
30. zk., 2025eko otsailaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (124 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
699
187/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez deialdi publikoa iragartzen baita Ekonomiako eta Finantzako Zuzendari lanpostua betetzeko Bidasoko Erakunde Sanitario Integratuan.
Bidasoko Erakunde Sanitario Integratuko Ekonomiako eta Finantzako Zuzendari lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 27. artikuluan, azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko erakunde sanitario integratuen uztailaren 3ko 100/2018 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Zuzendaritza Nagusi honek erabaki du lanpostu hori izendapen bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako oinarrien arabera:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Ebazpen honen bidez, Bidasoko Erakunde Sanitario Integratuko Ekonomiako eta Finantzako Zuzendari lanpostua betetzeko deialdia egiten da, eta bertara honako hauek aurkez daitezke: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeei atxikitako langile finkoak (funtzionarioak, estatutupekoak nahiz langile lan-kontratudunak), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko nahiz bere erakunde autonomoetako funtzionarioak eta baldintzak betetzen dituen beste edozein langile. Hona hemen bete beharreko baldintzak:
1.– Unibertsitateko titulua edukitzea.
2.– Administrazio- eta kudeaketa-lanetan esperientzia edukitzea.
Bigarrena.– Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak. Horretarako 10 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.
Hirugarrena.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek, eskabidearekin batera, curriculum vitaea aurkeztu beharko dute, eta bertan honakoa adierazi beharko dute:
– Titulu akademikoak.
– Orain arte betetako lanpostuak.
– Lanbidean eta kudeaketa sanitarioan izandako esperientzia.
– Ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak eta egoki iritzitako beste edozein merezimendu.
Izangaiek eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera. Halaber, argitalpenak, txostenak edota egokitzat jotako beste edozein agiri ere aurkeztu ahalko dute.
Osakidetzaren CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan azaldu den moduan; hala ere, izangaiak horren berri eman beharko du eskabidean.
Laugarrena.– Deialdi hau Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Bosgarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 29a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
SUSANA LÓPEZ ALTUNA.