Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2025eko otsailaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
770

EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 23koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Hernaniko (Gipuzkoa) hirigintza-antolamenduko arau subsidiarioen 3. aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2024ko urriaren 18an, Hernaniko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Hernaniko (Gipuzkoa) hirigintza-antolamenduko arau subsidiarioen 3. aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa (aurrerantzean, Plana) egin zedin. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen aplikazio-esparruan egin da eskabidea, eta arau horrek arautzen ez dituen alderdietan, berriz, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio-esparruan.

Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko abenduaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Hernaniko Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostena aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, aipatu legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz, bai eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartekoetan ere, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostena aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Aplikatu beharreko lege eta arauak ikusita (10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluaziokoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena eta aplikatzekoak diren gainontzeko arauak), honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hernaniko (Gipuzkoa) hirigintza-antolamenduko arau subsidiarioen 3. aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa (aurrerantzean, Plana) formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

3. aldaketaren helburua da arau subsidiarioetako (HM) LA.02 arean aurreikusitako kultura- eta irakaskuntza-erabileren erreserba, sestra azpiko txandatze-aparkalekuarekin (HH) LI.03 areara lekualdatzea; eta, aldi berean (HH) LI.03 horretan aurreikusitako bizitegi-programa LA.02 areatik bereizitako area sortu berri batera (LA.06) lekualdatzea, hirigintza-eraikigarritasuna handituta.

Aldaketa egiteko arrazoia da (HH) LI.03 eremua egokiagoa dela, zentralitateagatik eta hirigune historikoarekiko hurbiltasunagatik, dela kultura-erabilerako ekipamendu bat dela sestra azpiko txandatze-aparkaleku bat hartzeko.

Horrela, bi areen arteko erabileren trukeak Udalari (bizitegi-programa kokatuko litzatekeen eremuaren jabe bakarra da) beharrezkoak diren baliabide ekonomiko-finantzarioak emango lizkioke indarrean dagoen Hirigune Historikoa Birgaitzeko Plan Berezian jasotako Espazio Libreen Sistema Orokorra (ELSO) egikaritu ahal izateko (HE) HS.01 arean. Sistema hori Ezkiaga pasealekua Zinkoenearaino luzatzean datza, Ispizua kalearekin muga egiten duten lurzatik okupatuz (Kale Nagusiaren atzealdean). ELSO hori, hura lortze aldera (HM) LA.06 area berriari atxikita geratuko litzateke.

Aldaketak plangintza orokorraren egiturazko zehaztapen hauek aldatzen ditu:

– (HM) LA.02 kultura- eta irakaskuntza-erabileretarako erreserbaren kokapena (HH) LI.03 areara lekualdatuko baita.

– (HE) HS.01 arean aurreikusitako sestra azpiko txandatze-aparkalekua, sistema orokor gisa kalifikatua (HH) LI.03 areara lekualdatuko bailitzateke.

– (HM) LA.02 eremuaren hirigintza-esparruaren eraikigarritasuna handitzea, bizitegi-kalifikazio orokor bat izatera igaroko bailitzateke (HM) LA.06 gisa bereizitako arean.

– (HH) LI.03 eremuaren kalifikazio orokorraren aldaketa, bizitegitik Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokorrera igaroko bailitzateke, kultura- eta irakaskuntza-erabileretarako erreserbatua.

Bestalde, arau subsidiarioen aldaketak (HM) LA.06 area berriaren antolamendu xehatua ezartzen du.

Arau subsidiarioen 3. aldaketaren ondoriozko jarduketak hiru eremu desberdinetan kokatzen dira, guztiak ere Hernaniko hirigunean. Gaiak eragindako hiru hirigintza-eremuak hauek dira: (HH) LI.03, (HM) LA.02 eta (HE) HS.01; guztira 142.025 m2 dituzte (4.393 m2 LI.03 eremuan, 95.788 m2 La.02 eremuan eta 41.844 m2 HS.01 eremuan).

Nolanahi ere, aldaketak ez dio eragiten hirigintza-eremuen guztizkoari, era honetakoa baita: 4.393 m2 LI.03 eremuan, 4.368 m2 LA.02 eremuan eta 9.160 m2 HS.01 eremuan. Argitu behar da 3. aldaketak bere arau partikularrean LI.03 eremuari egiten zaizkion erreferentziei bakarrik eragiten diela.

Hona hemen hiru antolamendu-areetako bakoitzaren ezaugarriak:

(HH) LI.03 AREA

Honako hauek dira (HH) LI.03 arearako ezarritako antolamendu-irizpide eta -helburu berriak:

– Area birkalifikatzea kultura- eta irakaskuntza-erabileretarako erreserba-zuzkidurara bideratzeko, sestra azpiko txandatze-aparkalekuarekin.

– Zonaren urbanizazioa errematatzea, Ezkiaga pasealekuari jarraipena emanda, eta, bi espazioak lotzeko, Espazio Libreen Sistema Orokorraren (ELSO) kalifikazioa ematea.

– Ispizua-Elkano bidegurutzean plaza publikoa sortzea. Plaza hori sestra azpian txandatze-aparkalekuarekin okupatu ahal izango da.

– Erabilera berrietarako eta alboko eremuetarako aparkaleku-zuzkidura nahikoa.

– Areako zirkulazio-sistema birdefinitzea.

(HH) LI.03 area hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatzen da, urbanizatu gabe dagoelako, eta arearen osoko berrantolaketa egingo da. Honako kalifikazio orokor hau izango du:

– Kultura-erabilera duen «E.00 Ekipamendu Komunitarioa» Sistema Orokorra: 3.655 m2.

– «ED.10 Espazio Libreak» Sistema Orokorra: 450 m2.

«C.10 Bide Komunikazioaren Sarea» Sistema Orokorra: 288 m2.

Antolatuko den ekipamendu komunitario soziokulturalerako e.02 lurzati eraikigarrian (3.655 m2-ko azalera), garatu beharreko zuzkidura-programaren arabera behar den eraikigarritasuna hartuko da. Ekipamenduko Udal Programaren arabera, lurzati eraikigarriaren destino osoa edo partziala ezarriko da titulartasun publikoarekin egindako zuzkidura-erabilera hauen artean: irakaskuntza, kultura, osasuna, asistentzia, egoitza komunitarioa eta administratiboa/zerbitzu publikoa, edo antzekoak, baita zerbitzu-azpiegiturak ere. Era berean, sestra azpiko aparkaleku-erabilera ezarri ahal izango da.

Lurzatiaren lerrokadurak, profilak, altuera eta sestrak ezartzeko, dagokion xehetasun-azterketa egingo da. Horretarako, 3. aldaketak gomendatzen du eraikin berriaren profilak ez gainditzea Larramendi kaleko sestra gainetik gehienez 15 metroko erlaitz-altuera. Sestra azpiko gehieneko profila 3 SSkoa izango da.

Milagrosa kapera zaharraren eraikina antolamendutik kanpo geratzen da.

(HM) LA.06 AREA

(HM) LA.06 area, (HM) LA.02 areatik bereizia, udal-titulartasuneko lurzati da, eta 4.368 m2 inguruko azalera dauka. Bizitegi-garapenerako erabiltzen den (HM) LA.06 area 584 m2 handitzen da, ekipamendu komunitario bat kokatzeko bideratuta zegoen lurzati horri berari dagokionez, gaur egun urki-sail bat dagoen lursail bat okupatzearen kontura.

LA.06 area horretarako helburua da bi bizitegi-eraikin eraikitzeko orube bat antolatzea, eraikitako ingurune finkatura eta topografiara egokituta urbanistikoki, Udalari beharrezkoak diren baliabide ekonomiko-finantzarioak emateko, Ezkiaga pasealekuaren eta Zinkoenearen artean Hirigune Historikoa Birgaitzeko Plan Berezian (HHBPB) jasotako Espazio Libreen Sistema Orokorra (ELSO) gauzatu ahal izateko. ELSO hori egikaritzea area horretako Jarduketa Integratuari esleituta geratzen da.

Hiri-lurzorua da, eta «A.20 Dentsitate ertaineko bizitegi-eremu» gisa kalifikatzen da orokorrean. Bizitegi-erabilerako bi lurzati antolatu dira (LA.06.1/A eta LA.06.1/B), 1.264 m2 eta 1.281 m2-koak, hurrenez hurren.

5.830 m2-ko sabai-azalerako hirigintza-eraikigarritasuna ematen zaio sestra gainean, honela xehatuta: guztizko bizitegi-eraikigarritasuna (etxebizitza-solairuetan) 4.504 m2-ko sabai-azalerakoa da, aparkaleku-erabilerarako eta atarietarako (beheko solairuan) 1.150 m2-ko sabai-azalera, eta zuzkidura-erabilerarako eraikigarritasuna (beheko solairuan), 873 m2. Sestra azpian, sabai-azalera eraikigarria 2.545 m2-koa da, aparkaleku eta etxebizitza-erabilera osagarrietarako.

Etxebizitzen gehieneko kopurua etxebizitzaren batezbesteko azaleraren arabera zehazten da (90 m2-ko sabai-azalera); hortaz, 50 etxebizitza inguru izango dira, honela banatuta: 3.812 m2-ko sabai-azalera etxebizitza libreetarako, 346 m2-ko sabai-azalera BOEtarako eta 346 m2-ko sabai-azalera UETtarako edo etxebizitza tasatuetarako.

BS/ESSko lokalen iparraldeko lerrokadura fatxadaren lerro finetik 3 metrora jarriko da gutxienez, oinezkoentzako ataripe bat eratzeko. Sestra gaineko okupazioa (solairuak) 560 eta 661 m2-koa izango da eraikin bakoitzean, eta 1.309 eta 1.280 m2-koa beheko solairuan eta sestra azpiko solairuan.

Eraikinen profilak honako hauek izango dira: BS/ESS + 3 S + 1 SA (15,89 m erlaitzera); 1 SS sestra azpian.

Eraikinak okupatu gabeko azalera Espazio Libreen Tokiko Sistemara (1.340 m2) eta Ekipamenduaren Tokiko Sistemara (293 m2) bideratzen da, bi kasuetan erabilera eta jabari publikoarekin.

(HE) HS.01 AREA

(HE) HS.01 area Hernaniko Hirigune Historikoari dagokio, eta haren mugaketa bat dator Euskal Kultura Ondarearen Kultura Ondasun gisa kalifikatutako Monumentu Multzoaren mugapenarekin. 41.844 m2 inguruko azalera du.

Lehen adierazi den bezala, area horri dagokionez, helburua da Ezkiaga pasealekuaren eta Zinkoenearen artean Hirigune Historikoa Birgaitzeko Plan Berezian (HHBPB) jasotako Espazio Libreen Sistema Orokorra (ELSO) gauzatu ahal izatea.

Arau subsidiarioen 3. aldaketak ez dio zuzenean eragiten area osoari, «D.10 Hiriko Espazio Libreak» Sistema Orokor gisa kalifikatutako zonen zati bati bakarrik baizik (9.160 2).

Hori horrela, HS.01 areako antolamendu-irizpide eta -helburuen artean, honako hauek dira 3. aldaketarekin zuzenean lotzen direnak:

– ELSOa ekonomikoki bideragarri bihurtzea: bulebar-espazio berde publiko bat sortzea Kale Nagusiko etxeen atzeko lerrokaduraren eta Ispizua kalearen artean, Ezkiaga pasealekua Zinkoenearaino luzatzeko, eta lurzorua kargarik, eraikinik eta instalaziorik gabe lagatzea Latsunbeko (HM) LA.06. azpieremuan horretarako sortutako bizitegi-area berria egikaritzeko.

– Ezabatu egiten da bulebar berriaren azpian lurpeko aparkaleku bat eraikitzeko aukera; izan ere, zuzkidura hori ekipamendu komunitarioaren (HH) LI.03. eremu berrira lekualdatzen da.

Arau subsidiarioen aldaketa honek antolamenduz kanpokotzat kalifikatzen du Milagrosa kapera zaharra, gaur egun kultura-ekipamendua dena (LI.03 eremuan), bai eta bizitegi-eraikin batzuk eta HS.01 eremuko beste hainbeste eraikin osagarri ere.

IDEak jasotzen duenaren arabera, Hernaniko Udalak behin betiko onartu ondoren, eremu bakoitzaren helburuen arabera jokatuko da:

(HH) LI.03 arearen kasuan, ez da garatzeko plangintzarik behar; hortaz, zuzenean egikaritzeko modukotzat hartzen da. Arearen antolamendu xehatua hirigintza-arau partikularrak jasotakoa izango da. Ekipamendu komunitarioko lurzati eraikigarri berriaren antolamendu xehatua xehetasun-azterketaren bidez ezarriko da, hargatik eragotzi gabe arau partikularrak jasotzen dituen eraikinen formaren parametro mugatzaileak betetzea. Ez du hirigintza-jarduketako programarik behar. Arearen urbanizazio publikoa Hernaniko Udalak sustatuko duen obra publiko arrunteko proiektuen bitartez gauzatu ahal izango da.

(HM) LA.06 arearen antolamendu xehatua arau subsidiarioen 3. aldaketan bertan sartutako arau partikularrean ezarrita geratzen da. Nolanahi ere, lurzati eraikigarri berrien antolamendu xehatua xehetasun-azterketaren bidez birdoitu edo birplanteatu ahal izango da, hargatik eragotzi gabe arau partikularrak jasotzen dituen eraikinen formaren parametro mugatzaileak betetzea.

Arearen garapenak eskema honi jarraituko dio:

– Hirigintza-jarduketako programaren aldaketa izapidetzea.

– Hirigintza-proiektua idaztea eta izapidetzea.

– Kudeaketa-proiektua idaztea.

(HE) HS.01 Espazio Libreen Sistema Orokorraren antolamendu xehatua arau subsidiarioen 3. aldaketak erreformatutako arau partikularrean ezarrita dago.

Alternatibekin lotuta, arau subsidiarioetan indarrean dagoen antolamendua mantentzeko 0 alternatiba eta arau subsidiarioen 3. aldaketarekin hautatutako 1. alternatiba aztertu dira. Ingurumen-dokumentuak justifikatzen du 1. alternatiba aukeratu izana: ekipamendu komunitarioa eta sestra azpiko txandatze-aparkalekua zentraltasun handiagoko eremu batean kokatzea, eta, hortaz, irisgarriagoa da biztanleriaren ehuneko handiago batentzat. Era berean, justifikatzen du Udalari beharrezkoak diren baliabide ekonomiko-finantzarioak ematea Hirigune Historikoa Birgaitzeko Plan Berezian jasotako Espazio Libreen Sistema Orokorra egikaritu ahal izateko, bizitegi-programa (HM) LA.06 areara lekualdatuz eta kokapen berriak ahalbidetzen duen eraikigarritasuna handituz.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

– Planak edo programak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako esparru bat, bai kokapenari, izaerari, neurriei eta funtzionamendu-baldintzei dagokienez, bai baliabideen esleipenari dagokionez: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak hainbat urbanizazio-proiektu etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen du.

Proiektuaren kokalekua, eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta proposatutako garapenaren garrantzia eta hedapen mugatua kontuan izanik, esan daiteke planak ez duela berezitasunik arrazoi horregatik ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izateko.

– Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, ez da hauteman ingurumen-eragin nabarmenik, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

– Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren irizpideak barnean hartzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-irizpideak barnean hartzeko. Planaren eremua bat dator hiri-lurzoruko areekin, eta horrek lurzoru naturaleko 584 m2 soilik erabiltzea dakar.

– Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da detektatu Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo esanguratsurik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, ingurumenari, kultura-ondareari, segurtasun eta osasunari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

– Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Jarduketak hiru eremu desberdinetan kokatzen dira, guztiak ere Hernaniko hirigunean.

HH LI.03 eremua hirigunearen erdigunean dago, Sandiusterri, Ispizua eta Larramendi kaleen artean. Santa María Magdalena zaharren egoitzaren lurzatiarekin muga egiten du. Eremuan, Urumea Ikastolaren eraikina zegoen (eraitsia) eta Milagrosa kapera zaharra dago, gaur egun kultura-ekipamendua dena. Udal-jabetzako lursailak dira, gaur egun eraikiak eta urbanizatuak. Areak 4.393 m2 inguruko azalera du.

Bestalde, HM LA.06 eremua, arau subsidiarioen 3. aldaketak HM LA.02 eremutik bereizitako area, Hernaniko hirigunearen mendebaldean dago, Latsunbe eta Karobieta auzoen artean, eta, zehatz-mehatz, Urbieta, Marieluts eta Karobieta kaleen artean. Eremu horrek 4.368 m2 inguruko azalera du, eta, gaur egun, larre/sastrakadia, pagadi bat eta urkidi bat ditu, bai eta espaloiak eta hiriko bideak dituen lurzoru artifizializatua ere.

Azkenik, HE HS.01 eremuan, Hernaniko hirigune historikoa barne hartzen duenean, Ezkiaga plaza eta Zinkoenea lotuko dituen parke-bulebarra handitzeko esleitutako lurzatik daude. Area handituak, Espazio Libreen Sistema Orokorraren parte izango denak, 3.950 m2 inguruko azalera du, eta barne hartzen ditu Kale Nagusiko bizitegi-eraikinen atzealdea eta horien eraikin osagarriak eta lorategiak; azken horietan, baratze txikiak ikusten dira, bai eta fruta-arbolak eta batez ere zuhaitz-espezie apaingarriak ere.

Hidrologiari dagokionez, jarduketa-eremuak ez ditu ezein ibilgu edo errekak zeharkatzen. Eremua Urumeako Unitate Hidrografikoan dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan, eta hurbilen dagoen ur-ibilgua Portu erreka da, HS.01 eta LI.03 eremuen hegoaldetik 400 metro ingurura igarotzen dena.

Landarediari dagokionez, HH-LI.03 eremua eta HE-HS.01 eremua artifizializatutako eremuak dira eta ia ez dute landaretzarik, espezie erruderalez edo lorategi bihurtutako barruti txikiez eta zuhaixka-espezieak dituzten baratzeez (Cornus sanguinea, Laurus nobilis, Corylus avellana, Ligustrum lucidum eta beste batzuk) eta zuhaitz espezie apaingarrien ale batzuez (Fraxinus americana, Quercus rubra, Fraxinus ornus, Fraxinus excelsior, Prunus brigantina, etab.) harago.

Bestalde, HM-LA.06 eremuan, lau unitate identifikatu dira: larre/sastrakadia, pagadi bat eta urkidi bat ditu, bai eta espaloiak eta hiriko bideak dituen lurzoru artifizializatua ere.

Eremuetan dagoen fauna horien humanizazio-mailak eta landarediak baldintzatzen du. Hizpide dugun kasuan, hiru eremuak Hernaniko hiri-bilbearen barruan daude; horrenbestez, eremuen antropizazio-maila oso altua da, bereziki (HH) LI.03 eta (HE) HS.01 eremuena. Hori dela eta, baztertu egin daiteke habitat arrokatsu, heze edo kostaldekoekin lotutako espezieak egotea. Dena dela, HM LA.06 eremuan identifikatutako landarediari erreparatuta, ezin da baztertu intereseko fauna-espezieak egotea, bereziki baso-habitatetako abifaunako espezieek elikatzeko edo babesteko eremu gisa erabiltzea.

EAEko galzoriko fauna kudeatzeko planen arabera, hiru eremuetako bakar bat ere ez da sartzen espezie horien interes bereziko eremuan (IBE). Galzoriko fauna duen gune hurbilena Urumea ibaia eta haren ibaiadar Landarbaso dira. Eremutik hegoaldera 2.500 metro ingurura daude, eta bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) eta desman iberikoarentzat (Galemys pyrenaicus) intereseko eremu gisa identifikatuta daude.

Planaren xede den eremuan ez da naturagune babesturik, ez EAEko LAGetako azpiegitura berdeko elementurik, ez eta interes geologikoko lekurik ere. Naturagune babestu hurbilenak ES2120015 KBE Urumea Ibaia, eremutik hegoaldera 1.300 metrora, eta ES2120016 KBE eta ES212007 Aiako Harria Parke Naturala dira, eremutik hegoaldera 3.400 metrora.

Kultura-ondarea kontuan hartuta, HH LI.03 eta HM LA.06 eremuetan ez da kultura-ondarearen elementurik identifikatu; hala ere, LA.06 arearen mugatik hurbil, mendebaldera, intereseko elementu bat identifikatu da, Karobia.

Hernaniko hirigune historikoa, HE HS.01 eremuarekin bat datorrena, I. motako babes-erregimenarekin (erref. I-1) sartuta dago arau subsidiarioen katalogoan. Hirigune historikoari aplikatu beharreko babes-araubide espezifikoa Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren abenduaren 29ko 544/1995 Dekretuaren III. eranskinean ezarritakoa da (1996ko urtarrilaren 16ko EHAA). Dekretu horren bitartez, EAEko monumentu-multzo kategoriarekin kalifikatutako kultura-ondasun izendatu zen.

HE HS.01 eremuan parke-bulebarra handitzeko aurreikusitako eremuaren barruan kultura-ondasun aitortutako elementurik identifikatu ez bada ere, aipatu behar da hegoaldeko muturrean Napar Etxea 12 dagoela, Eraikitako Ondareko Kultura Ondasun izendatua. Eraikin hori Hernaniko hirigune historikoa birgaitzeko Plan Bereziaren Katalogoan dago (1997-10-09ko EHAA), zehazki, interes orokorreko kategorian.

HE – HS.01 eremuan ELSO handitzea Hernaniko hirigune historikoko Birgaitze Integraleko Arearen (BIA) mugen barruan sartzen da, baina ez da Hernaniko hirigune historikoko eremu arkeologikoaren barruan sartzen, eremu horrekin muga egiten badu ere.

Azkenik, aipatu behar da barnealdeko Donejakue bidea Hernaniko Kale Nagusitik igarotzen dela, eremu horren paraleloan.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten du, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua betez, «Hernaniko arau subsidiarioen 3. aldaketarako azterlana» egin dela, etorkizunean eraikin berriak egingo diren bi lurzatietan arreta jarrita: (HM) LA.06, bizitegi-erabilera nagusitzen dena, eta (HH) LI.03, erabilera sentikorra nagusitzen dena: sanitarioa, irakaskuntzakoa edo kulturakoa.

Ukitutako eremuen inguruko kanpoko zarataren egungo egoerarako lortutako emaitzak honako hauek dira:

– Bizitegi-erabilerako (HM) LA.06 arearen kasuan, aztertutako hiru aldietarako (goiza, arratsaldea eta gaua) emaitzek kalitate akustikoko helburuak gaueko aldian soilik gainditu direla erakusten dute (50 dB(A)-eko muga), Urbieta kalearen iparraldean egoteagatik.

– (HH) LI.03 areak erabilera sentikorragoa eta muga murriztaileagoak ditu (55 dB(A) egun eta arratsalderako, eta 45 dB(A) gauerako), eta area osoan gainditu da aztertutako hiru aldietan, trafiko bizia duten zenbait bide batzen direlako.

Ingurumen-arriskuak

Arrisku naturalei dagokienez, Geoeuskadiren arabera, akuiferoen kalteberatasunagatik kutsatzeko arrisku ertaina dago.

RUSLE ereduaren arabera (HM) LA.06 area, zati handienean, muturreko higadura potentzialeko eremu bati da, nahiz eta higadura erreala baxua izan, pagadiak eta urkidiak zoruari eusten diote eta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Salgai Arriskutsuen Garraioaren Fluxu Maparekin bat etorrita, HMLA.06 eremua GI-2132 errepidearen 100 eta 200 metroko eragin-zerrendaren barruan dago; errepide hori arrisku ertainekotzat sailkatuta dago.

Salgai arriskutsuak trenez garraiatzearekin lotutako arriskuari dagokionez, hiru eremuak Madril-Irun trenbidearen 600 metroko eragin-zerrendaren barruan daude, eta trenbide hori arrisku ertainekotzat sailkatuta dago.

Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du eragin nabarmenik ingurumenean.

Planak gehienbat obra fasean sor ditzakeen inpaktu hauek identifikatu dira:

– Lurzoruaren okupazioa eta iragazgaiztea, batik bat HM-LA.06 eremua 584 m2-ko azaleran handitzeagatik; gaur egun landarediarekin mantentzen da, HE-HS.01 eremua partzialki artifizializatuta dagoelako eta HH-LI.03 eremua erabat artifizializatuta dagoelako.

– Landaredia ezabatzea, batez ere HM-LA.06 eremukoa, non pagadia eta urkidia identifikatu baitira. Indarrean dagoen plangintzak jatorrizko lurzatiari eragitea aurreikusten zuenez jada, 3. aldaketaren ondoriozko landaredia-erasana lurzatia handitzearen ondorio dela uste da, hau da, urkidiak hartzen dituen 584 m2 horien ondorioz. Bestalde, HE-HS.01 arean, parke-bulebarraren antolamenduak balio handienekotzat jotako zuhaitz-aleak gorde ditzake, tamainagatik, hostotsua izateagatik, kalitate estetikoagatik edo itzala emateko gaitasunagatik.

– Obra fasean, sastrakak kentzean eta lur-mugimenduak egitean, mugitzeko gaitasun txikia duen faunari eragin dakioke zuzenean (ugaztun txikiak, narrastiak edo anfibioak, besteak beste).

– HE-HS.01 eremuaren hegoaldean mugakide den balizko arkeologia gune bat kaltetu daiteke, baldin eta ez badira lur-mugimenduetan hartu beharreko neurriak hartzen.

– Hondakinak sortu eta baliabideak kontsumitu daitezke antolamendutik kanpo geratzen diren eraikinak eraisteagatik eta etxebizitza- eta kultura-eraikin berriak eraikitzeagatik.

– Zarata ustiapen fasean. Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua betez egindako eta ingurumen-dokumentu estrategikoaren III. eranskin gisa jasotako inpaktu akustikoaren azterlanaren arabera, honako hau ondorioztatzen da:

• Bizitegi-erabilerako (HM) LA.06 arean ez dira betetzen kanpoko zaratarako kalitate akustikoko helburuak aztertutako hiru aldietan, batik bat eremuaren iparraldeko Urbieta kaleko trafikoaren ondorioz. Aitzitik, fatxadako zaratari dagokionez, ez dago ez-betetzerik 3 aldietan.

• Erabilera sentikorreko (HH) LI.03 arean, ez dira betetzen kanpoko zaratarako kalitate akustikoko helburuak aztertutako hiru aldietan, eremu horretan batzen diren bideetako trafikoagatik. Fatxadako zaratan, gaueko aldian, 61,0 dezibel ere neurtu dira, baina 45 dB(A)-ekoa da erreferentziako legeriak ezarritako muga.

– Istripuz isurketarik bada, lurzorua eta ura kutsa daitezke.

– Zarata eta atmosferako kutsadura obra fasean.

– Paisaiaren kalitatearen gaineko eragina, nabariagoa obren fasean, nagusiki landare-estalkia desagertzeagatik eta lurren mugimenduagatik, batik bat HM-LA.06 eremuan.

– Obra fasean, inpaktu negatiboa bizi-kalitatean.

– Eraginak ekosistemen zerbitzuetan, hain zuzen, elikagaien eta lehengaien hornidura-zerbitzuan; izan ere, garapenak baratzeak eta landaketak ezabatzen ditu.

3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira bertan.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen Ebazpen honetan adierazitakoari jarraikiz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremuaren antolamendurako planetan jasotakoari jarraikiz.

Aplikatu beharreko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra faseari nola jardueraren funtzionamendu faseari lotutakoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak

– Aurreikusitako erabileretarako, eremuaren kalitate akustikoari dagokionez, kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak (KAH) betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

– Ezin bada kanpo-ingurunea babestu, aplikagarri diren kalitate akustikoko helburuak bete arte neurri osagarriak garatuko dira, gutxienez, eraikinen barruan kalitate helburuak bete daitezen.

Kultura-ondareari dagozkion neurriak

(HH) LI.03, (HM) LA.06 eta proposatutako (HE) HS.01 areen ingurumen-dokumentu estrategikoan nahiz hirigintza-arau partikularretan jasoko da indarrean dagoen araudiari buruzko erreferentzia zuzena, Donejakue bidearen trazadura babesteko erregimenarekin lotuta. Horrenbestez, maiatzaren 24ko 66/2022 Dekretua aipatuko da, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatu izendatzen duen Dekretua (2022-06-02ko EHAA, 106. zk.).

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 43.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, hirigune historikoko eremu arkeologikoaren ondarean eragina izan dezaketen esku-hartzeetarako, lizentzia eman aurretik proiektu arkeologikoa aurkeztu beharko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Ildo berean, hirigune historikoaren eremuan egiten den esku-hartze oro abenduaren 29ko 544/1995 Dekretuan (Hernaniko Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz sailkatzeko eta hura zaintzeko babes arauak ezartzeko dena) ezarritako babes-araubideko zehaztapenetara egokitu beharko da.

Nahiz eta, a priori, katalogatutako kultura-intereseko elementuei ez dien zuzenean eragiten, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betez, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat izan daitekeen aurkikuntzarik gertatuz gero, bereziki Hernaniko hirigune historikoko eremu arkeologikoarekin muga egiten duen (HE) HS.01 arearen sistema orokorra garatzean, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek adieraziko du zer neurri hartu behar diren.

Lurraldearen paisaia-leheneratzeko neurriak

Inguruko ingurumen-ezaugarriak aintzat hartuta, eta eraikin berriak (bizitegia eta zerbitzu publikoetara bideratutako eraikina) zona horretako paisaian integratu daitezen, hainbat eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), inguruko eraikin-tipologiarekin eta estetikarekin bat etorrita.

Positiboki baloratzen da ingurumen-dokumentuan proposatutako neurria, HM-LA.06 arearen urbanizazio-proiektuak konpentsazio-neurri gisa hostozabalen baso mistoko 0,12 ha-ko azalera gehigarri baten leheneratzea onartzeari buruzkoa. Azalera hori eremuan bertan (d20 zona. Hiriko espazio libre komunak; 0,13 ha) edo ahalik eta hurbilen dauden eremuetan egongo da.

Era berean, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, proiektuaren exekuzioaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz berriro landareztatzeko lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.

Ahalmen inbaditzailea duten espezie aloktonoak ugaltzea ekiditeko neurriak hartuko dira, hala nola Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo beste batzuk, eta arreta handiz jokatuko da HM-LA.06 arean identifikatutako tximeleten zuhaixken aleak (Buddleja davidii) kentzeko lanetan. Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare espezie inbaditzailerik sar ez dadin mugitutako lurren eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Era berean, espezie horien propaguluak izan ditzakeen landare-lurra bereizita kudeatzea proposatuko da.

Planaren eremuko espazio berdeak diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» hartuko da kontuan, Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20 b zenbakia (2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza, hemen eskuragarri: https://www.ihobe.eus/argitalpenak).

Lurzorua eta lurpeko urak babestera bideratutako neurriak

Prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra fasean, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

Hondakinak ekoizteari eta kudeatzeari buruzko neurriak

Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatu beharko dira olio erabiliak.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak eta abar) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, zeregin bakoitzaren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Hernaniko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak zabortegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Obra faseko zarataren ondoriozko efektuak gutxitzera zuzendutako neurriak

Lanek iraun bitartean, sorburuan zaratak murrizteko jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, bereziki indusketa-, eraispen-, kargatze eta deskargatze- eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorreko lanetan, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, eta obretan erabilitako ekipamenduaren zaraten kontrolean ere, besteak beste.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren Dekretuan (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko. Inpaktu akustikoaren azterketan zuzenketa-neurriak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko ezaugarriei dagokienez, Etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera eta, betiere, sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, ez dela aurreikusten Hernaniko (Gipuzkoa) hirigintza-antolamenduko arau subsidiarioen 3. aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik eragingo duenik ingurumenean, eta, beraz, Planari ez zaiola ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Hernaniko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Hernaniko hirigintza-antolamenduko arau subsidiarioen 3. aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 23a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala