Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2025eko otsailaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
704

EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 21ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Eibarko (Gipuzkoa) AI-125 Txonta eremuko eta Errekatxu kaleko 17, 19 eta 21 eraikinen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 7. aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2024ko irailaren 27an, Eibarko Udalak Eibarko AI-125 Txonta eremuari eta Errekatxu kaleko 17, 19 eta 21 eraikinei dagokien Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, Plana) 7. aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskaera egin zion orduko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari. Eskabidea abenduaren 9ko Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan.

Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko azaroaren 20an, orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Eibarko Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Eibarko AI-125 Txonta eremuaren eta Errekatxu kaleko 17, 19 eta 21 eraikinen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 7. aldaketa abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan dago ezarrita zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, hain zuzen ere, segurtatzeko planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eibarko AI-125 Txonta eremuari eta Errekatxu kaleko 17, 19 eta 21 eraikinei buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 7. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Udalerriaren indarreko plangintza bat dator Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an behin betiko onartutako Eibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin (2008ko urtarrilaren 22ko GAO) eta gerora izan dituen aldaketekin.

Eibarko HAPOaren aldaketa puntual hau bi eremuri buruzkoa da: Txonta eta Errekatxu. Planaren helburuak hauek dira:

– Txonta auzoa.

Txonta auzoa Txonta kalearen ardatzean dago antolatuta, eta 84.393 m2-ko azalera du. Lurzoru urbanizaezinak inguratzen du, eta AP-8ko zubibideak zeharkatzen du. Egun, bizitegi-erabilerak eta erabiltzen ez diren industria-erabilerak daude bertan.

Proposatutako antolamenduak helburu hauek ditu:

– Txonta inguruko industria-erabilera aldatzea, inguru hori erabiltzen ez diren industria-instalazioek okupatzen baitute, eta eremua eraberritzea bizitegi-erabilera berriekin.

– Txonta auzoa berritzea, etxebizitza duin eta irisgarriaren beharrei erantzuteko, etxebizitza berriak eta birgaitze-prozesuak jasangarritasun-irizpideekin konbinatuta.

– Udalerriko jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren mailari eustea, proposatutako garapenarekin bateraezinak diren industria-jarduerak lekualdatuz.

– Proposatutako garapenarekin bateraezinak diren industria-eraikin zaharkituak eraistea, eta haien lurzoru kutsatuak oneratzea.

– Espazio publikoak eta ekipamenduak areagotzea, auzoak erdigunearekiko duen mendekotasuna murriztu ahal izateko.

– Ibilgailu-zirkulazioaren inpaktua minimizatzea eta bertako biztanleen segurtasuna eta bizi-kalitatea hobetzea, ibilgailuen eta oinezkoen trafikoa berrantolatuta.

– Industria-historiari eta -ondareari balioa ematea, hiri-bilbeko industria-eraikin bereziak berrituta.

Txontako eremuko ia lurzati guztiak eraikita daude; horietako asko eraitsi egingo dira, eta horien ordez aurreikusitako antolamendua gauzatuko da. Gaur egun bizitegi-erabilera eta eraispen-aurreikuspena duten antolamendu berriaren eraginpeko eraikinak hauek dira: Txonta kaleko 11 (8 etxebizitza) eta 13 (7 etxebizitza), eta Iparragirre kaleko 6 (2 etxebizitza).

Lekuz aldatu beharreko jarduera ekonomikoak honako lurzati hauetakoak izango dira: Iparragirre 6ko 1.a; Gisastu bidea 1eko 1.a eta 2.a; Txonta 26ko 1.a; Txonta 35eko 1.a; Txonta 26ko 2.a eta 3.a; Txonta 34ko 1.a.

4 lurzati berri antolatu dira, 2 Ipar Txonta AI.1 eremuan eta 2 Hego Txonta AI.2 eremuan (3 bizitegi-erabilerarako eta 1 ekipamendurako). Lurzatiek, guztira, 8.066 m2 hartzen dituzte. 436 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da. Sestra gainean 40.978 m2t-ko eraikigarritasuna planteatzen da, eta 18.000 m2t-koa sestrapean. Hala, 3 espazio libre sortuko dira, guztira 5.235 m2-ko azalera izango dutenak.

Era berean, Norma, SAren eraikina kontserbatzea eta birgaitzea aurreikusten da. Hegoaldeko bideak berrantolatuko dira, eta, hala, oinezkoentzako ibilbideak sortu. Iparraldean, bide berri bat eta espazio libre berri bat proiektatzen dira Karmen eta Iparragirre kaleen artean.

Planaren garapen aurreikusgarriari dagokionez, Txonta eremuan bi azpiarea ezarri dira, jarduketa integratuen bidez garatu beharrekoak. Azpiarea horiek garatzeko, plana behin betiko onartu ondoren, hirigintza-jarduketako programak, birpartzelazio-desjabetze-proiektuak, urbanizazio-proiektuak eta eraikuntza-proiektuak idatzi eta izapidetu beharko dira.

– Errekatxu kalea.

Bestalde, Errekatxu kalea San Jose auzoan dago, Sansaburu haur-eskolaren ekialdean, eta eremuak 1.157 m2-ko azalera du. Ekialdean Errekatxu kalearekin egiten du muga, eta ekialdean/hego-ekialdean Bolingua kalearekin. Bide aldapatsu eta estu bat da, eta 60ko hamarkadara arte eraikitako etxebizitzak hartzen ditu. Hirigintza-kalitate eskaseko eremua da, eta kontserbazio-egoera txarrean dauden eraikinak ditu; hori dela eta, beharrezkoa da berroneratzea.

Errekatxu eremurako helburuak honako hauek dira:

– Hiri-lurzoru degradatu batean esku hartzea, hura berroneratzeko.

– Bizitegi-eraikin berriak antolatzea, egitura-arazo larriak dituzten eraikinak eta eraikin-aurriak ordeztea.

– Errekatxu kalearen sekzioa zabaltzea, hura berrantolatzeko eta Bolingua auzorako sarbidea hobetzeko lehen urrats gisa.

Kale horretako 17 eta 19 zenbakietako etxebizitza-eraikinetan jardutea proposatzen da. Errekatxu kaleko 21 zenbakian ere bizitegi-garapen bat aurreikusten da, gaur egun orube bati dagokiona. Eraikigarritasuna 2.310 m2t-koa da sestra gainean, eta 760 m2t-koa sestrapean. Guztira 28 etxebizitza aurreikusten dira. Bideak zabaldu eta aldatuko lirateke, eta Bolingua auzorako sarbidea hobetu. Ez da berdegune publikorik sortzen, baina egun dauden baratzeak mantentzen dira.

Errekatxu inguruan, jarduketa isolatu bat eta jarduketa integratu bat mugatzen dira. Lehenengo kasuan, behin plana onartu ondoren, eraikuntza-proiektua izapidetzeari ekingo zaio, urbanizazio-obra osagarrien proiektuarekin batera. Bigarren kasuan, honako hauek izapidetu beharko dira: hirigintza-jarduketako programa bat, birpartzelazio-proiektua, urbanizazio-proiektua eta dagozkion eraikuntza-proiektuak.

Ingurumen-dokumentu estrategikoak bi antolamendu-alternatiba aurkezten ditu, bai Txontarentzat, bai Errekatxurentzat, eta 0 alternatiba edo «ez esku hartzekoa» ere bai.

– Txonta:

– 1. alternatiba: 4 lurzati berri antolatu dira, 2 Ipar Txonta AI.1 eremuan, eta 2 Hego Txonta AI.2 eremuan (3 bizitegi-erabilerarako eta 1 ekipamendurako). Lurzatiek, guztira, 8.066 m2 hartzen dituzte. 436 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da. Sestra gainean 40.978 m2t-ko eraikigarritasuna planteatzen da, eta 18.000 m2t-koa sestrapean. Hala, 3 espazio libre sortuko dira, guztira 5.235 m2-ko azalera izango dutenak.

– 2. alternatiba: 5 lurzati berriren antolamendua planteatzen da, 2 Ipar Txonta AI.1 eremuan, eta 3 Hego Txonta AI.2 eremuan (4 bizitegi-erabilerarako eta 1 ekipamendurako). Lurzatiek, guztira, 8.542 m2 hartzen dituzte. 431 etxebizitza eraikitzea proposatzen da. Sestra gainean 41.178 m2t-ko eraikigarritasuna planteatzen da, eta 16.668 m2t-koa sestrapean. Alternatiba horrek 3 espazio libre ere sortzen ditu, azalera osoa 4.755 m2-koa izanik, 1. alternatibak proposatutakoa baino txikiagoa.

Bi alternatibetan NORMA SAren eraikina kontserbatzea eta birgaitzea aurreikusten da. Hegoaldeko bideak berrantolatuko dira, eta, hala, oinezkoentzako ibilbideak sortu. Iparraldean, bide berri bat eta espazio libre berri bat proiektatzen dira Karmen eta Iparragirre kaleen artean. 1. alternatibak eraikin bat gutxiago du, baina 1. lurzatiaren (P1) altuera handitzen du. Horrek esan nahi du baliabide gutxiago erabiliko direla, eta lurzoru gutxiago okupatu direla. Ordainetan, eraikin batzuek zarata-maila handiagoa jasango dute, gauean 9 dBA-ra artekoak; beraz, babes-neurriak ezarri beharko dira. Txontaren eremurako, 1. alternatiba aukeratu da.

– Errekatxu:

– 1. alternatiba: jarduketa-eremuaren azalera 1.157 m2-koa da. Eremuaren mendebaldean dauden eraikinetan garatzen da (P1), baina, aldi berean, P2an lur-erauzketa egitea eta eraikin berri bat eraikitzea proposatzen du. Eraikigarritasuna 2.310 m2t-koa da sestra gainean, eta 760 m2t-koa sestrapean. P1ean 17 etxebizitza babestu eta 9 etxebizitza libre eraikitzea aurreikusten da, eta P2an beste 2 etxebizitza.

Bideak zabaldu eta aldatuko lirateke, eta Bolingua auzorako sarbidea hobetu. Ez da berdegune publikorik sortzen, baina egun dauden baratzeak mantentzen dira.

– 2. alternatiba: jarduketa-eremuaren azalera 2.245 m2-koa da. 1. alternatiban ez bezala, P1ean lurzoru gehiago hartuko duen bloke ireki bat aurreikusten da. Eraitsi beharreko eraikinen kopurua handitu egin da: ile-apaindegiaren gaineko bizitegi-eraikina eta garaje eta eraikin osagarri batzuk. Aurreikusitako gehieneko eraikigarritasuna 4.400 m2t-koa da sestra gainean, eta 1.410 m2t-koa sestrapean. P1ean 20 etxebizitza babestu eta 29 etxebizitza libre planteatzen dira, eta P2an 2 etxebizitza. Bideak hobetzeaz gain, 620 m2-ko espazio libre bat sortuko da.

Errekatxuren kasuan ere 1. alternatiba hautatzen da, baliabide gutxiago kontsumitzen direlako eta baratzeei ez zaielako eragiten.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planak Txonta eta Errekatxuko hiri-eremuak berrantolatzen ditu, hirigintzari dagokionez. Indarrean dagoen HAPOaren zehaztapenaren aldaketa isolatua da, eta ez dakar irizpide global berriak sortuko dituen lurralde-eredu berririk, ez lurraldearen egitura orokorrari eta organikoari dagokienez, ez eta lurzoruaren sailkapenari dagokionez ere. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere Planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak lurzoruei, urei, uholde-arriskuari, zaratari, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren eremua bi areak osatzen dute. Lehenengoa Txonta auzoa da, Txonta kalearen ardatzean zehar dagoena, Eibarko hirigunearen hegoaldean. Eremu antropizatua da, 84.393 m2-ko azalera du eta lurzoru urbanizaezinez inguratuta dago. Gainera, AP-8ko zubibideak ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du.

Bestalde, Errekatxu kalea San Jose auzoan dago, Sansaburu haur-eskolaren ekialdean, eta 1.157 m2 ditu. Ekialdean Errekatxu kalearekin egiten du muga, eta ekialdean/hego-ekialdean Bolingua kalearekin. Aurreko eremuaren antzera, eremu hau ere antropizatuta dago, bide aldapatsu eta estua du eta 60ko hamarkadara arte eraikitako etxebizitzak hartzen ditu.

Eremuetako litologia hau da: pitzadura bidezko iragazkortasun ertaineko kareharri ezpuruak eta kalkarenitak. Eremuaren hirigintza-eraldaketa dela eta, lurzoruek ez dute gaitasun agrologikorik. Bestalde, ez zaio eragiten EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko ezein lekuri.

Bi eremuak Debaren Unitate Hidrologikoaren (UH) barnean daude, eta unitate hori, aldi berean, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan dago. Txontako eremua Txonta errekak zeharkatzen du, hegoaldetik iparraldera, eta lurpean doa eremu osoan zehar. Uraren Euskal Agentziaren informazio kartografikoaren arabera, Errekatxu eremuan ez dago ur-ibilgurik. Ingurumen-dokumentuaren arabera, Errekatxu inguruan jariatze-urak igarotzen dira, eta eremuaren hego-mendebaldeko mugatik 45 bat metrora, ibaian gora, lurpean sartzen da.

Lurpeko uren hidrografia kontuan hartuta, eremuak «Bizkaiko sinklinorioa» lurpeko ur-masan sartzen dira, zeinak egoera global ona baitu. Dena den, ez dute ukitzen interes hidrogeologikoko ezein eremu, ez eta lurpeko ur-masen ezein sektore ere. Gainera, inguruko akuiferoen kutsadura-arriskua oso txikitzat jotzen da.

GeoEuskadiko landaredi-kartografiaren arabera, esparru hori landaredi erruderal-nitrofiloa duten hiri-eremuek eta etze-lurrek hartzen dute. Ildo horretan, ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten duenez, Errekatxun honako hauek daude: lahardi ugari dituzten belardiak, lehengoratzen ari diren zuhaitzak eta zuhaixkak dauden guneak, baratzeak eta fruta-arbolak, espezie apaingarriak dituzten lorategiak, landaredi erruderal-nitrofiloa eta espezie exotikoak (Buddleja davidii, Phyllostachys aurea, Arundo donax, Crocosmia x crocosmiiflora). Txontako eremuan, hego-ekialdean, zuhaitz eta zuhaixka autoktonoekin (Quercus robur, Salix atrocinerea, Castanea sativa) eta aloktonoekin (Robinia pseudoacacia, Platanus hispanica, etab.) lehengoratzen ari diren eremuak identifikatzen dira. Ipar-mendebaldeko eta ipar-ekialdeko mugetan, lahardi eta sastraka ugari dauden hainbat belardi daude. Era berean, baratzeak, fruta-arbolak eta lorategiak daude eremuko zenbait bazterretan sakabanatuta. Industria-lurzatietan eta zubibidearen inguruan hainbat espezie aloktono agertzen dira (Robinia pseudoacacia, Buddleja davidii, Platanus hispanica).

Planaren xede den eremuak ez du ukitzen mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede den espaziorik. Ez planaren eremuan, ez haren ingurunean, ez da topatu Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen ezein kudeaketa-planetan sartutako eremurik, ezta abifaunarentzako babes-eremurik ere, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016/05/23ko EHAA, 96. zk.). Aztergai dugun eremuko fauna, seguruenik, gizakien presentziarekiko tolerantzia handiena duena da; alegia, hiriguneetan bizitzera moldatua dagoena.

Bestalde, eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ez eta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere; halaber, ez da EAEko korridore ekologikoen sareko edo EAEko Azpiegitura Berdeko elementurik identifikatzen.

Txontako eremuan ez dago kultura-ondasun izendatutako kultura-ondareko elementurik; hala ere, eremuko hainbat eraikin «beste batzuk» kategorian sartzen dira eraikitako kultura-ondarearen barruan. Bestalde, Errekatxu eremuan ez da kultura-ondasun izendatutako kultura-ondarearen elementurik identifikatu, ez eta bestelako babes-erregimenik ere. Paisaiaren ikuspegitik, eremuak EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoko Eibarko ikus-arroan daude (EJ, 2005). Hiri-paisaia oso gizatiarra du, eta ez du inbentarioan edo katalogoan jasotako paisaia-baliorik.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, Errekatxuko eremuan ez da ibaien uholde-arriskuko arazorik hautematen, ez eta sismikotasunetik edo baso-sutetik eratorritako arriskurik ere. Hala ere, AP-8tik gertu dagoenez, salgai arriskutsuak errepidez garraiatzearen ondoriozko istripuak gertatzeko arrisku handia dagoela identifikatu da. Halaber, muturreko higadura-prozesuak dituzten eremuak detektatzen dira.

Errekatxuren arean bezala, Txonta eremuan ere muturreko higadura-prozesuak dituzten guneak daude. Gainera, ibaien uholde-arriskua kontuan hartuta, 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duten eremuak identifikatu dira. Baso-suteen eta salgai arriskutsuak errepidez garraiatzearen ondoriozko istripuen arriskua duten eremuak detektatu dira.

Eremu bakar batean ere ez da SEVESO III Zuzentarauaren mendeko enpresen hurbiltasunagatiko arriskurik identifikatu. Txonta eremuan, kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten hainbat lurzoru identifikatu dira. Errekatxuren kasuan, nahiz eta eremuan bertan ez egon halako lurzorurik, aipatu behar da hegoaldeko mugan badela horrelako lurzati bat.

Egoera akustikoari dagokionez, inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren ondorioak biltzen dituen ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, Errekatxu eta Txonta eremuetan ez dira betetzen kalitate akustikoko helburuak (KAH). Inpaktu akustikoari buruz egindako azterlanak zuzenketa-neurriak jasotzen ditu, hala nola zubibidean pantaila akustikoa jartzea. Horrela, KAHak bete egingo lirateke Txontako 2. lurzatian, baina ez Errekatxun, ez eta Txontako 1. lurzatian ere. Errekatxuko eremuan eta Txontako 1. lurzatian ez direnez KAHak betetzen eta, bi kasuetan, ez denez bideragarria beste zuzenketa-neurri batzuk ezartzea, Babes Akustiko Bereziko Eremu (BABE) izendatu beharko liratekeela uste dugu.

Aurrekoa kontuan hartuta, Planaren garapenak izan ditzakeen inpaktuak lotuta daude eraispen-obrekin eta eraikin berriak eraikitzearekin. Horren ondorioz, lurzorua okupatuko da, hondakinak sortuko dira, lurrak mugituko dira eta soberakinak sortuko dira, makinak batetik bestera mugituko dira, istripuzko isurketek lurzoruei eta jariatze-urei eragiteko arriskua sortuko da, biztanleei eragozpenak eragingo zaizkie isuri atmosferiko eta akustikoengatik, etab., eta hori guztia guztiz hiritarrak diren eremuetan.

Proposatzen diren jarduketen eta haien ondoriozko eraginen ezaugarriak aintzat hartuta, Planaren eraginak munta txikikoak, aldi baterako eta garrantzi gabeak izango dira oro har, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, bereziki, lurzoruei, urei, uholde-arriskuari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira.

Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Alde horretatik, Planak dagoeneko artifizializatuta dauden lurzoruen erabilera intentsiboa ahalbidetzen du, garapen jasangarriaren printzipioekin bat etorriz.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planetik eratortzen diren jarduketak eta aurrerago proposatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez dugu uste jarduketek eragin nabarmenik izango dutenik ingurumenean.

3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Eibarko AI-125 Txonta eremuari eta Errekatxu kaleko 17, 19 eta 21 eraikinei buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 7. aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak esandako Planaren aldaketan txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, bai eta ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

– Uholde-arriskuari buruzko neurriak:

Txonta eremuko araudi partikularraren hirigintza-fitxa aldatuan, zuzendu egin beharko da uholde-arriskuaren arloko baldintzei buruzko arau-erreferentzia. Beraz, 52. artikuluaren aipamenaren ordez 45. artikulua jarriko da, indarrean dagoen Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiko Plan Hidrologikoarena, uholde-arriskua duten eremuetako erabileren mugak zuzen aipatzeko.

Aztertuko da ea bideragarria den Txontako eremuan estaldura nahikoa ez izateak eragindako uholde-arriskua arintzeko neurriak hartzea. Horretarako, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak argitaratutako arriskura egokitzeko gidak eta uholde-arriskuko eremuetan eraikin berriak eraikitzeko irizpideak erabili beharko dira.

– Kalitate akustikoari buruzko neurriak.

Aurreikusitako erabileretarako, eremuen kalitate akustikoari dagokionez, kontuan hartuko da etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak (KAH) betetzen ez diren guneetan, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

– Ingurumen-integrazioari buruzko neurriak:

Planak esplizituki jasoko du oinarrizko proiektuak edo egikaritze-proiektuak «lehengoratze-proiektua» ere jaso behar duela, zeinak proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak bilduko dituen eta jarduketak gauzatzeko behar adinako xehetasun-maila izango duen, aurrekontua barne.

Espazio libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua izeneko dokumentuan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, higadura-prozesuak ekidingo dira, bai eta solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa ere.

Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia edo Cortaderia selloana.

– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Hargatik aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira jardunbide egokien eskuliburuarekin; alegia, obrak egitean, lurrak eta soberakinak kudeatzean, hondakinak sortu eta kudeatzean, hondeatutako lurzoruak kontrolatzean, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestean erabili beharreko jardunbideekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara ezer isurtzea eragoztea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak eta abar) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta haiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek eta haien ardura izango da, halaber, beharginek sistemok behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du proiektuak. Hori ezinezkoa bada, lehentasuna emango zaio mailegu-lurrak behar dituen hurbileko obra batean lurren eta arroken soberakinak balorizatzeari. Balorizazioa ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa lege-xedapen hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako kokalekuak daudela kontuan hartuta, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.

– Halaber, Eibarko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Istripuz isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineriaren parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira, ibai-ibilguetatik urrun. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak –bereziki, olio erabiliak– biltzeko sistema izango duen plataforma irazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

– Kamioiek obra-lekura sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi eduki beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Kultura-ondarea babestea: Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Obra faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Obrek sei hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan.

– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin behar dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten «Eibarko AI-125 Txonta eremuari eta Errekatxu kaleko 17, 19 eta 21 eraikinei buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 7. aldaketak» ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Eibarko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean ez bada onartzen «Eibarko AI-125 Txonta eremuari eta Errekatxu kaleko 17, 19 eta 21 eraikinei buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 7. aldaketa». Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, hala badagokio, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 21a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLÁS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala