
38. zk., 2025eko otsailaren 25a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (200 KB - 15 orri.)
- EPUB (123 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
880
EBAZPENA, 2025eko otsailaren 18koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri, kuadrilla eta mankomunitateei 2025eko ekitaldian dirulaguntzak emateko oinarriak onartu eta deialdia egiten duena honako hauen diagnostikoak, prestaketa-lanak eta ebaluazioak egiteko behar den laguntza tekniko espezializatua emateko: «emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak», «berdintasunerako plan sektorialak edo estrategikoak», «emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloko tokiko protokoloak» eta «berdintasunerako ordenantzak».
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren eta gizartearen esparru guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea, berdintasun hori –izatez eta zuzenbidez– osotasunez garatzeko dauden oztopoak kentzea eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.
Helburu horiek lortzeko, EAEko Administrazio osoak parte hartu behar du, eta bereziki toki-administrazioek, herritarren behar, interes eta kezketatik hurbilen haiek daude eta. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak –martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua bera– 7. artikuluan Toki Administrazioaren eskumenak zehazten ditu. Horien artean, 1.c) apartatuan, hau adierazten du: «c) Toki-eremuan plangintza egitea, Eusko Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruan eta foru-aldundien lurralde-plangintzaren esparruan, eta lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan xedaturikoa zehaztuko eta lurralde-errealitatera egokituko duten arauak, jarraibideak eta gidalerroak sortzea». Bestalde, 16.3 artikuluak hauxe adierazten du: «Udalek berdintasun-planak onartuko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren plangintza orokorrean ezartzen diren esku-hartze ildo eta gidalerroei jarraikiz, eta, beharrezkoak diren baliabide material, ekonomiko eta pertsonalen bitartez, bermatu egin behar dute aipatu planetan eta lege honetan jasotzen diren neurriak benetan eta koordinatuta betearazten direla beren sail, organismo autonomo eta mendeko edo lotutako bestelako erakunde publiko guztietan. Udalek banaka edo kide diren edo ondorio horietarako osa ditzaketen mankomunitate, kuadrilla edo elkartzeen bidez egin ditzakete jarduera horiek. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak eta kasuan kasuko foru-aldundiek laguntza emango diete; bereziki, gaitasun ekonomiko eta kudeaketa-gaitasun txikiagoa dutenei». Horren inguruan hauxe adierazten da martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren, 7.2 eta 7.3 artikuluetan: «(...) 2. Toki-administrazioei 7.1 artikuluan aipatzen diren eginkizunak benetan betetzen laguntzeko, Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta foru-administrazioek laguntza emango diete; bereziki, gaitasun ekonomiko eta kudeaketa-gaitasun txikien dutenei. 3. EAEko botere publikoek erraztu egingo dute gaitasun ekonomiko eta kudeaketa-gaitasun txikieneko toki-administrazioek mankomunitateak, kuadrillak eta elkartzeak sor ditzaten, 7.1 artikuluan aipaturiko eginkizunak benetan gauzatze aldera».
Alde horretatik, EAEn legealdi bakoitzean emakumeen eta gizonen berdintasunerako indarrean dagoen plana toki-eremuan betetzen laguntzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak berdintasun-planak abiatu ditu, aipatutako plana bultzatu eta sustatzeko, bultzatzaile izatea baitagokio, bat etorrita martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 5.e) artikuluarekin eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan ezarritakoarekin. Gainera, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duenak, 5.k) artikuluan, egiteko hau ezarri dio Autonomia Erkidegoko Administrazioari; kasu honetan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari: «laguntza tekniko espezializatua ematea toki-erakundeei, EAEko gainerako aginte publikoei eta ekimen pribatuari, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan».
Esandako guztia dela eta, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak beharrezkotzat jotzen du laguntza ematea udalerriei, udalerri multzoei, kuadrillei eta mankomunitateei, dirulaguntzen bidez honako hauen diagnostikoak, prestaketa-lanak eta ebaluazioak egiteko behar den laguntza tekniko espezializatua izan dezaten: «emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak», «berdintasunerako plan sektorialak edo estrategikoak», «emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloko tokiko protokoloak» eta «berdintasunerako ordenantzak». Horretarako egin dugu dirulaguntzetarako deialdi hau, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-irizpideei jarraikiz.
Ebazpen honetan, egokitzat jotzen da diagnostikoak edo planak indar handiagoz sustatzea emakumeen eta gizonen berdintasunerako politika publikoak garatzen hasi diren eta oraindik udalbatzak onartutako planik ez duten udalerri, udalerri multzo, kuadrilla eta mankomunitateetan; hori dela eta, lehentasuna emango zaie laguntza ekonomikoak esleitzerakoan, lurralde-oreka handiagoa lortzeko xedez. Hori horrela izango da baldin eta toki-entitateek konpromisoa agertzen badute hasitako berdintasun-politiken jarraitutasuna bermatzeko. Era berean, lehentasuna emango zaio mankomunitate, kuadrilla eta udalerri multzoek elkarturik proiektuak egiteari, politika publikoek haien ingurunean hedadura eta oihartzun handiagoa dutelako. Lehentasuna emango zaio, halaber, berdintasunerako teknikarien kontratua luzatzeari edo zuzeneko kontratazioari.
Bestalde, deialdi hau Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Dirulaguntzen 2024-2027ko Plan Estrategikoaren babesean egiten da. Plan hori Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariaren 2024ko urriaren 21eko Ebazpenaren bidez onartu zen. Era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako arauketari lotuta dago. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2024-2027ko urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak 2025eko eranskinean jasotzen duen bezala, dirulaguntza honekin Berdintasunerako Legean ezarritako betebeharrak eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategian (1. lerroa, araudia eta plangintza) xedatutako aginduak bete nahi dira.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deskribatutako helburu guztiak kontuan hartuta, 2025eko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, kuadrillei eta mankomunitateei dirulaguntzak emateko deialdi honen oinarriak arautu eta onartzea, honako hauen diagnostikoak, prestaketa-lanak eta ebaluazioak egiteko behar den laguntza tekniko espezializatua emateko: «emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak», «berdintasunerako plan sektorialak edo estrategikoak», «emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloko tokiko protokoloak» eta «berdintasunerako ordenantzak». Deialdian, publizitate-, konkurrentzia- eta objektibotasun-irizpideak aplikatuko dira, bat etorriz Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariaren 2024ko urriaren 21eko Ebazpenarekin, zeinaren bidez onartzen baita Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2024-2027ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa. Oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetako dirulaguntzei honako hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, pertsona edo entitate interesdunek berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari, hilabeteko epean ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 18a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.
ERANSKINA
2025EKO EKITALDIAN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO UDALERRIEI, KUADRILLEI ETA MANKOMUNITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK; HONAKO HAUEN DIAGNOSTIKOAK, PRESTAKETA-LANAK ETA EBALUAZIOAK EGITEKO BEHAR DEN LAGUNTZA TEKNIKO ESPEZIALIZATUA EMATEKO DIRA DIRULAGUNTZAK: «EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO PLANAK», «BERDINTASUNERAKO PLAN SEKTORIALAK EDO ESTRATEGIKOAK», «EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA MATXISTAREN ARLOKO TOKIKO PROTOKOLOAK» ETA «BERDINTASUNERAKO ORDENANTZAK».
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen helburua da Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak 2025ean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, kuadrillei, mankomunitateei eta 4.6 artikuluan aipatzen diren udal multzoei dirulaguntzak emateko oinarriak onartzea eta deialdia egitea, dirulaguntza horien bidez honako hauen diagnostikoak, prestaketa-lanak eta ebaluazioak egiteko behar den laguntza tekniko espezializatua izan dezaten: «emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak», «berdintasunerako plan sektorialak edo estrategikoak», «emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloko tokiko protokoloak» eta «berdintasunerako ordenantzak». Deialdia 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 16.3 artikuluarekin bat etorrita egin da (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena), eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako indarreko Plana garatuz. Dirulaguntzen baldintzak hurrengo artikuluetan finkatzen dira, betiere aurrekontuaren IV. kapituluko kredituetan zehaztutako mugen barruan.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko diru-baliabideak. Zenbatekoa bostehun mila (500.000) eurokoa izango da, abenduaren 20ko Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen 8/2024 Legean ezarritakoaren arabera.
3. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko eta emateko prozedura.
1.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, eta lehentasunaren araberako hurrenkeran jarriko, 10.1 artikuluan finkatutako irizpideak aplikatuz. Puntu gehien lortzen duen eskaeratik hasi eta aurreko artikuluan horretarako kontsignatutako aurrekontu-kreditua ahitu arte emango dira dirulaguntzak.
2.– 10.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuek soilik jaso dezakete laguntza, 11. artikuluan ezarritako gehieneko muga gainditu gabe betiere: 15.000 euro, 7.000 biztanletik beherako udalerri batek bakarka aurkezten badu proiektua, eta 7.500 euro 7.000 biztanletik gorako udalerri batek bakarka aurkezten badu proiektua, eta 30.000 euro, kuadrilla, mankomunitate edo udalerri multzo batek programa bateratu bat aurkezten badu (udalerri multzoen kasuan, multzo horretako udalerri bakoitzak 7.000 biztanletik behera izan behar ditu).
3.– Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen Idazkaritza Nagusiari dagokio deialdi honen kudeaketa-lanak egitea.
4. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– EAEko udalerri, kuadrilla, mankomunitate eta udalerri multzoek eska ditzakete ebazpen honetako deialdiko dirulaguntzak, baldin eta EAEn indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana garatuz diagnostikoak egin nahi badituzte edo «emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak», «berdintasunerako plan sektorialak edo estrategikoak», «emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloko tokiko protokoloak» eta «berdintasunerako ordenantzak» egin eta ebaluatu nahi badituzte, eta proiektu horiek gauzatzeko beharrezkoa den laguntza tekniko espezializatuak eragindako gastuak ordaintzeko erabili beharko dute dirulaguntza.
2.– Deialdi honetako dirulaguntzak eskuratzeko baldintzetako bat da ez izatea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan bildutako debekuetako bat ere ez eta betekizunak konplitzea; bereziki, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteak izatea. Udalerri multzoen kasuan, multzoko kide guztiek bete beharko dute betekizun hori.
Gainera, betekizun hori dirulaguntza likidatu arte bete beharko da, hau da, hala onuradun izateko nola onuradun izaten jarraitzeko bete beharko da, eta, beraz, egiaztapenak egingo dira, bai dirulaguntza ematen denean, bai ordaintzen denean.
3.– Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak 23.3 c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena), hizkera ez-sexista erabili beharko da dirulaguntza eskatzen duten entitateek aurkeztutako memoria, proiektu eta gainerako testuetan. Orobat, bazter utzi beharko dituzte genero-estereotipoak, eta aktiboki sustatu emakumeen eta gizonen berdintasun erreala egiten diren irudi, jakinarazpen, argitalpen, programa, ikastaro eta abarretan.
4.– Era berean, eskakizunen artean egongo da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan jorratutako ibilbidea egiaztatzea edo berdintasunaren sustapena jasota izatea estatutuetako helburuetan, xede sozialean eta sorrerako helburuan, edo diruz lagundutako proiektua edo jarduera gauzatuko duten pertsonek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko prestakuntza espezifikoa izatea, halaxe agintzen baitu 1/2023 Legegintzako Dekretuak 23.3.a) artikuluan (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).
5.– Ezin izango dira onuradun izan lehenengo apartatuan sartutako entitateen mende edo horiei lotuta dauden edo horietan partaidetza duten pertsona juridikoak (zuzenbide publikokoak edo pribatukoak).
6.– Bi udalerriren edo gehiagoren multzo batek dirulaguntza eskatzen badu programa bateratu bat egiteko, proiektuaren hartzaile diren udalerri guztien berariazko baimena jaso beharko da eskabidean. Halako multzoetan sartuta dauden udalerriek ezingo dute beren kabuz laguntzarik eskatu multzoak eskatutakoaren antzeko proiektu baterako. Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Zehazki, berariaz adierazi beharko da multzoko udalerri bakoitzak nolako konpromisoak hartzen dituen bere gain proiektua gauzatzeko, eta laguntzatik zenbat diru aplikatuko zaion bakoitzari, haiek ere onuradun izaera izango baitute. Eskabidean, betiere, udalerrietako bat izendatu beharko da, harekin egiteko diruz lagundutako programaren kudeaketa- eta ordainketa-jarduerak, eta multzoa ezingo da desegin, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideei dagokien preskripzio-epea amaitu arte (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 44. artikuluan ezarrita daude eskubide horiek).
Era berean, proiektu batzuk zenbait udalerrik elkarrekin egitekoak badira, ezingo zaio zatika dirulaguntzarik eman udalerri horietako bakoitzari.
7.– Aurkeztutako eskabide baten helburua bat ez badator dirulaguntzen lerro honekin, baina organo kudeatzaileak uste badu sar daitekeela administrazio-ebazpena eman aurreko fasean dagoen Emakunderen beste laguntza-lerro batean, organo horrek erabaki dezake eskabide hori beste laguntza-lerro batean sartzea, hots, eskabidearen helburura gehien gerturatzen den laguntza-lerroan. Eskabidea aurrena jaso duen lerroaren organo kudeatzaileak eskabide hori bidaliko dio azkenean hura hartuko duen lerroaren organo kudeatzaileari, eta aldaketa horren berri emango zaio entitate eskatzaileari, jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean bidezkotzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan. Epe hori igarota, entitate eskatzaileak aurka egin ez badu, lerro-aldaketa hori onartu duela pentsatuko da.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Emakunderen helburuekin bat etorriz, laguntza tekniko espezializatuak sortutako gastuak ordaintzeko erabili behar dira dirulaguntzak. Laguntza tekniko espezializatu hori, hain zuzen, EAEn indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana garatuz 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 16ra bitartean emakumeen eta gizonen egoeraren diagnostikoak toki-eremuan egiteko edo berdintasun-planak prestatu eta ebaluatzeko izango da.
Jarduera horretan sartzen dira diagnostiko eta plan orokorrak egitea (udal-jardueraren zati handiena hartzen dutenak) eta diagnostikoak eta plan sektorialak edo estrategikoak egitea, indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeko protokoloak barne direla, bai eta horiei dagozkien ebaluazioak eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantzak egitea ere.
Deialdi honen helburua ez da planetan aurreikusitako ekintzen betearazpena diruz laguntzea, ez eta horretarako behar den laguntza tekniko espezializatua ematea ere.
2.– Diagnostikoa egiteko edo berdintasun-plana prestatu eta ebaluatzeko behar den laguntza tekniko espezializatuak eragindako gastuak ordaindu ahal izango dira laguntzen bidez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoaren arabera. Zehazki, gastu hauek onartuko dira:
– Udalerri, udalerri multzo, kuadrilla edo mankomunitateko berdintasun-teknikariaren kontratua luzatzeagatiko gastuak edo lan-proiektua bakarrik egiteko aldi baterako berdintasun-teknikariak zuzenean kontratatzeagatiko gastuak.
– Laguntza tekniko espezializaturako kontratatutako langileen eta aholkularitza-enpresen gastuak.
– Aparteko zailtasunak dituzten pertsonek edo askotariko bereizkeria jasaten dutenek lan-prozesuan parte hartzeko dituzten oztopoak ezabatzeko neurri osagarriek sortutako gastuak.
3.– Egiaztatu beharko da, betiere, aholkularitza-enpresek diruz lagundutako proiektua garatzeko izendatzen dituztenek edo kontratatu diren edo kontratatuko diren teknikariek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko espezializazioa dutela; zehazki, gutxienez izan beharko dute: 150 orduko ikastaro bat –administrazio publiko batek edo unibertsitate batek emana edo egiaztatua– edo urte biko esperientzia profesionala emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan. Berdintasunaren arloan homologatutako aholkularitza-enpresak badira, homologazio horren egiaztagiria.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.
1.– 2025eko apirilaren 1ean amaituko da eskabideak aurkezteko epea, egun hori barne.
2.– Eskabideak baliabide elektronikoak erabiliz bakarrik aurkeztu beharko dira, eskabide-ereduaren arabera, behar bezala eta oso-osorik beteta, eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa erantsita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14.2 artikuluan agintzen duen moduan. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan daude eskuragarri izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sartu ahal izango da eskaeraren formularioan. Helbide honetan dago fitxa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0038511
3.– Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), Euskadiko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoren bat eduki beharko dute. Helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri–elektronikoak
5.– Entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Entitateak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera, 14.f) artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.
6.– Eskabideak elektronikoki ere aurkeztu ahal izango dira, ordezkari baten bidez; horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
7. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
1.1.– Eskabide-eredua, zinpeko adierazpenekin batera, honako hauek egiaztatzeko:
a) Eskatutako laguntza jarduera berberetarako jada onartuta edo ordainduta dauden beste dirulaguntza batzuekin bateragarria izan arren, gainfinantzaketa ez gertatzea. Etorkizunean xede berbererako jasotzen diren bestelako laguntzen berri emateko betebeharra dago laguntza likidatu arteko aldian.
b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoa ez izatea edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoa.
c) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea zehapen irmo baten bidez horrelakorik ezartzen duen edozein legeren arabera. Zehazki, sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso ez izana zehapenean ezarritako epea oraindik gainditu ez bada.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea legez ezarritako moduan.
e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ezarritako ordainketak eginda izatea Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan zehaztutako eran (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
f) Indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen ditu.
g) Egiazkoak eta osoak dira eskabide honetako datu guztiak, baita aurkezten den dokumentazio guztia ere, eta bere gain hartzen du dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).
1.2.– Entitate eskatzailearen datuak, I. eranskinaren arabera. Behar bezala sinatua.
1.3.– Kuadrilla edo mankomunitatearen estatutuak. Mankomunitate-elkartearen izaera juridikoa eta jarduera-mota adierazi beharko dira.
1.4.– Proiektua egiteko kontratatzen den horrek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean duen prestakuntza edo esperientziaren egiaztagiria. Berdintasunaren arloan homologatutako aholkularitza-enpresak badira, homologazio horren egiaztagiria.
