eta 30.000 euro bitarteko diru-sarrerak (bizikidetza-unitatearen diru-sarrera haztatuak) dituzten eskatzaileentzat bideratutako etxebizitzen kasuan, alokairu-errentak ezingo dira izan 7 eurotik gorakoak, eraikitako etxebizitza-metro koadro bakoitzeko, edo Alokairu Merkatuaren Estatistikak (AME) etxebizitzak dauden udalerriari ratio bererako egozten dion batez besteko prezioaren % 70etik gorakoak, prezio hori txikiagoa bada.
2.– Prozedura honetan sartutako eta urtean 30.001 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak (bizikidetza-unitatearen diru-sarrera haztatuak) dituzten eskatzaileentzat bideratutako etxebizitzen kasuan, alokairu-errentak ezingo dira izan 8 eurotik gorakoak, eraikitako etxebizitza-metro koadro bakoitzeko, edo AMEk etxebizitzak dauden udalerriari ratio bererako egozten dion batez besteko prezioaren % 80tik gorakoak, prezio hori txikiagoa bada.
3.– Salbuespenez, zenbait eremutan, familien batez besteko diru-sarreren eta alokairuaren kostuaren arteko erlazioa kontuan hartuta, alokairu-errentak ezingo dira izan 7,5 eurotik gorakoak, eraikitako etxebizitza-metro koadro bakoitzeko, edo AMEk ratio berari egozten dion batez besteko prezioaren % 75etik gorakoak, prezio hori txikiagoa bada. Horretarako, etxebizitzek baldintza hauek bete behar dituzte: argitaratutako azken AMEn xedatutakoaren arabera, EAEn eraikitako metro koadro bakoitzeko errentaren banaketaren 75. pertzentilatik gorako batez besteko errenta duten udalerrietan (egun, Bilbon, Getxon eta Donostian) egon, alokairu-kontratua indarrean eduki, eta urtean 21.000 eta 30.000 euro bitarteko diru-sarrerak (bizikidetza-unitatearen diru-sarrera haztatuak) dituzten eskatzaileentzat bideratutakoak izan.
Lurralde-eremu horietan bertan, prozedura honetan sartutako eta urtean 30.001 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak (bizikidetza-unitatearen diru-sarrera haztatuak) dituzten eskatzaileentzat bideratutako etxebizitzen kasuan, alokairu-errentak ezingo dira izan 8,5 eurotik gorakoak, eraikitako etxebizitza-metro koadro bakoitzeko, edo AMEk ratio berari egozten dion batez besteko prezioaren % 85etik gorakoak, prezio hori txikiagoa bada.
4.– Etxebizitzari lotutako eranskinen alokairu-errentak ezingo dira izan, etxebizitzarako (metro koadro eraiki bakoitzeko) ezarritako prezioaren % 30etik gorakoak.
5.– Gehieneko prezioak Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 6. artikuluaren 3. apartatuan aurreikusitakoaren arabera eguneratuko dira, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean, 2024tik aurrera, Eustatek argitaratutako EAEko Kontsumoko Prezioen Indizearen urtetik urterako ehuneko-aldaketa kontuan hartuta; zehazki, eguneratze horren unean argitaratutako urtetik urterako azken indizeari dagokion ehuneko aldaketa.
Etxebizitzak eta haien eranskinak baldin badaude etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratutako esparru batean, hitzarmen honetan jasotako errenten eguneratzeak izango du lehentasuna.
Gehieneko errentak zehazteko aplikatu beharreko AMEa laguntzen ebazpenean jasotzen da: 10,8 euro/m2.
Bigarren eta ondorengo esleipenen kasuan, gehieneko errenta hasierako errentaren eta horren eguneratzeen batura izango da.
Etxebizitzen sustatzaileek, titularrek edo kudeatzaileek ahalegina egingo dute errentek gainditu ez dezaten errentarien urteko diru-sarrera haztatuen % 30, autonomia-erkidegoko, estatuko eta nazioarteko agintariek gomendatzen duten bezala.
Zazpigarrena.– Salmenta-prezioa.
Salmenta-prezioari dagokionez, hau bete beharko da: Agindua, 2022ko ekainaren 30ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioak eta errentak eta zuzkidura-bizitokien kanona zehazteari buruzkoa.
Inversiones Urdiales, S.L. Unipersonal enpresak etxebizitzarik salduz gero, salmentaren berri izan bezain laster komunikatu beharko zaio erakunde emaileari, baimena edo onespena eman dezan. Era berean, laguntza emateko kontuan hartu den edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu bada, horren berri eman beharko da, eta jasotako funtsak itzuli beharko dira, dagokion itzulketa-espedientearen ondoren hala eskatzen bada.
Zortzigarrena.– Baldintza etengarria.
Hitzarmenean baldintza etengarri hau bete beharko da: sustapenak, bideragarria izateko, eskari nahikoa izan beharko du, hau da, proiektuaren finantzaketa eskuratzeko bezainbestekoa.
Bederatzigarrena.– Eskatzailerik ez egotea.
Etxebizitza-gaietan eskumena duen sailak, epe egoki batean eskatzailerik ez badago, zuzenean edo Alokabideren bidez, estaldura normalizaturako behar den denboran errentatuko ditu soberako etxebizitzak, sustatzaileari gehieneko kanona eta Bizigune programarako ezarritako prozedura ordainduko dizkio kontraprestazio ekonomiko gisa, ondoren alokairu babestuko erregimenean alokairu-merkatuan jartzeko.
Hamargarrena.– Aldeek beren gain hartutako betebeharrak ez betetzea.
Aldeetako batek bere gain hartutako konpromisoak betetzen ez baditu, besteak eskubidea izango du hitzarmena indargabetzeko eskatzeko.
Hamaikagarrena.– Hitzarmena eta hartutako konpromisoak betetzearen jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko mekanismoak.
1.– Hitzarmen honek izaera juridiko-administratiboa du, eta, interpretatzeko eta garatzeko, administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei buruzko autonomia- eta estatu-araudiari jarraituko zaio; bereziki, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoari.
2.– Bi alderdiek erabaki dute bitariko batzorde bat eratzea, alderdi bakoitzeko kide kopuru berarekin, hitzarmen honetan hartutako konpromisoen jarraipena egiteko eta haiek interpretatzeko (alderdi bakoitzak gehienez ere hiru kide izango ditu).
3.– Hitzarmen hau garatu eta betearaztean alderdien artean auziren bat sortzen bada eta Jarraipen Batzordeak ezin badu konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera.
4.– Hitzarmena suntsiarazi ahal izango da, bi alderdi sinatzaileetako edozeinek eskatuta, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluan jasotako suntsiarazpen-arrazoietako bat gertatzen bada. Hitzarmena suntsiarazteko akordioak likidatu egingo ditu alderdien artean eska daitezkeen eta egiteke dauden betebehar ekonomikoak.
Hamabigarrena.– Hitzarmena aldatzeko araubidea.
Hitzarmenaren edukia aldatzeko, sinatzaileek aho batez onartu beharko dute.
Hamahirugarrena.– Datu pertsonalen tratamendua:
Hitzarmen hau betez komunikatu beharreko datu pertsonalak Etxebide – Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta dauden pertsonei edo bizikidetza-unitateei buruzkoak dira, baldin eta berariaz adierazi badute erreferentziako sustapenaren esleipenean parte hartu nahi dutela eta urtean 21.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak badituzte.
Datu horiek Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroko (ID 1122) tratamendu-jardueren erregistroan daude, eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza da erregistro horren arduraduna.
Datuak Inversiones Urdiales, S.L. Unipersonal sozietateari lagatzen zaizkio, babes publikoko etxebizitzak alokairu eskuragarriko modalitatean esleitzen dituen pertsona gisa, inola ere ez tratamendu-eragile gisa.
Datu horiek jaso ondoren, datuen tratamenduaren arduradun bihurtuko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/1979 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori pertsona fisikoen babesari buruzkoa da, datu pertsonalen tratamenduari eta datuen zirkulazio askeari dagokienez.
Hamalaugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
Aldez aurretik suntsiarazteko aukera alde batera utzi gabe, hitzarmen honen indarraldia etxebizitzak errentamendu babestura nahitaez bideratzeko aurreikusitako epea amaitu arte luzatuko da. Kasu honetan, 50 urtekoa da, 2022ko urriaren 14ko Aginduaren 5. eta 6. artikuluetan jasotzen den bezala, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) 1. artikuluari dagokionez.
Etxebizitzen titularrek etxebizitzak errentamendu babestuari lagatzen jarraitu nahi badute eta beste laguntza ekonomiko batzuk eskatzen badituzte, beste hitzarmen bat sinatuko da.
Eta horrela jasota gera dadin, eta ados daudela adierazteko, hitzarmen honen bi ale sinatzen dira, esku hartzen duten alderdien azken sinaduraren egunean.
Egoitza elektronikoa, 2025eko urtarrilaren 2a.
Inversiones Urdiales, SL Unipersonal,
MIGUEL SALABERRI BARAÑANO.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
RSS