
33. zk., 2025eko otsailaren 18a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (116 KB - 4 orri.)
- EPUB (143 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
777
283/2025 EBAZPENA, otsailaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ezartzen baita Osasun Sistema Nazionaleko bestelako osasun-zerbitzuetan egiaztatutako lanbide-garapeneko mailak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan aitortzeko prozedura.
Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legeak, 40. artikuluan, ezartzen ditu lanbide-garapeneko irizpide orokorrak. Hala, 1. puntuan honako hau zehazten da: «Autonomia-erkidegoek, aldez aurretik dagokien mahaietan negoziatu ondoren, lanbide-garapenerako mekanismoak ezarriko dituzte beren osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileentzat...». Horrekin batera, 3. puntuaren arabera, «Osasun Sistema Nazionaleko Giza Baliabideen Batzordeak ezarriko ditu osasun-zerbitzuetako lanbide-garapeneko sistemak homologatzeko printzipioak eta irizpideak, lanbide-garapeneko mailak eta beren ondorio profesionalak elkarri aitortzen zaizkiola ziurtatzeko, bai eta profesional horien zirkulazio askea ere bermatzeko Osasun Sistema Nazional osoan».
Bestalde, Lanbide sanitarioei antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legeak, 39. artikuluan, honako hau ezartzen du: «Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluak, Giza Baliabideen Batzordeak proposatuta eta Aholkularitza Batzorde Profesionalari entzun ondoren, Osasun Sistema Nazional osoan garapen profesionalaren aitorpena homologatzeko printzipio eta irizpide orokorrak ezarriko ditu, batez ere graduen izendapenei, merezimenduak balioesteko sistemei, ebaluazio-batzordeen osaerari eta osasun-zerbitzuetako profesionalek lortutako graduak elkarri aitortzeari dagokienez».
Araudi horren babesean, Osakidetzak honako dekretu hauek onetsi zituen, Osakidetzako langileen lanbide-garapena arautzen dutenak:
– 395/2005 Dekretua, azaroaren 22koa, A.1 Lanbide-taldeko profesional sanitarioen lanbide-garapena arautzen duena.
– 35/2007 Dekretua, otsailaren 27koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko B1 Lanbide-taldeko profesional sanitarioen lanbide-garapena arautzen duena.
– 248/2007 Dekretua, abenduaren 26koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko goi- eta erdi-mailako lanbide-heziketako langile ez-sanitarioen eta langile sanitarioen lanbide-taldeetako profesional sanitarioen lanbide-garapena arautzen duena.
Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko Legearen 39. artikulua eta Esparru-estatutuaren 40.3 artikulua aplikatuz, Osasun Sistema Nazionalaren Giza Baliabideen Batzordeko Batzorde Tekniko Eskuordetuak akordio bat egin zuen 2006ko urriaren 26an, zeinaren bidez ezarri baitziren osasun-zerbitzuetako langileentzako lanbide-garapeneko homologazioaren irizpide orokorrak. Hura Giza Baliabideen eta Ekonomiako eta Aurrekontuetako Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiaren 2007ko urtarrilaren 29ko Ebazpenaren bidez argitaratu zen.
Akordio horrek, bere 2.a) puntuan, honako hau ezartzen du: «Osasun-zerbitzuek modu automatikoan aitortuko dituzte lanbide-garapeneko mailak, baldin eta beste osasun-zerbitzu batean egiaztatuta badaude (hasierako maila hasierako mailaren baliokidea izango da, I. maila I. mailarena eta abar), baldin eta espezialitate, kategoria profesional edo titulu-talde berekoak badira».
Ebazpen honen ondorioetarako, eta kontuan izanik Osasun-zerbitzuetan askotariko terminologia erabiltzen dela, modu baliokidean erabiliko dira «maila» eta «gradu» terminoak («nivel» eta «grado», gaztelaniaz), bai eta «lanbide-garapena» eta «karrera profesionala» ere («desarrollo profesional» eta «carrera profesional»).
Lanbide-garapenaren arloko araudiak betez, eta Osakidetza Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea eta aplikazio-esparrua.
Ebazpen honen xedea da Osasun Sistema Nazionalaren bestelako zerbitzuetan aitortuak dauden lanbide-garapeneko edo karrera profesionaleko mailak edo graduak aitortzeko prozedura arautzea Osakidetzan lanpostua hartzen duten estatutupeko langileentzat, edo, indarrean dagoen legedian aurreikusitako prozedura orokorren bidez, Osakidetzan zerbitzuak ematen dituzten estatutupeko langileentzat.
Aitorpena interesdunak aurrez eskatuta egingo da. Eskabide horretan aitorpenerako baldintzak betetzen dituela egiaztatu beharko du.
Bigarrena.– Baldintzak eta eskabidea.
Beste osasun-zerbitzu batean aitortutako lanbide-garapeneko edo karrera profesionaleko maila edo gradu bat aitortzea eskatzen duten pertsonek honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatu beharko dute:
a) Zerbitzuak ematen egotea edo egoera baliokidean egotea Osakidetzan.
b) Lanbide-garapeneko edo karrera profesionaleko maila bat aitortua izatea beste Osasun Zerbitzu batean.
Aitorpenaren eskabideak Ebazpen honen eranskinean atxikitako dokumentua betez egin beharko dira, eta langileak zerbitzuak ematen dituen zerbitzu-erakundearen Langileen Sailean aurkeztu beharko dira.
Eskabidearekin batera erantsiko da jatorrizko Osasun Zerbitzuan garapen-maila emateko Ebazpenaren jatorrizko dokumentua edo haren kopia konpultsatua; edo, halakorik ez izanez gero, organo eskudunak emandako ziurtagiria, non azaltzen baitira aitortutako maila, kategoria, lanbide-taldea eta/edo espezialitatea eta aitorpenaren data. Interesdunak aurkeztutako dokumentuak zuzendu ahalko ditu, baldin eta Osakidetzaren ustez ez badira nahikoa aitorpena egiteko.
Hirugarrena.– Mailaren aitorpena.
Beste osasun-zerbitzu batzuetan aitortutako lanbide-garapeneko mailen aitorpena modu automatikoan egingo da arloan sartzen diren eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten profesionalentzat, baldin eta espezialitate, kategoria edo lanbide-talde berekoak badira.
Dagokion Zerbitzu Erakundeko Zuzendaritza Gerentziaren Ebazpenaren bidez egingo da aitorpena.
Osakidetzak beste osasun-zerbitzu batzuetan aitortutako lanbide-garapeneko mailak aitortzeko erabiliko diren baliokidetasunek kontuan izango dute Osasun Sistema Nazionaleko Giza Baliabideen Batzordeko Batzorde Tekniko Eskuordetuaren akordioaren 2.f) apartatuan jasotakoa. Horren arabera: «Izendapen- eta aitorpen-sistema homogeneo bat erabiltzearen aldera Osasun Sistema Nazionalean, eta Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko legearen 38. artikuluarekin bat etorriz, hasierako mailak M-0 izena izango du («G-0», gaztelaniaz), lehenengo mailak M-1 («G-1»), bigarrenak M-II («G-II»), hirugarrenak M-III («G-III»), eta laugarrenak M-IV («G-IV»). Ezar litekeen M-IV mailatik gorako edozein maila M-IV mailaren baliokidea izango da».
Laugarrena.– Aitorpenaren ondorioak.
Ebazpen honen bidez aitortutako mailei eta eska litezkeen lanbide-garapeneko maila berriei aplikatuko zaien araubide juridikoa eta araudia Osakidetzako lanbide-garapeneko sistema arautzen duen araudian ezarritakoak izango dira.
Ondorio administratiboen eta mailan gelditzearekin lotutako ondorioen ondorio-data izango da jatorrizko osasun-zerbitzuak ezarri zuena aitorpen-data gisa.
Bestelako Osasun Zerbitzuetan aitortutako mailen aitorpenaren ondorio ekonomikoak interesdunaren aitorpen-eskaeraren sarrera-erregistroaren datan aplikatuko dira.
Bosgarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako hilabeteko epea izango da, haren berri eman eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoaren arabera.
Seigarrena.– Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 11.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
SUSANA LÓPEZ ALTUNA.
RSS