1.5.– Proiektuaren deskribapena, lan-prozesua jasotzen duena; lana, gehienez, 2025eko abenduaren 16an bukatu beharko da (II. eranskinaren arabera). Behar bezala sinatua.
1.6.– Udalbatzak edo dagokion osoko bilkurak onartutako planik ez duen udalerriak, kuadrillak, mankomunitateak edo udalerri multzoak eskatzen badu laguntza tekniko espezializaturako dirulaguntza, hasitako politikei jarraitzeko konpromisoa agertu beharko du organo eskudunak. III. eranskina (Berdintasunaren alorrean hasitako politikei jarraituko zaielako konpromisoa). Behar bezala sinatua.
1.7.– Udalerri, udalerri multzo, kuadrilla edo mankomunitateko berdintasun-teknikariaren kontratua luzatzen denean edo aldi baterako berdintasun-teknikariak zuzenean kontratatzen direnean, horren egiaztagiria, agintari eskudunak egina. IV. eranskina (Zuzeneneko kontratazioak egiteko edo kontratua luzatzeko konpromisoa). Behar bezala sinatua.
1.8.– Kuadrilla, mankomunitate edo udalerri multzo batek egiten badu proiektua, udalerri bakoitzaren onarpen adierazia jasotzen duen agiria aurkeztu beharko da: 4. artikuluko hirugarren apartatuan ezarritakoaren arabera. V. eranskina (Proiektua elkarlanean egiteko konpromisoa). Behar bezala sinatua.
1.9.– Esleipen-irizpideak egiaztatzeko gainerako agiri guztiak.
2.– Beste agiri hauek ere aurkez daitezke, merezimendutzat balioetsiko baitira (10.1.B) artikulua). VI. eranskina (Merezimenduak egiaztatzea). Behar bezala sinatua.
2.1.– Ziurtagiri bat, zeinaren bidez frogatzen baita udalerrietan, kuadrilletan, mankomunitateetan edo udalerri multzoetan badaudela berdintasuneko teknikari plazak edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko berariazko prestakuntza duten langileak kontratatu direla. VI. eranskina – Merezimenduak egiaztatzeari dagokionez. Behar bezala sinatua.
2.2.– Emakume eta gizonen berdintasuna lortzeko udalerri bakoitzak 2025. urterako aurrekontuan jarritako ehunekoa egiaztatzen duen agiria (Berdintasunerako organo / administrazio-unitatera bideratutako aurrekontua). VI. eranskina – Merezimenduak egiaztatzeari dagokionez. Behar bezala sinatua.
2.3.– Udalerri, kuadrilla, mankomunitate edo udalerri multzoko Emakumearen Toki Kontseiluaren edo parte hartzeko organoaren erregelamendua edo, bestela, organo horien beste egiaztagiri bat. VI. eranskina – Merezimenduak egiaztatzeari dagokionez. Behar bezala sinatua.
3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean alta emanda egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak kudeatutako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
4.– Emakunden dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, agiriak noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.d) artikuluan.
5.– Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, benetakoa dela egiaztatzeko.
6.– Kontuan hartuko da 2023ko otsailaren 13ko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren Aginduan ezarritakoa (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
8. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Dirulaguntza-eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7.1 artikuluan eskatutako agiriren bat falta bada, falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio Emakundek eskatzaileari, eta, horretarako, hamar egun balioduneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela pentsatuko dela; horretarako, ebazpena emango da aurretiaz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
9. artikulua.– Hautaketa-batzordea.
Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Hona hemen kideak:
Batzordeburua: Izaskun Garaigordobil Garmendia, Administrazio arloko arduraduna.
Ordezkoa: Noemi Alangua Elvira, Azterketak, Dokumentazio eta Plangintza arloko arduraduna.
Batzordekideak:
– Ander Bergara Sautua, Lankidetza Instituzionalaren arloko arduraduna.
Ordezkoa: Natxo Ruiz Fernįndez, Herritarren Berdintasun-eskubideen Defentsaren arloko teknikaria.
– Julene Gatzagaetxebarria Ameyugo, Aholkularitza Juridikoaren arloko arduraduna.
Ordezkoa: Unay Casado Lataburu, Aholkularitza Juridikoaren arloko teknikaria.
– Amagoia Arrieta Aguado, Lankidetza Instituzionalaren arloko emakumeen eta gizonen berdintasuneko teknikaria.
Ordezkoa: Ana Margarita Achurra Rodriguez, Lankidetza Instituzionalaren arloko emakumeen eta gizonen berdintasuneko teknikaria.
– Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren arloko arduradunak beteko du eginkizun hori.
10. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak.
1.– Dirulaguntzak esleitzeko, hautaketa-batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:
A) Proposamenaren kalitatea. 45 puntu, gehienez.
– EAEn indarrean dagoen Berdintasunerako Planarekin bat etortzea, testuinguruari eta egiturari dagokienez. 10 puntu, gehienez.
– Udal errealitatera egokituta egotea; proposamenak zer neurritan hartzen duen kontuan udalerriaren eta udalerria osatzen duten pertsona eta taldeen ezaugarriak (berariaz aintzat hartuta aniztasun soziala, kulturala, ekonomikoa...) eta non kokatzen den udalaren berdintasun-egituren eta -politiken garapenean. 10 puntu, gehienez.
– Proiektua argi azalduta egotea (planteatutako lan-prozesua, helburuak eta metodologia, alderdi berritzaileak, prozesua ebaluatzeko adierazleen sistema, eta abar) eta proiektua bideragarria izatea, garatu beharreko lan-prozesuaren ezaugarriak eta horretarako proposatutako aurrekontu eta lan-egutegia kontuan hartuta. 25 puntu, gehienez.
B) Genero-ikuspegia zenbateraino dagoen instituzionalizatuta (berariaz berdintasun-politikarako zenbat langile eta zenbateko aurrekontua dagoen: emakume eta gizonen berdintasunerako berariazko organo edo unitate administratibo bat izatea, soilik berdintasunean jardungo duten teknikariak izatea, berdintasun-teknikariaren plaza Lanpostu Zerrendetan goi-mailako teknikarien multzoan sartzea, berdintasun-teknikarien plazetan berariazko prestakuntza-betekizunak txertatzea, berdintasunerako organo edo unitate administratiboari bideratutako aurrekontua izatea, eta emakumeek parte hartzeko organo iraunkorrak egotea). 4 puntu, gehienez.
C) Aparteko zailtasunak dituzten edo askotariko bereizkeria sufritzen duten emakumeen parte-hartzea bermatzeko neurriak. 5 puntu, gehienez.
D) Lan-proiektua egiteaz esklusiboki arduratzeko, berdintasun-teknikariak zuzenean kontratatzea edo udalerri, kuadrilla edo mankomunitateko teknikariaren kontratua luzatzea. 8 puntu gehienez.
E) Proiektua garatzeko, aholkularitza-enpresa homologatu bat kontratatzea. 2 puntu, gehienez.
F) Proiektua garatzeko, mankomunitate, kuadrilla edo 7.000 biztanletik beherako udalerri multzoek elkarte bat osatzea. 10 puntu, gehienez.
G) Diagnostikoa edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana lehenengo edo bigarren aldiz egin behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, kuadrillek edo mankomunitateek 12 puntu izango dituzte, baldin eta hasitako politikei jarraitzeko konpromisoa hartzen badute. Ez zaie punturik emango plan sektorialei, ez eta soilik barrurako direnei eta berdintasunerako ordenantzei ere.
H) 7.000 biztanletik beherako udala izatea proiektua aurkezten duena. 14 puntu.
2.– Proiektuek, dirulaguntza jasotzeko, 50 puntu lortu behar dituzte, gutxienez.
11. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
Dirulaguntza eskatzen den jardueretarako onartutako aurrekontuaren % 75 izango da dirulaguntzaren zenbatekoa 7.000 biztanletik gora dituzten udalen kasuan, eta % 90 izango da 7.000 biztanletik behera dituztenen udalen kasuan, baita kuadrillen, mankomunitateen edo udalerri multzoen kasuan ere (udalerri multzoetan, udalerriek 7.000 biztanletik beherakoak izan behar dute).
Proiektu bakoitzeko 15.000 euro emango zaizkie gehienez 7.000 biztanletik behera dituzten udalei, proiektua bakarka aurkeztuta, eta 7.500 euro 7.000 biztanletik gora dituzten udalei, eta 30.000 euro, kuadrillei, mankomunitateei edo udalerri multzoei (udalerri multzoetan, udalerriek 7.000 biztanletik beherakoak izan behar dute). Aurrekontua osorik esleitu gabe geldituz gero, proportzionalki banatuko da soberako zenbateko hori 7.000 biztanletik gorako udalerrien artean, proiektu bakoitzeko gehienez 15.000 eurora iritsi arte.
12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza publiko edo pribatu batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin.
Aldi berean beste laguntza batzuk ere jasotzen badira, dirulaguntza jaso duten jarduerak ezin izango dira inoiz gainfinantzatu. Gainfinantzaketarik egonez gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, gaindikinari dagokion gehieneko mugaraino.
Entitate onuradunak hitzematen du ez dela gainfinantzaketarik izango, eta organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jasotzen dituela, eta berehala jakinarazi beharko dio, gainfinantzaketa gerta daitekeela hautematen badu.
13. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak ebatziko du prozedura hori.
Eskabideak ebaluatu ondoren, hautaketa-batzordeak akta bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza jasoko duena, 10. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatzearen ondorioz dagokion lehentasun-hurrenkeran. Akta hori organo kudeatzaileari bidaliko zaio, erakundearen Idazkaritza Nagusira. Organo horrek, espedientea eta akta ikusita, eta txosten bat egin ondoren jasota geratzeko entitate onuradun guztiek betetzen dituztela eskatu zaizkien baldintzak esku artean duen informazioaren arabera, ebazpen-proposamena egingo dio Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari. Ebazpen-proposamenean, zerrenda batean jasoko da zer eskatzaile proposatzen diren dirulaguntzaren onuradun izateko eta zer zenbateko.
2.– Ebazpenean, eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren zehaztuko da, eta, emandakoen kasuan, entitate onuradunen izena, diruz lagundutako jarduera-proiektua eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira. Udalerri multzoen kasuan, gainera, multzoko kide bakoitzak zer konpromiso hartzen duen eta zenbateko dirulaguntza emango zaion adieraziko da. Ukatuen kasuan, entitate eskatzaileen izena, jarduera-proiektua eta dirulaguntza ukatzeko arrazoia adieraziko da.
3.– Ebazpen horretan, hala badagokio, ordezko entitateen zerrenda bat jasoko da (puntuazio-hurrenkeraren arabera), onuradunek laguntzari uko egiten badiote ere.
Entitate horiek ordezkapen-hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, diruz lagunduko diren proiektuak adieraziko dira, eta onuradunak uko eginez gero ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehieneko zenbatekoa ere azalduko da; zenbateko hori sekula ez da izango dirulaguntzari uko egin dion onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.
4.– Puntuazioan berdinketarik izanez gero, berdinketa hausteko honako irizpideen arabera ezarriko da hurrenkera. Irizpideok hurrenez hurren aplikatuko dira:
– Lehen edo bigarren diagnostiko edo plana izatea.
– Proposamenaren argitasun eta bideragarritasunean puntuazio handiagoa izatea.
– Puntuazio handiagoa izatea EAEn indarrean dagoen berdintasunerako planari egokitzeari dagokionez.
– Eskaeraren sarrera-ordena.
5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskaera egin duten udalerriei, kuadrillei, mankomunitateei edo udalerri multzoei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikulutik 43.era ezarritakoaren arabera eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30., 31. eta 32. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Era berean, herritar guztiei jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da emandako dirulaguntzen, ordezkoen eta ukatuen zerrenda, eta hor adieraziko dira emandako dirulaguntzen zenbatekoak, finantzatutako inbertsio-proiektuak eta laguntza ukatzeko arrazoiak.
6.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan entitate interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, dirulaguntzarako eskaera ezetsi dela esan nahiko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan.
14. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Entitate onuradunek, ebazpen hau dela bide, betebehar hauek bete beharko dituzte beti, bai eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritakoak ere.
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo entitate onuradunek dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu dutela pentsatuko da.
b) Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean alta emanda egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak kudeatutako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
c) Dirulaguntza, zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 16. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.
d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.
e) Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egiteko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundearen Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko. Beste edozein laguntza edo dirulaguntzaren berri ere eman behar zaio Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeari.
f) Diruz lagundutako jardueren publizitatea egitean, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza adierazi beharko da. Horretarako, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen marka jarri beharko da hedatu beharreko publizitate-euskarrian. Euskarrian, marka hori inprimatzeko edo ikusteko modua izan behar da, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz (https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/). 1999-10-26an argitaratu zen dekretu hori EHAAn (205. zk.). Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke marka. Nolanahi ere, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen marka diruz lagundutako proiektutik sortzen den dokumentuan jarri behar da.
g) Hizkuntza ofizial biak erabili behar dituzte, euskara eta gaztelania, diruz lagundutako proiektua gauzatzean egindako dibulgazio-jardueretan eta materialak editatu edo argitaratzean.
h) Hizkera ez-sexista erabili behar dute, eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotiporik gabea duten irudiak erabili beharko dituzte diagnostikoari eta planari buruzko komunikazio- eta zabalkunde-ekintza guztietan.
15. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Jarduerak gauzatu ondoren eta dirulaguntzaren zenbateko osoa justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza; horretarako, 2025eko abenduaren 16a baino lehen –egun hori barne–, agiri hauek aurkeztu behar dira:
– Dirulaguntza jaso duten jarduerei lotuta egindako gastuak egiaztatzeko, fakturak, nominak edo soldata justifikatzen dituzten agiriak; edo dirulaguntza jaso duten jarduerei dagokienez egindako gastua justifikatzen duten egiaztagiriak, udalerriko idazkariak edo kontu-hartze zerbitzuko arduradunak eginak. Faktura edo agirietako gastuen data ezingo da izan 2025eko abenduaren 16koa baino geroagokoa. Egiaztagiria eta diruz lagundutako kasuan kasuko jarduera lotzen dituzten agiri osagarriak ere aurkeztu beharko dira (fakturak, nominak...).
– Egindako lan-proiektua justifikatzeko memoria. Memoria horretan nahitaez deskribatu beharko dira lortutako helburuak, erabilitako metodologia (egindako lan-prozedura, herritarrek parte hartzeko mekanismoak eta neurri osagarriak, kronograma, adierazleak eta berrikuntzak) eta egindako gastuen eta lortutako sarreren banakatzea, udal-ekarpena zehaztuta (VII. eranskina – Justifikazio-memoria). Era berean, sexuka banakatuta, zuzenean onuradun diren pertsonen kopurua jasoko da (politikariak eta toki-entitatean lan egiten dutenak), baita zeharka onuradun direnena ere (proiektua gauzatzeko kontratatzen direnak eta proiektua diseinatu eta gauzatzeko kontratatzen den entitate edo enpresa osatzen dutenak eta bertan lan egiten dutenak).
– «Emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak», «berdintasunerako plan sektorialak edo estrategikoak», «emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloko tokiko protokoloak» eta «berdintasunerako ordenantzak» euskaraz. Baldintza berezi hori bete ezean, dirulaguntzaren zenbatekoa % 15 murriztu ahal izango da. Agiri horietan Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza adierazi beharko da, eta, horretarako, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen marka jarri beharko da, ebazpen honek 14.f) artikuluan agintzen duen bezala.
2.– Programaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean, edo gastua egiaztatzeko agirien bidez (fakturak, ordainagiriak, eta abar) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari.
3.– Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, benetakoa dela egiaztatzeko.
16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira (betiere, dirulaguntzaren helburua bete bada) eta beste edozein entitate publikok edo pribatuk aldi berean laguntzarik edo dirulaguntzarik eman badu. Horrek guztiak bat etorri behar du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan xedatutakoarekin.
Alde horretatik, dirulaguntzaren helburua bete dela iritziko zaio, baldin eta ebazpen honen 5.2 artikuluan aurreikusitako kontratazioa egiten bada eta diruz lagundutako diagnostikoa, plana edo ebaluazioa gauzatzen bada. Diagnostikoa, plana edo ebaluazioa gauzatutzat emango da, justifikazio-momentuan produktuaren dokumentua aurkezten bada.
2.– Aurreko artikuluan aipatutako agiriak –edo, hala badagokio, artikulu honetako aurreko apartatuan aipatutakoak– jaso eta aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak, ebazpen bidez, emandako dirulaguntza aldatu edo likidatuko du eta, hala badagokio, dirulaguntzen zenbatekoak egokituko ditu. Ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan zehaztutako ez-betetzeetako bat izan dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horiei dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, bat etorrita abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin, eta horrek ez du eragotziko behar diren gainerako ekintzak abiaraztea.
18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez badira, emandako dirulaguntza errebokatzeko prozedura abiaraziko da, eta, hala badagokio, itzultzekoa ere bai, bat etorrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan jasotakoarekin. Hala:
a) Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio entitate interesdunari, eta hamabost egun balioduneko epea emango dio egoki irizten dien alegazioak aurkezteko.
b) Alegazioak jaso ondoren, edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.
Ebazpenean adierazten bada baldintzak ez direla bete, galdutzat joko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua bi hileko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
c) Borondatezko epean itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Finantzak Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.
19. artikulua.– Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula.
Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak izeneko datuen tratamendurako jasoko dira, bat etorrita Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduarekin.
Helburua: dirulaguntzak ematea hala eskatzen duten pertsona edo entitateei.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz egindako eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea).
Hartzaileak:
– Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.
– Interesdun legitimatuak.
– Organo judizialak.
– Kontuen Auzitegia edo erkidegoan duen baliokidea.
– Hala badagokio, pertsona fisiko onuradunen datuak EHAAn argitaratzetik eratorritakoak.
Eskubideak: Emakundek sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko baino ez dira erabiliko datuok, botere publikoen jardunari dagokion eginkizun bat betetzeko. Interesdunek eskubidea izango dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, horiei aurka egiteko eta Erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubide baliatzeko. Datuak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/datu-babesa/
Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur - lex.europa.eu/legalcontent/ES/TXT/HTML /? uri = CELEX: 32016R0679 & from = ES)
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php? id = BOE - A - 2018 -16673)
RSS