Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2025eko otsailaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
763

AGINDUA, 2025eko otsailaren 6a, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, lanpostu hau izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzeko dena: «Goi-kargudunaren idazkaria» (520010 kodea, 101 dotazioa), Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, hutsik dago goi-kargudunaren idazkariaren lanpostu bat (520010. kodea, 101 dotazioa). Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2 c) artikuluan xedatutakoari jarraituz eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena emanda, ebazpen honen eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du sail honek. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek, Lanpostu Zerrendan ezarritako eskakizunak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).

Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda hartu dezakete parte deialdi honetan, egoera hauetan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen, eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileek ezin izango dute parte hartu.

2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, baldin eta espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agindu honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.

Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, betiere Lanpostu Zerrendan ezarritako betekizunak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.

Bigarrena.– Eskabideak.

– Hautagaiek Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailean langileen gaietan eskumena duen zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun balioduneko epean. Eskabideetan datu pertsonalak eta orain daukaten destinoa adierazi beharko dute hautagaiek.

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde, kidego edo eskalatakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio publikoan zein, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere eskuratu nahi den lanpostuarenen antzeko funtzioak dituztenak.

c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntza-gaitasuna.

f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta dauden eta jakinaraztea egoki jotzen den bestelako merezimendu guztiak.

Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Egiaztagiriok dagoeneko Langileen Erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko.

Hautagaia deialdiko lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo bestelako probaren bat egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoei txostenak eskatu.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko eskakizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Laugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera gehienez hilabeteko epean. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak zehazten den egunean hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Ebazpen hori arrazoitzeko, azalduko da ezen, batetik, aukeratutako hautagaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, aukeratutako hautagaia egokia dela beste hautagaien aldean (baldin badago), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarreko legeek eta Lanpostu Zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.

Deklaratu ahal izango da deialdia hutsik geratu dela, hautagaietatik batek ere ez badu lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke agindua eman duen organoari, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 6a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.

ERANSKINA

Deialdiko lanpostua: goi-kargudunaren idazkaria.

– Kodea: 520010.

– Dotazioa:101

– Kidegoak: C1 Administrariak / C2 Administrari laguntzaileak.

– Destino-osagarriaren maila:18.

– Berariazko osagarria: VI-A.

– Kokapena: Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza.

– Udalerria: Vitoria-Gasteiz.

– Hizkuntza-eskakizuna: 2.

– Derrigortasun-data: 2008-10-31

– Berariazko ezagutzak: –


Azterketa dokumentala