
33. zk., 2025eko otsailaren 18a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (165 KB - 6 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
772
EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 27koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zumarragako (Gipuzkoa) Ipintza Z1.5 sektorearen Plan Partzialari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko urriaren 14an, Zumarragako Udalak Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari eskatu zion Zumarragako (Gipuzkoa) Ipintza Z1.5 sektorearen Plan Partzialari (aurrerantzean, Plana) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten hasteko. Eskabidea abenduaren 9ko Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko abenduaren 9an, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Zumarragako Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Zumarragako (Gipuzkoa) Ipintza Z1.5 sektorearen Plan Partziala abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; artikulu horretan ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zumarragako (Gipuzkoa) Ipintza Z1.5 sektorearen Plan Partzialaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Zumarragako Plangintzako Arau Subsidiarioen Berrikuspenaren testu bategina (aurrerantzean, Arau Subsidiarioak) 2008ko ekainaren 3ko bilkuran behin betiko onartu zuen Diputatuen Kontseiluak, eta urte bereko uztailaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (128. zk.). Arau Subsidiarioek, beste hirigintza-eremu batzuen artean, Ipintza Z1.5 sektorea mugatzen dute, bizitegi-erabilerako lurzoru urbanizagarria dena. Plangintza orokorrak izapidetu beharreko plan partzial baterako igorpena egiten du, eremuaren antolamendu xehatuari dagokionez.
Ebaluazioaren xede den planak Ipintza Z1.5 sektorearen antolamendu xehatuaren araubidea ezartzea proposatzen du, bai eta sektorearen hirigintza-garapen, -kudeaketa eta -egikaritzerako beharrezkoak diren zehaztapen guztiak definitzea ere. Eremuak 7.031 m2-ko azalera du. Zumarragako hirigunearen iparraldeko muturrean dago. Mugakide hauek ditu: ekialdean, GI-631 errepidea; mendebaldean, Urola ibaia; iparraldean, hiri-bideak; eta hegoaldean, Z2.3 «Forjas» bizitegi-eremu berria.
Eremuak honako hauek hartzen ditu barnean: «Ipintza Iturria» eraikina eta lursailak, bai eta Ipintza Enea eraikina ere. Egun indarrean dagoen plangintzak esleitutako bizitegi-erabilerako eskubideak berrezarri ostean, bi eraikinak eraistea aurreikusten da. Eremuaren parte dira, halaber, sektorearen ekialdetik, mendebaldetik eta iparraldetik igarotzen diren bide perimetralak.
Eremuan jarduketa hauek egitea proposatzen da:
– Hiru bizitegi-eraikin antolatzea. Bertan, 4.000 m2-ko sabai-azalera duen bizitegi-eraikigarritasuna baimentzen da, guztira 40 etxebizitzatan banatuta. Aurreikusitako profila: BS+4, atari nagusian; BS+3, iparraldean dagoen atarian; eta BS+5, hegoaldean dagoen atarian. Sotoko solairuak aparkaleku pribatuetarako 60 plaza inguru jartzeko aukera ematen du, bai eta aparkaleku-plazen atzean egon daitezkeen trastelekuetarako ere.
– Z2.3 Forjas eremuetatik datorren bide-eraztuna osatzea eta Zumarragara iparraldetik sartzeko bidearekin lotzea, zeina eraikitzen amaitu berri baitute Kalebarrenean.
– Kanpoko 76 aparkaleku publiko lortzea aipatutako bideetan, bide-eraztunean eta Kalebarrenean.
– Espazio libreen berdegune bat lortzea «Forjas» eremuaren eta «Ipintza» sektorearen artean, oinezkoak mendebaldetik (Kalebarrena) ekialdera (bide-eraztuna) eta kontrako noranzkoan igaro ahal izan daitezen.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
Planaren ezaugarriak, bereziki kontuan hartutakoak:
– Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak ez du baldintzarik ezartzen, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, etorkizunean proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak baimentzeko.
– Zer neurritan eragiten duen planak beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: ez da hauteman bateraezintasun aipagarririk hierarkian goragoko plangintzarekin.
– Plana egokia den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
– Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, itxura batean, ez da ingurumen-arazo nabarmenik egongo plana gauzatuz gero, baldin eta, besteak beste, kultura-ondarearen babesari, hondakinen kudeaketari, isuriei, lurzoruaren babesari, urei, kutsadura akustikoari, ingurumenari, segurtasunari eta osasunari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.
– Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Azterketa-eremua bat dator Ipintza Z1.5 sektorearekin; Zumarragako hirigunearen iparraldean dago, Urretxuko udal-mugartearen mugaren ondoan. Guztira 7.031 m2-ko azalera du. Ekialdean, GI-631 errepidearekin egiten du muga, eta mendebaldean, Urola ibaiarekin (ibai hori bi herrien arteko muga da). Azkenik, hegoaldean, Zumarragako Arau Subsidiarioetako Forjas Z2.3 eremua du mugakide.
Dagokigun eremuaren ingurumen-ezaugarri nagusiei dagokienez, hauek nabarmentzen dira:
– Ia eremu osoa Urolako alubioi-lautadaren parte da, ekialdeko muga izan ezik, zeina mendi-hegalen sistemari baitagokio.
– Ezein ibilguk ez du azterketa-eremua zeharkatzen; haatik, mendebaldeko mugan zehar Urola ibaia igarotzen da (Urola-B masa). Eremuaren iparraldean, aztergai dadoen eremutik kanpo, Arriluze erreka igarotzen da.
– Eremuaren % 40 inguru eraikitako, asfaltatutako edo eraldatutako (zapaldutako) eremuak dira. Eremuaren gainerakoan, bi unitate bereizten dira: alde batetik, zatirik handiena larre/sastrakadi bat da, sega-belardia zenak nekazaritza eta abeltzaintzako aprobetxamendurik izan ez duenez garatu dena (2.334 m2-ko azalera hartzen du, hots, eremuaren azaleraren % 33 inguru); beste alde batetik, gainerako % 28a zuhaitz-landaredia mantentzen duen eremua da, eta, besteak beste, espezie hauek identifikatu dira: lizarrak (Fraxinus excelsior) nagusiki, eta, neurri txikiagoan, beste espezie batzuk, hala nola intxaurrondoak (Juglans regia), zuhaixkak –gehienbat hurritzak (Corylus avellana)– eta hainbat konifero-ale (Douglas izeia).
– Aztergai dagoen eremuak, mendebaldean, bisoi europarraren (Mustela lutreola) Lehentasunezko Banaketa Eremuarekin (LBE) egiten du muga; eremu hori bat dator Urola ibaiaren ibilgu kanalizatuarekin.
– Ez da Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean jasotako guneetako ezein (naturagune babestuak, Natura 2000 Sareko gune babestuak, nazioarteko tresnek babestutako eremuak), ez eta Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legean jasotako gunea ere.
– Azterketa-eremua ez da EAEko azpiegitura berdearen elementu egituratzaileetako bat, nahiz eta Sareko «Bilbe urdinean» sartuta dagoen Urola ibaiaren ondoan egon.
– Euskal Kultura Ondarearen informazio-sistemaren arabera, azterketa-eremuan eta haren inguruetan ez dago kultura-ondasuntzat jotako elementurik.
– Irailaren 30eko 165/2008 Dekretuaren bidez onartutako «Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioaren» arabera, zeinari buruzko informazio eguneratua geoEuskadi plataforma publikoan baitago eskuragarri, Z1.5 Ipintza sektorearen barruan 20080-00005 kokagunea dago. 167 m2-ko lurzatia da; lurzatiaren % 2,35 hartzen du eta jatorri industriala du.
– Ipintzako eremuaren altuera eta uholde-orbanak ibaiaren ibilgura mugatzen dira, tarte horretan kanalizatuta doana. Halaber, eremua ez dago lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan. «2022-2027 aldirako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak (UAKP)», martxoaren 21eko 197/2023 Errege Dekretuaren bidez onartutakoak, Uholde Arrisku Handiko Eremuak (UAHE) identifikatzen ditu. UAKPak, Zumarraga-Urretxu eremuaren mendebaldean, ES017-GIP-URO-05 kodea duen UAHEa identifikatu du. III. lehentasun-taldean sailkatzen da; hau da, arrisku handia duen UAHE bat da, non beharrezkoa baita uholdeetatik babesteko egiturazko neurriak hartzea, baina I. eta II. taldeetakoak baino lehentasun txikiagoarekin.
– Eremuko zarata-foku nagusiak GI-641 errepidea eta Kalebarrena dira. Egungo egoeran aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterlanaren arabera, eremuaren ekialdean kalitate akustikoko helburuak gainditzen dira, eta gauez, gehienez, 64 dB(A) lortzen dira. Gauzak horrela, azterketak berak zuzenketa-neurriak hartzea proposatzen du, hain zuzen, zarataren aurkako pantailak jartzea; adierazten da neurri horren bidez kalitate akustikoko helburuak betetzen direla. Proposatutako pantaila 155 metro luze eta 3 metro altu da, eta lurzatiaren ekialdean kokatzea proposatzen da, errepidearen ertzean.
Inpakturen bat eragin dezaketen jarduketak honako hauek dira: belar-sastrakak garbitzea eta kentzea, hondeaketak eta lur-mugimenduak, makineriaren joan-etorria, aldi baterako okupazio-eremuak, eremua berrurbanizatzea, eraikinak eraikitzea, lursaila eta ingurumena lehengoratzea eta bizitegi-jarduera.
Plana aplikatzearen ondoriozko ingurumen-ondorio aipagarrienak obren fasean gertatuko dira, eta gehienak bateragarritzat joko dira, baldin eta proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriei jarraitzen bazaie; honako hauek aztertzen dira: atmosferara egindako emisioak, lurzoruari erasatea, trafikoa eta mugikortasuna (kasu honetan erabilera faseari ere lotzen zaio), hondakinak sortzea, istripuz gertatutako isurketak, lurgaineko urei erasatea, landarediari eta habitatei erasatea eta biztanleriari erasatea.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak daude eremuan; beraz, ingurumen-dokumentu estrategikoan adierazten den moduan, garapenak arlo horretako araudia bete beharko du. Uholde-arriskuari dagokionez, eremua 500 urteko errepikatze-denborako uraldien uholde-arriskuko eremutik kanpo dago. Zaratari dagokionez, lurzatiaren ekialdean 155 metro luze eta 3 metro altu den zaraten aurkako pantaila bat jartzeak zuzendu egiten ditu eremuaren ekialdean kalitate akustikoko helburuak gainditu diren kasuak.
Indarrean dagoen legeria eta, bereziki, zaratari eta airearen kutsadurari, urei, lurzoruei, hondakinei eta isurketei buruzkoak betetzen badira, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.
Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planak indarrean den plangintzaren aldean proposatzen dituen aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, aplikaturik prebentzio, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.
Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Zumarragako (Gipuzkoa) Ipintza Z1.5 sektorearen Plan Partzialari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, bai eta ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.
Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu, besteak beste:
Urak eta lurzorua babesteko neurriak.
Planetik eratorritako jarduketek lurzoruaren kalitate-adierazpenaren araberakoak izan behar dute. Adierazpen-prozedura lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean dago jasota. Ekainaren 25eko 4/2015 Lege horren 31.4 artikuluan adierazitakoaren arabera, honako hauek egin baino lehen eman beharko du lurzoruaren kalitatearen deklarazioa ingurumen-organoak: lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat dagoen edo egon den lursailaren edo lursailen antolamendu xehea jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen, edo bitarteko horiek aldatu baino lehen, eta, ahal dela, prozedura horien hasierako faseetan. Hala ere, leku horretan guztian edo zati batean lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duten egoerak gertatzen badira, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitatearen deklaraziorik gabe. Kasu horretan, Hirigintzako Ekintzen Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da adierazpen hori; edo, horrelako programarik ezean, lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.
Era berean, Planak Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren Araudiko 48. artikuluan jasotako gogoetak hartu beharko ditu kontuan, oro har, azalera iragazkorraren gutxieneko ehunekoa % 20 izan dadin espaloietan, eta % 35 hiriko plaza eta berdeguneetan. Urbanizazio-proiektuek urbanizatu beharreko lurzoruen espazio libreen akabera iragazkorren ehunekoa zein den zehaztu beharko dute.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten Zumarragako (Gipuzkoa) Ipintza Z1.5 sektorearen Plan Partzialak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Zumarragako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Zumarragako (Gipuzkoa) Ipintza Z1.5 sektorearen Plan Partziala onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 27a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS