
33. zk., 2025eko otsailaren 18a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (204 KB - 13 orri.)
- EPUB (123 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
769
EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) HE.11 «Odrinox» hirigintza-eremuaren urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2024ko irailaren 16an, Aizarnazabalgo Udalak eskaera bat egin zuen garai hartako Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) HE.11 «Odrinox» hirigintza-eremuaren urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).
Eusko Jaurlaritzako garai hartako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2024ko urriaren 30ean, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren mende dago, aipatutako Legearen II.E. eranskineko 7. taldeko a) epigrafean (Industrialdeetarako lurzorua urbanizatzea eskatzen duten proiektuak) deskribatutakoarekin pareka daitekeelako. Proiektuak HE.11 «Odrinox» hirigintza-eremua, industriakoa, urbanizatzeko egin behar diren obrak zehazten ditu.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Aizarnazabalgo HE.11 «Odrinox» hirigintza-eremuaren urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako hauen arabera:
A) Proiektuaren helburua Aizarnazabalgo HE.11 «Odrinox» hirigintza-eremua urbanizatzeko behar diren obra guztiak diseinatzea eta zehaztea da.
B) Aizarnazabalgo HE.11 «Odrinox» hirigintza-eremuaren urbanizazio-proiektuaren (aurrerantzean, Proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren eremua HE.11 «Odrinox» hirigintza-eremura mugatzen da. Odrinox SL enpresak hamarkadak daramatza leku horretan industria-jarduera garatzen. Industria-eremu hori Aizarnazabalgo herrigunetik hego-ekialdera dago, 19.028,54 m2-ko azalera du, eta eremu horren zati bat enpresaren instalazioek okupatzen dute gaur egun. Enpresak instalazioak handitu nahi ditu.
2018an, instalazioak handitzeko helburuarekin, plan berezi bat idatzi zen behin-behinean onartzeko. Plan hura bat zetorren Aizarnazabalgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO) ezarritakoarekin, eta, bertan, lurzorua hiri-lurzoru gisa sailkatu zen. Alabaina, behin betiko onartzeko HAPOan, eraikin finkatuak hiri-lurzorutzat jo ziren, baina handitze horretarako erabili nahi den lurzorua urbanizagarritzat jo ziren. Hori dela eta, 2022an, plan partzial bat idatzi zen handitze horretarako. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Departamentuak Aizarnazabalgo «Odrinox» 11. Hirigintza Eremuaren plan partzialaren ingurumen-txosten estrategikoa egin zuen. Txosten hori 2023ko urtarrilaren 11ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren 7. zenbakian argitaratu zen.
Horrela, bada, HE.11 hirigintza-eremuan bi lurzoru mota daude: eremu bat hiri-lurzoru finkatua da eta bestea lurzoru urbanizagarria. Eremu horretan, bi industria-lurzati (P-1 eta P2), bide-sistema bat (V-1) eta espazio libreen sistema bat (EP-1) definitu dira.
P-1 lurzatia industria-erabilerakotzat kalifikatu da, eta lurzati horretan honako hauek daude: alde batetik, Odrinox SL enpresaren egungo instalazioak eta, bestetik, HAPOan proposatutako handitze osoa. Lurzati horren azalera osoak 12.295 m2 ditu; horietatik, 7.983 m2 finkatuta daude gaur egun, eta, beraz, aurreikusitako handitzea 4.312 m2-koa izango litzateke. Eraikigarritasunari dagokionez, gehieneko oinplano-azalera eraikigarria 8.735 m2-koa da; horietatik, 5.735 m2 finkatuta daude jada eta 3.000 m2-tan handitu daitezke. Lurzati horrek 66 aparkaleku izango ditu, guztira. Zehatz-mehatz definitu da sabai-azalera 3.000 m2 handitzea, eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak eskatzen dituen atzerapenak (kasu honetan, 15 m) errespetatzen dituen lurzorua eratu da.
P-2 lurzatia ere industria-erabilerakotzat kalifikatu da, gaur egun guztiz finkatuta dago eta 3.062 m2-ko azalera du guztira, 1.562 m2-ko oinplano-azalera eraikigarria eta sabai-azalera eraikigarria 3.124 m2-koa da. Lurzati horrek 14 aparkaleku izango ditu.
Industria-erabilerako bi lurzatien artean, azalera guztira 15.357 m2-koa da; horietatik, 11.045 m2 finkatuta daude. Gehieneko azalera eraikigarriari dagokionez, 10.297 m-2koa da guztira eta sabai-azalera eraikigarria 11.859 m2-koa; horrek esan nahi du, beraz, 3.000 m2 gehitu direla bi kasuetan. Lurzoru pribatuan 80 aparkaleku daude.
V-1 bide-sistemak hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du eremua, 2.938 m2-ko azalera du eta 42 aparkaleku izango ditu. Berdeguneen tokiko sistemak 1.323 m2-ko azalera du.
Proiektuaren eremuaren barnean P1 lurzatiaren zati bat (4.312 m2), V-1 bide-sistema eta berdeguneen tokiko sistema sartzen dira, eta, guztira, 8.573 m2-ko azalera eratzen dute.
Proiektua bi fasetan egingo da, handitzea 100 urteko errepikatze-denborari lotutako uholde-orbanak baldintzatzen baitu. Lehen fasean betelan partzial bat egingo da 100 urteko errepikatze-denborari lotutako uholde-orbanetik kanpo; horri esker, pabiloiaren sabai-azalera 2.500 m2 handitu ahal izango da, eta eremuaren mendebaldean dagoen bidea egin. Ildo horretan, plan partzialaren esparruan egindako azterketa hidraulikoaren arabera, betelan horrek ibaian gora ez luke eraginik izango 500 urteko errepikatze-denborari lotutako uholde-orbanean. Bigarren fasean, aipatutako lursailen uholde-arriskua zuzentzeko, azterketa hidraulikoak proposatutako hobekuntza hidraulikoa egiteko neurriak bete ondoren (ibaian behera dagoen presaren pasabidea eraistea), egin nahi den handitze osoa egingo litzateke, baimendutako sabai-azalera eraikigarria gauzatuta (3.000 m2), eta bidea eraikitzeko lanek jarraipena izango lukete pabiloi berriaren perimetro osoan zehar.
Lur-mugimenduei dagokienez, 1. fasean egin behar den betelanak –handitze-eremura iritsi ahal izateko beharrezkoa da– 2H/1V maldako ezpondak ditu. Bestalde, mendebaldean indusketa txiki bat egitea proiektatu da, egungo bide nagusiari jarraipena eman ahal izateko. Bide horrek eremu finkatuan gaur egun dagoen ezpondaren antzeko ezponda izango du (1H/1V). Guztira 2.411 m3 induskatuko dira eta betelanerako 597 m3 beharko dira; beraz, 1.814 m3-ko soberakina sortuko da eta soberakin hori egokiro kudeatu beharko da.
Eremuan zerbitzu-azpiegitura guztiak badaude ere, sare horiek handitu eta osatu egin behar dira handitzeari zerbitzua emateko. Eremuaren barne-saneamenduari dagokionez, bereizteko sistema baten arabera proiektatu da. Hala, euri-urak eta hondakin-urak lurzatiaren barnetik bereiz jasotzea aurreikusten da.
Euri-uren sarearen kolektore-sistema berria handitze-eremuko bide perimetraletatik iragaten da. Guztira, euri-urak biltzeko bi kolektore berri daude. Bi kolektoreak urak isurtzeko gune bakar batean elkartzen dira. Gune horretan, ura hidroziklonatuko da solido esekiak eta flotatzaileak bereizteko, eta, ondoren, infiltrazio- eta metatze-zona batera isuriko da. Zona hori drainatze-gelaxkaz osatuta dago. Eremu horrek bere gainezkabidea du, gelaxkek ur gehiago pilatu ezin badute, ura ibilgura isurtzen duten kolektore-saretik igaro dadin, gelaxken eremuko urak isurtzen diren gune berean; beraz, urak isurtzeko gune bakarra dago.
Hondakin-uren sareari dagokionez, eremuaren ekialdean, Urola ibaiaren ezkerraldearen ondoan, dagoen putzu septiko batean tratatzen dira gaur egun. Aizarnazabalgo saneamendu-sare orokorra egin arte, Odrinoxeko egungo ur beltzen emariak ez dira haziko handitzearekin, eta ur horiek putzu septikora isurtzen jarraituko da. Aizarnazabalgo saneamendu orokorra amaitzen denean, ponpaketa bat egingo da Odrinoxeko lurzatian, egungo putzu septikoaren inguruan, putzua baliogabetzeko eta ponpatu aurreko bilketagune bihurtzeko. Hondakin-urak ponpaketatik etorkizuneko saneamendu-sarerantz bultzatuko dira txandaka funtzionatzen duten bi ponpen bidez. Proposatutako putzua putzu prefabrikatu bat da. Putzu horrek ponpak putzuan bertan murgilduta ditu, eta gainerako balbulak kanpoan, giltza-kutxatila batean.
Ura banatzeko egungo sarea eremuaren mendebaldean dagoen bide berrian zehar zabalduko da 100 mm-ko hodi batekin, suteei buruzko araudia betetzeko (suteetako ur-hargunea bidearen amaieran jartzea). Ez da aurreikusten ura banatzeko sare orokorrean hargune berririk egitea.
Energia elektrikoaren eta telekomunikazioen sareak gaur egungoak izango dira, eta ez da beharrezkotzat ikusten haietan ezer egitea.
Argiteria publikoari dagokionez, aurreikusten da pabiloiaren fatxadan proiektoreak jarriz bideak argitzea, baina horretarako ez da beharrezkoa zirkuitu berririk eta elektrizitate-koadro edo kontrol-koadro berririk sortzea.
Poligonoak bide nagusi bat izango du: GI-3031 errepidetik abiatuko da, eremuaren mendebaldetik joango da eta pabiloiaren handitzea inguratuz amaituko da. Bide hori 16 metro da zabaleran (11 m ibiltzeko eta 5 m zeharka aparkatzeko) eta 60 cm-ko zabalerako areka bat du, ezponda berriko eta bideko urak biltzeko. Ibiltzeko den eta 6 m-ko zabalera duen atzeko bideak ere zeharka aparkatzeko lekuak (5 m-ko zabalerakoak) izango ditu handitze-eremuan.
Bidearen eta gaur egungo ur-bazterreko landarediaren artean zerrenda berde bat proiektatu da. Zirkulazio-eremuko zoladura asfaltozko aglomeratuaren akabera izango du, baina aparkatzeko eremua hormigoizko lauzena, material iragazkorren erabilera eta euri-uraren infiltrazioa sustatzeko.
Zuzenketa-neurrietarako eta zaharberritzeko aurrekontua 13.189,10 euro da eta ingurumena zaintzeko programarako 3.400 euro. Proiektuak 39.019,91 euro-ko partida du hondakinak kudeatzeko.
Alternatibei dagokienez, ez da kokagune alternatiborik kontuan hartu, bai, ordea, garapen-alternatibak. 0 alternatiba edo «Ez esku hartzekoa» baztertu egin da, enpresa handitzeko helburua betetzen ez duelako.
1. alternatibak HAPOan proposatutako handitzea garatzen du, baina baztertu egin da Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko eta EAEko ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko (aurrerantzean, LPS) uholde-arriskuko eremuen araudia betetzen ez duelako, eremuaren iparraldea 100 urteko uholde-orbanaren eraginpean baitago, eta bertan ezin baita eraiki.
2. alternatiba, lehen deskribatutakoa, bi fasetan gauzatuko da, aipatutako araudia betetzeko. Alternatiba hori aukeratu da.
Proiektuaren bigarren fasea egikaritu ahal izateko, azterketa hidraulikoak Altuna Txiki zentral hidroelektrikoko pasabidea kentzea edo haren ordez beste bat jartzea aurreikusten du, 100 urteko errepikatze-denborari lotutako uholde-orbanak proiektuaren eremuari eragin ez diezaion. Jarduketa hori ezinbesteko baldintza izango litzateke bigarren fasea egikaritzeko, eta URAren nahitaezko txostena izan beharko luke.
2.– Proiektuaren kokapena.
Proiektuaren eremua Aizarnazabalgo udalerrian dago, Urola ibaiaren ezkerraldearen mugakide. Ipar-mendebaldean Aizarnazabalgo herrigunearekin egiten du muga, hego-mendebaldean Odrinox SL enpresaren egungo enpresarekin, hego-ekialdean Urola ibaiarekin eta ipar-ekialdean belardiekin eta soro landuekin.
Aztergai dugun lurzatia Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Urolako Unitate Hidrologikoan dago. Eremuaren mugakide den Urola ibaiaren tartea Urola-F ur-masa da (ES111R034020).
Lurpeko urei dagokienez, eremua Zumaia-Irungo masari dagokio (ES017MSBTES111S000015), eta ez du ukitzen ur-masa horren ezein sektore, ezta ezein interes hidrogeolikoko gune ere.
Eremuak belardia eta soro landuak ditu, baratzeak eta fruta-arbolen sailak. Horiek guztiak, Geoeuskadiren arabera, Batasunaren intereseko habitat hau dira: «Larratu gabeko sega-belardi atlantikoak» (EU 6510 kodea). Zona urbanizatuetan landaredi erruderal-nitrofiloa dago eta lorategi-zonetan espezie apaingarriak. Ingurumen-dokumentuaren arabera, Urola ibaiaren ezkerraldean platano arrunta eta lizarrak dira nagusi, eta horien artean Fallopia japonica espezie aloktono inbaditzailea ugaritu da.
Proiektuaren eremuan dauden fauna-espezieak hiri-eremuetakoak eta landazabalari lotutako fauna-komunitatekoak eta ibaiarekin eta ibaiertzekin lotutakoak dira. Aipatu behar da Urola ibaiaren ibilgua eta ertzak bisoi europarraren (Mustela lutreola) lehentasunezko banaketa-arearen parte direla. Espezie hori Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan jasota dago «Galzorian» kategorian. Era berean, Altsolarats erreka –urak Urolan isurtzen dituena, eremutik 250 metrora ibaian gora– interes bereziko eremua da espezie harentzat.
Proiektuaren eremuak ez du ukitzen Natura 2000 Sareko edo beste naturagune babestuetako ezein gune; Urolako itsasadarra ES2120004 KBEa eremutik 3,5 km-ra dago ibaian behera. EAEko Korridore Ekologikoen Sareko elementurik ere ez du ukitzen, nahiz eta Pagoeta-Izarraitz korridorearen moteltze-eremuarekin muga egin; halaber, ez da interes geologikoko lekurik identifikatzen, ezta katalogatutako kultura-ondareko elementurik ere. Eremu hori ez dago jasota lurralde-antolamenduaren gidalerroen interes naturalistikoko eremuen zerrendan, baina Urola ibaia gidalerro horien azpiegitura berdearen bilbe urdinaren zati da.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, kutsadurarekiko kalteberatasun handia duten akuiferoen gainean dago eremua. Bestalde, eremuaren zati bat lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan dituzten edo jasaten dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati industrial batean dago (kodea: 20003-00014).
Gainera, eremua 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-orbanean dago, ez, ordea, ezein uholde-arrisku handiko eremutan (UAHE).
Ingurumen-dokumentuak adierazten du, HAPOaren zehaztapenen arabera, azterketa hidraulikoa egin dela, eta ondorioak azaltzen ditu. Azterketa ez da aurkeztu, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022an egin zuen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren izapidean aurkeztutako plan partzialaren 4. eranskina da.
Azterketa horren arabera, gaur egun finkatuta dagoen lurzatia 100 urteko errepikatze-denborari lotutako orbanetik kanpo dago, baina 500 urteko errepikatze-denborari lotutako orbanaren barruan (+22,59 m). Adierazitako handitzea 100 urteko errepikatze-denborari lotutako orbanak baldintzatzen du. Gaur egun, Urola ibaian inolako jarduketarik egin gabe eta Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoa betez, pabiloiaren sabai-azalera 2.500 m2-tan handitu ahal izango litzateke eta eraikin berrira iristeko tokiko bide-sistema urbanizatu ahal izango litzateke. Horretarako, betelan txiki bat beharko litzateke, betiere 100 urteko errepikatze-denborari lotutako orbanetik kanpo, eta betelan horri esker, pabiloietarako sarbideak 500 urteko errepikatze-denborako kotatik gora gera daitezke. Bestalde, betelan horrek ez luke uholde-arriskua handituko 500 urteko errepikatze-denborarako ibaian gora.
Egindako azterketa hidraulikoaren arabera, HAPOan adierazitako aprobetxamendu guztiak finkatu ahal izateko (3.000 m2-ko sabai-azalera eraikigarria), zentral hidroelektrikoaren ondoan dagoen pasabidea eraitsi beharko litzateke. Jarduketa horrekin, eremu osoa 100 urteko errepikatze-denborari lotutako orbanetik kanpo egongo litzateke, eta, beraz, ikuspegi hidraulikotik begiratuta, bideragarria izango litzateke jarduketa hori egitea. Hala ere, egia da lurzatiko zenbait zona 500 urteko errepikatze-denborako arriskuan egongo liratekeela, eta, hortaz, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren arabera, ezin izango litzateke kanpoan metaketarik egin. Nabarmendu behar da Odrinox SL enpresaren jarduera osoa eraikinaren barruan egiten dela, eta, beraz, ez dagoela objektuak herrestan eramateko arriskurik, ezta ibilgua sarritan eta eskuarki kutsatzeko arriskurik ere.
Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, ingurumen-dokumentuetan ez dago eremuari buruzko azterlan akustikorik. Hala ere, «Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotako garapen-eremuen baldintza akustikoen ebaluazioa» izeneko azterlana, Applusek 2016an egin zuena, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022an gauzatu zuen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren izapidean aurkeztutako Plan Partzialaren 3. eranskin gisa sartu da. Azterlan horretan, besteak beste, HE.11 «Odrinox» eremua aztertzen da, eta adierazten da 2016an Odrinox eremuak betetzen zituela industria-eremuetarako eguneko hiru aldietarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak. Eguneko eta arratsaldeko aldietarako 60 dB(A) inguruko balioak zehaztu dira, eta gaueko aldirako 52 dB (A) ingurukoak.
3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obren fasean sortuko dira. Hauek dira proiektua garatzean egingo diren jarduketak: sastrakak kentzea eta landareak moztea, urbanizazio-plataforma egiteko indusketak eta betelan txikiak egitea, baita zangak irekitzea eta zimenduak jartzea ere.
Obrek dirauten bitartean, ez da aurreikusten inpaktu nabarmenik lurzorua okupatzeagatik, dagoeneko artifizializatuta dagoen 8.573 m2-ko eremua baita. Hori dela-eta, uste da landaredia moztea ez dela hain adierazgarria.
Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, gutxitu egingo da giza habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo Urola ibaiaren urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean istripuz gertatutako isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sortuko dira.
Nabarmendu behar da eremu horretan kutsatuta egon daitezkeen lurzoru industrialen lurzati bat dagoela. Lurzati hori lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan dituzten edo jasaten dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dago (20003-00014 kodea). Hori dela eta, ekainaren 25eko 4/2015 Legea, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, bete behar da.
Proiektua baldintzatuta dago 100 eta 500 urteko uholde-orbanak daudelako. Nolanahi ere, proiektuak Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoan eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean uholde-arriskuko eremuei buruz ezarritako araudia bete behar du. Horregatik, lehenengo fasean, eta aipatutako azterketa hidraulikoan proposatutako neurriak –eremuan uholde-arriskua hobetzeko direnak (erdiko pasabide hidroelektrikoa eraistea)– ibilguan gauzatu arte, 100 urteko errepikatze-denborari lotutako uholde-orbanari eragiten ez dioten eta jarduketatik abiatuta ibaian gora uholde-arriskua aldatzen ez duten betelanak bakarrik egin ahal izango dira. Bestalde, obrek dirauten bitartean, instalazio osagarriak, garbigunea eta materialak edo lurrak metatzeko eremuak uholde-arriskuko eremuetatik kanpo jarri beharko dira.
Ustiapen fasean, inpaktu aipagarrienak hauek izango dira: alde batetik, hondakin-urak Urolan isurtzeko arriskua egungo putzu septikoak funtzionatzen duen bitartean eta hondakin-uren isurketa Zumaiako HUAra konektatutako Aizarnazabalgo saneamendu-kolektore nagusira konektatu arte; eta, bestetik, jarduerak sor dezakeen zarata.
Ingurumen-dokumentuak ez du pabiloi berrian sortuko den zaratari buruzko daturik ematen; hala ere, kontuan izan behar da lehendik dagoen jarduera bat handitzeaz ari garela, eta, Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotako garapen-eremuen baldintza akustikoen ebaluazio-azterlanaren arabera (Applusek egin zuen azterlan hori 2016an), ez dirudi Odrinox zarata-foku garrantzitsua denik Aizarnazabalgo hiriguneko etxebizitzetarako (jarduera horretatik 100 metrora baino gutxiagora daudenetarako). Azterlan horretan adierazten denez, Forjas Iraeta, Odrinox eta Migsa dauden industria-eremuan, soinu-emisio gehienak Forjas de Iraetak eta GI-2133 errepideak sortzen dituzte.
Ingurumen-dokumentuak, oro har, bateragarri edo moderatutzat jo ditu inpaktuak. Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak hartuko dira inpaktu haiek ekidin edo murrizteko, baita ingurumena zaintzeko programa martxan jarri ere, neurri haiek era egokian betetzen direla eta xede izan dutena lortzeko egokiak eta nahikoak direla bermatzeko.
Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat uholde-arriskuari, hondakinei, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, isuriei eta kalitate akustikoari buruzkoa, ondorioztatu da eraginak txikiak izango direla.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak ikusita, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai txosten honetan bertan jasotakoak, ez da aurreikusten proiektuak aipatutako ingurumen-alderdietan inolako eragin negatibo nabarmenik izango duenik.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait babes- eta zuzenketa-neurri ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) HE.11 «Odrinox» hirigintza-eremuaren urbanizazio-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ondorengo apartatuetan adieraziko dena kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez garai hartako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.
Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan finkatutakoak.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Ondoko atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:
– Ustiapeneko zaratari buruzko neurriak:
Planean jasotzen diren aurreikuspenak garatzeko etorkizunean ezar daitezkeen instalazioei dagokienez, eta urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikulua aplikatuta, zarata-foku berriek dekretu horren I. eranskineko 2. zatian zarata-foku berrientzako muga-balio aplikagarriak bete beharko dituzte.
– Hondakin-uren isurpenari buruzko neurriak.
• Proiektuak justifikatuko du egungo putzu septikoaren tamaina egokia dela egungo hondakin-urak eta handitzetik etorriko direnak tratatzeko. Nolanahi ere, dagokion isurketa-baimena beteko da.
• Aurkeztutako dokumentuen arabera, Aizarnazabalgo saneamendu orokorra burutzen denean, hondakin-urak Odrinoxeko lurzatitik etorkizuneko saneamendu-sarera ponpatzeko beharrezkoak diren jarduketak egingo dira. Obra horiek egiteko, aurreikusitako gainerako jarduketetarako ondoren azalduko diren neurriak hartu beharko dira, bereziki natura-ondarea, urak eta lurzoruak babesteari eta ukitutako gainazalak leheneratzeari dagokionez, eta, oro har, obretako jardunbide egokiei dagokienez.
– Natura-ondarea babesteko neurriak.
• Obrak, baita lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripuz eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta leheneratze-neurri egokiak ezarriko dira.
• Landaredi autoktonoa kentzea edo moztea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurreikusi ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta balizatu beharko dira proiektuaren eremuan dauden zuhaitz-ale eta zuhaitz-unada autoktonoak, eta, bereziki, Urola ibaiko landaredi autoktonoa.
• Kontratistaren instalazioguneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialen, landare-lurren eta garbiguneen behin-behineko pilaketa-eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, 10, 100 edo 500 urteko errepikatze-denborako uraldien ondoriozko uholde-arriskuguneak okupatzea eta drainatze-sare naturalari eta intereseko landarediari eragitea saihestuko da.
Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera, ezin da inolako jarduketarik egin ibilguen zortasun-eremuan, eta une oro errespetatu beharko da ibaiertzeko landaredia. Eremu horiek ezin izango dira inola ere Urola ibaiaren ibaiertzeko lurretan kokatu.
• Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (hala nola Fallopia japonica, Cortaderia selloana, Buddelia davidii, Phyllostachys aurea edo beste batzuk).
• Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe geratu diren eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Horrez gain, landare-estalkia leheneratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, espezie inbaditzaileak izan litzakeen lurrik ez erabiltzeko.
– Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
• Oro har, eraikuntza fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Aurkeztutako dokumentuen arabera, lastozko fardelez egindako sedimentuen hesi bat jarriko da aldi baterako Urola ibaiaren ezkerraldean.
• Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
• Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela eta isuriak lokalizatuak direla bermatzeko. Zangen, putzuen edo kutxatilen xukatzeetatik datozen urak ezingo dira isuri aldez aurretik iragazteko eta jalkitzeko tratamendurik egin gabe. Bestalde, eremuan debekatuta dago hormigoi-ontzien upelak garbitzea; hormigoi-ontzien kanaletak edo mahukak garbitu behar badira, garbiketatik datorren ura putzu berezietan tratatu beharko da, isuri aurretik. Nolanahi ere, ibilgura zuzenean egiten diren isuri guztiek Uraren Euskal Agentziaren baimena izan beharko dute.
• Obrako makinak gordetzeko eremua eta makina horien mantentze-lanak egiteko eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
– Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak leheneratzeko neurriak.
Proiektuak eraginpeko zonen landareztatzeari buruzko xehetasuna jasoko du, honako irizpide hauen arabera:
• Landareztatzeetan, batez ere Urola ibaiaren ertzekoetan, haltzadi kantauriarreko berezko espezie autoktonoak landatzea lehenetsiko da (Alnus glutinosa, Fraxinus excelsior, Corylus avellana, Crataegus monogyna, Salix sp., etab.), habitat naturalizatuak sortzen laguntzeko eta inguruko berezko landarediarekin lotzen saiatzeko.
• Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar) leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea ekiditeko.
• Lur-mugimenduak egiten diren bitartean, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek ukitutako lekuak leheneratzeko eta landareztatzeko lanetan berrerabiltzea erraztearren.
• Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan koka litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
• Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduketak behar bezala betetzen direla bermatzeko.
– Uholde-arriskura bideratutako neurriak.
• Egun, eremua 500 eta 100 urteko errepikatze-denborako uraldien uholde-arriskuko eremuan dago.– Organo eskudunak prozedura aplikagarrien esparruan ezarritako baldintzak alde batera utzi gabe, proiektuak bat etorri beharko du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoan ezarritakoarekin. Ildo horretan, 100 urteko errepikatze-denborari lotutako uholde-orbanak eremuari ez eragiteko beharrezkoak diren jarduketak egiten ez diren bitartean, orban horri eragiten ez dioten eta jarduketaren uholde-arriskua ibaian gora aldatzen ez duten betelanak bakarrik egin ahal izango dira.
• Bestalde, proiektuak kontuan hartuko du 46. artikuluan urbanizatu beharreko eremu berrietako drainatzeari buruz xedatutakoa, hau da, zoladura- edo okupazio-azalera iragazgaitza behar-beharrezkoa den eremuetara murriztuko da eta drainatze iraunkorreko sistemak sartuko dira.
– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria izango dela bermatzeko neurriak.
• Proiektuak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan dituzten edo jasaten dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako tokiari eragiten dio. Horri dagokionez, sustatzaileak emandako informazioaren arabera, lurzati horretan zerbitzu orokorrei lotutako zangak induskatuko dira, 500 m3-tik beherako bolumena dutenak; beraz, uste dute, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legea zorrotz aplikatuz, ez dela beharrezkoa izango lurzoruaren kalitatearen adierazpena egitea, ezta indusketa-plan bat idaztea ere. Ildo horretan, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 14. artikuluan xedatutakoa beteko da. Dekretu horren bidez Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatu zen.
• Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsa dezaketen jarduerak egin diren edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.
– Zaraten eta bibrazioen ondorioak txikiagotzeko neurriak.
• Lanek dirauten bitartean, beharrezkotzat jotzen diren obra-jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
• Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
• Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak; betiere Dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe.
• Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.
– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
• Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
• Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira. Hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira ezabatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.
• Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
• Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
• Zabortegira bidali behar diren hondakinak hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.
• Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira. Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio-adierazleetan (A-EBA) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
• Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketen baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
• Sortutako olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
• Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
– Airearen kutsadura txikiagotzeko neurriak.
• Sarbideak aldizka garbituko dira, eta lehentasuna emango zaio eskuzko metodoak edo ekortzeko makinak erabiltzeari azalerak ureztatu beharrean; izan ere, solido esekiz betetako jariaketak sor daitezke, eta horren ondorioz, Urola ibaiko uren kalitatean eragina izateko arriskua dago. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.
• Obraguneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra faseak iraun bitartean.
• Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuaren txostenaren arabera, Odrinox SLren eta Fundiciones Larrarteren eraikinetan etorkizunean egiten diren jarduketetan komenigarria da eraikin horiek ondarearen ikuspegitik izan dezaketen interesa kontuan hartzea.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
• Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
• Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
• Obrak okupatzen dituen lurren mugak kontrolatzea.
• Hondakin-uzterik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.
• Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.
• Proiektuaren eraginpeko eremuan dauden herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
• Garbiketa eta obra-akabera.
Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu egin beharko dira.
• Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta abar.
Hirugarrena.– Zehaztea ez dela aurreikusten proiektua egikaritzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Odrinox SLk sustatutako Aizarnazabalgo HE.11 «Odrinox» hirigintza-eremuaren urbanizazio-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Aizarnazabalgo Udalari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 17a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS