Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2025eko otsailaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
768

EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, «BESS Lezama» proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko. Instalazio hori Bess Development 4 SLUk sustatu du Lezamako udalerrian (Bizkaia), eta baterien bidez energia biltegiratzeko planta bat izango da.

AURREKARIAK

2024ko azaroaren 11n, Eusko Jaurlaritzako orduko Energia eta Meategien Zuzendaritzaren Bizkaiko Ordezkaritzak eskaera hau egin zion orduko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari: abiaraz zezala Bess Development 4 SLUk Lezamako udalerrian (Bizkaia) baterien bidez energia metatzeko egin nahi zuen «BESS Lezama» instalazioaren proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktu sinplifikatuaren ebaluazioa. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2024ko azaroaren 22an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo eskudunari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren mende dago, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan jasota datozen kasuen artean dagoelako, lege horretako II. eranskinean (II. tituluko II. kapituluko 2. atalean araututako ingurumen-ebaluazio sinplifikatua behar duten proiektuak) datorren proiektu bat delako, betiere ekainaren 13ko 445/2023 Errege Dekretuak sartutako aldaketak kontuan hartuta (errege-dekretu horrek Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I., II. eta III. eranskinak aldatzen ditu).

Zehazki, proiektua 4. taldean jasota dago (energiaren industria), n) epigrafean: «Stand-alone motako energia-metatzea, bateria elektrokimikoen bidez edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiaren bidez».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– Bess Development 4 SLUk Lezaman (Bizkaia) sustatutako «BESS Lezama» baterien bidez energia-metatzeko instalazioaren proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena ematea, eta xedatzea, espedientean jasotako txostenekin eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean xedatutako irizpideekin bat, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarri behar dela, efektu nabarmenak izan ditzakeelako ingurumenean, jarraian jasotzen diren arrazoiak direla eta.

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuak Bess Development 4 SLUk Lezaman (Bizkaia) sustatutako baterien bidez energia-metatzeko «BESS Lezama» instalazioaren proiektua instalatzeko eta martxan jartzeko beharrezkoak diren jarduketak barne hartzen ditu.

Energia metatzeko instalazioa Lezaman (Bizkaia) dago, 081 0006 00136 0004 katastro-erreferentzia duen lurzatian, lurzoru urbanizaezinean, eta 4.974,02 m2-ko azalera du. Metatze-instalazio hori teleaginte bidezko ebaketa-zentro berri batera konektatuko da 970 m luzeko 30 kV-eko lurpeko linea batekin. Zentro hori ere Lezamako udalerrian dago, BI-30 errepideko tunelaren edo Txorierriko korridorearen gainean (lehengo N-637), eta, aldi berean, Iberdrola Distribución enpresaren Asua-Galdakao 62. linearekin (30 kV) lotuko da, 808 (2104859) eta 812 (2106396) euskarrien arteko tartean.

Aurreproiektuaren arabera, metatze-instalazioa 5 «potentzia-uhartek» osatzen dute; 5 uharte horiek bateriak, inbertsoreak eta transformadore jasotzailea dituzte, eta antzeko ezaugarriak eta geometria. Potentzia-uharteak hormigoizko lauza baten gainean jarriko dira, eta beharrezkoa den gainazala hartuko dute, lurraren gaineko egitura-esfortzuak murrizteko. Lursailaren gainerako zatia lurpeko zangetarako, metatze-instalazioaren barruko bideetarako, makina-parkerako eta materialak pilatzeko erabiliko da.

Azpiegiturak 20,00 MVA-ko potentzia instalatua izango du, eta 59,18 MWh-ko energia metatzeko ahalmena. Instalazioak stand-alone moduan jardungo du, hau da, sorkuntza-zentral batean integratuta egon gabe. Energia metatzeko baterien bizi-ziklo zenbatetsia 20 urtekoa da.

Honako elementu hauek ditu metatze-sistemak:

– Litio ferrofosfatozko (LFP) 43 bateria. Bateria bakoitzak 1,376 MWh-ko ahalmena du, 3,62 x 2,1 x 2,59 metroko neurriak, eta 4 tonako pisua.

– 10 inbertsore. Bakoitzak 2,0 MW-eko potentzia izendatua izango du, eta neurri hauek: 3,12 x 1,24 x 2,30 m (20,00 MW guztira).

– 5 transformadore, 4,00 MVA-ko gehieneko potentzia eta 690 V/30 kV-eko transformazio-erlazioa dutenak.

– 30 kV-eko lurpeko ebakuazio-linea, 970 m luzekoa, potentzia-uharteen eta teleaginte bidezko ebaketa-zentroaren (banaketa-sarearen ondoan) artean.

– Teleaginte bidezko ebaketa-zentroak beharrezko diren elementu guztiak izan beharko ditu (telekudeaketa-ekipoa, komunikazioak, elikadura, babesa, kableak, etab.), dagozkion automatizazio-funtzioak eta urruneko eragiketak egin ahal izateko I-DEren eragiketa-bulegotik.

– Instalazioko zerbitzu osagarriak, modu seguruan eta jarraituan jardun ahal izateko.

Metatze-instalaziorako sarbidea lurzatiarekin muga egiten duen udal-kalean dago. Era berean, barne-bide berri bat egingo da potentzia-uharte bakoitzera sartu ahal izateko. 2,2 metroko altuerako perimetro-hesi bat jarriko da kanpoko inor ez sartzeko.

Lur-erauzketaren ondorioz, guztira 1.000 m3-ko lur-bolumena mugituko dela kalkulatzen da. Lur hori zabalgunearen berdinketaren osagarria den lubeta osatzeko erabiliko da, egin beharreko azterketa geoteknikoa onartzen bada.

Instalazioa osatzen duten elementuak prefabrikatuak dira, eta katean muntatu eta desmuntatzeko prestatuta daude, obran materialak landu gabe eta soldadurak erabili gabe.

Azkenik, obrak egiteko aurreikusi den epea 6 hilabetekoa da.

Dokumentuan, ez jarduteko 0 alternatibaz gain (aukera hori baztertuta dago, ez datorrelako bat Europako Batzordearen energiaren arloko politikekin, Energiaren eta Klimaren 2021-2030 aldirako Plan Nazional Integratuarekin eta 2030erako Euskadiko Energia Estrategiarekin), beste 3 kokagune alternatibo proposatzen dira proiekturako, horiek guztiak lurzoru urbanizaezinean; horien artetik, 3. alternatibaren alde egin da, ulertu delako ingurumenean eraginik txikiena duena dela.

Lehenengo alternatibak baterien bidez energia-metatzeko instalazioa Lezamako 6. poligonoko 141. lurzatiaren hego-mendebaldeko sektorean kokatzea aurreikusten du, baso-landaketarako eremu batean. Lurzati horrek 15.762 m2 hartzen ditu eta 126 m luzeko lurpeko ebakuazio-linea bat dauka. Alternatiba hori baztertu egin da, baso-landaketari eragiten diolako eta EAEn onartutako lurralde-antolamenduko tresnetan (LAG, Nekazaritza eta Basogintzako LPS, etab.) ezarritakoarekin bateragarria ez delako.

Bigarren alternatibak baterien bidez energia-metatzeko instalazioa Lezaman kokatzea aurreikusten du, 6.197 m2-ko lurzati batean, zehazki 5. poligonoko 118 lurzati landatarrean, eta 1.307 m luzeko lurpeko ebakuazio-linea bat dauka. Alternatiba hori ere baztertu egin da, lursailaren malda handia dela eta. Lursaila ez da bateragarria mota honetako proiektuak instalatzeko, lur-bolumen handiagoa behar delako, eta, beraz, natura-ondareari eragiten diolako; gainera, lineak baso-landaketak zeharkatzen ditu.

Hirugarren alternatiba Lezamako 6. poligonoko 136. lurzatian dago, eta 2,8 hektareako azalera du guztira. Hala ere, instalazioaren gehieneko okupazioa 0,4974 hektareakoa da, eta 970 m luzeko lurpeko ebakuazio-linea bat proiektatzen da; linea hori hiri- edo nekazaritza-bideetatik igarotzen da, eta, beraz, gutxiago eragiten dio natura-ondareari.

Ingurumen-dokumentuak 3. alternatiba aukeratu du, eta hauek dira horretarako arrazoiak: instalazioko eta ebakuazio-lineek ez diete eragiten baso-landaketei, eta konexio-puntutik hurbil dago.

2.– Proiektuaren kokapena.

Energia metatzeko instalazioa lurzoru urbanizaezinean dago, Lezamako (Bizkaia) 081 0006 00136 0004 katastro-erreferentzia duen lurzatian; 2,8 hektareako azalera du, baina, hala eta guztiz ere, 4.974,02 m2-ko gehieneko okupazioa proiektatu da. Eremu horretan larreak daude gaur egun. Metatze-instalazio hori teleaginte bidezko ebaketa-zentro berri batera konektatuko da 970 m luzeko 30 kV-eko lurpeko linea batekin. Zentro hori ere Lezamako udalerrian dago, BI-30 errepideko tunelaren edo Txorierriko korridorearen gainean (lehengo N-637), eta, aldi berean, Iberdrola Distribución enpresaren Asua-Galdakao 62. linearekin (30 kV) lotuko da, 808 (2104859) eta 812 (2106396) euskarrien arteko tartean.

– Proiektuaren eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Asuako arro hidrografikoan dago. Gertuen dagoen erreka Isuskitza da, 5. hierarkiakoa, eta baterien instalaziotik 10 metro ekialdera dago. Era berean, BESS Lezamatik ebaketa-zentrora energia ebakuatzeko lineak Asua ibaia zeharkatzen du, eta tarte horretan 5eko hierarkia du.

– Proiektuaren eragin-eremuan Batasunaren Intereseko Habitat (BIH) bat identifikatu da, 6510 «Larratu gabeko sega-belardi atlantikoak», Eusko Jaurlaritzan eskuragarri dagoen kartografiaren arabera. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, proiektuak BIH horren 2.717 m2-ko azaleran du eragina.

– EAEko flora baskularraren zerrenda gorrian jasota dauden espezieen banaketa adierazten duen kartografia kontuan hartuta, proiektua kokatuta dagoen 1 x 1 km-ko laukietan ez dago flora-espezie mehatxaturik.

– Fauna mehatxatuari dagokionez, UTM 10x10 km-ko laukian –bertan proiektatzen da baterien bidez energia-metatzeko «BESS Lezama» instalazioa– eta lauki atxikian Habitatei buruzko Zuzentarauaren II. eranskinean jasotako 11 espezie daude: 4 ornogabe, 2 arrain, 2 narrasti eta 3 ugaztun; horietako bat lehentasunezko espezietzat jotzen da (Mustela lutreola, hau da, bisoi europarra). Era berean, aztertutako bi laukietan aipatutako 9 hegazti-espezie Hegaztien Zuzentarauaren I. eranskinean daude sartuta.

Zentzu horretan, Isuskitza erreka (10 metrora) eta Asua ibaia (150 metrora) «hobetu beharreko eremuak» dira bisoi europarrarentzat, Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra (Mustela lutreola; Lineo, 1761) Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat etorriz, galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

– Metatze-instalazioaren eta hari lotutako azpiegituren jarduera-eremua Naturagune Babestu edo EAEko azpiegitura berdeko elementu izendatutako eremuetatik kanpo dago. Hurbilen dagoen elementua Asua ibaiaren zati bat da. Azpiegitura berdearen «ur-korronteak» kategorian sartuta dago, eta kokalekutik 550 m ipar-ekialdera dago.

– Baterien bidez energia-metatzeko «BESS Lezama» instalazioa instalatzeko proiektuak «balio agrologiko handiko» lurzoru gisa kalifikatutako 4.731 m2-ri eragiten die, Euskadiko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) arabera.

– Euskal Kultura Ondarearen Informazio Sistemaren (Ondarea) bisorean eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, «BESS Lezama» baterien bidez energia-metatzeko instalazioaren kokalekuan ez dago EAEko kultura-ondarearen elementurik; Izuzkitza etxea da hurbilen dagoena, 80 metro baino gehiagora.

– Egindako azterketa akustikoaren arabera, foku berri gisa, honako hau ondorioztatzen da: gaur egun zarata-fokuei buruz eskura dagoen informaziotik atera diren emaitzen arabera, jarduera martxan jarri ondoren, hiriguneetan edo eremu urbanizagarrietan aplikatzen diren lursailetik 2 metrora arteko muga-balioak aski eta sobera beteko dira. Era berean, hiri-eremuetan edo eremu urbanizagarrietan ez dauden bizitegi-eraikinetako fatxada leihodunetan gertatzen diren zarata-mailek dagozkien muga-balioak beteko dituzte, betiere foku berriek tonu-osagairik edo maiztasun txikiko osagairik sortzen ez badute.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, teleaginte bidezko ebaketa-zentroa instalatuko den zona sute-arrisku handiko eremua da, baita ebakuazio-linea lurpean igaroko den tarte txiki bat ere, baso-landaketak daudelako.

Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Salgai Arriskutsuen Garraioaren Fluxu Maparen arabera, proiektutik hurbil dagoen BI-30 errepidea arrisku ertainekoa da, eta metatze-instalazioa 600 metroko eragin-zerrendan dago; lotutako azpiegiturak, berriz, 100, 200 eta 600 metroko zerrendetan daude.

3.– Proiektuak izan dezakeen eraginaren ezaugarriak.

Atal honetan, proiektua egikaritzearen ondorioz aurreikusten diren inpaktu nagusiak identifikatu, ezaugarritu eta baloratzen dira. Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obra fasean edo desmuntatzean sortuko dira.

– Lurzorua okupatzea eta iragazgaiztea. Laborantza-lurzoruaren ezaugarri fisikoen aldaketa honako hauek eragingo dute: lur-mugimenduek, makinen joan-etorriek, materialak pilatzeko guneak eta makina-parkeak, erdi-tentsioko kableak eta ebakuazio-linea instalatzeko zangek eta energia metatzeko planta osatzen duten elementuen instalazioak berak (gutxi gorabehera 2.700 m2-ko azalera okupatuko da, eraiki beharreko uharteak barne hartuta).

Lurzorua okupatzearen ondoriozko inpaktua obra fasean sortuko da, eta ustiapenean ere jarraituko du, instalazioa baliagarri dagoen aldi osoan. Inpaktua leheneratu ahal izango da epe luzean, instalazioa desmuntatuta; izan ere, lurzoruak eragin txikia pairatuko du, eta lehengora itzuli ahal izango da, zuzenketa-neurri soil batzuk hartuta. Hala ere, energia metatzeko mota honetako instalazioak, bihurketa- eta eraldaketa-instalazioak barne hartzen dituztenez, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren I. eranskinean jasota daude (errege-dekretu horrek lurzorua kutsatzeko arriskua eragiten duten jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen ditu). Beraz, lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena egin eta aurkeztu beharko da.

– Landaredia belarkara kentzea eta BIH 6510 Sega-belardien 2.717 m2 okupatzea; EAEn kontserbazio-egoera txarrean dago.

– BIH 6510 habitatari lotutako faunan izan dezakeen eragina, habitat hori ezabatzeagatik. Faunari dagokionez, panel-uharteen perimetro-hesiek ondorioak izan ditzakete konektagarritasun ekologikoan, oztopo bihurtzen baitira lurreko faunarentzat. Beraz, beharrezkoa da iragazkorra dela ziurtatzea.

– Istripuz gertatutako isurketek lurzorua eta ura kutsatzeagatik izan dezaketen eragina, obra fasean nahiz funtzionamendu fasean.

– Zarata eta airearen kutsadura obra fasean eta funtzionamendu fasean, honako hauen ondorioz: lur-mugimenduen, makinen joan-etorrien eta zirkulazioa handitzearen ondorioz, obretan eta desmuntatze-lanetan zehar; eta inbertsoreen eta transformadoreen ondorioz, funtzionamendu fasean.

– Hondakinak sortzea eta baliabideak kontsumitzea (energia eta mineralak, baterien moduluak eraikitzeko eta instalatzeko, etab.).

– Paisaia-kalitatearen gaineko eragina.

– Gertuko inguruneko bizi-kalitatearen gaineko erasana, eragin negatiboa izango baitu obra fasean eta funtzionamendu fasean.

Proiektatutako jarduketak ikusita, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak gogorarazi du behar bezala ebaluatu beharko dela proiektuak nekazaritzan duen eragina, eta, ebaluazioak emandako emaitzen arabera, dagozkion prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak zehaztu beharko direla. Horrez gain, gogorarazi nahi da nekazaritza-gaietan eskumena duen foru-organoaren txostena izan beharko dela, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 16. artikuluan xedatzen den moduan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiak, bere aldetik, honako hau jakinarazi du bateriak ezartzeko proposatutako jarduketari dagokionez: baloratzen du aireko zatia «A motako zerbitzu-instalazio tekniko ez-lineala» dela eta lurpeko zanga «lurpeko linea» dela, eta zatirik handiena Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak balio estrategiko handiko nekazaritza- eta abeltzaintza-lurzoru gisa kategorizatutako lurzoruaren gainean garatzen dela, eta lurpeko linearen zati txiki bat ere nekazaritzako eta abeltzaintzako lurzoruan: Lezama udalerriko trantsizioko landa-paisaia. Horrenbestez, honako hau ondorioztatu du, aipatutako LPSaren antolamendu-matrizean ezarritakoari jarraikiz: proiektatutako metatze-instalazioa ez da desiragarria (3a) balio estrategiko handiko nekazaritza- eta abeltzaintza-lurzoruan. Salbuespen gisa bakarrik onartuko litzateke, nekazaritza-arloan eskumena duen organoaren txosten batek horretarako baimena emanez gero; txosten horrek berariaz jaso behar du nekazaritza- eta basozaintza-jardueraren gainean duen eragina, baita dagozkion zuzenketa-neurriak ere, nekazaritzaren sektoreko eragina ebaluatzeko protokoloan jasotako baldintzetan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiak ondorioztatu duenez, enpresa sustatzaileak aurkeztu duen nekazaritzaren sektoreko eragina ebaluatzeko protokoloa aztertu ondoren, ez da egokitzat jotzen araudiak ezartzen duen salbuespena aplikatzea; izan ere, proiektuak bateraezinak diren ondorioak ditu, eta, beraz, ezin da baliozkotu protokoloaren emaitza.

Metatze-instalaziora lehendik dauden errepideetatik sartuko da, eta, beraz, bertara sartzeko bide-azpiegitura berriak eraikitzearekin lotutako inpaktuak saihestuko dira.

Ustiapen fasean, pentsatzen da inpaktu nagusiak eremu horretako zarata eta jarduera antropikoa handitzeagatik sortuko direla (instalazioa kontrolatzeko/kudeatzeko), eta, ondorioz, hondakin gehiago sortuko dela eta eragindako mugikortasuna handitu.

Bigarrena.– Erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua prestatzea, ebazpen honen eranskinean adierazten diren terminoetan.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzako Garapenaren eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzako Bizkaiko Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzari eta Bess Development 4 SLU proiektuaren sustatzaileari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 10a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.

ERANSKINA

1.– Irismen-dokumentua: ingurumen-inpaktuaren azterketaren zabalera, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta VI. eranskinean xedatzen dituenak.

Aurrekoari jarraikiz, garatzen diren atalek eskema metodologiko honi erantzun behar diote:

1.– Proiektuaren deskribapen orokorra eta lurzoruak eta beste natura-baliabide batzuek etorkizunean izango duten erabileraren aurreikuspena. Sortuko diren hondakin mota eta kopuruen, material-isurien eta -emisioen eta energiaren zenbatespena.

2.– Aztertutako aukera nagusiak azaltzea, zero aukera barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia), eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusiak justifikatzea, proiektuak eragindako ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta.

3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.

4.– Inpaktua identifikatzea, kuantifikatzea eta neurtzea: ebaluatuko da ea zer-nolako eragina izan dezakeen proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanlerian, giza osasunean, floran, faunan, biodibertsitatean, geodibertsitatean, lurzoruan, zorupean, airean, uretan, faktore klimatikoetan, klima-aldaketan, paisaian eta ondasun materialean (ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne), ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta. Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko interakzioari, proiektua egikaritu, ustiatu eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan gertatuko denari.

Proiektuak Natura 2000 Sareko naturaguneetan izango dituen ondorioen ebaluazioa, leku bakoitzeko kontserbazio-helburuak kontuan hartuta. Proiektuak naturagunean izango dituen inpaktuak, Natura 2000 Sareko prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak eta horien jarraipena jasoko dira.

5.– Proiektuaren kalteberatasuna. Istripu larri edo hondamendi garrantzitsuren bat gertatzeko arriskuarekiko kaltebera izatearen ondorioz proiektuak ingurumenean sor ditzakeen kontrako efektu nabarmenen deskribapena.

6.– Ingurumenean eragiten diren ondorio kaltegarriak prebenitu, zuzendu, eta, hala badagokio, konpentsatzeko aurreikusi diren neurriak.

7.– Ingurumena zaintzeko programa.

8.– Azterketaren laburpena eta ondorioak, erraz ulertzeko moduan. Azterketa egitean izandako informazio- edo teknika-zailtasunen txostena, zailtasunik izan bada.

Proposatzen diren jarduketen eta ziurrenik kalteak jasango dituen ingurunearen ezaugarriak direla eta, eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, ingurumen-inpaktuaren azterketan aipatutako atalak garatu beharko dira, ondoren adierazitako hedadurarekin eta xehetasun-mailarekin.

1.1.– Proiektuaren eta egintzen deskribapena.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak proiektuaren irismena zehaztu beharko du, BESS Development 4 SLUk Lezamako udalerrian (Bizkaia) duen baterien bidez energia-metatzeko «BESS Lezama» instalazioaren proiektuari dagokionez. Kasu zehatz honetan, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiaren txostena kontuan hartuta, instalazioa kokatzeko alternatiba bideragarriren bat proposatu beharko da, gaur egun proposatutakoa ez dena, eta lurralde-antolamenduko araudian ezarritakoarekin bateragarria izango dena.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak xehetasun-maila nahikoa duen proiektuaren deskribapena izan behar du barne, baita denborarekin aurreikus daitezkeen beharren azalpena ere, lurzoruaren eta bestelako natura-baliabideen erabilerari dagokionez. Halaber, jardueren ondorioz sortuko diren energia kopuruak eta materia-hondakin, -isurketa eta -emisioen motak eta kopuruak zenbatetsi behar ditu, eta, zehazki, ingurumen-baldintzetan ondorio nabarmenak izan ditzaketen ekintzak identifikatu behar ditu, egikaritze fasearen eta funtzionamendu fasearen azterketa xehatuaren bitartez.

Hala eta guztiz ere, ingurumen-inpaktuaren azterketak esku-hartzearekin lotuta dagoen jarduketa multzoaren deskribapen xehea barne hartu behar du, eta okupatu edo aldatuko diren azalera guztiak kontuan hartu behar ditu; bereziki, inguruneko ingurumen-baldintzei nabarmen eragin diezaieketen ekintzak identifikatu behar ditu, zehatz aztertuta instalazioa egiteko fasea, instalazioaren funtzionamendu fasea, baita instalazioa gelditu eta bertan behera uztekoa ere. Halaber, sortuko diren materia- edo energia-hondakin, isuri eta emisio motak eta kopuruak balioetsi behar dira.

Saihestu eta zuzendu nahi diren kalteak bai proiektuak proposatutako jardueratik beretik eta bai berezkoak zaizkion jarduera osagarri guztietatik etor daitezke; bereziki, honako hauetatik: lehendik dauden sarbideak egokitzetik, obrarako instalazio lagungarriak eta materialak eta makinak kokatu eta ezartzetik, eta energia elektrikoa ebakuatzeko linea eta ebaketa-zentroa eraikitzeak eta abian jartzeak berekin dakartzan ekintzetatik.

Jarduketa guztiak xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira, proiektua gauzatzeak ingurumenean izan litzakeen ondorioak kalkulatzeko eta prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hartara hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murrizten, desagerrarazten edo konpentsatzen direla bermatzeko.

Gainera, espedientean dauden txostenen arabera, justifikatu beharko da proiektuak bera gauzatuko den udalerriaren lurralde- eta hirigintza-plangintzak betetzen dituela eta horiekin bateragarria dela. Hala, erabat definituta geratu behar dute gai hauek:

1.1.1.– Proiektuko ekintzak, eraikuntza-fasean.

– Proiektuaren eragin-eremuaren kokapena eta mugaketa: Lezamako udalerrian (Bizkaia) kokatuta dagoen baterien bidez energia-metatzeko «BESS Lezama» instalazioak hartzen duen eremu osoa, uharte bakoitzaren azalera eta eragindako azalera osoa bereizita, eta ebaketa-zentroak hartzen duena; ebakuazio-linearen okupazio- eta zortasun-zerrendak; lanak egiten diren bitartean instalazio osagarrietarako okupatuko den eremua, metatze-eremua, sarbideak eta ebakuazio elektrikorako linea egiteko aldi baterako okupazioa, etab. Zehatz-mehatz zehaztuko dira zolatu edo zigilatu egingo diren azken gainazalak.

– Instalazioaren ezaugarri orokorrak: metatzeko ahalmen osoa (instalatutako MWh-ak), instalatutako inbertsio-potentzia (MVA) eta deskargaren iraupena.

– Banaketa- edo garraio-sarerako ebakuazio-puntua eta ustiapen fasearen iraupena.

– Lurzatian egin beharreko urbanizazioaren edo obra zibilaren ezaugarriak eta obra egikaritzean sortutako lur-mugimenduak.

– Bateriak:

• Bateria multzoen kopurua eta kokapena, xehetasunezko plano batean adierazita, UTM30N ETRS89 erreferentzia-sisteman.

• Baterien neurriak, panelak nola dauden elkartuta eta panelen arteko distantzia.

• Bateria bakoitzaren potentzia eta erabilitako teknologia.

• Euskarri mota eta ainguraketaren eta zimendatzearen neurriak.

• Muntaketa-prozesuaren xehetasuna.

– Inbertsoreak eta transformadoreak:

• Inbertsore eta transformadoreen kopurua eta kokapena, xehetasunezko plano batean adierazita, UTM30N ETRS89 erreferentzia-sisteman.

• Inbertsoreen eta transformadoreen neurriak.

• Inbertsoreen potentzia eta tentsio izendatua eta maiztasun izendatua, eta transformadoreen transformazio-erlazioa.

• Euskarri mota eta ainguraketaren eta zimendatzearen neurriak.

• Muntaketa-prozesuaren xehetasuna.

– Instalazioaren barneko azpiegitura elektrikoa: interkonexioetako kableetarako zangen kokapena eta neurriak (zabalera eta sakonera). Zangen eta horiek egiteko lur-mugimenduen luzera osoa, lan-zabalera, eraikitzeko fasean okupatuko diren zerrenda eta azalera osoak.

– Linea elektrikoa:

• Lurpeko tarteen deskribapena: hasiera eta amaiera, tentsioa, trazadura, luzera, zangaren sekzio motak, aldi baterako eta behin betiko okupazio-zerrendak. Argitu beharko da zangak lehendik dauden bideetan edo errepideetan zehar joango diren edota haien ondotik. Horrez gain, hala badagokio, ibai-ibilguak zeharkatzeko erabiliko diren metodoak deskribatuko dira, baita lurrazpiko tartearen eta zubien arteko loturak izan behar dituen baldintzak ere.

• Hala badagokio, aireko tarteen deskribapena: hasiera eta amaiera, tentsioa, trazadura, luzera, euskarrien kopurua eta ezaugarriak (altxaera, altuera, zimenduak), aireko kablearen altuerak, eroaleen eta euskarrien arteko distantziak, isolamenduak, eraikitzeko eta kableak jartzeko metodoa.

• Zehaztea linea elektrikoa interkonexioko linea den (instalaziotik azpiestaziora doana) edo ebakuazio-linea den (azpiestaziotik lineak elkartzen den eremura doana).

• Lineak lehendik dauden azpiegiturak eta zerbitzuak gurutzatzea (sare elektrikoa, telefono-sarea, bideak, etab.) eta horiek berrezartzea.

• Segurtasun-kalearen zabalera, eta mozketak edo kimaketak egingo diren lekuen azalerak, bi tratamenduak bereiziz, halakorik balego.

• Instalazio osagarriak eta metatze-guneak: kokapena eta okupatuko duten azalera.

• Sarbideak irekitzeko beharrak. Lehendik dauden bideak erabili beharrean bide berriak irekitzeko beharra justifikatzea. Bide berri horiek aurreko puntuan adierazitako xehetasun-maila berarekin deskribatuko dira.

– Hala badagokio, aireko linearen euskarriak:

• Euskarri kopurua.

• Euskarri bakoitzaren X eta Y koordenatuak (ETRS89) eta euskarri bakoitza zer udalerritan dagoen kokatuta.

• Dagokion linea ebakuazio-linea den edo interkonexio-linea den.

– Azpiestazio elektrikoa eta ebaketa-zentroak: azpiestazioaren izena; instalazioa non kokatuta dagoen (X eta Y koordenatuak ETRS89 sisteman); interkonexio-linea den edo nodora iristeko linea den; sarrera-tentsioa eta irteera-tentsioa; neurriak eta eraikuntza-elementuak (hesia, sarbidea, eraikinak eta abar). Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren lur-mugimenduak. Lur-erauzketak eta betelanak egitea.

– Itxiturak: luzera, altuera eta eraikuntza-materialak. Itxitura mota, diseinua (jarraitua, esparruka, etab.), guztizko luzera eta altuera, faunarentzako iragazkortasunaren ezaugarriak eta proiektatutako zaintza-sistema.

– Zerbitzu-hornidura: euri-urak drainatzeko sarea, saneamendu-sarea, ur-hornidura, telefonia-sarea, argiteria eta abar; xehetasun nahikoaz aztertu ahal izateko, ingurumenaren ikuspegitik, aurreikusten diren trazaduren egokitasuna, lursailen okupazioa eta obra horietako bakoitzaren ezaugarri orokorrak. Kontuan izan behar da drainatze-sareak hustubide naturaletara kanalizatu behar duela inguruko jariatze-ura, eta sistema efizienteenak izan behar direla euri-urak bildu eta husteko, barrutia zeharkatzen duten jariatze-urek ez ditzaten kutsagarriak (lixibiatuak) arrastatu.

– Instalaziora sartzeko bideak. Deskribapenean jaso beharrekoak:

• Trazadura. Bideen luzera.

• Luzetarako profila.

• Zeharkako profilak.

• Eredu-sekzioak.

• Egindako lur-erauzketak eta betelanak: aldapak eta gehieneko altuerak.

• Fabrika-obrak.

• Aldi baterako okupazioak.

• Bideek lehendik dauden azpiegiturak eta zerbitzuak gurutzatzea (sare elektrikoa, telefono-sarea, bideak, etab.) eta horiek berrezartzea. Eroanbide eta bide berrien trazadura, hala badagokio.

• Obrako instalazio osagarrien eta materialak metatzeko guneen kokapena.

• Ur-ibilguen desbideratzeak, kanalizazioak eta abar egin beharra (behin-behinekoak eta behin betikoak).

• Zailtasunak dauden tokietan –aldapak, harkaitz-eremuak, ur-ibilguak, jariatze-urak eta abar–, bideak nola eraikiko diren zehaztuko da.

• Bereizi egin beharko dira egokitu beharreko zatiak eta bide berriak –lehenengoaren kasuan, egokitzea zertan datzan adieraziko da–. Hala badagokio, lehendik dauden bideak erabili beharrean bide berriak irekitzeko beharra justifikatuko da.

– Lur-mugimenduen guztizkoak eta guztizko partzialak, instalazioko elementu bakoitza ezartzeko eta ebakuazio-linea elektrikoa ezartzeko behar direnak bereizita. Lurren balantzea: zenbatetsitako soberakin-kantitatea, proiektuan bertan erabili ahal izango diren soberakinen bolumena eta soberakinen xedea, hala badagokio.

– Proiektuko fase bakoitzean sortutako hondakinak: ezaugarriak, sortutako kopuruak, metatzeko guneak eta tratamenduak.

– Hautsa, zarata eta bibrazioak sortzea.

– Osasunerako eta ondare materialetarako arriskuren bat dakarten jarduketak identifikatzea.

– Obra-aldiko trafikoa, aurreikusten den trafikoaren zenbatespena eta aukeratu diren ibilbideak, obrek egungo trafikoan norainoko eragina izan dezaketen eta nolako eragozpenak eratortzen diren zehaztuta.

– Obren iraupen aurreikusia eta obra-plana. Proiektua eraikitzeko eta martxan jartzeko kronograma.

1.1.2.– Funtzionamendu faserako:

– Baterien errendimendua denboran zehar. Ordezteko beharra, hala badagokio. Instalazioaren eta haren elementuen bizitza baliagarria.

– Instalazioa ustiatzeko eta mantentzeko behar diren erregaiak eta produktu kimikoak, bai eta horiek biltegiratzeko elementuen edukiera eta kokapena ere. Pilatze-guneen ezaugarriak, isurtze edo errekuntzaren ondoriozko istripuak saihesteko segurtasun-neurriak.

– Beharko den uraren jatorria eta bolumena, hala badagokio, instalazioaren ustiapen fasean zehar.

– Hala badagokio, instalazioko eta azpiestazio elektrikoetako elementuen gaueko argiztapen- edo seinaleztapen-sistema.

– Mantentze-lanetarako aurreikusitako makinak identifikatzea, hala badagokio.

– Zarata sortzen duten ustiapen-jarduerak, zarata horrek populazioan edo faunan ondorio nabarmenak eragin ditzaketenetan.

1.1.3.– Proiektuko ekintzak, jarduketa eteteko fasean eta eraisteko fasean.

– Jarduketa noiz etengo den aurreikustea (ixteko administrazio-baimena), erabilitako ekipoen bizitza baliagarrian oinarrituta, eta desegiteari ekitea. Desmuntatze fasearen iraupena.

– Instalazioa bera (bateriak, inbertsoreak eta transformadoreak), lurpeko eta aireko linea elektrikoak, azpiestazioak, bide-sarea, eraikinak eta gainerako elementu osagarriak kentzeko eragiketen xehetasuna. Bideekiko eta lurpeko linea elektrikoen ibilguekiko gurutzaketak desmuntatzearen xehetasuna.

– Desmuntatzean okupatu beharreko azaleren kartografia eta egin beharreko jarduketa osagarriak (desmuntatze-lanak egiteko, materialak edo hondakinak aldi baterako metatzeko, zabortegietarako, makinak aparkatzeko edo haien mantentze-lanak egiteko eragiketa-azalerak, sarbideak eta abar).

– Desmuntatu ondoren instalazioak erasandako eremuak lehengoratze/berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa egiteko eta landaredia leheneratzeko jarduketak.

– Instalazioak desmuntatzean sortuko diren hondakinak, materialen ezaugarriak, sortuko diren hondakinen azken helmuga, haien ezaugarrien arabera, etab.

– Atal hauetako informazioarekin batera, proiektuaren eskalako planoak aurkeztuko dira, edukia hobeki ulertu dadin. Proiektuaren ezaugarriei buruzko bestelako informazio grafiko posibleaz gain, honako plano hauek aurkeztu beharko dira:

– Kokapen geografikoaren plano georreferentziaduna.

– Egin behar diren jarduketen oinplanoa. Proposatutako jarduketek behar bezala zehaztuta eta bereizita egon behar dute.

– Linea elektrikoaren trazadura. Zortasun-eremua.

– Metatzeko instalazioaren drainatze-sistema.

– Gune osagarrien eta sarbideen kokapena.

– Paisaia-lehengoratze eta -integrazio proposamenen planoa.

Proiektuaren deskribapenaren informazio grafikoa pdf georreferentziatuan eta shape formatuan emango da, ingurumen-organoaren webgunean eskuragarri dagoen dokumentazioa aurkezteko gidaliburuaren arabera, esteka honetan:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eia/eu_def/adjuntos/2022_Dokumentuak-aurkezteko-GIDA_v4.pdf

1.2.– Alternatiben azterketa eta hartutako erabakiaren justifikazioa.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartu behar du ingurumenerako egokien diren hautabide teknikoki bideragarrien azterketa, eta horien konparaziozko balorazioa egin behar du, zero hautabidea edo ez jardutekoa barne. Kasu zehatz honetan, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiaren txostena kontuan hartuta, instalazioa kokatzeko alternatiba bideragarriren bat proposatu beharko da, gaur egun proposatutakoa ez dena, eta lurralde-antolamenduko araudian ezarritakoarekin bateragarria izango dena.

Metatze-instalaziorako zein linea elektrikorako, proposatutako irtenbidea justifikatu beharko da, eta jarduketen dimentsioari eta hedadurari ez ezik, aipamena egin beharko zaie dauden soluzio tekniko guztiei ere.

Alternatiben azterketa hura osatzen duten instalazio guztietara zabaldu beharko da (ebaketa-zentroaren kokapena, elektrizitatea ebakuatzeko lineak, transformazioko azpiestazioa, etab.), eta lurzoru naturalaren kontsumoa ez dakarten alternatibak bultzatuko dira.

Alternatiba onenaren hautaketa irizpide anitzeko azterketa global batean oinarritu beharko da, eta, bertan, alderdi ekonomikoez gain, gizarte- eta ingurumen-alorrak ere aintzat hartuko dira.

Alternatibak baloratzeko prozesu horretan, kontuan hartuko da, gutxienez, zer inpaktu izango dituen alternatiba bakoitzak Batasunaren intereseko eta fauna mehatxatuaren habitatetan, naturagune babestuetan, kultura-ondarean eta balio estrategiko handiko lurretan.

Azterketak zenbait irtenbide proposatu behar ditu, hala teknikoak nola eraikuntzakoak, ingurunearen osagai baliotsuenen gaineko eragina minimizatzeko; hau da, funtsean, proiektuaren garapen-eremuan dagoen landaredi naturalaren, mehatxupeko faunaren eta balio estrategiko handiko lurren gainekoa.

Ildo horretatik, metatze-instalazioa lurzoru degradatuetatik edo artifizializatuetatik kanpo jartzeko kokapenak aztertu beharko dira, lurzoru urbanizaezinetik kanpo, proiektuak ez dezan eragin nekazaritza-lurzoruetan, eta, bereziki, balio estrategiko handikoetan, ureztatze-eremuetan eta horiekin lotuta dauden nekazaritza-ustiategietan, eta, bereziki, ez diezaion eragin inguruan bizi den faunari.

Alternatibak aztertzean behar bezala justifikatu beharko da alderdi horiek nola kontuan izan diren.

Atala bukatzeko, hautatutako alternatiba argudiatu beharko da, eta, horretarako, bermatu beharko da hautatutako alternatiba bideragarria dela bai teknikoki bai ingurumenari dagokionez, eta ahalegina egingo dela ahalik eta eraginik txikiena izan dezan ingurumenaren osagaietan.

1.3.– Ingurumen-inbentarioa egitea eta interakzio ekologiko edo ingurumen-interakzio garrantzitsuenak deskribatzea.

Atal honetan, ingurunea deskribatuko da, osagai baliotsuenak eta proiektuko ekintzen eragina gehien jasan dezaketenak nabarmenduta. Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen duenarekin bat etorriz, jarduera egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen-baldintzak aztertuko dituen txostena ere izan behar du, baita oraingo ingurumen-egoera eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera konparatzeko azterlan bat ere.

Atal hau egiteko, kontsultatutako administrazio publikoetatik eta interesdunetatik jasotako txostenak hartuko dira kontuan.

Ingurumen-inbentarioa atalez atal baloratuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia-esparru baten barnean (tokikoa, eskualdekoa edo bestelakoa).

Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan, edo norberak prestatuak edo bestelakoak.

Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-inpaktuaren azterketaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak saihesturik, eta proiektuak ingurumenean izan litzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuta.

Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografikoak lortu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko da.

Ezertan eragotzi gabe aurretik esandakoa, proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-inbentarioak alderdi hauek jorratuko ditu:

a) Geologia eta geomorfologia.

Proiektuaren eraginpeko eremuaren ezaugarri geologikoak eta geomorfologikoak. Baldintzatzaile geoteknikoak. Interes geologiko/geomorfologikoa duten leku, eremu eta ibilbideen identifikazioa.

b) Edafologia.

Gaitasun agrologiko handia duten lurzoruak identifikatuko dira, bai eta EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean balio estrategiko handikotzat jotakoak ere.

c) Lurrazaleko eta lurpeko hidrologia.

– Akuiferoen kalteberatasuna. Kalteberatasun handiko eremuen, interes hidrogeologikoko eremuen, karga-eremuen, iturburuen, hustubideen eta abarren identifikazioa, halakorik balego, eta eremu horien eta proiektuaren arteko lotura. Orobat, lurpeko uren kalitateari buruzko datuak emango dira.

– Ur-sarearen ezaugarriak. Aldi baterako ur-ibilguen eta ur-ibilgu iraunkorren eta instalazioko elementuen arteko elkarreragina zehaztuko da, bereziki, proiektuaren eragin-eremuaren uholde-arriskuari dagokionez, ebakuazio-linea barne.

– Lurgaineko ur-puntuen inbentarioa, hezeguneak, ureztapen-putzuak, putzuak, uraskak eta abar barne hartuta.

d) Landaredia, flora, eskualdeko intereseko habitatak eta Batasunaren intereseko habitatak.

Inpaktua behar bezala ebaluatzeko eta babes- eta zuzenketa-neurri egokiak ezartzeko, kartografikoki zehaztu beharko da proiektuaren eragin-eremuko landaredi autoktonoaren, Batasunaren intereseko habitaten eta eskualdeko intereseko habitaten banaketa. Kartografia hori habitatak zehazki mugatzeko erabiliko da –bereziki, lehentasunezkoak–, proiektuak eragin ez diezaien.

Aipatutako intereseko habitat eta komunitateei dagokienez, proiektuaren eraginpean egongo den azalera zenbatetsi beharko da, eta habitat horietako bakoitzaren adierazgarritasunarekin kontrastatu –tokikoa, eskualdekoa eta abar–, habitat horien azaleraren galera objektiboki ebaluagarria izan dadin eta proiektuaren eraginari buruzko irizpen argi bat eman ahal izateko.

Azterketa hau egiteko abiapuntu gisa, geoEuskadin dagoen kartografia tematikoa erabil daiteke, baina informazio hori eremuan bertan kontrastatu beharko da, xehetasun-kartografia in situ eginez, ahal dela GIS tresnen bidez, natura-balio handieneko elementuak identifikatzea eta horiek kuantifikatzea ahalbidetuko duen eskala batean.

Espezieen banaketa-mapa egingo da, landa-lanetan oinarrituta. Landarediaren karakterizazioak honako hauek hartuko ditu barnean: landare-komunitateen kontserbazio-maila, egituraren konplexutasuna, espezie bereizgarriak, enblematikoak edo esanguratsuak eta fauna-espezie mehatxatuak hartzeko ahalmena (umatze-, babes- eta elikadura-eremuak).

Azterketa horretan, espezie aloktono inbaditzaileen identifikazioa eta kokaleku zehatza barne hartuko dira.

e) Fauna.

Aztergai den eremuan dauden fauna-komunitateak deskribatuko dira, arreta berezia jarrita fauna-espezie mehatxatu (fauna ornogabeko espezie babestuak barne) eta haien umatze, babes eta elikadurarako eremuei. Prospekzioak espezie bakoitzaren ziklo biologikoari egokitzen zaizkien garaietan egingo dira, espezie bakoitzaren bizi-zikloko garai garrantzitsuenak (ugalketa eta umatzea) ezinbestean barne hartuta, baita espezie bakoitza aurkitzea eta/edo identifikatzea errazagoa den garaiak ere. Ingurumen-inpaktuaren azterketetan, atal hau egiteko erabilitako metodologia, iturriak eta erreferentziako datu-baseak zehaztu eta justifikatu behar dira. Faunaren inbentarioak informazio bibliografiko eguneratuan eta fidagarrian egon behar du oinarrituta beti, eta honako datu hauek ezagutzeko aukera ematen duen (modu kualitatiboan eta kuantitatiboan) landa-eremuko azterketa batean: leku horretan garrantzi gehien duten fauna-populazioak, horiek nola banatuta dauden, kontserbazio-egoera, eta jarduketa-eremuan eta ingurunean egiten duten erabilera.

Proiektuaren eragin-eremuan putzuak eta hezeguneak baldin badaude, anfibioen komunitateak edo haiei lotutako beste espezie batzuk aztertuko dira. Eremu horiek xehetasun-mapa batean kokatuko dira, obrei ekin aurretik seinaleztatuta eta balizatuta egon daitezen eremuan, eta obrek inolako kalterik eragin ez diezaieten.

f) Igarobide ekologikoak. Habitaten konektagarritasuna/zatiketa.

Inpaktu-azterketan, lurreko konektagarritasuna lortzeko azpiegitura berdeko elementuak identifikatuko dira, eta, ondorioz, proiektuak lurraldearen konektagarritasun ekologikoan duen eragina baloratuko da. Hala badagokio, beharrezkoak diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak proposatu beharko ditu. Alderdi horiek aztertzeko garaian, kontuan hartu beharko dira inguruan beste azpiegitura batzuk (errepideak, bideak, linea elektrikoak, trenbideak etab.) abian edo izapidetze fasean egoteak ekar ditzakeen sinergia- eta metatze-ondorioak.

g) Paisaia.

Paisaiaren eta ingurunearen ezaugarri nagusiak identifikatu beharko dira, baita proiektatutako jarduketak ingurune horretan duen eragina ere. Zehazki, alderdi hauen azterketa egingo da:

– Kalteberatasuna.

– Jarduketaren ikusgarritasuna ikuseremuaren zenbait gunetatik, paisaiaren kalitate handiena dutenak eta jendearen bisita gehien jasotzen dituztenak lehenetsita.

Paisaiaren kalitatearen berezko paisaiaren osagai bereizgarriei arreta berezia jarriko zaie, alderdi estetiko eta kulturalak kontuan hartuta. Horri dagokionez, kontuan hartuko dira osagai naturalen eta erabileren integrazioa, konposizio estetikoa eta sortzen den giro emozionala. Paisaiaren kalitateari buruzko azterketak behar bezala baloratu beharko du metatze-instalazioaren presentziak balio estetiko-kulturaletan eragindako galera.

h) Ondare historikoa, artistikoa eta kulturala.

Proiektuaren eragin-eremuan dauden kultura-intereseko elementu guztiak identifikatu beharko dira, eta elementu horiek babesteko erabakiak zehaztu. Erabaki horiek elementu horiei buruzko xedapen arauemaileetatik datoz eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoaren araberakoak dira.

i) Zarata.

Proiektuaren ingurunean dauden eremu akustikoak aztertu beharko dira, zaratari buruzko araudian jasotakoari jarraikiz, eta proiektuari lotutako azpiegituretatik 200 metrora baino gutxiagora osasun-, irakaskuntza-, kultura- edo bizitegi-erabilera nagusi den eremuren bat identifikatzen bada. Era berean, proiektuari atxikitako elementuetatik 200 metrora baino gutxiagora dauden etxebizitza isolatuak aztertu beharko dira.

j) Dokumentazio grafikoa.

Atal honetan, irudikapen kartografikoak sartu beharko dira (pdf formatuan eta geoerreferentziatuta; alegia, pdf-ek eremuaren koordenatuak jaso beharko dituzte, UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema ofizialean), bai eskala orokorrean bai xehetasunezkoan, jarduketa-eremuko ingurumen-inbentarioko alderdi garrantzitsuenen ingurukoak, kasu bakoitzean erabilitako eskala adierazita. Besteak beste, proiektuaren eragin-eremuan dauden honako elementu hauen planoak jasoko dira: Natura 2000 Sareko lekuen mugaketa kartografikoa, Batasunaren intereseko habitatak, intereseko faunarentzako garrantzitsuak diren eremuak, hidrologia, jabari publiko hidraulikoaren eta haren babes-eremuen mugaketa, uholde-arriskua (lehentasunezko fluxugunearen mugaketa barne), balio estrategiko handiko lurzoruak eta kultura-ondareko elementuen mugaketa.

Halaber, sintesi-kartografia bat prestatuko da, ingurumen-inbentarioko elementu nabarmenenak jasoko dituena.

1.4.– Inpaktuen identifikazioa eta balioespena.

Inpaktuen identifikazioa, kuantifikazioa eta balorazioa ingurumen-inbentarioaren elementuen eta inpaktuak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko interakzioaren ondorio dira. Kaltearen garrantzia zenbatesteko, kontuan hartu behar dira proiektuak zuzenean nahiz zeharka eragingo dien baliabideen kalitatea eta kantitatea. Obra fasean eta funtzionamendu fasean eragindako inpaktuak bereiziko dira.

Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, eta, horretarako, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliko da. Kasu horretan, funtsean, egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuko dira, zuzenketa-neurriak erabiliz.

Dokumentu honetako aurreko ataletan adierazi den bezala, inpaktuak identifikatzeko orduan behar bezala aztertu behar dira instalazioak proiektatutako edo baimendutako gertuko instalazioekin batera izan ditzakeen metatze- eta sinergia-ondorioak.

Ingurumen-inpaktuak baloratzeko erabilitako metodologiak eta zenbatespen-prozesuak zehaztuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, inpaktu mota bakoitzaren arabera muga-balioak edo gida-balioak ezartzeko.

Inpaktuen balorazioak kontuan hartuko ditu proiektutik eratorritako jarduketa guztiak, ebakuazio-linea elektrikoa egitearekin lotutakoak barne, bai eta, hala badagokio, aldi baterako sarbideak, instalazio osagarriak, hondakinen bilketa eta abar gauzatzearekin lotutakoak ere.

Obra fasean, baliteke lasaitasun publikoaren eta giza habitataren kalitatearen gaineko inpaktuak ere garrantzitsuak izatea; hautsa eta zarata sortuko dira, eremuan trafikoa ugaritzearen eta makinak joan-etorrian ibiltzearen ondorioz, nagusiki.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak arreta berezia jarriko du honako alderdi hauetan:

a) Edafologiaren eta nekazaritza-ahalmenaren gaineko inpaktuak.

Aldi baterako nahiz behin betiko okupatuko den nekazaritza-lursailaren azalera zehaztuko da. Inpaktua balioesteko, alderdi hauek hartuko dira kontuan: eraginpean hartutako azalera, azalera horren ezaugarriak eta nekazaritza-ahalmena eta azalera horrek azterketa-eremuaren ingurunean duen adierazgarritasuna. Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean jasota dauden Balio Agrologiko Handiko lurzoruen gainean dauden ondorioak hartuko dira kontuan bereziki.

b) Ondare geologiko eta hidrogeologikoaren gaineko inpaktuak.

Proiektuarekin lotura duten lur-mugimenduek eragina izan dezakete intereseko baliabide hidrogeologikoetan. Ziurtatu beharko da proiektuaren eragin-eremuan dauden geologia-intereseko lekuetan eta eremuetan ez dela gorabehera handirik gertatzen.

c) Hidrologiaren gaineko inpaktuak.

Behar besteko xehetasunarekin zehaztuko dira inguruko ur-puntuetan izan daitezkeen eraginak, eta, ebakuazio-linearen trazadura mantenduz gero, linea elektrikoak izenik gabeko erreka eta Asua ibaia gurutzatzeak izan ditzakeen eraginak.

d) Batasunaren intereseko landarediaren eta habitaten gaineko inpaktuak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan, proiektua osatzen duten elementuek eragindako landaredi mota bakoitzaren azalerak zehaztu behar dira, horiei eska dakiekeen definizioaren arabera (ingurumen-inbentarioa egiteari buruzko puntuan zehazten da).

Obren faseko aldi baterako okupazioa (nolabaiteko leheneratze-ahalmena izango da, mugatua bada ere) eta okupazio iraunkorra bereiziko dira. Batasunaren intereseko landarediaren eta habitaten gaineko inpaktua baloratzeko, eragindako azalera ez ezik, kontuan hartuko dira haien kontserbazio-egoera, adierazgarritasun-maila eta konektagarritasunean betetzen duten lekua ere.

e) Floraren gaineko inpaktuak.

Mehatxupean dagoen edo EAEn oso kopuru mugatua duen flora-espezie bakoitzaren kasuan, proiektuak okupatuko duen populazioen azalera zenbatetsiko da, populazio horien kokapenaren xehetasun-kartografia eta proiektuaren okupazio guztien kartografia kontrastatuta. Azalera horietan suntsitu/kaltetuko diren funtsezko espezie bakoitzaren ale kopurua zehaztuko da.

Kudeaketa-planak onartuta dituzten flora-espezieen kasuan, ingurumen-inpaktuaren azterketan, informazioa jaso beharko da, azaltzeko kudeaketa-plan horietan xedatutakoa noraino hartu den kontuan, eta, behar izanez gero, aipatutako habitataren eta espezieen nahitaezko baldintzak mantentzeko prebentzio-, babes- edo zuzenketa-neurriak.

f) Faunaren gaineko inpaktuak.

Eraikuntza fasean habitata suntsitzearen ondorioz fauna-espezie sentiberei eragindako inpaktua baloratu behar du azterketak; horretarako, parkea eraikitzearen ondorioz suntsitutako edo epe luzera degradatutako espeziearen habitataren azalera eta kaltetutako populazioa balioetsiko da.

Azterketak zehaztu beharko du proiektuak zer eragin izan dezakeen onartutako kudeaketa-planak egin zaizkien espezieetarako interes bereziko eremuetan. Hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketak informazioa jaso beharko du, azaltzeko nola hartu diren kontuan aipatutako kudeaketa-planetan xedatutakoa eta eragindako habitataren eta espezieen nahitaezko baldintzak mantentzeko prebentzio-, babes- edo zuzenketa-neurriak.

Habitataren zatiketa eta igarobide ekologikoek/migrazio-bideek funtzionaltasuna galtzea baloratuko da. Energia elektrikoa ebakuatzeko aireko linea planteatuz gero, talka edo elektrokuzioen ondorioz hil diren hegaztien tasaren balorazioa ere gehituko da.

Hala badagokio, 1-5 km-tik beherako distantzian dauden beste aireko linea elektriko batzuekin izandako metatze- eta sinergia-efektuak ere aztertuko dira, espezieen arabera. Azterketa egiteko hautatutako eremua justifikatuko du ingurumen-azterketak, egiaztatutako bibliografian oinarrituta.

g) Natura 2000 Sareko guneen eta gune babestuen gaineko eragina.

92/43/EEE Zuzentarauak edo Habitatei buruzko Zuzentarauak haren gainean eragin nabarmenak sor ditzaketen proiektuei buruz ezarritakoaren ondorioetarako (kontserbatu beharreko elementuak kontuan hartuta), metatze-instalazioa Natura 2000 leku batetik gertu kokatuz gero, nahiz eta handik kanpo garatu, ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukien artean, atal espezifiko bat sartu behar da, proiektuak instalaziotik gertu dauden Natura 2000 Sareko espazioetan izango dituen ondorioen ebaluazio egokiari buruzkoa, espazio horietako kontserbazio-helburuak kontuan hartuta (Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46.4 artikulua).

h) Konektagarritasunaren gaineko inpaktuak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan, proiektuak (metatze-instalazioa eta horren azpiegitura osagarriak) lurraldearen konektagarritasun ekologikoan duen eragina baloratu beharko da, eta, beharrezkoa bada, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak proposatu beharko dira.

i) Paisaiaren gaineko inpaktuak.

Proiektuak (bateriak, inbertsoreak, transformadoreak, bideak, linea elektrikoak eta azpiestazioa) paisaiaren gainean izango duen inpaktua aztertzeko, ikusgarritasun-azterketa bat egin behar da, informazio geografikoko sistema batean oinarritua, zeinaren bidez kuantifikatuko baita jarduketak eragingo dien ikuseremuko lurren ehunekoa; hau da, metatze-instalazioko lur gaineko elementuak nondik ikusi ahal izango diren.

Aurreikusitako proiektuaren ezaugarriak eta hesi berde gisa erabiltzen diren altuerako elementuak (zuhaitzak, eraikinak eta abar) hartuko ditu kontuan ereduak. Inpaktua kuantifikatzeaz gain, inpaktu hori zehaztean, kontuan hartuko da zer distantziatara dauden, azterketaren arabera, jarduketa ikusteko aukera emango duten guneak, eta gune horiek zer hauskortasun bisuala duten egon daitezkeen ikusleen kopuruaren ondorioz. Azterketaren emaitza gisa, ikusgarritasun-kartografia sortuko da, eta jarduketa aztertutako lurraldeko zer lekutatik ikusiko den irudikatuko da kartografia horretan.

Ikusgarritasun-azterketak metatze-instalaziotik 5 km-ko inguruan dauden herri guztiak barnean hartu behar ditu.

Gomendatzen da egindako analisiaren emaitzak baloratzeko erraz interpreta daitezkeen datuak aurkeztea; adibidez, simulazio-irudiak sartuta.

j) Kultura-ondarearen gaineko inpaktuak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan, kontuan hartu behar da proiektuaren eragin-eremuan dauden kultura-ondasunen gaineko eragina, ez bakarrik metatze-instalazioaren kokapenarekin zuzenki lotutakoa, baita sarbideekin, instalazio osagarriekin, ebakuazio-linea elektrikoarekin eta abarrekin lotutakoa ere.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazitakoa kontuan hartuta, Izuzkitza Etxetik gertu kokatuko bada metatze-instalazioa, Izuzkitza Etxearen gaineko ikusizko kutsadura saihestu beharko da. Beraz, metatze-instalazio berriak eraikinik, instalaziorik edo hesirik gabeko atzerapen bat errespetatzea gomendatzen da, eta, nolanahi ere, aldez aurretik azterketa bat egin dadila, inguruneko ingurumen-ezaugarriak desitxuratzen dituen aldaketarik ez egiteko.

k) Inpaktu akustikoa.

Inbentarioaren atalean identifikatzen bada instalazioetatik 200 metrora baino gutxiagora biztanleguneak daudela edo 100 metrora baino gutxiagora erabilera sentikorreko etxebizitza isolatuak edo eraikinak daudela, ingurumen-inpaktuaren azterketak atal zehatz bat jaso beharko du. Atal horretan behar bezala kuantifikatu beharko dira obrek eta eguzki-instalazioaren, azpiestazio elektrikoen eta ebakuazio-linea elektrikoaren funtzionamenduak eragindako ondorio akustikoak; horretarako, instalazioen emisio akustikoaren indizeak kalkulatuko dira, baita immisio-indizeak ere. Horrela, zarata-foku berriei aplika dakizkiekeen muga-balioak betetzen direla egiaztatu beharko da, baita zaratarako kalitate akustikoko helburuak ere, erabilera sentikorretarako erabiltzen diren hurbileko eraikinetako espazio bizigarriei aplikatu beharrekoak.

Era berean, gainditzeak erregistratuz gero, metatze-instalazioa diseinatzeko alternatiben azterketa egingo da, foku berriaren soinu-eragina minimizatzeko, edo behar diren neurrien proposamen bat egingo du, inguruko eraikinen barruan kalitate akustikoaren helburuak lortzeko.

l) Metatze-efektuak eta efektu sinergikoak.

EAEn, hedadura txikiko lurraldea izanik, bata bestetik hurbil dauden metatze-instalazioak pilatzeak ondorio handiak, metagarriak edo sinergikoak eragin ditzake.

Horrelako instalazioek lurzoru urbanizaezinean sor ditzaketen efektu sinergiko nagusiak lurzoruek nekazaritza-ahalmena galtzea eta intereseko landarediaren habitatetan eta paisaian eragina izatea dira.

Horregatik, ingurumen-inpaktuaren azterketak honako hauek sartu behar ditu ondorioen azterketan, zehazki balio estrategiko handiko lurzoru agrologikoan, intereseko habitat naturalen, eremu babestuen eta paisaiaren gaineko eraginen azterketaren kasuan: 10-15 km-ko erradioan kokatuta dauden eta ustiatzen ari diren edo izapidetze fasean dauden beste instalazio eta azpiegitura batzuekiko metatze- eta sinergia-inpaktuak.

Nolanahi ere, modu frogagarrian justifikatu beharko da sinergien azterketan jasotako azterketa-ingurua, eraginpean egon daitezkeen inguruneko elementuen arabera.

m) Eragin zuzenekoa edo zeharkakoa pertsonen osasunean eta herritarren lasaitasunerako baldintzetan.

Obrak egin eta ustiatu bitartean, zarata, trafikoa eta makinen joan-etorriak areagotzearen ondorioz pertsonen osasunean eta herritarren lasaitasunerako baldintzetan izan daitezkeen inpaktuak baloratuko dira.

1.5.– Proiektuaren kalteberatasuna.

Istripu larriak edo hondamendi handiak gertatzeko arriskua dela eta proiektuak ingurumenean eragin ditzakeen ondorio kaltegarrien deskribapena, azterketa eta, hala badagokio, kuantifikazioa egingo da, baita istripu edo hondamendi horiek gertatzeko arriskuari buruzkoak ere. Helburu hori lortze aldera, proiektuari aplikatu beharreko arauei jarraituz egindako arrisku-ebaluazioen bitartez lortutako informazioa erabili ahal izango da.

Horrelako ezbeharrek ingurumenean sortzen dituzten kalte nabarmenak prebenitzeko eta arintzeko aurreikusitako neurri guztiak bildu behar dira deskribapenean, baita halako larrialdietarako proposatzen diren prestakuntzari eta erantzunari buruzko xehetasunak ere.

Irizten bada atal hori ez zaiola aplikagarria proiektuari, justifikazio-txostena erantsi beharko da.

1.6.– Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak proposatzea.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazi beharko da zer neurri aurreikusten diren aztertutako inguruneko elementu bakoitzaren gaineko ingurumen-ondorio negatibo esanguratsuak murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko.

Babes- eta zuzenketa-neurriak eta, beharrezkoa bada, konpentsazio-neurriak diseinatzeko, proiektua gauzatzeko behar diren elementu eta jarduketa guztiak hartu behar dira kontuan, eta bat etorri behar dute inpaktuekin; zehazki, proiektuak hartzen duen espazioko ingurumen-elementu eta balioen gaineko ekintzek eragindakoekin.

Zehatz-mehatz identifikatu eta deskribatuko da inpaktuak prebenitzeko eta zuzentzeko ekintza bakoitza. Deskribapenak xehetasun-maila nahikoa izan beharko du hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murrizten, desagerrarazten edo konpentsatzen direla bermatzeko, egikaritze-proiektuek izan ohi dituzten apartatuak barne hartuta: memoria, neurketen koadroa, obra-unitateen definizioa, aurreikusitako neurri bakoitzari dagokion aurrekontuko partida eta preskripzio teknikoen agiria, baita hori guztia hobeto ulertzeko behar den kartografia ere.

Zehazki, eta ezertan galarazi gabe aurreko ataletan eskatutako analisien emaitzen ondorioz sartu beharko liratekeen beste neurri batzuk, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien proiektuak neurri hauek hartu eta garatuko ditu, besteak beste:

– Metatze-instalazioaren perimetro-itxiturak tamaina txikiko fauna bertatik igarotzeko modukoa izan beharko du; hesi-efektua saihestu beharko du, eta ingurunean integratu. Horretarako, ehiza- edo abeltzaintza-sare bat erabiliko da, ahal dela 2 metrotik gorakoa ez dena. Ez da erabiliko bihurdura soileko sarerik, ez eta txarrantxa edo bestelako elementu ebakitzailerik ere. Hesiaren behealdea lurretik 20-30 cm altxatuko da, eta «katazulo» erako pasabideak jarriko dira, haien funtzionaltasuna bermatuta.

– Metatze-instalazioko hesiaren zuhaixka-pantaila bat jartzea baloratuko da, perimetro-itxituraren kanpoaldean.

– Zangek eta lur-mugimenduek landaredian izango duten eragina minimizatzeko neurriak.

– Obrak faunarentzako ugalketa-aldi kritikotik kanpo egitea, arriskuan diren espezieak detektatu diren eremuetan.

– Gaueko argiztapena ahalik eta gehien murriztuko da, faunaren arreta ez erakartzeko. Halaber, argiztapena behar bezala diseinatuko da argi-kutsadura orokorra minimizatzeko eta energiaren kontsumoa murrizteko.

– Prebentzio-neurriak ezarriko dira lursaila ez dadin iragazgaiztu beharrezkoa den lekuetan; izan ere, nekazaritza- eta landa-ingurunean jariatze-urengatiko kalteak izateko arriskua areagotuko luke horrek.

– Drainatze-sareari dagokionez, beharrezkotzat jotzen da obrak egin bitartean obraren mantentze-eremua hidraulikoki ondo isolatuta egotea, horrela, isur daitezkeen kutsatzaileen bilketa eta tratamendu egokia egin ahal izateko.

– Neurriak hartuko dira landareztatze-lanetan lurzoruaren landare-geruza berrerabiltzeko. Leheneratzeko neurriak proposatuko dira proiektuak ukitutako gainazal guztietarako, baita aldi baterako okupatzen direnetarako ere; espezie autoktonoak erabiliko dira, eskualde bioklimatikoaren baldintza edafiko eta klimatikoetara egokituak.

– Balio estrategiko handiko lurzoruen okupazioa konpentsatzeko neurriak zehaztu beharko dira: kokapena, iraupena, erein beharreko espezieak, guztirako kostua (hala badagokio, baita alokairuaren kostua ere).

– URAk, Uraren Euskal Agentziak, jakinarazitakoa kontuan hartuta, metatze-instalazioaren kokapena Isuskitza jariatze-uretatik hurbil mantentzen bada, lurzatian egin beharreko jarduketek jariatze horren zortasun-eremua errespetatu beharko dute, eta bertan dagoen ur-bazterreko landaredia ere bai. Zentzu horretan, arestian aipatutakoa justifikatzeko dokumentazio grafikoa aurkeztu beharko da.

Ebakuazio-lineari dagokionez, lehendik dagoen bidearen azpian proiektatu bada ere, baliteke zona batzuetan Isuskitzako jariatze-uren zortasun-eremua hartzea; horrelakoetan, linea ibilgutik ahalik eta urrutien jarri beharko da.

– Ebakuazio-linea ibai-ibilguekin gurutzatzen den guneetan, ezingo da isurbidearen ahalmena murriztu.

1.7.– Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa funtsezko edukia da ingurumen-inpaktuaren azterketa orotan. Ingurumena zaintzeko programa bat eratuko da. Programa horren helburu nagusia izango da ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak zein bertan adierazitako jarraibideak eta zuzenketa-neurriak beteko direla bermatzeko sistema bat ezartzea.

Programaren helburuak zehaztuko dira eta, helburu bakoitzaren kasuan, jaso beharreko datuak, erabili beharreko metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki non dauden jakiteko planoko kokapena eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna ere adieraziko dira.

Kalitate-helburuak legediak edo oro har onartuta dauden azterketa teknikoek zehazten dituzten muga-balioen edo gida-balioen araberakoak izango dira. Hala ere, proiektuaren eraginpeko eremuaren berezitasunek eta ezaugarri zehatzek hala eskatzen badute, balio are zorrotzagoak ezarri beharko dira, hala egitea beharrezkoa den parametroetan.

Era berean, dagokion aurrekontua gehitu beharko da, behar bezainbat banakatuta, proiektuaren garapenetik eratorritako eraginen jarraipen egokia egin ahal izateko.

Proiektuari eta proiektuak ingurunean duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezkoak diren kontrolez gain, programak ondoren adierazitako kontrolak izan beharko ditu:

Obra fasean, kontuan hartu beharko dira honako hauek:

– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

– Intereseko landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.

– Mehatxupeko flora eta fauna espezieen gaineko afekzioak kontrolatzea.

– Ur-ibilguen eta ur-bazterreko landarediaren gaineko afekzioak kontrolatzea.

– Obrako jardunbide egokiak kontrolatzea, honako hauek saihesteko: hondakin-uzteak; lurzoruaren edo uren kutsadura, olio-jarioen ondorioz, eta eragozpenak sortzea, zarataren, hautsaren eta abarren ondorioz.

– Arkeologia-ondarearen gaineko eragina kontrolatzea.

– Aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko beste kontrol batzuk.

Ustiapen fasean, hauek kontuan hartu beharko dira:

– Metatze-instalazioaren ustiaketan zehar higadura-prozesurik agertzen den kontrolatzea.

– Birlandaketaren eta hesi berdearen arrakasta kontrolatzea, hala badagokio.

– Landarediaren mantentze-lanen gauzatzea kontrolatzea, ebakuazio-linea elektrikoak aireko zatiak baldin baditu.

– Airearen kalitatea, zarata eta eremu elektromagnetikoak kontrolatzea.

– Argi-kutsadura kontrolatzea.

– Faunaren gaineko inpaktuak kontrolatzea (habitataren galera eta lineekin talka egin eta elektrokutatzea aireko tarteren bat egonez gero, hesi-efektua, etab.).

– Landareztatzearen eta ekologia eta paisaia leheneratzearen arrakasta eta proposatutako konpentsazio-neurriak betetzen direla kontrolatzea.

– Paisaia-integrazioko neurriak betetzen direla kontrolatzea, hala badagokio.

1.8.– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren laburpena.

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta haren ondorioen laburpen-dokumentu bat idatzi beharko da, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta VI. eranskinean ezarritako ezaugarriekin.

Dokumentuan labur-labur eta edonork ulertzeko moduan bildu beharko dira proiektuaren izaerari buruzko informazioa, proiektuak inguruneari eragiten dion modua, eta aurreikusitako inpaktuak saihesteko edo minimizatzeko proposatutako neurriak. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, jendeari informazioa emateko.

Hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketa egitean aurkitutako zailtasun tekniko edo informatiboak aipatu beharko dira.

2.– Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, egiaztapen batzuk egin ondoren, organo substantiboak ingurumen-organoari hauek bidali behar dizkio: ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta abiarazteko eskaera eta harekin batera aurkeztu behar diren dokumentuak, hala nola proiektuaren dokumentu teknikoa, ingurumen-inpaktuaren azterketa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitza, eta sustatzaileak egindako oharren dokumentu bat, jasotako alegazio eta txostenetako ingurumen-edukiari eta kontuan hartzeko moduari dagokienez.

Dokumentazioa xede horretarako egin diren jarraibideak betez aurkeztu behar da. Jarraibideak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean daude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumen-ebaluazioa/), atal honetan: Tramiteak > Ingurumen Ebaluazioa > PROIEKTUen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura izapidetzea > Eskaerak aurkeztea.

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa gidaliburuaren arabera egin eta aurkeztu beharko da. Gidaliburua ingurumen-organoaren webgunean dago eskuragarri, esteka honetan:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eia/eu_def/adjuntos/2022_Dokumentuak-aurkezteko-GIDA_v4.pdf

Indarreko xedapenen arabera isilpekoak diren datuak dokumentu bereiz batean aurkeztuko dira. Kasu horretan, enpresa eskatzaileak argi adierazi beharko du zein informazio den isilpekoa bere iritzian, eta eskaera hori justifikatzeko ondorengo datu hauek eman beharko ditu:

– Eskatzailearen aburuz isilpekotasuna zer arauditan oinarritzen den identifikatu beharko da; bai eta dagokion agiri egiaztatzailea aurkeztu ere.

– Merkataritza-sekretua denean, enpresaren barruan sekretua bermatzen duten protokoloak.

Ingurumen Batzordeak erabakiko du dokumentazioa isilpekoa den ala ez, eta agiri horiek jendaurreko informazioaren izapidetik kanpo geratuko dira.


Azterketa dokumentala