Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2025eko otsailaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
824

AGINDUA, 2025eko otsailaren 5ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Barakaldoko (Bizkaia) «La Inmaculada MSJO» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren baimena aldatzeko dena, Lehen Hezkuntzarako Hezkuntza Bereziko gela egonkor bat gehitzeagatik.

Barakaldoko (Bizkaia) «La Inmaculada MSJO» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren titularra den «Misioneras Seculares de Jesús Obrero» erakundeak eskatuta hasitako espedientea aztertu da. Espediente horretan, ikastetxe horri Lehen Hezkuntzarako Hezkuntza Bereziko gela egonkor bat gehitzeagatik emandako baimena aldatzeko eskatzen da.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen agiriak erantsi zaizkio espedienteari, eta gai horretan eskumena duten erakundeek txostena egin dute.

Arau hauek hartu dira kontuan: Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoa; Ikastetxe pribatuetan unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak emateko baimenei buruzko apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua; otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretuak aldatzen duena; Agindua, 1998ko uztailaren 30ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, hezkuntzaren arloko hainbat ekintza eta neurri arautzen dituena, gizarte edo kulturaren ikuspegitik besteak baino egoera txarragoan diren ikasleentzat eta eskolara egokitzeko zailtasun handiak dauzkaten ikasleentzat, eta gai horretan aplikagarri diren gainerako legeak. Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Barakaldoko (Bizkaia) «La Inmaculada MSJO» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuari, 2024–2025 ikasturtetik aurrera, Lehen Hezkuntzarako Hezkuntza Bereziko gela egonkor bat gehitzeko baimena ematea. Une horretatik aurrera, ikastetxe hori Hezkuntza Saileko unibertsitateaz kanpoko Ikastetxeen Erregistroan inskribatuko da, erregistroko datu hauekin:

Ikastetxearen kodeak: 014578 (EAE) eta 48000812 (unibertsala).

Izen generikoa: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatua.

Izen espezifikoa: «La Inmaculada MSJO».

Titularra: «Misioneras Seculares de Jesús Obrero».

Helbidea: Etxatxu, 2.

Udalerria: Barakaldo.

Lurralde historikoa: Bizkaia.

Baimendutako irakaskuntzak:

– Haur Hezkuntzako 1. zikloa: 3 unitate, honelako edukierakoak:

• 3 unitate 2-3 urte bitarteko haurrentzat, bakoitza 18 ikaspostutarako edukierarekin.

– Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 6 unitate, 150 ikaspostutarako edukierarekin.

– Lehen Hezkuntza: 12 unitate, 300 ikaspostutarako edukierarekin.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 10 unitate, 300 ikaspostutarako edukierarekin.

– Batxilergoa: Zientziak eta Teknologia eta Giza eta Gizarte Zientziak modalitateak, 6 unitate, 210 ikaspostutarako edukierarekin.

– Hezkuntza Berezia: 3 gela ireki eta gela egonkor 1.

Bigarrena.– Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, ikastetxeek ezin izango dute beren burua identifikatzeko beren erregistro-inskripzioetan agertzen direnez bestelako izendapenik erabili.

Hirugarrena.– Ikastetxearen erakunde titularrak indarrean dagoen araudia bete beharko du ikaspostu-kopuruari, ekipamenduari, titulazio akademikoari, irakasleen hizkuntza-eskakizunari eta indarrean dagoen eta aplikagarri den gainerako legeriari dagokienez, eta emandako baimena berrikusteko eskatu beharko du, ikastetxearen erregistro-daturen bat aldatu behar denean. Bestela, emandako baimena baliogabetu egingo litzateke.

Laugarrena.– Era berean, ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutako Eraikuntzaren Kode Teknikoa bete behar du, bai eta indarrean dagoen legerian adierazten diren higiene, osasun, akustika, bizigarritasun, segurtasun eta irisgarritasun baldintzak ere. Baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna ikastetxearen erakunde titularrari dagokio.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan jasotako baimena emateak ez du esan nahi, inola ere, hezkuntza-itunen edo dirulaguntzen deialdien bidez laguntzak lortu direnik.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 5a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.


Azterketa dokumentala