
30. zk., 2025eko otsailaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (151 KB - 6 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
703
15/2025 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita erabaki hau argitaratzea: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta CIFP Murgia LHII Ikastetxearen arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuetako eta salbamenduko langileentzako tresnei buruzko prestakuntza emateko.
Gobernu Kontseiluak, azaroaren 26an egindako bilkuran, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta CIFP Murgia LHII Ikastetxearen arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa onartu zuen, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuetako eta salbamenduko langileentzako tresnei buruzko prestakuntza emateko, eta behar bezalako publizitatea emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta CIFP Murgia LHII Ikastetxearen arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioaren testua, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuetako eta salbamenduko langileentzako tresnei buruzko prestakuntza emateko. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 7a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCIA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 7KO 15/2025 EBAZPENARENA
AKORDIOA, POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIAREN ETA LHII MURGIA LHII IKASTETXEAREN ARTEKO KUDEAKETA-GOMENDIOARI BURUZKOA, SUTEEN PREBENTZIO ETA ITZALTZEKO ETA SALBAMENDUKO ZERBITZUETAKO LANGILLEENTZAKO TRESNEI BURUZKO PRESTAKUNTZAREN ARLOAN (2024)
BILDUTA:
Miren Dobaran Urrutia andrea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia / Academia Vasca de Policía y Emergenciasen izenean eta hura ordezkatuz (Vitoria-Gasteiz errepidea, 5 km, 01192 – Arkauti), AVPE-PLEAren zuzendari nagusi gisa diharduena, abuztuaren 29ko 225/2024 Dekretuak izendatua (2024ko irailaren 3ko EHAA, 171. zk.),
Manuel Ángel Valbuena Rabadán jauna, CIFP Murgia LHIIren izenean eta hura ordezkatuz (Domingo de Sautu 69 Kalea, 01130 Murgia, Álava / Araba), zuzendari gisa parte hartu du.
Bi alderdiek beren karguei dagozkien eginkizunak betetzen dituzte, eta elkarri aitortzen diote Kudeaketa-gomendiorako hitzarmen hau sinatzeko gaitasun osoa, eta, horretarako, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
I.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen arabera, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak (SPISZ) –hau da, suhiltzaileen zerbitzuak– larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemaren funtsezko edo oinarrizko zerbitzuetako bat dira.
II.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia / Academia Vasca de Policía y Emergencias (AVPE-PLEA) izaera administratiboko erakunde autonomoa da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari atxikia. Bere helburuak betetzeko, berezko nortasun juridikoa du, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere. Haren eskumenen artean dago larrialdien eta babes zibilaren arloko prestakuntza-ekintzak planifikatzea, programatzea, antolatzea eta ematea, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sisteman zuzenean edo zeharka esku hartzen duten profesional eta langile guztientzat, izan enplegatu publikoak, erakunde pribatuetako langileak edo boluntarioak.
Hala, azaroaren 23ko 12/2023 Legeak ezarri du Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei dagokiela, AVPE-PLEAren bidez, SPISZen prestakuntza-jardueretan laguntzea.
III.– Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak xedatu duenez, bai eraginkortasun-arrazoiengatik, bai euskal administrazio publikoen organo jakin baten eskumeneko jarduera material edo teknikoak edo zerbitzuak egiteko baliabide egokirik ez dagoenean, jarduera edo zerbitzu horiek beste organo batzuei agindu ahal izango zaizkie, administrazio berekoak zein beste batekoak izan.
Kasu honetan, AVPE-PLEAk ez du bitarteko egokirik suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako langileentzako tresnei buruzko prestakuntzaren zatia emateko.
Gainera, bi sail desberdinetako –Segurtasuna, alde batetik, eta Hezkuntza, bestetik– organoen arteko gomendio intrasubjektiboa denez, Gobernu Kontseiluak baimendu du, 2024ko azaroaren 26ko bilkuran.
IV. Lankidetza Kudeaketa-gomendiorako akordio honen bidez bideratuko da, zeina ESPLrekin bat etorriz sinatu baita, eta, aldez aurretik, dagozkion antolaketa-arauetan ezarritako prozedura formalak bete dira, eta, guztien aldetik, egiaztatu da Kudeaketa-gomendioa egokia eta beharrezkoa dela, haren xede diren jarduerak kontratuzkoak ez direla eta lege horietan zehaztutako gainerako baldintzak betetzen direla.
Ondorioz, juridikoki bidezkoa eta operatiboki komenigarria denez, alderdiek Kudeaketa-gomendiorako akordio hau egitea erabaki dute. Hona hemen Kudeaketa-gomendiorako hitzarmenaren
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Kudeaketa-gomendioaren objetua.
Lankidetza-tresna honetan aipatzen den kudeaketa-gomendioaren xedea da Murgiak suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako langileentzako tresnei buruzko prestakuntzaren zatia kudeatzeko lankidetza-mekanismoa ezartzea eta arautzea; zehazki, hitzarmen honen laugarren klausulan zehaztutako gaietan.
Bigarrena.– Aplikazio-eremu subjektiboa.
Kudeaketa-gomendio honen parte dira AVPE-PLEA, gomendioa eman duen administrazioa den aldetik, eta Murgia, gomendioa jaso duen erakundea den aldetik.
Hirugarren.– Gomendatutako ekintzen titularra.
Gomendio horrek ez dakar nahi eskumenaren titulartasuna lagatzea, ezta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea ere, eta gomendioa eman duen administrazioak erantzukizuna du gomendioan emandako jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo ebazpen juridiko guztiak emateko.
Laugarrena.– Alderdien konpromisoak.
1.– Elkarrekiko konpromisoak.
1.1.– Bi aldeek konpromisoa hartzen dute modu koordinatuan jarduteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Suteen Prebentzio eta Itzalketako Zerbitzuetako Administrazio Bereziko Eskalan, Suteen Prebentzio eta Itzalketako Zerbitzuan, Azpieskala Operatiboan, Suhiltzaile kategorian sartzeko ikastaroko ikasleek egin beharreko zereginekin bat datorren prestakuntza jaso dezaten.
1.2.– Bi aldeek konpromisoa hartzen dute modu koordinatuan jarduteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Suteen Prebentzio eta Itzalketako Zerbitzuetako Administrazio Bereziko Eskalan (Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko Zerbitzua, Azpieskala Operatiboa, Suhiltzaile kategoria) sartzeko ikastaroa egiten den bitartean ikasleek laneko osasuna babesteari eta babes-ekipamendu egokiak erabiltzeari buruzko neurri guztiak errespeta eta aplika ditzaten.
2.– Murgiaren konpromisoak.
2.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko Zerbitzuetako Administrazio Bereziko Eskalan, Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko Zerbitzuan, Azpieskala Operatiboan, Suhiltzaile kategorian, erreminten arloan sartzeko ikastaroari dagokion prestakuntza ematea.
2.2.– Ikastaroa CIFP Murgia LHIIren instalazioetan emango da, goizez, 08:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera, biak barne, bi aldeek zehaztutako egunetan.
2.3.– Irakasgaiak emateko behar diren materialak CIFP Murgia LHIIk emango ditu.
3.– AVPE-PLEAren konpromisoak.
3.1.– AVPE-PLEAk bere gain hartuko ditu CIFP Murgia LHIIk bere gain hartutako prestakuntza-gastuak.
3.2.– PLEAk 110,00 euro ordainduko dizkio CIFP Murgia LHIIri prestakuntza-ordu bakoitzeko, eta gehienez 168 eskola-ordu 2024. urtean.
Bosgarrena.– Finantzaketa eta gastuak justifikatzea.
Kudeaketa-gomendio honen xede diren jarduerak finantzatzen laguntzeko, AVPE-PLEAk MURGIAri transferituko dio gomendioan emandako erakundeak jarduketa horiek direla-eta egiten dituen gastuei dagokien zenbatekoa.
PLEAk kudeaketa-gomendioaren akordio honen indarraldian (2024. urtea) adierazitako gastuak finantzatzeko jarriko duen gehieneko zenbatekoa 18.480,00 eurokoa izango da, kudeaketa-gomendioa eraginkorra den unetik aurrera.
MURGIAk egindako gastuaren ziurtagiriak emango ditu, erabilitako baliabide material eta/edo pertsonal zehatzak adieraziz.
Emandako ikastaroaren edizioak amaitu ahala emango dira ziurtagiri horiek.
AVPE-PLEAk Murgiari transferituko dizkio Murgiak emandako gastuen ziurtagirietan kontsignatutako zenbatekoak.
Kudeaketa-gomendio honek ez du aparteko gasturik sortuko Murgiarentzat, eta AVPE-PLEAren aurrekontuen kargura finantzatuko da, klausula honetan adierazitako baldintzetan.
Seigarrena.– Indarraldia.
1.– Kudeaketa-gomendioaren Akordio honek sinatzen den egunetik 2024ko abenduaren 31ra arte izango ditu ondorioak, iraungitzeko arrazoirik ez badago behintzat.
2.– Ez da aurreikusten kudeaketa-gomendioa luzatzea.
Zazpigarrena.– Azkentzea eta suntsiarazteko arrazoiak.
1.– Kudeaketa-gomendioa azkendu egingo da haren xede diren jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoi hauetakoren bat gertatzen denean:
a) Indarraldia igarotzea.
b) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea hitzarmenaren luzapena erabaki gabe.
c) Bi alderdiek hala adostuz gero; idatziz egin beharko da.
d) Alderdietako edozeinek hitzarmena salatzea, berariaz eta modu fede-emailean.
Kudeaketa-gomendioa aurretiaz suntsiarazteko erabakia beste alderdiari jakinarazteko, berariaz salatu beharko da, amaiera horrek ondorioak izatea nahi den eguna baino bi (2) hilabete lehenago.
e) Kudeaketa-gomendiorako akordioan jasotako klausulak ez betetzea.
Kasu horretan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahal izango dio bete ez duen alderdiari, epe jakin batean bete ditzan betegabetzat jotzen diren betebeharrak edo konpromisoak. Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan ez-betetzeak bere horretan badirau, hura zuzendu zuen alderdiak suntsitutzat joko du Akordioa, eta hala jakinaraziko dio beste alderdiari.
Suntsiarazpen hori eragin duen alderdiak sorrarazi dituen kalte eta galera guztiak ordaindu beharko dizkio, bai beste alderdiari, bai fede oneko hirugarrenei.
f) Gomendatutako ekintzak betetzeko gerora sortutako ezintasuna, legezkoa edo materiala, edo beharrezkotzat ez jotzea.
g) Epaileak kudeaketa-gomendioa deuseztatzeko erabakia hartzea.
2.– Gomendioa partzialki azkentzea onartzen da.
Kasu horretan, alderdiek sinatutako eranskin bat gehitu beharko zaio Akordio honi, indarrean dauden gomendatutako ekintza guztiak zehaztuta.
3.– Kudeaketa-gomendiorako akordioa azkentzeak horren likidatzea ekarriko du, alderdi bakoitzaren betebeharrak eta konpromisoak zehazteko.
Zortzigarrena.– Araubide juridikoa eta gatazkak konpontzea.
1.– Kudeaketa-gomendiorako akordio honek administrazio-izaera du, eta ordenamendu juridiko-administratiboak arautuko du haren interpretazioa eta garapena.
2.– Kudeaketa-gomendiorako akordio honen interpretazioari, aldaketari, suntsiarazpenari eta ondorioei buruz sortzen diren auziak alderdien arteko adostasunez konpondu beharko dira.
Akordiorik ez badago, administrazioarekiko auzien jurisdikzioak ebatziko ditu gai horiek, eta alderdi sinatzaileak jurisdikzio horren mende jarriko dira espresuki.
Bederatzigarrena.– Datu pertsonalen babesa eta informazioaren segurtasuna.
1.– Alderdiek konpromisoa hartzen dute kudeaketa-gomendio honen xedea betetzeko beste aldeak emandako datu eta informazio guztien konfidentzialtasuna gordetzeko. Alderdiek erreserbatuta eta isilpean gorde beharko dute informazio hori, eta ez diote inori ere –ez pertsona fisikoei, ez pertsona juridikoei– emango, ez osorik ez partzialki, legez aurreikusitako kasuetan eta moduan izan ezik.
2.– Alderdiek osorik errespetatuko dute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari buruzkoa, eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, edo Kudeaketa-gomendiorako akordio honen indarraldian datu pertsonalen babesaren arloan aipatutakoak ordeztu, aldatu edo osa ditzakeen beste edozein legeria.
3.– Gomendioa kudeatzeko tratatzen diren datu pertsonalen arduraduna – tratamenduaren arduraduna – AVPE-PLEA izango da. Murgiak datu pertsonal horiek tratatuko ditu tratamenduaren arduradunaren kontura – tratamendu-eragilea –.
Hamargarrena.– Publizitatea.
1.– Kudeaketa-gomendioari buruzko akordio hau herritarren eskura jarriko da Eusko Jaurlaritzaren Gardentasun Atarian eta AVPE-PLEAren eta Murgiaren webgunean. Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, denek jakin dezaten.
Hitzartutakoa behar bezala jasota gera dadin, eta ados daudela adierazteko, alderdiek Akordio hau sinatu dute.
Egoitza elektronikoa, 2024ko abenduaren 4a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
MIREN DOBARAN URRUTIA.
CIFP Murgia LHII zuzendaria,
MANUEL ÁNGEL VALBUENA RABADÁN.