Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2025eko otsailaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
822

AGINDUA, 2025eko otsailaren 11koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioa / Fundación Memorial 3 de Marzo izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.

2024ko martxoaren 12an eskabide bat sartu zen desagertutako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erregistroan, Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioa / Fundación Memorial 3 de Marzo izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.

Horrekin batera administrazio espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.

Estatutuen 3. artikuluak, fundazioaren xedeak jasotzen ditu:

«1.– Fundazioak interes orokorreko helburu hauek ditu:

Martxoaren 3ko biktimen memoria berreskuratzea, duintzea eta transmititzea.

Langile-borroka eta borroka demokratikoaren memoria berreskuratzea eta transmititzea eta 1976ko martxoko gertakari traumatikoena».

Fundazioaren hasierako zuzkidura 40.000 euroko diru-ekarpena da.

Jarduteko lurralde-eremua Vitoria-Gasteiz izango da, bereziki, eta Euskal Autonomia Erkidego osoa, oro har.

Estatutuen 10. artikuluak ezartzen du patronatuak 16 kide izango dituela.

Fundazioaren hasierako patronatua honako kargu eta kideek osatzen dute (horien izendapena eta onarpena eratze eskrituran eta ondorengo notario-eginbidean daude jasota):

– Presidentea (berezko kidea): María Jesús Carmen San José López andrea, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean memoria-politiken ardura duen sailaren titularra den aldetik.

– Presidenteordea: Nerea Martínez Aranburuzabala andrea, Asociación de Víctimas 3 de Marzo-Martxoak 3 Elkarteak izendatua.

– Kidea: José Alfredo Retortillo Paniagua jauna, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak izendatuta.

– Kidea: Alberto Alonso Martín jauna, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak izendatuta.

– Kidea (berezko kidea): Maider Echevarría García andrea, Vitoria-Gasteizko alkatea.

– Kidea: Pascual Borja Borja jauna, Bizikidetzarako eta Aniztasunerako Zerbitzuaren eskuordetze berezia duen zinegotzia, Vitoria-Gasteizko Udalak izendatuta.

– Kidea: Beatriz Artolazabal Albeniz andrea, Espazio Publikoko eta Auzoetako zinegotzia, Vitoria-Gasteizko Udalak izendatuta.

– Kidea (berezko kidea): Ramiro González Vicente jauna, Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusia.

– Kidea: Cristina González Calvar andrea, Lehenengo ahaldun nagusia eta Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioko foru-diputatua, Arabako Foru Aldundiak izendatuta.

– Kidea: Jone Berriozabal Bóveda andrea, Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru-diputatua, Arabako Foru Aldundiak izendatuta.

– Kidea (berezko kidea): Juan Carlos Elizalde Espinal jauna, Vitoria-Gasteizko elizbarrutiko gotzaina.

– Kidea: Santiago de Pablo Contreras jauna, Vitoria-Gasteizko gotzainak izendatua.

– Kidea: Virginia López de Maturana Diéguez andrea, Vitoria-Gasteizko gotzainak izendatua.

– Kidea: Juan Ibarrondo Portilla jauna, «Memoria Gara Elkartea-San Francisco Eliza Memoria-Gunea Bihurtzeko Elkartea» elkarteak izendatuta.

– Kidea: José María Flores Mateos jauna, «Memoria Gara Elkartea-San Francisco Eliza Memoria-Gunea Bihurtzeko Elkartea» elkarteak izendatuta.

– Kidea: José Arturo Val del Olmo jauna, Asociación de Víctimas 3 de Marzo-Martxoak 3 Elkartea izendatua.

– Idazkaria ez-patronoa: José Luis Aramendía Cordón jauna, Biktimen Arretarako Koordinazio Aholkularia, Justizia eta Giza Eskubideen Sailean.

Lehen patronatu hori lau urterako izendatu da, fundazioaren estatutuen 14. artikuluak xedatutakoaren arabera. Kargu-uzteak eta kide berrien izendapena estatutuen 11. eta 12. artikuluetan araututa daude.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Aholku Batzordea 2025eko otsailaren 3an bildu zen inskripzio-eskaera aztertzeko, fundazioaren helburuen zilegitasuna eta interes orokorra eta haren bideragarritasuna diren bezainbatean. Aholku Batzordeak, aho batez, aldeko txostena eman zuen, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.

Era berean, 2025eko otsailaren 10ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua.

Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

Hori guztia kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioa / Fundación Memorial 3 de Marzo izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea F-498 erregistro zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, honako eskritura hauetan jasotako baldintzetan: 2024ko otsailaren 15ean, Vitoria-Gasteizen, Luis Pérez de Lazárraga Villanueva notario jaunaren aurrean bere lankide José Manuel Jiménez del Cerro jaunaren ordez, egiletsitako eskritura publikoa (protokolo-zenbakia: 269).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 11.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala