
33. zk., 2025eko otsailaren 18a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (201 KB - 13 orri.)
- EPUB (128 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
771
EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 24koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Gueñesko udal-mugartean dagoen «BESS Lajara» baterien bidez energia metatzeko instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2024ko urriaren 24an, Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, Gueñesko udal-mugartean dagoen BESS Lajara baterien bidez energia metatzeko plantaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskaera osatu zuen. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2024ko azaroaren 5ean, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 a) artikuluan eta ekainaren 13ko 445/2023 Errege Dekretuaren bidez egindako aldaketan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei. 4. taldea, n) epigrafea: «Stand-alone motako energia-metatzea, bateria elektrokimikoen bidez edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiaren bidez».
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Gueñesko udal-mugartean dagoen BESS Lajara baterien bidez energia metatzeko instalazioaren proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako baldintza hauetan:
A. Proiektuaren xedea da stand alone baterien bidez energia metatzeko instalazio bat eraikitzea. Instalazioak, zuzenean, 3.900 m2 inguruko azalera okupatzen du, 15.800 m2-ko hautatutako ezarpen-eremu baten barruan. Guztira, 59 bateria ditu, 81,20 MWh-ko gaitasun instalatua dutenak; 12 inbertitzaile, 2,0 MW-eko potentzia izendatukoak (24,00 MW guztira); eta 6 transformadore, 690 V/30 kV-ekoak, 4 MVA-ko potentzia maximoa dutenak 30 gradutan. Instalazioa La Jara 30 kV-eko transformazio-azpiestazioaren ondoan dago, estrategikoki kokatuta, eta bertan konektatuko da energia metatzeko instalazioa banaketa-sarearekin.
B. Ebazpen honetan, zeinaren bidez Gueñesko udal-mugartean dagoen BESS LAJARA baterien bidez energia metatzeko instalazioaren proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F. eranskinean ezarritako irizpideekin:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren helburua da stand alone baterien bidez energia metatzeko instalazio bat eraikitzea (hau da, sorkuntza-zentral batean integratuta egon gabe), ondoren, beharrezkoa denean, sarera bidaliko den energia metatzeko.
Instalazioak 6 «potentzia-uharte» ditu, eta horiek bateriak, inbertsoreak eta transformadore jasotzailea dute. 6 uharteek antzeko ezaugarriak eta geometria dituzte.
BESS (ingelesez: Battery Energy Storage Systems) da baterietan energia metatzeko sistema bat, metatze elektrokimikoan oinarritzen dena. Proiektu honetan erabilitako bateria litio ferrofosfatozkoa da.
Azpiegiturak 24,00 MW-eko potentzia instalatua du (hala ere, inbertitzaileen potentzia mugatuko da, sarera sartzeko puntuan ez daitezen baimendutako 20 MW-ak gainditu). Energia metatzeko gaitasuna 81,20 MWh-koa da.
Lehendik dagoen banaketa-sarearekin La Jara 30 kV-eko transformazio-azpiestazioan konektatuko da. Azpiestazio hori I-DE Redes Eléctricas Inteligentesena da, eta konexioa 30 kV-eko eta 105 metro luze den lurperatutako linea elektriko baten bidez egingo da.
Instalazioa eraikitzeko hautatutako lursailak 15.800 m2-ko azalera du, baina, 3.900 m2-ko azalera hartzen duen hesi bat jartzea proiektatzen da, eta horren barruan kokatuko da instalazioa. Azalera horretatik guztitik 641 m2 eraikiko dira (azalera osoaren % 17); gainerakoa instalazioaren lurpeko kanalizazioek eta barneko bideek hartuko dute. Instalazioa osatzen duten elementuak prefabrikatuak dira, eta prozesu sekuentzialen bidez katean muntatu eta desmuntatzeko prestatuta daude, obrako materialak landu gabe eta soldadurak erabili gabe.
Bateria-sistema da BESS sistemaren muina, energia metatzeaz arduratzen baita. Energia elektrikoa litio ferrofosfatozko teknologia (LFP) duten gelaxketan metatzen da. Litiozko, fosfatozko eta burdinazko material katodikoa karbonozko eta grafitozko elektrodo batekin konbinatzen duen teknologia bat da, eta anodo gisa metalezko euskarri bat du.
Bateriak rack-etan instalatzen dira, kanpoko kabinen barruan. Era berean, rack horiek 6 «potentzia-uharteen» barruan sartzen dira, eta honako ezaugarri hauek dituzte:
– 1.– 5. potentzia-uharteak: horietako bakoitzak 10 bateria-ekipo, 2 inbertsore eta transformadore bat ditu.
– 6. potentzia-uhartea: 9 bateria-ekipo, 2 inbertsore eta transformadore bat ditu.
Beraz, instalazioan, guztira 81,20 MWh-ko gaitasun instalatuta duten 59 bateria, 2,0 MW-eko potentzia izendatua duten 12 inbertitzaile (24,00 MW guztira) eta 30 gradutan 4 MVA-ko potentzia maximoko 690 V/30 kV-eko 6 transformadore eta 30 kV-eko banaketa-sarera konektatzeko behar duen tresneria ditu La Jara 30 kV-eko transformazio-azpiestazioan. Inbertsoreak bi norabidetakoak dira: baterien biltegiratze-sistemaren korronte zuzena korronte alterno bihurtzen dute (eta alderantziz).
Ekipoak hormigoizko lauza baten gainean jartzen dira, lursailaren berdinketa-kota baino kota altuagoan (10 cm gorago), etorkizunean errazago desegin daitezen.
Instalaziora lurzatiaren mugakide den kaletik (Txare Bidea) sartuko da, eta egungo egoeran ahalik eta inpaktu txikiena eragingo da. Era berean, barneko bide berri bat egingo da, potentzia-uharte bakoitzera sartzeko. Bidea 4 m zabal izango da, eta hautatutako material trinkotuko geruza bat izango du oinarri azpian, eta 0,7 eta 20 cm arteko sakonerako zabor-legar oinarriko geruza bat izango ditu (% 95eko Proctor normala).
Inguruan segurtasun-hesi bat jarriko da, 2,20 m-ko altuerakoa, 515 m-ko perimetroan. Hesiak honako hauek edukiko ditu: galvanizatutako 45x45x2,7 mm-ko sare metaliko bat; 4/14/18 galvanizatutako txarrantxa goiko aldean; eta 48 mm-ko diametroko zutoin metaliko galvanizatuak.
Instalazioaren argiztapena ondorengo argi-mailekin proiektatzen da, instalatuta dagoen eremuaren arabera: sarbide nagusian, 50 lux; perimetroan, 5 lux. Kanpoko argiak piztuta egongo dira segurtasun-arrazoiak tarteko.
Baterien bizi-zikloa 20 urtekoa dela kalkulatzen da.
Proiektua gauzatzeko, 1.747 m3 lur mugituko direla kalkulatzen da. Lur hori betelanetarako baliatuko dela aurreikusten da. Betelanak egiten hasteko, betegarria egingo da, hautatutako materialekin, eta horiekin 25 cm-ko geruzak egingo dira, eta trinkotutako gainaldea izango dute (% 98ko Proctor aldatua). Bideen kasuan, gainaldea zagor-legarraren antzeko material batekin egingo da.
Instalazioan behar diren zimendu guztiak jarduketa honen ondorioz sortutako lursailaren berdinketa-kota baino altuago dagoen kota batean jarriko dira (10 cm gorago), etorkizunean errazagoa izan dadin haiek desegitea.
Lan horietan kentzen den landare-lurrezko geruza asko jota 2 metroko altuera duten ildo-bizkarretan pilatuko da, eta, ahal den neurrian, lursailak lehengoratzeko kontserbatuko dira, dagokion ingurumen-txostenean eskatzen denaren arabera. Landare-lurrak erabiltzeko beste aukera bat ezpondak estalki-geruza baten bidez egonkortzea izango da.
Betelanekin osatutako plataformetan 1H:2V ezpondak aurreikusi dira, baina azterketa geoteknikoak zehaztuko du azkenean ezponden konfigurazio hori bideragarria den. Dena den, ezpondak egonkortzeko, bistako aldea landuta duten harriak edo harri-lubetak erabiliko dira.
Ebakuazio-zangarako, aldi baterako okupazio hau kalkulatu da: zangaren zabalera osoa baino 2 metro gehiago alde batean, eta 3 metro bestean. Zanga betetzeko, bertatik atera den materiala erabiltzea lehenetsiko da beti.
Guztira, 204 metro linealeko luzera kalkulatzen da solairu barruko kanalizazio nagusietarako (120 m tentsio baxurako eta 84 m tentsio ertainerako). Instalazioaren zangak egiteko induskatutako lur-bolumena 130 m3 ingurukoa da.
Azpiestazioarekiko interkonexio-linearako (ebakuazio-linea), 105 m-ko linea bat kalkulatzen da, 53 m3 inguruko indusketa-bolumena dakarrena.
Jariatze-urak behar bezala husten direla bermatzeko, dagozkien drainatzeak ezarriko dira, eta, hala, plataforman malda txiki bat jarriko da alde naturalerantz. Era berean, lur-erauzketako jarduketen ondorioz sortutako ezpondaren beheko kotan, 1H:1V areka bat proiektatuko da, euri-urak husteko; barneko bideetan, aldiz, 1H:1V motako areka bat izango dute zeharkako sekzioaren bi aldeetan, eurietatik edo jariatze-uretatik datorren ura husteko.
Lanen iraunaldi aurreikusia 6 hilabetekoa da.
Aurkeztutako dokumentazioaren barruan 0 alternatibaren edo «ez esku-hartzearen» analisia sartzen da, zeina baztertu egiten den energia berriztagarrien aprobetxamendua handitzea eragozteagatik, eta lau (4) kokapen-alternatiba, guztiak Gueñesko udal-mugartean kokatzen direnak. Alternatiba guztietarako dagoen banaketa-sarearekiko konexio-puntua La Jara transformazio-azpiestazioa da, udalerri berean kokatzen dena.
4. alternatiba, proiektuak garatutakoa, honela justifikatzen da: linea elektrikoa motzagoa da eta paisaian, natura-ondarean eta kultura-ondarean eragin txikiagoa du.
2.– Proiektuaren kokapena.
Baterien bidez energia metatzeko instalazioa Gueñes eta Aranguren bizitegi-nukleoen hegoaldean dago, 765 m eta 980 m ingurura, hurrenez hurren, eta bien arteko industrialdetik 500 m inguru hegoaldera, eta BI-636 (iparraldean) eta BI-3621 (ekialdean) errepideek inguratzen dute. Kokalekuak eraldatu gabeko lurzoru urbanizaezina okupatzen du, egun zuhaixka-larrerako (SIGPAC) erabiltzen da, eta La Jara 30 kV-eko transformazio-azpiestazioaren ondoan dago, estrategikoki. Azpiestazio horretan, energia metatzeko instalazioa lehendik dagoen banaketa-sarearekin konektatuko da.
Proiektuaren eremuan ez dago Natura 2000 Sareak babestutako naturagunerik, ez eta inbentarioan sartutako beste eremu babestu edo natura-intereseko eremurik ere, eta ez dago katalogoan edo inbentarioan jasotako paisaia-balioko gunerik. Era berean, proiektuak ez du ukitzen EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik, ez eta azpiegitura berderik eta EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko gune edo lekurik ere.
Proiektuak ez du bat ukitzen kalifikatutako edo inbentarioan jasotako kultura-ondareko elementurik, baina La Jarako dorretik gertu dago. Dorreak monumentu-deklarazioa, babes-maila ertaina eta Kulturako sailburuaren 2002ko urtarrilaren 14ko Aginduaren bidez mugatutako babes-ingurune bat ditu. Agindu horren bidez, Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean Kultura Ondasun gisa jaso ziren I. eranskinean zerrendatutako Bizkaiko dorretxe guztiak, monumentuen sailkapenarekin. Aldi berean, Balizko Arkeologia Gune izendatu zen 1997ko maiatzaren 21eko Ebazpenaren bidez (Ebazpena, 1997ko maiatzaren 21ekoa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Gueñesko (Bizkaia) Balizko Arkeologia Guneen Aldez Aurreko Izendapena egiten duena).
Proiektuak ez du ukitzen ur-ibilguekin. Errekaguren erreka da gertuen dagoen ur-ibilgua; kokagunetik 300 metrora baino gehiagora dago.
Landarediaren ikuspegitik, eta Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landarediaren eta Batasunaren intereseko habitaten kartografiaren arabera (geoEuskadi), proiektuaren eremuko landaredia txilardiek, otadiek eta iratze-leku atlantikoek osatzen dute, eta, aldi berean, bat dator Ulex espeziea nagusi den txilardi atlantikoa 4030 Batasunaren intereseko habitatarekin (BIH). EAEko Naturari buruzko Informazio Sistemak (https://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/ac84aBuscadorWar/habitats/1102602?locale=eu) adierazten du 4030 BIHaren kontserbazio-egoera ona dela (2013-2018) eskualde biogeografiko atlantikoan. Bestalde, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, energia metatzeko instalaziora sartzeko bidearen hegoaldeko muturrean «Sega-belardi atlantikoak, bazkatu gabeak» 6510 BIHa dago (0,0004 ha); EAEko Naturaren Informazio Sistemak desegokitzat (U1) jotzen du eskualde biogeografikoko BIH horren kontserbazio-egoera (2013-2018). Ingurumen-dokumentuari jarraikiz, proiektuak Batasunaren intereseko habitatetan 2.364 m2 hartzen ditu, batez ere 4030 BIHan.
Ez proiektuaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede den eremurik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak edo Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016/05/23ko GAO, 96. zk.) abifauna babesteko ezarritako eremurik ere.
Proiektua EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako LPSko «Trantsizioko Landa Paisaia» eremuan kokatzen da, eta ez die eragiten «Balio agrologiko handiko» lurzoruei.
Egoera akustikoari dagokionez, eta aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanarekin bat etorriz, jarduera martxan jarri ondoren, hiriguneetan edo eremu urbanizagarrietan, lurzorutik 2 metrora dauden muga-balioak aplikatzen direnean, horiek guztiz beteko dira; bien bitartean, hiri-eremuetan edo eremu urbanizagarrietan ez dauden bizitegi-eraikinetako leihoak dituzten fatxadetako zarata-mailek muga-balioak beteko dituzte, betiere foku berriek ez badute tonu-osagairik edo maiztasun txikiko osagairik sortzen.
Proiektua La Jarako azpiestazioaren ondoan dago, zeina lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen Ihoberen inbentarioan jasota baitago, 48045-00052 kodearekin; energia husteko linea bat dator kokaleku horrekin. Beste ingurumen-arrisku batzuei dagokienez, baztertu egiten dira uholde-arriskuarekin, sismikotasunarekin, baso-sutearen arrisku handiarekin edo akuiferoen kalteberatasun-eremuen presentzia handiarekin edo oso handiarekin lotutakoak. Era berean, baztertu egiten da salgai arriskutsuak errepidez edo trenbidez garraiatzeagatik edo SEVESO III Zuzentarauaren mendeko enpresetatik gertu egoteagatik gertatutako istripuen ondorioz arrisku handiak izango direnik.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektatutako jarduketen eta proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak ikusita, honako hauek izango dira, obra fasean, instalazioa gauzatzeak eragingo dituen inpaktu nagusiak: belar-sastrakak garbitzea; lur-mugimenduak; makineriaren joan-etorriak; hormigoizko plataformaren zimenduak, zeinaren gainean kokatuko baitira sei potentzia-uharteak eta ebaketa-zentroa; instalazioetarako sarbidea zagor-legarrez zolatzea; lurpeko kanalizazioak; perimetroko hesia eta eraikuntzari dagokiona.
Jarduketa horien ondorioz, Batasunaren intereseko habitaten azalerak galduko dira, batez ere 4030 BIHarenak («Ulex espeziea nagusi den txilardi atlantikoa»). Ingurumen-dokumentuak, konpentsazio-neurri gisa, eremu degradatu bat lehengoratzea proposatzen du, ukitutakoaren antzeko azalera batean eta, ahal dela, Gueñesko udalerrian, Bizkaiko Foru Aldundian natura-ondarea kontserbatzeko eskumena duen sailak adierazitakoaren arabera.
Proiektatutako energia husteko lineak bat dator Ihobeko lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan 48045-00052 kodea duen kokalekua ukitzen du, La Jara 30 kV-eko azpiestaziorako sarbidean, banaketa-sarera konektatzen den lekuan. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, La Jara transformazio-azpiestazioan egin beharreko jarduketak ez ditu proiektuaren sustatzaileak gauzatuko, Iberdrolak baizik. Nolanahi ere, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da. Bestalde, proposatutako instalazioa lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeari jarraikiz, energia metatzeko instalazioak potentzia-transformadoreak dituelako.
Obra fasean, gainera, lurzorua okupatuko da, eta ustiapen fasean horrek berdin jarraituko du, eta, aldi baterako eta toki jakin batean, habitataren kalitatea murriztuko da (gizakiena eta faunarena), zarata, hautsa, bibrazioak eta abar areagotuko direlako, eta obra-hondakinak eta, hala badagokio, lur-soberakinak sortuko direlako.
Etorkizuneko instalazioa landa-bideetatik eta baterietan metatutako energia sareratzeko konexio-puntutik gertu egongo denez, ez da beharrezkoa izango instalaziora kanpotik sartzeko bide berririk edo aireko linearik eraikitzea (ebakuazio-linea lurpetik joango da), eta, horren bidez, azpiegitura berriak eraikitzearekin lotutako inpaktuak saihestuko dira.
Ustiapen fasean, instalazioen mantentze-eremuan jarduera antropiko gehiago egongo da, bai eta instalazioaren funtzionamenduak (aireztapen-ekipoak), hondakinak sortzeak eta kutsadura elektromagnetikoak eragindako zarata gehiago ere. Era berean, fase horretan kontuan hartu behar da bateria-ekipoak haustean edo ordezkatzean sortutako arriskua.
Era berean, paisaiaren gaineko eragin negatiboa egon daiteke ustiapen fasean. Instalazioaren ikusmen- eta paisaia-inpaktua minimizatzeko, ingurumen-dokumentuak ingurumena lehengoratzeko lanak aipatzen ditu. Lan horiek hauek dira: gutxienez 2 metroko zabalerako zerrenda bat birlandatzea eta perimetro-hesiaren kanpoaldean landare-pantaila bat jartzea, tokiko jatorri ziurtatua duten landare autoktonoko zuhaitz eta zuhaixkekin, eta eremuko loreen multzokoekin.
Faunari dagokionez, perimetroko hesiek eragina izan dezakete konektagarritasun ekologikoan, lurreko faunarentzat batik bat; beraz, iragazkorrak izan beharko dute, faunak zeharkatzeko modukoak.
Proiektuaren fase horretako egoera akustikoari dagokionez, eta aurkeztutako dokumentazioa kontuan hartuta, energia metatzeko instalazioko zarata-fokuek sortuko duten inpaktu akustikoak aplikatu beharreko mugak beteko ditu, betiere foku berriek ez badituzte tonuari dagozkion osagaiak edo behe-maiztasunekoak sortzen. Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan zarata-foku berrietarako xedatzen dena bete beharko du instalazioak.
Azkenik, adierazi behar da aurkeztutako dokumentazioak babes- eta zuzenketa-neurriak jasotzen dituela, sor daitezkeen inpaktuak saihesteko edo minimizatzeko, hala nola, obren eremua seinaleztatzea eta zuinkatzea, ibilgailuak igarotzean garbiketa-lanak egitea eta hautsa sor dadin saihesteko ureztatzeak egitea, lanak hasi aurretik obra egingo den leku bakoitza ikuskatzea, eragina izan lezakeen intereseko faunaren babeslekuak edo habiak bilatzeko, etab. Era berean, ingurumena zaintzeko plan bat ere jasotzen da, hainbat alderdiren aldizkako kontrolak egitea ezartzen duena.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Gueñesko udal-mugartean BESS LAJARA baterien bidez energia metatzeko instalazioaren proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Jarduketak gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da tokiko espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da.
– Ingurumen-dokumentuan proposatutako landare-pantaila jartzea instalazioaren perimetro hesitu osoaren inguruan, eta instalazioa estaltzeaz gain, faunak hesiekin talka ez egiteko, korridore ekologikoak sortzeko eta fauna-espezieen presentzia bultzatzeko habitat aproposak sortzeko helburua izango du.
Landare-pantailaren eta jarduketa-eremu osoko ingurunea lehengoratzeko ezaugarriak ingurumena lehengoratzeko proiektu batean definituko dira. Proiektu hori «Bizkaiko Gueñes udal-mugartean» dagoen BESS LA JARA energia metatzeko instalazioaren proiektu tekniko administratiboan sartuko da, dokumentazio grafikoarekin eta aurrekontu banakatuarekin, eta proiektuaren gainerakoen xehetasun-maila bera izango du. Lehengoratzearen xehetasunak zehaztuko dira: erabiliko diren espezieak, landarearen/haziaren jatorria, tamaina, ereintzaren/hidroereintzaren dentsitatea edo landaketa-esparrua, aurreikusitako mantentze-lanak, etab.
Ingurumena lehengoratzeko proiektuak, gainera, ingurumen-dokumentuan planteatutako Batasunaren intereseko habitatak kentzeagatiko konpentsazio-lehengoratzea barne hartuko du, eta bertan lehengoratu beharreko lurzatiak eta egin beharreko jarduketak zehaztuko dira, proiektuaren gainerakorako erabilitako xehetasun-maila berarekin.
Ingurumena lehengoratzeko proiektua Bizkaiko Gueñes udal-mugarteko BESS LA JARA energia metatzeko instalazioaren proiektu tekniko administratiboaren parte izango da, eta, hala badagokio, energia metatzeko instalazioa egiteko idazten den eraikuntza-proiektuaren arabera birformulatuko da.
– Lur-mugimenduak minimizatuko dira, eta lanak materialak pilatzeko eremuen azalera murrizteko moduan planifikatuko dira, eta horiek energia metatzeko instalazioaren mugaketaren barruan kokatuko dira, alboko eremurik okupatu gabe.
– Landare-lurra modu selektiboan kenduko da zangak, hormigoizko plataformak eta instalazioetara sartzeko bidearen zoladurak egiteak eragindako eremuetan; landare-lur hori modu selektiboan kenduko da, eta lehengoratze-lanetan berrerabiliko da.
– Proiektuak sortzen duen argi-kutsadura minimizatzeko, instalazioen kanpoko argiztapena egokitu egin beharko da, baldintza naturalei eusteko, eta, horrela, faunaren gaineko eragina nahiz gaueko zeruaren baldintzen gainekoa saihesteko.
– Ahalmen inbaditzaileko landare-espezie aloktonoak kentzeko eta ugaltzea ekiditeko neurriak hartuko dira.
– Hesiaren ikusgarritasuna hobetzeko eta, hala, hegaztiek hesiarekin talka egitea murrizteko, landare-pantailaz gain, hesiaren hainbat mailatan poliestirenozko plaka txikiak jartzea gomendatzen da.
– Ezarritako landaredia mantentzeko lanak gutxienez 5 urtez luzatuko dira, landareztatze-prozesuaren azken fasetik zenbatzen hasita, eta prozesu horren arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egingo dira.
– Ustiapen fasean, proiektua ezartzeko lurzatien barruko landaredia kontrolatzeko, bitarteko mekanikoak erabiliko dira, eta, ahal dela, larratzearen bidez egingo da. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioak hartzen duen eremuko landaretza kontrolatzeko
– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria izango dela bermatzera zuzendutako neurriak.
– Kutsagarria izan daitekeen instalazio bati dagokion proiektu bat denez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da.
– Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren arabera azpiestazio elektrikoa dagoen lurzatian jardun behar bada (lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen Ihoberen inbentarioan jasota dago, 48045-00052 kodearekin), lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozeduraren hasieratik salbuetsita badago ere, artikulu horren 5. apartatuan ezarritakoa bete beharko da. Apartatu horrek adierazten du induskatu beharreko materialen bolumenaren arabera indusketa-plan bat aurkeztu beharko dela (edo ez), eta ingurumen-organoak onartu beharko duela. Era berean, adierazi da, nolanahi ere, induskatutako materialak kudeatu edo berrerabili aurretik bereizi beharko direla.
– Indusketa-plan hori egitea badagokio, entitate egiaztatuek gauzatu beharko dute, aintzat hartuta urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan ezarritakoa (lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko entitateak egiaztatzeko sistema ezartzen duena), eta edukia eta norainokoa abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan kontsultatu ahalko dira (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena).
– Aurrekoa gorabehera, obrak egin artean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Gueñesko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
– Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko. Ildo horretan, proiektuak neurriak zehaztuko ditu bateria-ekipoak ordeztean edo horiek hausten badira gerta daitezkeen istripuen ondorioz urak eta lurzoruak kutsatzeko arriskua minimizatzeko.
– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta lantegiko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
Obrak 6 hilabetetik gora luzatuko direla aurreikusten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, zuzenketa-neurri aproposak definitzeko.
– Baterien bidez energia metatzeko instalazioak bete egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan ezarritako zarata-foku akustiko berriei aplikatu beharreko zarata-immisioaren muga-balioak, eta kontuan hartuko ditu, hala badagokio, aipatutako 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 2. zatiko osagai tonalei (Kt) eta maiztasun txikikoei (Kf) dagozkien zuzenketak.
Landa-ingurunea babesteko neurriak.
– Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendari nagusiaren txostenaren arabera, belardi, laborantza eta aprobetxamenduetatik erretiratzen den lurzoruaren azaleko geruzaren landare-lur emankorrena gainerako indusketa-lurretik aparte pilatu behar da, ondoren jatorrizko lekuan jartzeko, beheko geruzetara irauli gabe.
– Makinen, materialen eta abarren erabileraren pean dauden belardi eta laborantza-eremuetan, dagokion berrereintza egingo da. Belardietako berrereintzarako, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo aitzurtu beharko da, lurra ez trinkotzeko, ondorengo berrereintza eta erneketa egokiak izan daitezen.
– Eragindako laborantzak birplanteatuko dira, eta itxiturak eta lurzatietan dauden gainerako azpiegitura-elementuak (drainatzeak, etab.) eta eragindako laboreak ordeztu behar dira.
Eremu elektromagnetikoekiko esposizioaren inguruko kautelazko neurriak.
– Funtzionamendu fasean, eremu elektriko eta magnetikoen balioek ez dituzte gainditu beharko Europar Batasuneko Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan (jendea orokorrean 0 Hz eta 300 GHz arteko eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteari buruzkoa) eta irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuan (jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoen murrizketak eta emisio erradioelektrikoetatik babes-neurri sanitarioak ezartzen dituen erregelamendua onartzen duena) ezarritako erreferentziazko neurriak eta oinarrizko mugak.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
– Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
– Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin tipologia desberdinetako hondakinak edo efluenteak elkarren artean edo beste batzuekin nahastea; jatorritik bertatik bereiziko dira, eta biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketa horiek saihesteko.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Gainera, zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (A–EBA) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
– Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanetan. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa– xedatutakoa.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihur badaitezke edo kudeaketa zail badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batez pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.
– Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
– Beharginek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
– Hondakin-uzterik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.
– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.
– Proiektuak afekzio-eremuan herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
– Kontratistak elementu hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta begetalak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu.
– Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da sobran dauden material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.
Garbitzea eta obra amaitzea.
Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin beharko dira.
Jarduera uztea.
Instalazioaren bizitza baliagarria amaitzen denean, jarduera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetarako, babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira, eraikitze-lanetarako ezarri zirenen antzekoak, hain zuzen, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Oro har, kutsagarria izan daitekeen edozein elementu desmuntatu eta kenduko da, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaio, indarrean dagoen legeriaren arabera dagokion tratamendua egin dezan, eta eraisteko prozesuan okupatutako azalera guztiak lehengoratuko dira.
Era berean, jarduera bertan behera utzi ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako substantzia arriskutsu nagusiek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Zehaztea ez dela aurreikusten proiektua egikaritzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Gueñesko udal-mugartean dagoen BESS LAJARA baterien bidez energia metatzeko instalazioaren proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 24a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS