Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

38. zk., 2025eko otsailaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
883

AGINDUA, 2025eko otsailaren 13koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación Salto Systems – Salto Systems Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.

2024ko azaroaren 12an eskabide bat sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Erregistroan, Fundación Salto Systems – Salto Systems Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.

Horrekin batera administrazio-espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.

Estatutuen 3. artikuluak, fundazioaren xedeak jasotzen ditu:

«1.– Fundazioaren helburua epe luzerako eragin positiboa sortzea da, gizarte-errealitateak modu jasangarrian eraldatzeko. Horretarako, interes orokorreko helburuak lortzeko jarduera eta ekimen guztiak egingo ditu irabazi-asmorik gabe, honako gai hauei dagokienez:

i) Giza eskubideen eta printzipio etiko eta demokratikoen defentsa.

ii) Gizarte-ekintza sustatzea.

iii) Desberdintasuna murriztea eta gizarteratzea eta aukera-berdintasuna sustatzea.

iv) Garapenerako lankidetza eta hezkuntza.

v) Salto Wecosystem taldeko langileen eta hurbilen dagoen komunitatearen artean kirol egokitua eta kirola bizi-ohitura osasungarri gisa babestea.

vi) Kalitatezko hezkuntzarako bidezko sarbidea babestu, sustatu eta bultzatzea.

vii) Osasun-zerbitzuetarako sarbidea hobetzea eta gaixotasunen prebentzioa sustatzea.

viii) Ingurumenaren defentsa eta babesa eta garapen iraunkorra.

ix) Kulturarako sarbidea eta kultura-ondarearen zaintza sustatzea.

x) Garapen komunitarioa.

xi) Enpresa-berrikuntza eta -ekintzailetza sustatzea.

xii) Boluntariotza sustatzea eta tolerantzia defendatzea.»

Fundazioaren hasierako zuzkidura 30.000 euroko diru-ekarpena da.

Jarduteko lurralde-eremua, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoa izango da.

Estatutuen 8. artikuluak ezartzen du patronatua gutxienez 3 pertsonak eta gehienez 12k osatuko dutela.

Fundazioaren hasierako patronatua kargu eta kide hauek osatzen dute (horien izendapena eta onarpena eratze eskrituran daude jasota):

– Presidentea: Atlas Gestión y Marketing, S.L. Ordezkari den pertsona fisikoa: Francisco Javier Roquero Ussía jauna.

– Bokala: Salto Systems, S.L. Ordezkari den pertsona fisikoa: Marc Gómez Ferret jauna.

– Bokala: Warriors Inversiones, S.L.U. Ordezkari den pertsona fisikoa: José Antonio Itarte San Gil jauna.

– Bokala: Salengoa, S.L. Ordezkari den pertsona fisikoa: Esteban Salegui Arbizu jauna.

– Bokala: Irene Cuesta Gorostidi andrea.

– Idazkari ez kidea: Jaione Goñi López andrea.

– Diruzaina ez kidea: Gonzalo Marco de Juana jauna.

Lehen patronatu hori hiru urterako izendatu da, fundazioaren estatutuen 12. artikuluak xedatutakoaren arabera. Kargu-uzteak eta kide berrien izendapena estatutuen 9. eta 10. artikuluetan araututa daude.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzako Aholku Batzordea 2025eko otsailaren 3an bildu zen inskripzio-eskaera aztertzeko, fundazioaren helburuen zilegitasuna eta interes orokorra eta haren bideragarritasuna diren bezainbatean. Aholku Batzordeak, aho batez, aldeko txostena eman zuen, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.

Era berean, 2025eko otsailaren 13an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua.

Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Fundación Salto Systems – Salto Systems Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea F-500 erregistro zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, eskritura hauetan jasotako baldintzetan: 2024ko azaroaren 11n, Donostian, Fermín Lizarazu Aramayo notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoa (protokolo-zenbakia: 3717).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 13a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala